Arenatzarte, artea eta ingurumena bat eginez

Gueñesen ere bada egurats zabaleko erakusketa bat. Arenatzarte du izena, eta Arenatzako lorategi botanikoan dago. Artearen eta ingurumenaren arteko lotura egin nahi dute harekin. Hori lortzeko, abangoardiako hainbat eskultura ezarri dituzte lorategian. 1,5 hektarea dituen gunea da, eta berezitasun handiko 30 zuhaitz daude bertan, horietako zenbaitek ehun urte inguru dituztelarik.

Arteari dagokionez, lau eremu ditu Arentzartek. Alde batetik, egurats zabaleko erakusketa iraunkorra dago: Koldobika Jauregi, Angel Garraza, Marijose Rekalde, Mikel Lertxundi, John Stone eta Roscubas anaien eskulturek osatzen dute. Bestetik, Kristalezko Eraikuntza eta Lorategi Etxea daude. Haien helburua edozein diziplina artistikoko erakusketa ibiltariak jasotzea da. Halaber, paperezko jantzien erakusketa ikus daiteke bertan.

Azkenik, Villa Urrutia izeneko etxea dago, gaur egun udaletxea dena, alegia: 1910ean eraiki zuen Mexikon aberastutako Leandro Urrutiak, eta indiano estiloko eraikuntza bat da.