Enpresen %49k ez dute betetzen elbarriak kontratatzeko kuota Bizkaian

Urritasunen bat dutenak gizarteratzeko legearen arabera —1982an onartu zen—, langileen %2k gutxienez elbarritasunen bat dutenak izan behar dute 50 behargin edo gehiagoko enpresetan. Bizkaian, ordea, enpresen %49k ez dute errespetatzen hori. Hala, Lanbide eta Lantegi Batuak erakundeak elkarrekin egindako azterlanaren arabera, Bizkaiko biztanleen %7,37 elbarritasunen bat badute ere, beharginen artean kopurua askoz ere urriagoa da: %1,1koa. Lantegi Batuak erakundeko zuzendari Txema Francoren esanetan, “larria da hainbeste urte igaro ostean betetzen ez dutenen maila hainbestekoa izatea”. Legeak duen gaitasun hertsagarri urriaren ondorio dela iruditzen zaio. Horregatik, neurriak hartzeko eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari.

Lurralde historikoko 400 enpresa hartu dituzte lagin modura, eta horietan beharrean ari diren 300 langileren egoerari erreparatu diote. Bizkaiko enpresen %27k bakarrik daukate urritasuna daukan beharginen bat gutxienez soldatapean. Alegia, %73k ez daukate bakar bat ere ez. Lantegi Batuetako kide Andoni Garairen ustez, “enpresek duten konpromiso faltaren adierazgarri garbia da datu hori”. Gainera, egungo krisi egoeran kontratazioek beherantz egin dutela nabarmendu du Garaik. Hala, enpresek elbarritasuna duten gizon-emakumeen gizarteratzea ahalbidetzeko are esfortzu handiagoa egin beharko luketela iruditzen zaio.

Garaik azaldu duenez, ez dago lotura zuzenik enpresaren tamainaren eta urritasunen bat dutenen kuotaren artean. Bereziki, industria sektoreko enpresetan egiten dituzte horrelako kontratazioak. Bizkaiko urritasunen bat duten beharginen artean %61 dira gizonak, eta %39 andreak. Beharrean dabiltzan elbarrien soslaia irudikatzen ahalegindu dira: gizonak, 25- 45 urte artekoak. Lan kontratu mugagabea izan ohi dute eta ikasketa maila apala. Garbiketan, lorezaintzan, turismoan, administrazioan, ostalaritzan edo industrian ari dira. Urteko soldata gordina 12.000 eta 14.000 euro artekoa izaten da, oro har.