Ibaiondo barrutiko gurasoek euskarazko plaza publiko gehiago eskatu dituzte

Ibaiondo barrutiko guraso taldeen plataformak ikasleentzako D ereduko plaza publikoak gehitzeko eskatu die Bilboko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, eskualdeko biztanleriak %15 egin du gora azken hamabost urteetan, eta eskaintzak bere horretan jarraitzen du.

Jokin Alberdi Atxuriko guraso elkarteko kideak azaldu duenez, plaza publikoen eskasiaren arazoa aspaldiko kezka dute. Plataformako ordezkariek uste dute auzoko eskola publikoaren egoera “ezin dela gehiago luzatu”, eta barrutiari dagokion eskola mapa berri bat diseinatu beharra dagoela deritzote. D eredua eskainiko duen plaza publikoen gehitzea eskatzen dute. Era berean, lan integratzailea beharrezkoa dela uste dute; “baztertze handia” duten eskolak ez dituzte “onartzen”.

Beste alde batetik, Bigarren Hezkuntza ikasi ahal izateko plazak handitzea nahiko lukete. “Lehen Hezkuntzako plazek gora egin dute; baina, maila horiek gaindituta, beste leku batzuetara joan behar dute, auzotik kanpora”, azaldu dute gurasoen elkarteko ordezkariek. Aukera bat jarri dute mahai gainean, Campuzanoko Lanbide Heziketa zentroa DBH eta Batxilergoa ikasteko toki bihurtzea, hain zuzen ere. “Lehenengo Hezkuntzako plazek gora egiten badute, baina, bigarrenekoak bere horretan jarraitzen badute, urte batzuen buruan gurasoek ez dute jakingo umeak nora bidali DBH ikas dezaten”, aditzera eman du Alberdik.

Guraso elkarteek eta Bilboko Udalak azaroan egin zuten bilera. Egoerak airean jarraitzen du, eta udalak eta Eusko Jaurlaritzak “elkarri baloia pasatzen diotela” diote dute kaltetuek. Horren harira, plataformak Iepa Naiz kanpaina ipini du abian; herritarrek argazki bat egin dezakete euskal eskola publikoaren alde.

D ereduan matrikulatu ezinik

Otxarkoaga auzoak 11.000 bizilagun inguru eta hiru ikastetxe ditu —Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskaintzen duen itunpeko zentro bat eta bi eskola publiko—. Baina, umeak D ereduan matrikulatzea ezinezkoa da, ez baitago horren eskaintzarik.

Haurrak euskaraz ikastea nahi duten gurasoek, auzotik kanpo bidali behar dituzte. Goya-Lope eta Vega de Artatse eskola publikoetan A ereduan baino ezin da ikasi. Otxarkoaga DBHn, A eta B ereduak eskaintzen dituzte.

BIGE Bizkaiko Ikastetxeetako Guraso Elkarteak 2013-2014ko ikasturterako eragin eremuak azaltzen diren txostena argitaratu du. Haren arabera, Bilboko lau eskola publikok A ereduan irakasten dute soilik: Miribillako eskola, Abandoko Cervantes ikastetxea eta aipaturiko Otxarkoagako bi eskola publiko horiek. “Bilbok 350.000 biztanle baino gehiago ditu, eta A ereduko zentroen erdia 11.000 biztanle dituen auzoan daude, Otxarkoagan”.