Foru aldundiak ezetz esan dio Gaztetrans proiektuari

Bizkaiko Ikasle Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Herri Lan Sailak bilera egin dute Gaztetrans proiektuari buruz eztabaidatzeko. Ikasle Kontseiluak gazteentzako Creditrans txartela lortzea zuen helburu; hau da, metroan, autobusean, tranbian eta Feveren trenetan deskontu bereziak egingo lituzkeen txartela martxan hartzea. Hala ere, azken bilerak ez zuen fruiturik eman. Aratz Castro Bizkaiko Ikasleen Kontseiluko presidenteak “denbora, energia eta esfortzu asko inbertitu dela” salatu du, “berriro hasierako puntura bueltatzeko”. Bestalde, “aldundiak EHUri Creditransen erabilera sustatzeko eman behar zion finantzabidea ordaintzeko exijitu” zuen Kontseiluak bileran.

Castrok adierazi duenez, erabakia pena handiz hartu dute: “Etsipen handiena eman digun ezezko erantzuna izan da”. Haren esanetan, “argudio ekonomikoa erabili dute” ezetz esateko, eta eurak ez dira iritzi berekoak. “Badirudi proiektu hau ez dela lehentasunezkoa eta albo batean uzten ari direla. Hortaz, atera ditugun ondorioen artean, esan dezakegu Bizkaiko gazteok garraio kontuetan ez daukagula inolako laguntza publikorik”, adierazi du.

Nahiz eta ezetza jaso, Kontseiluko presidenteak elkarrizketarako ateak zabalik uzten ditu; Castrok adierazi du akordio bat lortu arte “hitz egiten jarraitu” nahi duela. Oraingoz, ez dute beste bilerarik egingo, baina esan du eztabaidak mahai gainean jarraitzen duela. “Foru aldundiak hori buruzko gogoeta egingo duela espero dugu”.

Lanik gabeko ikasleentzat

Bizkaiko Ikasle Kontseilutik azaldu duten moduan, oro har, unibertsitateko ikasleek 18 eta 26 urte bitartean izan ohi dituzte, eta, goi mailako ikasketak egiten dabiltzanez, ez dute lanik egiten. Ondorioz, Leioara joateko eta etortzeko diru laguntza bat izan beharko luketela uste dute. Garraio publikoa erabiltzearen aldekoa da kontseiluko presidentea. Izatez, Leioako campusera igotzeko garraio publiko bakarra autobusa da, eta, Castroren iritziz, tarifak ez murrizteak “argi uzten du foru aldundiak ez duela gazteen alde egiten”.

Castroren hitzetan, “foru aldundiak herri honetako gazteekiko sentsibilitate eta konpromisoa azaltzeko aukera paregabea galdu du”. Azaldu zuenez, foru aldundiak Gaztetrans proiektua aurrera eramateko hitza duela urte asko eman zuen. “Orain, inoiz baino gehiago, laguntza eskatu nahi diegu erakunde publikoei guztientzat kalitatezko unibertsitatea izan dezagun”, gaineratu du.

Hala eta guztiz ere, kontseiluko arduradunek uste dute akordio bat lortzeko aukera dagoela. Modu horretan, foru aldundiari zuzenketen negoziazioan bere jarrera birplanteatzeko eskatu diote; hau da, duela urte batzuk lortutako 100.000 euroak gai honetarako baliatzeko.