Estaturik gabeko doinuen irla

Estaturik gabeko doinuen irla

Peru Azpillaga Diez

Musika hizkuntza unibertsala da. Hala uste du Jon Gomez Garai Galdakaoko Andra Mari dantza taldeko kideak. Hizkuntza eta kultura baten “aletxo” bat erakusteko biderik onena musika dela sinetsita, buru-belarri dabil sartuta bere dantza taldeak antolatzen duen Musika Bizian jaialdian. “Ahozko edozein hizkuntzak bere mugak ditu, baina musikan, partitura bat, edonon idatzita dagoela ere, edonork jakingo du interpretatzen, izan Galdakaon idatzia edo Honolulun”, azaldu du Gomezek. “Baina partitura bat irakurri gabe ere, musika doinu batek transmititzen duena zoragarria da beti”, erantsi du.

Hori dela eta, orain dela sei urte jarri zuten martxan Musika Bizian egitasmoa Galdakaon, Bizkaian kultur leiho bat zabaltzeko asmoarekin eta Euskal Herriak bezala estaturik ez duten beste hainbat nazio ezagutzera emateko helburuarekin. “Andra Mari dantza taldearekin hainbatetan izan dugu nazioarteko hamaika jaialdi eta egitasmotan parte hartzeko aukera”, nabarmendu du Gomezek. Azaldu du horrek aukera eman diela gauza asko ikusi eta ikasteko. Doinuen eta dantzen bidez kultura berriak ezagutu dituzte, eta, hala, jasotako aberastasun hori Galdakaora ekartzea erabaki zuten, jaialdi propioaren bidez. “Azken finean, uste dugu beste kulturak ezagutuz gurea ere aberastu egiten dela; kulturen arteko kontaktuak eta lanak ekarpen handia egiten digu guztioi”, zehaztu du Gomezek.

Hortaz, gaur hasi eta bihar arte, Musika Bizian jaialdiak Galdakaoko herria estaturik gabeko doinuen topagune bilakatuko du. Musika ardatz duen bi eguneko doako egitarauaren bidez, aurten, besteak beste, Man uharteko, Frisiako eta Eskoziako talde gonbidatuak arituko dira oholtza gainean, Euskal Herriko bi talderekin batera. “Andra Mari dantza taldeak 65 urte beteko ditu datorren urtean. Urtero joaten gara nazioarteko musika eta dantza tradizionalen inguruko munduko jaialdiren batera, eta bertan beti dago guretzat jatorri ezezaguna duen talderen bat”, nabarmendu du Gomezek. “Halaxe konturatu ginen estatu egiturarik ez duten zenbat herrialde dauden”.

Gomezek deritzo estaturik ez izateak zaildu egiten diola herrialde bati kanpoan oihartzuna edukitzea: “Adibidez, mexikar edo italiar batzuk oholtza gainean ikusiz gero, mundu guztiak daki nongoak diren, baina gu ikusi eta askok ez dakite euskaldunak garenik”. Gainera, uste du beste hainbat herri daudela egoera berean: “Horri buelta emateko jaio zen Musika Bizian”. Izan ere, Andra Mari dantza taldeak antolatu arren, dantzarekin edota folklorearekin zerikusirik ez duen jaialdi bat da Musika Bizian. “Musika jaialdi bat da, berezitasun bat daukana: talde guztiak batzen ditu estatu propiorik gabeko nazioetatik etortzeak”.

Gomezek azaldu duenez, kontzertuak ematera ekartzen dituzten talde gehienak atzerriko beste jaialdietan ezagutu dituzte. “Hortik dator lanketa, pertsonak eta jaialdiak ezagutzetik”. Hurrengo urteko jaialdiari begira, esate baterako, Kurdistango norbait ekartzeko asmoa dute. “Dezente mugitzen gara nazioartean, eta interes handia dugu beste batzuk nola bizi diren ikusteko eta haien kulturatik, hizkuntzatik eta esperientzietatik ikasteko”, jakinarazi du.

Era berean, jaialdia gero eta arrakastatsuagoa dela ere aipatu du Gomezek. “Benetan pozten gaitu jendearen erantzunak, publikoa esponentzialki ari da ugaritzen”. Adierazi duenez, sei urteko epean jaialdiak “gorakada” nabarmena bizi izan du: “Herrialde ugaritako ordezkariak igaro dira Galdakaotik, eta pixkanaka asmatzen ari garela ikusten dugu”. Lehenengo urtean, esaterako, Eskoziako talde oso famatu bat ekarri zutela azaldu du; “Ken 7ren antzerakoa”. Han fama handiko taldea izan arren, Euskal Herrian inor gutxik ezagutzen zituela aitortu du. “Azken finean, euskaldunok ere uste baino ezagutza gutxiago dugu kanpoko taldeen inguruan; berdin dio Eskoziako Ken 7 edota Ipar Irlandako Berri Txarrak ekarri, zaila da karpa betetzea Euskal Herrian ezaguna ez den talderen batekin bakarrik”. Horregatik, antolakuntzak urtero bermatzen du jaialdiko egun bakoitzean euskal talderen bat izango dela.

Iaz 5.000 pertsona inguru bildu zituen Musika Bizian jaialdiak, eta Gomezek zifra horiek gainditzeko esperantza du aurten. “Jaialdia hasi da kopuru aldetik. Batzuek ohitura hartu dute jada urriko azken asteburuan hurbiltzeko, zer dagoen ere jakin gabe, beste herrialdeetako doinuak eta erritmoak ezagutzeko”.

Horrez gain, antolakuntzaren aldetik ere jaialdiak aurrerapauso handia eman duela deritzo Gomezek. Taldeei eskaintzen dioten harrera jartzen dute beti erdigunean, eta artista guztiak bereziki ondo zaintzeko ahalegina egiten dutela azpimarratu du. “Askoz prestatuago gaude, eta taldeei egiten diegun harrera, bai teknikoa, bai pertsonala, oso ondo zaintzen dugu; funtsezkoa da guretzat”. Euskal musikarien artean ere jaialdi ezaguna dela azpimarratu du: “Aurten Alboka taldeak joko du, eta deitu genienean esan ziguten Musika Bizian jaialdiak oso fama ona zuela musikarien artean”.

Gomezek zehaztu duenez, antolakuntzako kideentzat “benetan garrantzitsuak” dira kalitatea eta tratua: “Ez dugu soilik publiko kopuruan edota saldutako garagardo kupelen kantitatean hasi nahi. Hori ondo dago, eta badu garrantzia, baina azken finean zenbakiak baino ez dira”. Hori dela eta, adierazi du, Musika Bizian jaialdiaren helburu nagusietako bat artistei “behar bezalako” harrera egitea da, eta benetan tratu “egokia” ematea. Guk bereziki nahi dugu musikariak, taldeak, ondo egotea, eta Euskal Herriari buruzko zapore onarekin itzultzea haien herrialdeetara”.

Gomezek uste du jaialdiko esperientziak arrastoa uzten diela, bai talde gonbidatuei, bai antolatzaileei. “Horri esker, gaur egun oso harreman estua dugu hainbat herrialdetako artistekin: sardiniarrak, galiziarrak, korsikarrak… Eta gero haien herrietan antolatzen dituzten jaialdietara gonbidatzen gaituzte; oso hartu-eman aberasgarria da”.

Dena den, atzerriko artista guztiek ez dute aldez aurretik Euskal Herria ezagutzen, eta, horregatik, Gomezek azpimarratu duenez, askotan Euskal Herriaren ordezkari lanak ere egiten dituzte Musika Bizian jaialdiko antolatzaileek. Horregatik, gonbidatzen dituztenean beti azaltzen diete nora datozen, zein den Euskal Herriaren egoera eta zergatik antolatzen duten jaialdia. “Nahi gabe enbaxadore lana egiten dugu, eta hori zoragarria da, haiek ere asko ikasten dutelako guri buruz: deskubritzen dute hemen badela beste hizkuntza bat, beste kultura bat, estaturik gabeko beste herrialde bat”.

Luthier azoka bultzatuz

Musika Bizian jaialdia ez da soilik musika taldeei zuzendutako egitasmo bat. Kale animazioaz eta kontzertuez gain, hainbat herrialdetatik etorritako musika-tresna egileak bilduko dira bihar goizean Luthier azokan. “Kontzertuak ari gara etengabe aipatzen, eta egia da hori dela jaialdiko atalik indartsuena, baina aurten, esaterako, Luthier azoka indartzeko apustua egin dugu”.

Luthier azoka ez da aurtengo edizioko berrikuntza bat izango, aurreko urteetan ere antolatu dutelako Musika Bizian jaialdian. Aurtengoan, ordea, luthier azoka indartzeko apustua egin dute, eta beste herrialdetako musika-tresna egileak ere izango dira haien lanak bertatik bertara erakusten eta saltzen.

“Nazioarteko erakustaldi bat izango da”, zehaztu du Gomezek. Esate baterako, launeda deituriko musika tresna bat egiten duten sardiniar batzuk izango direla aipatu du. “Oso musika tresna berezia da, Sardinian soilik jotzen dena, eta, etorriko diren artisten lanari esker, gaur egun berpizkunde garai batean dagoena; bitxikeria gisa, aipatu nahiko nuke jotzeko albokak eskatzen duen arnasteko modu bera eskatzen duela”.

Baina, azoka arrunt batetik harago, musika tresnak ikusteaz eta erosteaz gain, Gomezek jakinarazi du egileek zuzenean joko dituztela haien tresnak, hamar minutu inguruko emanaldi laburrak eskainita. “Horrek oso kolore polita emango dio eguerdiari, eta, kale animazioarekin batera, egun osoan musika herrian presente egongo dela bermatuko du”.

Jaialdia aurrera ateratzeko, Andra Mari dantza taldeak Galdakaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ere jasotzen du, eta, hala den bitartean, Gomezek bizitza luzea opa dio egitasmoari. “Erakundeen partetik babesteko asmoa dagoen bitartean, gu urte luzez antolatzen jarraitzeko prest gaude”. Dena den, Gomezek gogorarazi du dantza taldeko kideek inolako irabazi asmorik gabe antolatzen dutela jaialdia: “Musu truk egiten dugu; elkarte bateko kide baino ez gara, musikazaleak; ez gara honetaz bizi”. Hori dela eta, zalantzakor azaldu da jaialdiaren hedapenaren inguruan: “Ez dakit noraino hazi ahalko duen jaialdiak; izan ere, antolakuntzatik baditugu mugak”.

Hala ere, Andra Mari dantza taldearen helburua mundu osoko estaturik gabeko herrialdeak ezagutzera ematen jarraitzea da. “Urte hauetan guztietan hamaika txokotako taldeak pasatu dira guretik: Sahara, Palestina, Ipar Irlanda, Bretainia, Herrialde Katalanak, Quebec, Eskozia… Azken herrialde hori izango da sei urte hauetan esperientzia errepikatuko duen bakarra”. Baina oraindik herrialde asko falta dira, Gomezek nabarmendu duenez, eta, horregatik, jakinarazi du lanean jarraitzea erabaki dutela.