Bestelako zinemaren antzokia

Bestelako zinemaren antzokia

Peru Azpillaga

Gaur bertan abiatuko da Zinebi jaialdiaren 61. aldia, Arriaga antzokian 20:00etan izango den inaugurazio ekitaldiarekin. Hala, ohorezko Mikeldi sarien banaketaz lagunduta, Bilboko dokumentalen eta film laburren nazioarteko jaialdiak hasiera emango dio astebetez luzatuko den proiekzioz jositako programazio zabalari. Horren barruan, bi motatako sailak biltzen ditu Zinebik: lehiatzekoa (Atal Ofiziala) eta lehiarik ez duten sailak (gainontzeko sailek eta programa bereziek osatua).

Hori dela eta, Zinebin ikusi ahal izango diren 131 pelikulen artean 98 film laburrak dira, eta 33, luzeak, 57 izango dira nazioarteko lehiaketaren Atal Ofizialean lehiatuko diren film laburrak. Jaialdiak eskaintzen dituen sarietako bat eskuratzeko lehian ibiliko diren film horietatik, zazpi Euskal Herrikoak izango dira. Aipatzekoa da, era berean, Zinebi jaialdiak irauten duen bitartean programatuko diren pelikula eta dokumentalen %50 baino gehiago emakumeek zuzendutako lanak izango direla.

Nazioarteko Lehiaketaren sail ofiziala zuzendari gazteen lanari eskainita dago, batik bat. Zuzendari gazteen lana babestea eta zabaltzea izan baita Zinebik hasieratik egindako apustuetako bat. Horretarako, Atal Ofiziala bi lehiaketatan banatuta dago: Film laburren nazioarteko lehiaketa eta ZIFF Zinebi First Film Lehiaketa.

Aitzitik, Zinebik sail ofizialeko lehiaketatik kanpo egiten duen eskaintza ere aski zabala da. Bertan, berebiziko garrantzia dute gaur egun jaialdiaren programazioaren zeinu historikoetako bat bilakatu diren film luze dokumentalek. Hain zuzen ere, Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama izeneko sailean eskainiko dira genero horretako egungo lanik esanguratsuenetariko batzuk.

Lehiaketatik kanpoko programazioari eutsiz, batetik, Euskal Herriko ikus-entzunezko industriako ekoizle, zuzendari, teknikari eta profesionalei eskainitako saila izango da berriro ere. Bestetik, zenbait programa bereziz osatutako sail paralelo bat ere eskainiko du Zinebik. Hor izango da, esaterako, Palestinako zine garaikideari eta, batez ere, herrialde hartako emakume zuzendariei buruzko programa berezia: Berriro. Palestina. Palestinako emakume zuzendariak izenekoa. Baita EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko lehenengo promozioko ikasleei eskainitako Ganbak zuritzen. Nire lehenengo film laburra izeneko programa ere; zeinak, besteak beste, Borja Kobeaga, Nahikari Ipiña edota Nacho Vigalondoren lanak berreskuratuko dituen. Azkenik, hainbat emanaldi berezirekin biribilduko du Zinebik bere programazioa: hala nola umeentzako Zinebitxiki saila eta Zinebi Networking saila, ikus-entzunezko euskal industriari eskainitakoa.

Ohorezko sarien banaketa

Zinebik 60. urteurrena ospatu zuen iaz, eta, urteetan egindako ibilbide oparoari erreparatuz gero, ez da kasualitatea denboraren igaroari sasoiz eustea. Sekzio Ofizialean aritzeko, esate baterako, aurkeztutako 3.921 filmen artean egin behar izan dute lehiaketan parte hartuko duten 57 filmen aukeraketa. Hortaz, film kopuruari erreparatuta, aise ikusten da Zinebi jaialdiak film laburren eta dokumentalen kategorian duen garrantzia. Izan ere, kategoria horretan, gaur egun, Euskal Herri osoan Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioak A maila aitortu dion lehiaketa bakarra da Zinebi. Horretaz gain, Oscar, BAFTA eta Goya sarietarako kalifikatzaile gisa ere aitortuta dago Bilboko jaialdia.

Sailez gain, nazioarteko zinean diharduten hiru izen ezagun hartuko dituzte gonbidatutzat Zinebi jaialdiaren 61. aldian, haien lan eta ibilbide profesionalaren dimentsio artistikoa omentzeko: Claire Simon, Wang Bing eta Marta Meszaros. Bing zinemagile txinatarra gaur egungo zinemagilerik ospetsuenetariko bat da, eta munduko jaialdi nagusietan sariak jaso izan ditu. Oraingoan, Bilbo bisitatuko du, bere zine berritzailearen balioa aitortzen duen saria jasotzeko. Gainera, sariarekin batera, bere filmografiako film labur eta ertain garrantzitsuenen aukeraketa eskainiko du jaialdiak.

Ohorezko bigarren Mikeldia Claire Simon zinemagile frantziarrak jasoko du, eta amaitu berri duen Le village dokumentalaren Euskal Herriko estreinaldia egingo du Zinebik. Bilbora etortzeaz gain, Simonek eskola magistral bat emango du bihar, Arte Ederren Museoan. Azkenik, Marta Meszarosek eskuratu du hirugarren Mikeldi saria, bere filmetako irudietan gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde egindako lan artistiko etengabeagatik. Bingekin bezala, Meszaros-en filmografiaren lan garrantzitsuenak aurkeztuko dituzte.

Gazteentzat

Atal Ofizialaren barruan, Jaialdiko Sari Nagusia eta fikzio, animazio eta dokumental onenaren Mikeldiak lortzeko borrokan arituko diren 57 filmen artean, munduko bazter guztietatik etorritako mota guztietako lanak izango dira. Horien artean, aipamen berezia merezi du orain arte oso ohikoak ez ziren zenbait herrialderen parte hartzeak: Ghana, India, Kosovo, Libano, Singapur eta Libia, esate baterako.

Lehiaketa zabal eta aberatsa eskaintzen du, beraz, Zinebi jaialdiak. Bertan arituko diren filmen artean, hemezortzi fikziozkoak izango dira; 22, dokumentalak; eta hamazazpi, berriz, animazio arlokoak. Gainera, bere hautaketa formatuaren bidez, zuzendari gazteen sormena eta talentua sustatzeko hasierako asmo berari eusten dio oraindik ere Zinebik. Jaialdiko palmaresari lotuta, honako hauek izango dira sari nagusietako batzuk: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak (7.000 euro), Euskal Zinearen Sari Nagusiak (6.000 euro), Espainiar Zinearen Sari Nagusiak (6.000 euro) eta fikzio, animazio eta dokumental kategorietako Mikeldiak (5.000 euro).

Era berean, Atal Ofizialarekin jarraituz, munduko zinemagile berrien lehen lanei eskainitako nazioarteko lehiaketaren laugarren aldia ere izango da: ZIFF Zinebi First Film. Lehiaketak 12.000 euroko saria izango du, eta film luzeei ere zabalduta egongo da. Fikzio, dokumental eta animazio generoko bederatzi filmek hartuko dute parte. Gainera. aukeratutako lan horiek guztiak nazioarteko beste zinemaldi garrantzitsuenetatik igarotakoak dira: Buenos Aires, Berlin, Venezia, Toronto eta beste hainbatetan izan dira. Zenbaitek, gainera, sariren bat edo beste ere eskuratu dute. Esaterako, Eloisa Solaasen Las facultades lanak eta Raymund Ribay Gutierrezen Verdict filmak.

Lehiaketa bakoitzean nazioarteko epaimahai banak erabakiko du zer lanek eskuratuko dituzten sariak. Aurten, ordea, berrikuntza modura, ZIFF sekzioan, EHU zein beste ikastetxe batzuetako hamazortzi ikaslek osatutako Epaimahai Gazte bat ere izango da, 2.000 euroko sari bat banatuko duena.

Aurreko urteetan bezala, oraingoan ere, astebeteko programazio osoari bide emateko, hainbat egoitza desberdin baliatuko ditu Zinebi jaialdiak: Arriaga antzokia, Azkuna zentroko zinema aretoak eta auditoriuma, BBK aretoa, Arte Ederren Museoa eta Campos Eliseos antzokia. Gainera, 61. aldiarekin batera, erretiratuentzako, langabeentzako eta 26 urtetik beherako ikasleentzako bonu berezi merkeago bat plazaratuko du Zinebik.