Pasa den abenduaren 18an heldu zitzaion Lekeitioko Udalari banderi espainola jartzeko sententzia heldu zitzaion. Bandera "lehentasunez eta iraunkorki" jarri behar dutela agintzen du sententziak, eta hilabete biko epea eman diote udalari. Agindua ez on...
Mozorroak eta animaliak
Garizumaren atarian, neguari agur esan eta udaberrirako prestatzeko egunak dira honako hauek. Natura esnatzeko errituak aspaldikoak dira. Denboraren joanak ohitura horiek aldatu egin ditu. Hala ere, gaur egun badira inauteri bereziak mantentzen dituzten herriak. Atzo hasi ziren inauteriak, Eguen Zuri egunarekin. Aratuste martitzenera bitartean jai giroa nagusi izango da Bizkaiko herri eta auzoetan.
Zaldiak, antzarak eta hartza
Aratuste domeka izaten da egun handia Markina-Xemeinen. Etzi ere ez da gutxiago izango. Urtero bezala, animaliek aparteko lekua izango dute egitarauan. 09:30ean hasiko da festa, txistularien kalejirarekin. 10:30ean, musika bandak girotuko du herria. 11:00etan, trikitilariek hartuko dute lekukoa. Mozorroen desfilea 11:30ean hasiko da. Plazabarripetik abiatuko da. 12:00etan, berriz, hartzak eta Zerutxu dantza taldeko kideek zahagi dantza dantzatuko dute. 12:30ean hasiko da antzara jokoa. Kostaldeko herriekin alderatuz, Markina-Xemeingoan badu berezitasuna. Lehiakideak mozorrotuta joaten dira, eta txalupan barik zaldi gainean gerturatzen dira hegaztia eskegita dagoen lekura. 14:30ean, herri bazkaria izango dute. 17:00etan, animatzaileek girotutako karaokean parte hartzeko aukera egongo da. 18:30ean, azkenik, Hau Dok Hau txaranga herriko kaleak girotzen hasiko da.
Mozorroak eta afaria
Bihar ospatuko dituzte aratusteak lezamarrek. Arratsaldean mozorrotuko dira. Izan ere, 19:00etan artista lehiaketa eta mozorro lehiaketa egingo dituzte. 20:30ean, saloi dantzen emanaldia izango da. 21:30ean, mozorrotuta dauden lezamar guztiak aratusteetako herri afarian elkartuko dira. 22:30ean banatuko dituzte sariak. Ostean, diskoteka izango dute, dantzatzeko.
Dantzaldiak eta basatostea
Gaur hasiko dira aratusteak Mungian. Goizean eskoletako ikasleak kalerik kale ibiliko dira azken asteetan prestatu dituzten mozorroak mungiarrei erakusteko asmoz. Gauean, berriz, dantza erakustaldia izango da. 20:00etan, Amilotx dantza taldekoek euskal inauterietako dantzen kalejira egingo dute, eta, ostean, Foruen plazan eskainiko dute erakustaldia. Bihar gauean lehiatuko da taldeen arteko mozorro txapelketa. Hiru onenek saria jasoko dute.
Tradizioentzako ordua domekan iritsiko da. Basatostea egingo dute, Txitxiburduntzi eguna. Gure Ametsa txistulari taldeak lagunduta, zazpi bat kilometroko mendi ibilaldia egingo dute, 09:30ean, Matxin plazatik abiatuta. Umeentzako ibilbide laburragoa prestatu dute. Bukaeran, Andra Mari plazan, hamaiketakoa egingo da, txitxiburduntzia bera. Otordua dantzariek eta txistulariek girotuko dute.
Morroaren dantza
Atzo hasi ziren Gernika-Lumon aratusteak, Eguen Zuri eguneko gozoki bideagaz. Gaurkoa izango da gaurik nagusiena. Dantza erakustaldiak, kopla kalejirak eta Happy Hour delako mozorro lehiaketa antolatu dituzte. 21:00etatik 22:00etara, San Cristobal plazako tabernetan eta 21:30etik 22:30era eta 02:30etik 03:30era Juan Calzada eta Industria kaleetako tabernetan izango da giroa.
Urtero legez, zapatu arratsaldean Elai Alai dantza taldeak euskal aratusteak ekartzen ditu Gernika-Lumora. Aurten, Berako inauteriei egokitu zaie. 19:00etan hasiko da kalejira, Pasealekuan. Ostean, tostadak banatuko dira.
Hala ere, Gernika-Lumok baditu bere pertsonaiak: morroak. Domeka eguerdian dantzatuko dute morroen aurreskua, Foru plazan. Aurretik, irrintzi lehiaketa egingo dute. Eta, ostean, masta puntakoa eta oilar jokoa jokatuko dira. Bazkalorduan Urdaibaiko Kantagunekoak kalez kale ibiliko dira, kantuan.
Atorrak eta lamiak
Bizkaiko inauteririk ezagunenak dira Mundakako aratusteak. Musikaz betetako eguna izaten dute domeka, eta etzi ere halaxe izango da. Atorra soinean daramatela, 12:30ean abiatuko dira gizonezkoak, Jose Maria Egileorren etxepetik. Gitarra, mandolina, soinua, tinplea, panderoa eta beste hainbat musika tresnarekin, kantuan jarriko dituzte mundakarrak. 14:00etan iritsiko dira portura, eta atorren doinu zaharrak abestuko dituzte. Arratsaldean andreen txanda iritsiko da, lamiena. 18:00etan agertuko dira plazan, beltzez jantzita, aurpegia zurbil eta muxuak gorri dituztela. Euren kantu eta zantzoekin Mundaka guztia aztoratuko dute.
Hartzaren Eguna
Atzo hasi ziren aratusteak Ermuan, Eguen Zuri eguneko ekitaldiekin. Umeak oilar harrapatzen ibili ziren, besteak beste. Gaurkoa, berriz, Hartzaren Eguna da. 18:00etan hasita, hartza kalerik kale ibiliko da. Albokariek eta musika eskolako trikitilariek lagunduko dute, eta Ermuko kantak abestuko dituzte. Bihar, berriz, 18:00etan haurrentzako dantzaldia egongo da, eta 19:30ean mozorro lehiaketa egingo dute.
Auzo bakoitzak berea
Bihar eta etzi ospatuko dituzte Getxon inauteriak. Itzubaltzetako bizilagunek zapatua aukeratu dute. Santa Eugenia eta Cervantes plazetan egingo dituzte ekintzak: goizean, haurrentzako tailerrak eta jolasak izango dira. 18:30ean egingo dute mozorro lehiaketa. 22:00etan, erromeria egongo da.
Algortan euskal inauterien kalejiraz gozatzeko aukera egongo da, bihar, 12:00etan hasita. Arratsaldez umeentzako tailerrak, txokolate edana eta dantzaldia izango dira Telletxen.
Areetan 11:00etan hasiko da jai giroa. Kalejirak, erromeria eta mozorro lehiaketa izango dira. Andra Mari auzoan, azkenik, etzi ospatuko dute aratustea. Goizean Malakate parkean izango dute mozorro festa. Jaia dantzaldiarekin bukatuko da, 15:00etan.
Nafarroatik Bizkaira
Gaur ospatuko dituzte Sodupeko aratusteak, Gueñesen. 18:30ean inauterietako desfilea egingo dute. Herritarrek ez ezik, Lantz, Altsasu eta Luzaideko ordezkariek ere parte hartuko dute. 19:00etan, gainera, Lantzeko inauteriak antzeztuko dira.
“Bizkaiko golkoa euskal itsasgizonen galeraren lekuko bihurtu da”
Margolanek istorio bat kontatzen dutela esaten dute. Pintura ukitu batzuekin, barneko ezinegona transmititzeko gaitasuna izaten dutela gutxi batzuek, eta urteek emandako esperientzia sumatu daitekeela haien begiradan. Jose Fernandez (Bilbo, 1944) arti...
Haur gizentasunaren aurkako kanpaina hasi dute medikuek
Elikadura ohitura txarrek eta ariketa fisiko gutxi egiteak ondorio kaltegarriak eragin ditu azken urteotan herritarren eta, batez ere, haurren osasunean. Oraintsu arte Ipar Ameriketako gizartearen kontua zela uste izan da, baina iritsita dago Euskal ...
“Gustuko ez duen jakia gustuko duenarekin jarri behar da”
Euskadiko Giza Elikaduran eta Dietetikan Diplomatuen Elkartea 2002an sortu zen, etengabeko ikasketa bultzatzeko eta komunitatean elikadurak duen garrantzia ezagutzera emateko. Ingortze Zubieta (Bilbo, 1976) elkarteko lehendakariordea da.Azken hamar ur...
Munduan gehiegizko pisua duten haurrak, milioitan.
42 milioi umek dute gehiegizko pisua munduan. Horietatik, 35 milioi ume inguru garapen bidean dauden herrialdeetan bizi dira. Mundu osoko arazoa da, eta diru sarrera txikiak dituzten herrialdeetan gora egin du.
Ibaiondo barrutiko gurasoek euskarazko plaza publiko gehiago eskatu dituzte
Ibaiondo barrutiko guraso taldeen plataformak ikasleentzako D ereduko plaza publikoak gehitzeko eskatu die Bilboko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, eskualdeko biztanleriak %15 egin du gora azken hamabost urteetan, eta eskaintzak bere horretan jarraitzen du.
Jokin Alberdi Atxuriko guraso elkarteko kideak azaldu duenez, plaza publikoen eskasiaren arazoa aspaldiko kezka dute. Plataformako ordezkariek uste dute auzoko eskola publikoaren egoera "ezin dela gehiago luzatu", eta barrutiari dagokion eskola mapa berri bat diseinatu beharra dagoela deritzote. D eredua eskainiko duen plaza publikoen gehitzea eskatzen dute. Era berean, lan integratzailea beharrezkoa dela uste dute; "baztertze handia" duten eskolak ez dituzte "onartzen".
Beste alde batetik, Bigarren Hezkuntza ikasi ahal izateko plazak handitzea nahiko lukete. "Lehen Hezkuntzako plazek gora egin dute; baina, maila horiek gaindituta, beste leku batzuetara joan behar dute, auzotik kanpora", azaldu dute gurasoen elkarteko ordezkariek. Aukera bat jarri dute mahai gainean, Campuzanoko Lanbide Heziketa zentroa DBH eta Batxilergoa ikasteko toki bihurtzea, hain zuzen ere. "Lehenengo Hezkuntzako plazek gora egiten badute, baina, bigarrenekoak bere horretan jarraitzen badute, urte batzuen buruan gurasoek ez dute jakingo umeak nora bidali DBH ikas dezaten", aditzera eman du Alberdik.
Guraso elkarteek eta Bilboko Udalak azaroan egin zuten bilera. Egoerak airean jarraitzen du, eta udalak eta Eusko Jaurlaritzak "elkarri baloia pasatzen diotela" diote dute kaltetuek. Horren harira, plataformak Iepa Naiz kanpaina ipini du abian; herritarrek argazki bat egin dezakete euskal eskola publikoaren alde.
D ereduan matrikulatu ezinik
Otxarkoaga auzoak 11.000 bizilagun inguru eta hiru ikastetxe ditu —Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskaintzen duen itunpeko zentro bat eta bi eskola publiko—. Baina, umeak D ereduan matrikulatzea ezinezkoa da, ez baitago horren eskaintzarik.
Haurrak euskaraz ikastea nahi duten gurasoek, auzotik kanpo bidali behar dituzte. Goya-Lope eta Vega de Artatse eskola publikoetan A ereduan baino ezin da ikasi. Otxarkoaga DBHn, A eta B ereduak eskaintzen dituzte.
BIGE Bizkaiko Ikastetxeetako Guraso Elkarteak 2013-2014ko ikasturterako eragin eremuak azaltzen diren txostena argitaratu du. Haren arabera, Bilboko lau eskola publikok A ereduan irakasten dute soilik: Miribillako eskola, Abandoko Cervantes ikastetxea eta aipaturiko Otxarkoagako bi eskola publiko horiek. "Bilbok 350.000 biztanle baino gehiago ditu, eta A ereduko zentroen erdia 11.000 biztanle dituen auzoan daude, Otxarkoagan".
Ezinbestekoa da ariketa fisikoa kontrolatzea
Umeen dietari buruz hitz egitean, ezin dira kilokaloriak aldez aurretik neurtu. Haurrak hazte bidean daude, eta, adinaren arabera, kopuruak aldatu egiten dira. Gainera, ariketa fisikoa egiteak beharrizanak aldatzen ditu elikaduran. Garrantzitsuena da ...
Foru aldundiak ezetz esan dio Gaztetrans proiektuari
Bizkaiko Ikasle Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Herri Lan Sailak bilera egin dute Gaztetrans proiektuari buruz eztabaidatzeko. Ikasle Kontseiluak gazteentzako Creditrans txartela lortzea zuen helburu; hau da, metroan, autobusean, t...