Natalia Salazar Orbe /Bilbo Baserri girora mugatuta egon zen hasiera batean trikitia. Baita frankismo garaian ere. Hirietan bandek edota txistulariek zuten sona handiagoa. Hala ere, berehala hartu zuen leku garrantzitsua herriko kantak interpretatu eta dantzatzeko orduan. Txikia eta arina zen, edozein lekutara eramateko modukoa. Eta orkestra osatua eskaintzen zuen tresna bakarrean. Orduz geroztik, bide oparoa...
Asteburuko proposamena
Txotxongiloei garai batean izan zuten entzutea eman nahi diete
Peru Azpillaga Diez
"Bizitzarik ez duten objektuei arima ematean datza txontxongiloen artea". Hala deritzo Juanjo Corrales Bilboko Nazioarteko Txotxongiloen Jaialdiko 38. edizioko antolatzaileetako batek. Haren esanetan, objektuei bizitza emanez hamaika istorio konta daitezke, errealak zein fikziozkoak.
Bluesaren doinu urdinak
Natalia Salazar Orbe
Blue deritzen notek ematen diote bluesari berezko duen adierazkortasuna. Tonuen eta tonu erdien erabilera du ardatz doinu joko horrek. Afro-amerikarren kantuetatik sortu zen, jazzaren antzera.
Bestelako zinemaren antzokia
Peru Azpillaga
Gaur bertan abiatuko da Zinebi jaialdiaren 61. aldia, Arriaga antzokian 20:00etan izango den inaugurazio ekitaldiarekin. Hala, ohorezko Mikeldi sarien banaketaz lagunduta, Bilboko dokumentalen eta film laburren nazioarteko jaialdiak hasiera emango dio astebetez luzatuko den proiekzioz jositako programazio zabalari. Horren barruan, bi motatako sailak biltzen ditu Zinebik: lehiatzekoa (Atal Ofiziala) eta lehiarik ez duten sailak (gainontzeko sailek eta programa bereziek osatua).
Borrokan, zegokienaren alde
Natalia Salazar Orbe
Ez dago quiola nescacha bati bururic ausitzea liburuguiñen: asco duela gorua, naiz jostorratza zucen erabiltzea. Nola nie sinesarozoko diet ascori, eusqueratu ditudala erdaldun jaquitunac arguiratu dituzten ipuiac?". Bizenta Mogelek 1804an argitaratu zuen Ipui onac liburuan idatzi zuen sarreraren pasarte bat da goikoa. Garai hartan emakume bati ustez ez zegokion lana egiteagatik Mogelek aurkitu zituen oztopoen isla dira hitzok. Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko sailak egin duen ikerketa bateko protagonistetako bat da bera. Ikerketak jasotakoak 10 emakume Bilbon, bizkor eta eraginkorrak erakusketan ikus daitezke.
Emakume aitzindariak
Bizenta Mogel
Idazlea. Azkoitian jaio zen (Gipuzkoa), 1782ko ekainaren 6an. Umezurtz geratuta, Juan Antonio Mogel osabak hartu zuen bere kargu. 22 urterekin, Ipui onac liburua argitaratu zuen. 1817an, Bilbora joan zen. Han bizi izan zen hil arte (1854). Bilboko egoera sozial eta politikoa aztertzen duten bertso tankerako lanak argitaratu zituen. Itzulpengintzan ere aritu zen.
Casilda Iturrizar
Ekintzailea eta filantropoa. Bilbon jaio zen, 1818an. Alargunduta oinordetzan hartutako aberastasuna kudeatu zuen. Diru ugari inbertitu zuen behartsuen bizi baldintzak hobetzeko proiektuetan. Emakume langileei, neskameei eta prostitutei zuzendutako gau eskola bat zeukan elkarte bat sortu zuen. 1900. urtean hil zen, eta dohantza ugari utzi zizkion Bilbori.
Juana Whitney
Ekintzailea eta maistra. Nizan jaio zen (Frantzia), 1857an, eta 1894an iritsi zen Bilbora, senarra hilda eta ekonomikoki lur jota. Andereñoen akademia anglo-frantsesa eratu zuen, oinarri pedagogiko berritzaileekin. Horacio Etxebarrietarekin batera, ikasle gehiago hartu ahalko zituen beste eraikin bat zabaldu zuen. 1945ean hil zen, Lizarran (Nafarroa).
Adelina Mendez de la Torre
Maistra eta pedagogoa. Asturiasen jaio zen (Espainia), 1871n. 1897an Bilboko Kontxako eskolan hasi zen lanean. Eskubide berdintasuna lortzeko lehen urratsa emakumeen heziketa hobetzea zela aldarrikatu zuen. Eskola didaktikari buruzko liburuak eta artikuluak argitaratu zituen. Frankismoak bota egin zuen irakaskuntza araututik. 1960an hil zen, Bilbon.
Benita Asas Manterola
Mugimendu feministaren aitzindaria. Donostian jaio zen, 1873an. Maistra lanetan aritu zen Bilbon. Hainbat kolaborazio idatzi zituen prentsan. Ernaltzen ari zen mugimendu feministaren aldeko lanean nabarmendu zen. El pensamiento femenino aldizkaria argitaratu zuen. Asociacion Nacional de Mujeres Españolas eratzen lagundu zuen. Bilbon hil zen, 1968an.
Virginia Gonzalez Polo
Sindikalista eta politikaria. 1873an jaio zen, Valladoliden (Espainia). Bilbora emigratu behar izan zuen, eta PSOEn eman zuen izena. Emakumezkoen lehen talde sozialista eratu zuten Bilbon, bere ekimenez. La Lucha de Clases aldizkarian idazten zuen, eta mitinetan parte hartzen. Hizlari legez nabarmendu zen. 1923an hil zen, Madrilen (Espainia).
Marcelina Elesgarai Arrospide
Sukaldaria eta ekintzailea. Busturian jaio zen, 1877an. Senarrarekin batera, jatetxea zabaldu zuen Bilbon, etxerako zerbitzuetan espezializatuta. Bakailaoa prestatzen zuten. Bizikletaz banatzen zuten hasieran; gero, baita trenez ere, Iruñe eta Gasteizeraino. Bakailao denda ere ireki zuten. 2001ean itxi zuten haren senideek. 1962an hil zen bera, Bilbon.
Sorne Unzueta Landeta
Maistra eta idazlea. Bilbon jaio zen, 1900. urtean. 16 urterekin ikasi zuen euskaraz. Maistra aritu zen. 1922an Emakume Abertzale Batzako kide eginda, prentsa abertzalean artikulugile eta publizista emankorra izan zen. 1937an erbestera joan zen, eta II. Mundu Gerran okupazio alemaniarraren aurkako erresistentzian aritu zen. 2005ean hil zen, Urdulizen.
Ticiana Iturri Landajo
Medikuntzako doktorea. Portugaleten jaio zen, 1904an. Medikuntza ikasi zuen. Bizkaiko Mediku Elkargoan bazkidetu, eta kontsulta pribatua zabaldu zuen. Artikuluak idatzi zituen, eta hitzaldietan eta kongresuetan hartu zuen parte. Erizaintza irakasle aritu zen. Ama ezkongabeen eskubideen aldeko lanean ere nabarmendu zen. 1969an hil zen, Bilbon.
Haydeen Agirre Doradell
Propagandista politikoa. Santurtzin jaio zen, 1906an. Emakume Abertzale Batzan aritu zen. Lehen mitinetako bat Bartzelonan eman zuen. Hainbat artikulu idatzi zituen egunkarietan. Birritan espetxeratu zuten. Erizaintza ikasi zuen, eta 1936an erizain aritu zen Bilboko ospitale zibilean. Frantziara erbesteratuta, Eresoinka abesbatzan aritu zen. 1998an hil zen, Bilbon.
Estaturik gabeko doinuen irla
Peru Azpillaga Diez
Musika hizkuntza unibertsala da. Hala uste du Jon Gomez Garai Galdakaoko Andra Mari dantza taldeko kideak. Hizkuntza eta kultura baten "aletxo" bat erakusteko biderik onena musika dela sinetsita, buru-belarri dabil sartuta bere dantza taldeak antolatzen duen Musika Bizian jaialdian.
Komiki azokak Marika Vila komiki feministen egilea omenduko du
Natalia Salazar Orbe
Ez da Getxon izango den lehen aldia. Marika Vila ilustratzaile eta komikilariaren lanak ikusgai izan ziren Getxoarten eta Algortako Torrene aretoan duela lau urte ere. Topiko eta estereotipo sexisten zerrenda luzea agerrarazi eta horiek suntsitzen zituzten lanak ikusteko aukera izan zen orduko hartan. Hausnarketarako bidea zabaldu zuten Herrialde Katalanetako sortzaile horren lanek. Orain, haren ibilbidea sarituko du Getxoko Komiki Azokak. Omenaldia egingo diote berari, eta baita Bilboko Joker liburu dendari ere.
Komunitatearena, komunitatearentzat
Ibai Maruri Bilbao
Urriarekin batera, Ondarearen Europako Jardunaldiak martxan daude 19. urtez Bizkaian. "Hilabete osoan egiten diren era askotako jarduerak dira. Helburua da herritarrak parte hartzera gonbidatzea eta arte komunitarioak esaten zaion ondare kultural horren balioa zuzkitzea", azaldu du Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputatuak. Berrehun jardueratik gora biltzen dituen egitarau "mardul eta oparoa" atondu dute. "Askotarikoa eta askorentzakoa, zaletasun guztiak asetzeko". Ondarea plazara! da aurten hautatu duten leloa. Herrialde historikoko 58 herritan egingo dira ekitaldiak, eta 160 erakundek hartuko dute parte.
Hormetan iltzatutako garaiak
Natalia Salazar Orbe
Herri eta hirien bilakaera bertako bizilagunen beharrek eta garapenak baldintzatzen dute, baita agintariek etorkizunerako helburuak finkatzeko hartzen dituzten erabakiek ere. Bilboko itsasadarraren inguruko herrietan bistakoa da azken hamarkadetan gertatu den eraldaketa. Kaleak eta eraikinak krisien, aldatutako ogibideen, joera berrien eta egindako apustuen isla dira. Itsasadarraren ertzaren ibilbideak haren inguruan sortutako arkitektura lanak eta paisaiak erakusten ditu. Horiei erreparatuta, azken urteetako historia ezagutzeko modua du bisitariak. Historia horretan are gehiago sakontzeko aukera eskainiko dute Open House Bilbao jardunaldiek. Bihar eta etzi, Barakaldo, Bilbo, Getxo eta Leioako 80 eraikinen baino gehiagoren ateak zabalduko dituzte. Normalean bisitatzeko aukerarik eskaintzen ez duten eraikinetarako sarbidea doakoa izango da.