Leku arriskutsuen mapa berrituko du udalak

SESTAO. PPk proposatu eta alderdi guztiek babestu ostean, Sestaoko Udalak herrian dauden andreentzako leku arriskutsuen mapa berrituko du. Azkena duela hiru urte egin zuten. Udalak jakinarazi duenez, orduan aurkitu ziren 28etatik 19 dagoeneko hobetu d...

Zerga iruzurra eta legezko iruzurra

Bizkaian magnate gutxi dago". Horixe izan zen PNVk erabilitako aitzakia 2008an Ondare Zerga ezabatzeko. Gezurra zen bere garaian eta gezurra da gaur egun ere. Orduan zein gaur egunean, Bizkaiko magnateek, izan badirela eta hain urriak ez direnak, ordaindu beharrekoa baino zerga gutxiago ordaintzen dute, horretarako aukera eman zaielako oraindik ere.

PNVk fiskalitateaz diharduenean, eta mundu guztia kontent mantentzeko asmoz, gauza bat esan eta aldi berean kontrakoa baieztatzeko gaitasun ikaragarria dauka. Hori dela eta, harrokeriaz amestu, eta esan dezake egun batean Ondare Zergari dagokionez Bilduri ezkerretik aurrea hartu diola, eta handik gutxira, errenta altuenei PFEZa %45tik %46ra igotzeari uko egiten dio, bildu beharreko diru kopurua urriegia izango dela argudiatuz. Antza, Bilbao jaunarentzat diru xehea da hiru milioi euroko bilketa.

Diskurtso bikoitz horren aurrean, askoz argigarriagoa deritzogu ahaldun nagusiaren alderdiko buruaren azalpenei kasu egiteari; Iñigo Urkulluk oso argi utzi zuen: "Gehiago irabazten dutenek gehiago ordaindu behar izatea demagogia hutsa da". Argudio errepikakor eta, beraz, intentzioen salatari izanik, jakin badakigu ez zela lapsusik izan bere hitzetan.

Bizkaiko Aldundiaren 2013ko aurrekontua aztertzean agerian gelditzen den lehenengo gauza pentsamendu neoliberal honek dakartzan diru sarrera gabezia da, betiere, enpresaburu eta dirudunen mesederako. Horren adibiderik onena Aldundiak aurten enpresariei barkatuko dizkien 207 milioi euroak ditugu, gehienbat eraginik gabeko kenkari eta diru laguntza bidegabeetan oinarritutakoak.

Aurrekontuek islatzen duen beste adibide bat zerga ezkutuak Ondare Zergarengan duen eragina da. Bizkaiko Ogasunak egun indargabetuta dagoen eta soilik 2011 eta 2012 bitartean indarrean egon zen zerga horren ondorioa kalkulatu du. Aberatsenei 43 milioi euro barkatu dizkie, eta zergaren izaera injustua eta atzerakoia agerian utzi.

PNVren aurreko urteetako zerga erreformak desegitea beharrezkoa da, horietako bakoitzean Bizkaiko ogasunak dirua biltzeko ahalmena galdu duelako. Zerbitzu sozialak bermatu eta gizartea eraldatzeko balioko digun bilketa nahikoa izateko Foru Arauak aldatu beharra dago. Ez dezagun ahaztu fiskalitateak oso bide desberdinetatik arazo berberak jorratzeko ahalmena daukala. Etxebizitza alorrean adibidez, zerga politikak bigarren etxebizitza erosi nahi dutenen mesedetara egin daitezke, aspaldi egiten zen bezala, edo ostera, hutsik dauden etxebizitzak Ondasun Higiezinen Zerga igota alokairura bideratzeko erabil daitezke.

Gehiago irabazten edo gehien dutenei presio fiskala areagotzea ez dago PNVren lehentasunen artean. Horren ordez, Iruarrizaga-Bilbao tandemak bi ildoetako zergak eskaintzen dizkigu. Ildo batetik, soldatapeko arruntak doaz, zergak automatikoki ordaintzen dituztenak; beste ildotik, berriz, zergadun bereziak daude, Ogasunari gutxiago ordaintzeko moduen artean kartara aukeratu dezaketenak: aurrezki errentak %20an edo PFEZan elite mailako kirolarientzako errenta irregularrak, enpresetako mozkinak kalkulatzeko modua, kenkari kopuru izugarriak, Sozietate Zergaren gaineko erregimen bereziak edota zerga ezkutua edota enpresen Ondarearen Zergaren gaineko aberastasuna ezkutatzea. Iruzur fiskalari aurrea egitea bezain garrantzitsua da legezko iruzur horiek bukatzea. Eta egitekotan, noski, magnateren bat haserretuko da...

Lezama Bizirik taldeak HAPO berria kritikatu du

LEZAMA. Eguaztenean onartu zuen Lezamako Udalak HAPO hiri antolamendurako plan orokor berria. Lezama Bizirik taldeak gogor kritikatu du, hainbat auzitegik bertan behera utzi dituzten eraikuntza arauak jasoak dituelako. Taldeak ohartarazi du LZPak uhol...

Galeako itsasargia birgaituko dute aurten

GETXO. Getxoko Udalak Galeako gotorlekuan dagoen itsasargia birgaitzea erabaki du. Lan horiek aurten egingo dituzte. Aurretik, baina, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Mineralogia eta Petrologia Sailak eraikuntzaren egoera zein den aztertuko d...

“Emozio eta sentipen denak biltzen ditu flamenkoak”

Urduri bezain gogotsu zegoen Adriana Bilbao Zarraonaindia (Bilbo, 1987) Bilborock aretoan El cuarto escalón aurkeztu aurretik. Izan ere, etxean, familia eta lagunen aurrean egin du bere azken lanaren estreinaldia.

Sevillan bizi da, baina, aurretik, Malagan hasi zuen dantzari profesional gisa bere ibilbidea. Amari zor dio flamenkozale izatea; aitonari Athleticen zale izatea. Telmo Zarraonandia Zarra jokalari mitikoaren biloba da.

Zer esan nahi du zuretzat sorterrian estreinaldia egiteak?

Gauza handia da, ilusio handia egiten dit. Urduri nago, normala den moduan. Erantzukizuna ere handiagoa dela sentitzen dut hemen. Gainera, inguruko batzuek dantzan ikusten nauten lehen aldia ere bada.

Zer da El cuarto escalón?

Kantua, dantza eta jotzea elkartzen dituen ikuskizuna da. Flamenko tradizionala da, hutsa, fusiorik gabea. Bakoitzak bere ukitua, nortasuna ematen dio, eta ez du istorio zehatz bat. Iaz sortu genuen, eta promozio bideo bat ere egin genuen, baina estreinaldi ofiziala Bilbokoa da.

Nondik datorkizu flamenkorako zaletasuna ?

Amarengandik. Hura izan zen umetan sevillanak eta flamenkoa ikastera animatu ninduena. Hasi nintzenean, 9 edo 10 urte nituen, eta ordutik ez naiz gelditu. Ama ere txikitan ibili zen; gero, utzi egin behar izan zuen. Asko gustatzen zaio flamenkoa.

17 urterekin, Bilbo utzi, eta Andaluziara alde egin zenuen. Gogorra izan al zen erabakia hartzea?

Nik argi neukan dantza egin gura nuela eta unibertsitatean ere zerbait ikasi nahi nuela. Ez nekien zer, baina argi neukan unibertsitatera joango nintzela. Familiakoek beti lagundu naute, eta ondo hartu zuten; nire erabakiak ez zituen ezustean harrapatu.

Dantza ikasketak Informazio Zientzien unibertsitate ikasketekin uztartu zenituen.

Bai, halaxe da. Malagako Unibertsitatean egin nuen lau urteko lizentziatura, eta, tarte horretan, Susana Lupiañez Lupi-k erakutsi zizkidan dantzak. Malagan lau urtez egon ostean, Sevillara joan nintzen, eta bertan bizi naiz egun. Sevillan, hainbat eskolatan egon naiz ikasten, Alicia Marquezen gisako profesionalekin, esaterako. Bestalde, iaz Madrilen Arte Eszenikoen masterra egin nuen Juan Carlos Erregea Unibertsitatean.

Flamenkoa ezagutzen ez dutenei zelan azalduko zenieke zer den?

Istorio baten isla da; dantzatzean, kantatzean eta jotzean sentitzen dena. Flamenkoaren hitzek, melodiek betetzen naute, eta horregatik nabil honetan. Sorgindu nauen kultura bat da. Arrazadun artea da, lurrekoa... Asko betetzen nauen zerbait da, euskal kulturak legez. Emozio eta sentipen denak biltzen ditu flamenkoak. Eta dena ez da pena eta mina; jai izaera ere badu. Askok uste dute dena negarra dela, eta ez da horrela. Langile klaseak sortu zuen flamenkoa; nekazariek, meatzariek... Landan, kaleetan eta auzoetan abesten zutenen ondorio da. Askok ez zekiten irakurtzen eta idazten; dena horrela adierazten zuten, kantuz. Hortaz, ahozko transmisioa eta herri nortasuna ditu oinarri flamenkoak.

Sevillan bizi zara orain; aurretik, Malagan egin zenituen lau urte. Handik kanpo dantzatu al zara sekula?

Andaluziako herrietan dantzatu naiz, batik bat; Malaga, Sevilla eta Cadiz aldean. Baina, Madrilen masterra egin nuenez, tablao-etan ibili nintzen. Han, jendea ezagutu eta hainbat artistarekin harremanetan jartzeko aukera izan nuen. Euskal Herrian, Iruñean egon nintzen behin tablao batean. Iaz, esaterako, Europako iparraldean egon ginen, Andaluziako ordezkari gisa, turismoa sustatzeko. 2011ko udan, Italiako Santa Fiora nazioarteko musika jaialdira joan nintzen, eta, azaroan, Kazakhstanen dantzatu nintzen, gala pribatu batzuetan.

Hortaz, denetariko publikoa ezagutzen duzu. Ba al dago alderik?

Bai, aldea badago. Kazakhstanen, esaterako, kontu alaiak eskatzen zizkiguten: buleriak, runbak eta tangoak. Hala ere, topikoak eta estereotipoak leku guztietan dituzte. Askok telebista gaineko soineko motaduna duen panpinarekin lotzen dute flamenkoa. Frankismoak kalte handia egin zion flamenkoari. Flamenkoa sevillanak baino askoz gehiago da; haratago doa, sakonagoa, zabalagoa da... Horregatik, beti saiatzen gara estereotipoak apurtzen.

Azken urteotan, ikasten ez ezik erakusten ere bazabiltza. Zelan moldatzen zara irakasle lanetan?

Ondo, atsegin dut eskolak ematea. Flamenkoan hasiberria naizela esan daiteke, baina ahal dudana eta ikasi dudana erakusten dut. Lupik ondo eta asko erakutsi zidan, eta berdin egiten saiatzen naiz. Eskola batzuetan, pausoak bakarrik erakusten dituzte, zergatia azaldu barik; nondik datorren esan gabe. Bestalde, kantua ere oso garrantzitsua dela uste dut. Beraz, informazio teorikoa, teknikoa eta praktikoa ematen diet nire ikasleei.

Etorkizunera begira, zertan eta non ikusten duzu zeure burua?

Auskalo, ni haizeak mugitzen nau. Ez dakit datorren urtean zer egingo dudan. Lanbide hau irregularra da, proiektu batekin pare bat hilabeterako atzerrira joateko aukera sor daiteke edo hainbat hilabetez ezer ez. Argi daukat nagoen lekuan nagoela beti egongo naizela prest ikasteko eta klaseak hartzeko. Bestalde, noizbait neure eskola zabaltzea ere gustatuko litzaidake, eta Bilbon ahalko banu, hobeto.

Bilbotarra eta Zarra futbol jokalari ezagunaren biloba izanda, athleticzale amorratua izatea ez da arraroa. Nola daramazu hori Andaluzian?

Ondo, sekula ez dut arazorik izan; alderantziz, han ere Athletic maite dutela esaten didate. Igandean, poz itzela hartu nuen Atleticori irabazi ziolako. Partida dagoenean, beti janzten dut Athleticeko kamiseta, eta auzokoak barre egiten dit. Batzuek badakite noren biloba naizen, eta hitz ederrak baino ez dizkidate esaten hari buruz. Aitonaz zerbait esaten didaten bakoitzean, irribarre zabala ateratzen zait.

Kaleko dantzen lehia

Dantza lehiaketa

Elorrio

Hiriko dantza eskaintzaren erakusleku eta lehiaketa gune bihurtuko da bihar Elorrio. Hain zuzen, Arriola izango da ikuskizun horren agertoki. Bertan, Akadantz kaleko dantzen bosgarren lehiaketa egingo dute. 18:00etatik aurrera jarriko dute martxan.

Bilboko Breakonstage jaialdian —Europan oso garrantzitsua da— parte hartzeko ateak zabaltzeko aukera izango dute biharko lehiaketara aurkezten direnek. Izan ere, Elorrion irabazle ateratzen direnek jaialdi horretan parte hartu ahal izango dute.

Era askotako diziplinatan lan handia egin duten gazteak igoko dira Arriolako agertokira: funky, house, urban dance, hip hop, breakdance, locking, popping... Gazteek eta zaleen mailako dantzariek oholtza gainean egiten dituzten erakustaldiak ikusteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.

Lehiaketa eta erakustaldi izango den ikuskizun hori hiriko dantzarekiko zaletasuna duten gazte askorentzako topalekua izan ohi dela jakinarazi dute antolatzaileek, kontuan hartuta dantza horren diziplinak entsegu ordu asko eskatzen dituela, akademietan zein lagun artean. Arriola antzokiko kideek jakinarazi dutenez, jaialdiaren helburu nagusia "taldeak lan egiten segitzera bultzatzea eta animatzea da; horrexegatik, Arriola antzokiak euren lanak antzokiaren moduko inguru eszeniko batean erakusteko aukera ematen die".

Lehiaketan hainbat alor izango ditu kontuan epaimahaiak. Hain zuzen ere, "originaltasuna, sormena eta koreografiak egiteko trebezia" aztertuko dituzte, batetik. Bestetik, musika sinkronia izango dute kontuan. Horrez gain, lehiakideek zer-nolako talde lana eratzen duten sarituko dute —bi eta sei gazte arteko taldeak lehia daitezke—. Azkenik, ezarritako iraupena betetzea ere kontuan izango dute —gutxi gorabehera, hiru minutuko erakustaldiak egin behar ditu talde bakoitzak—.

Gazteen sormena du oinarri Akadantz lehiaketak, eta Elorrioko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen du Arriola antzokiak.

Elkartasun gala, Bizkaiko Elikagaien Bankuarentzat

Gizentasunaren aurkako kanpainaren amaieran, abenduaren 17an, sustatzaileek gala bat antolatuko dute Bilboko Euskalduna jauregian, Bizkaiko Elikagai Bankuarentzat dirua biltzeko xedearekin. Egun, oinarrizko elikadura ordaindu ezin duten 28.000 pertson...

Makila kolpeen erritmoan

Abarkak oinetan jantzi, makila eskuetan hartu, eta Arratiako abesbatzako kideek kantuan igaroko dute datorren astelehena. Euskal Herriko beste hainbat herritan legez, santa eskean ibiliko dira. Baina ez euren eskualdean soilik, baita Zornotzan eta Bilboko kaleetan ere. Bizkaiko talderik ezagunena da.

Aurten, 62. urtea dute. Areatza eta Arteagako abeslariak elkartzean sortu zen taldea, Jabi Arbe kideak gogora ekarri duenez. "Premia jakin bati erantzuteko hasi ziren: lehen urteetan, Bilboko Santa Marina ospitalerako biltzen zuten dirua". Gerora, beharrizanak zeharo aldatu dira, eta, aldian-aldian, helburu ezberdin baterako eskatu izan dute dirua. Azken urteetan, Mundubat gobernuz kanpoko erakundeari eman izan diote, Aljerian dagoen sahararren kanpamentu batean duen proiektua finantzatzeko laguntza modura. Aurten, ordea, bildutakoa etxean uztea erabaki dute: "Bizkaian berton ere badira beharrizana dutenak", dio Arbek.

Herritarrak eskuzabalak direla iruditzen zaio. "Ahal duten neurrian ematen dute, eta, gaur egungo egoeran, askorik ere ezin diegu eskatu. Igartzen da krisian gaudela. Lehen baino askoz gutxiago biltzen dugu. Leku gehiagotan ibiltzen gara eskean, baina, hala ere, nekez biltzen dugu lehen beste diru". Kexatu da banketxeetan espero zitekeen baino gutxiago ematen dietelako. "Esaten digute talde asko joaten garela, eta denen artean banatu behar dutela daukatena". Udalekin, ordea, pozik daude.

Beti-betiko koplak abesten dituzte. "Aita Jose Domingo Ugartetxea karmeldarrak prestatu zizkigunak dira, Santa Agatari eskainiak. Bost ahotsek abesteko konposatu zituen". Dagoeneko buruz dakizkiten arren, aurreko asteetan gogotik entseatzen dute. Arberi, hala ere, iruditzen zaio gehiago egin beharko luketela. Azaroan hasten dira, eta Santa Ageda bezpera iritsi arte, ahal badute behintzat, zapaturo elkartzen dira. 17:00etan izaten dute ordua. "Gurea abesbatza berezia da. Urtero, hiru hilabeteko bizitza izaten du, eta, gero, desagertu egiten da", dio. Nahiz eta hasieran Areatza eta Arteagako lagun haiek sortu zuten, egun Arratiako herri guztietako kideak dituzte taldean. Osotara, 45 bat lagun ibiltzen dira kantuan, eta beste hamar bat dirua biltzen.

Gazterik ez zaie biltzen. "Ez dira animatzen. Oro har, hori da abesbatza guztien arazoa", dio Arbek. Horregatik, Santa Ageda bezpera goizean eskola umeekin abesten dute eskualdean, eta gauean ere, jai berezia egiten dute Arratiako Musika Eskolako ikasleekin batera. "Kanturako eta santa eskerako harra sartzea gura genuke, gero gurekin abesteko".

Hiriburura, diru bila

Duela 30 bat urte hasi ziren Bizkaiko hiriburura ere joaten. "Bilboko udaletxean eta foru jauregian abestu behar genuela azaldu zen, diru gehiago biltzeko. Geroztik, ez dugu behin ere hutsik egin". Eskualdetik kanpora egiten duten irteera bakarra da. Behin, Gernika-Lumora joan ziren, eta beste behin, Durangora. Baina, normalean, Arratia eta Bilbo dira haien plaza.

Urtero, ibilbide berbera egiten dute, bi autobusetan. Hala, entzun gura dituenak badaki nora jo. Eguna Areatzan hasiko dute. 08:30ean, meza entzungo dute Santa Isabel komentuan. Elizatik irtetean, eskolako umeekin abestuko dute. Handik Dimara joango dira, 09:30ean hango eskolako umeekin santa eskean egiteko. Beste horrenbeste egingo dute Lemoan. 10:30ean, Zornotzako udaletxean bilduko dira. Kantatu ostean, hamarretakoa egiten dute, indarberritzeko.

Handik Bilbora joango dira, Begoñako basilikara, 11:00etako meza bukaeran kantatzeko. Segidan, behera jaitsiko dira, San Anton eliza atarira. Erriberako merkatuan eta Plaza Barrian kantatu ondoren, udaletxera joango dira. 12:45ean, Iñaki Azkuna alkatea izango dute zain. Horren ostean, Kale Nagusira joango dira: El Corte Inglesen, BBVAn, Kutxabanken eta beste hainbat banketxetan kantatuko dute, 13:45ean foru jauregian bukatzeko. Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak egingo die harrera.

Eguerdian, Igorreko ostatuan bazkalduko dute: "Indabak, urtero bezala". 17:00etarako itzuliko dira Bilbora, Guggenheimen abestera. Handik, San Nikolas eliza aurrera joango dira; Bilboko metroaren Zazpikaleetako geltokian ere abestuko dute. 18:00etan, Santiago katedralean dute ordua. "19:30ean izango dugu agurra, Arriaga aurrean, Arratiara itzuli aurretik". Bedian, musika eskolako umeak izango dituzte zain. Igorre, Arantzazu, Arteaga eta Zeanurin gelditu ostean, Areatzan kantatuko dute bukatzeko (21:30). "Jai polit bat izaten dugu, eta txokolatea banatzen dugu entzutera etortzen direnen artean".