Eskulturaren bidez, burdinaren iragana eta etorkizuna soldatuz

Meatzaldeko bihotza da Zugaztieta herria (Trapagaran). Burdinari dagokionez, herri aitzindaria da: bertan sortu ziren XIX. mendearen erdialdean Bizkaiko industrializazioari —baita Euskal Herrikoari ere— hasiera eman zioten meategiak. Izatez, ziklikoa da historia: behin eta berriz errepikatzen da; Zugaztieta eta burdinaren arteko lotura lantzean behin berresten den modu berean.

Izan ere, eskultura parkea sortzen ari dira Zugaztietan. Parkea dagoen tokian bertan, meategi bat egon zen hainbat hamarkadaz, burdinaren ustiapen intentsiboa, lurreko azken geruza baliagarriak zulatu, eta ura azaleratzen hasi zen arte. Orain, Hustion, Arkotxa zein Blondis urmaelek eta hainbat berdegunek edertasun handiko inguru natural bat osatu dute, gizaki askoren sufrimenduaren lekuko izan den leku berberean.

Nola ez, bertan kokaturiko artelan gehienek burdina du osagai nagusitzat. Asteon, beste bi lan jarri dituzte inguruan, Roscubas anaien El espectador (Ikuslea) eta Egoitz Iñurretaren Azpiegitura, hain zuzen ere. Guztira, gaur egun hogei eskultura daude Meatzaldea Goikoa izena hartu duen parkean.

Hala, lehen eskulturak zituen parkea zen, baina eskultura parkea da orain Zugaztieta ondoko eremua. Guillermo Olmo eskultorea da proiektuaren sustatzaileetako bat. Hark azaldu duenez, egitasmoaren helburu nagusia da “parkea euskal eskultura osotasunean biltzen duen erakusketa bat izatea”. Hori lortzeko bidean, gaur egun Euskal Herrian eskulturgintza lantzen duten autore gehienen obraren bat bederen Zugaztietako parkean jartzen saiatuko da Olmo.

Bultzada baten beharrean

Olmoren ustez, 1970 eta 1980ko hamarkadetan zenbait artistak —Oteiza, Txillida, Mendiburu—arrakasta eta aitorpena lortu ondoren, gaur egun moteldu egin da eta “bultzada bat behar du euskal eskulturgintzak”.

Azken hamarkadetan ere Euskal Herrian maila handiko eskultoreak agertu direla nabarmendu du: “Dagoeneko 20 edo 30 urteko ibilbidea egin duten zizelkari asko dago, mundu osoan erakusketak izan dituztenak. Hemen, berriz, ez dago leku bat non egin dezakezun eskultura lokala aztertzen duen ibilbide bat”. Horrenbestez, parkea Euskal Herriko eskulturgintzarentzat leku erreferentziala izatea espero du Olmok: “Aitormen handia duten eta nagusiak diren autoreen obrak egotea nahi dugu, baina baita Egoitz Iñurretaren moduko gazteenak ere”.

Bilbon kultur eskaintza zabala egonda eta hiriburuko museoak ikustera datozen turisten ezaugarriak kontuan hartuta, parkeak arrakasta izateko aukera du, zizelkariaren iritziz: “Euskal Herria mundu mailako kultur turismoaren barnean dago. Jendea hona dator Guggenheim museoa ikustera, eta euskal zizelkariekin zer gertatu den galdetzen dute; gehienek gehiago jakin nahi dute”.

Bestalde, Zugaztietak turista asko erakartzen dituela gogora ekarri du Olmok. Haren irudiko, eskualdeko gastronomia eta historia ezagutzearekin batera, parkeari bisita egin diezaiokete turistek. “Ingurune naturala oso polita da, eta osagai historikoa ere badago: Meatzaldea ikustera datorren jendea dago. Bizkaiko industria iraultza osoa burdin meategi hauetan hasi zen. Euskal Herriko industriaren jatorria hemen dago”.

Halaber, meatzaritzarekin hain lotura handia duen eremu batean kokatuta eskulturak ingurunean “oso ondo integratzen” direla esan du Olmok: “Pieza hauek hemen jartzeak meategietatik atera zen burdina artelan bilakatuta hona itzultzea esan nahi du”.

Proiektua sendotzen

2008an jarri zen martxan parkean eskulturak ipintzeko proiektua. Harrezkero, nabarmen egin du aurrera Meatzaldea Goikoak. Lurzoruen jabe diren Bizkaiko Foru Aldundiari eta Trapagarango Udalari “eskerrak” eman dizkie Olmok egitasmoa abiarazteko bidea egiteagatik. Hala ere, adierazi du orain erakunde horien parte hartze ekonomikoa “beharrezkoa litzatekeela”. “Ahalik eta lasterren”, gainera.

Izan ere, proiektua pauso bat haratago eramaten saiatzen ari dira, zizelkari guztien inguruko azalpenak emango lituzketen panelak jarriz eta lan guztiak bilduko lituzkeen ibilbide artistiko bat egituratuz. Horrez gain, parkeari eskainitako webgunea sortzeko prozesuan murgilduta daude sustatzaileak. Meatzari iragana eta artelanak uztartuta parkeak “interes didaktiko handia” izan dezakeela uste dute sustatzaileek. Horretarako, baina, “garbikuntza eta kontserbazio lanak abiarazi” beharko liratekeela gaineratu dute.

Egun, Peñas Negras izeneko ingurumeneko interpretazio zentroko langileek gidatutako bisitak egiten dituzte Meatzaldea Goikora. Hori dela eta, 2011n 30.000 pertsona inguruk ikusi zituzten eskulturak, parkea bultzatu duten artistek egindako kalkuluen arabera. “Ontzat” eman dute iazko bisitari kopurua. “Izan ere, eskaintza artistikoa murritzagoa zen eta ordura arte parkeak ez zuen inolako oihartzun mediatikorik izan”.

Hiru aste barru, beste bi eskultura jarriko dituzte parkean, Iñigo Arregirena bata eta Alberto Torresena bestea. Uda partean, bost eskultura gehiago ekarriko dituzte. “Urtea bukatzerako, hemen 25 lan egotea espero dugu”. Horrez gain, aurten Art-Ola kolektiboak hiru ekintza artistiko egingo ditu parkean bertan. Lau urteko ibilbidearen ostean, sendotzen ari den proiektua da Meatzaldea Goikoa.