Emakume aitzindariak

Bizenta Mogel

Idazlea. Azkoitian jaio zen (Gipuzkoa), 1782ko ekainaren 6an. Umezurtz geratuta, Juan Antonio Mogel osabak hartu zuen bere kargu. 22 urterekin, Ipui onac liburua argitaratu zuen. 1817an, Bilbora joan zen. Han bizi izan zen hil arte (1854). Bilboko egoera sozial eta politikoa aztertzen duten bertso tankerako lanak argitaratu zituen. Itzulpengintzan ere aritu zen.

Casilda Iturrizar

Ekintzailea eta filantropoa. Bilbon jaio zen, 1818an. Alargunduta oinordetzan hartutako aberastasuna kudeatu zuen. Diru ugari inbertitu zuen behartsuen bizi baldintzak hobetzeko proiektuetan. Emakume langileei, neskameei eta prostitutei zuzendutako gau eskola bat zeukan elkarte bat sortu zuen. 1900. urtean hil zen, eta dohantza ugari utzi zizkion Bilbori.

Juana Whitney

Ekintzailea eta maistra. Nizan jaio zen (Frantzia), 1857an, eta 1894an iritsi zen Bilbora, senarra hilda eta ekonomikoki lur jota. Andereñoen akademia anglo-frantsesa eratu zuen, oinarri pedagogiko berritzaileekin. Horacio Etxebarrietarekin batera, ikasle gehiago hartu ahalko zituen beste eraikin bat zabaldu zuen. 1945ean hil zen, Lizarran (Nafarroa).

Adelina Mendez de la Torre

Maistra eta pedagogoa. Asturiasen jaio zen (Espainia), 1871n. 1897an Bilboko Kontxako eskolan hasi zen lanean. Eskubide berdintasuna lortzeko lehen urratsa emakumeen heziketa hobetzea zela aldarrikatu zuen. Eskola didaktikari buruzko liburuak eta artikuluak argitaratu zituen. Frankismoak bota egin zuen irakaskuntza araututik. 1960an hil zen, Bilbon.

Benita Asas Manterola

Mugimendu feministaren aitzindaria. Donostian jaio zen, 1873an. Maistra lanetan aritu zen Bilbon. Hainbat kolaborazio idatzi zituen prentsan. Ernaltzen ari zen mugimendu feministaren aldeko lanean nabarmendu zen. El pensamiento femenino aldizkaria argitaratu zuen. Asociacion Nacional de Mujeres Españolas eratzen lagundu zuen. Bilbon hil zen, 1968an.

Virginia Gonzalez Polo

Sindikalista eta politikaria. 1873an jaio zen, Valladoliden (Espainia). Bilbora emigratu behar izan zuen, eta PSOEn eman zuen izena. Emakumezkoen lehen talde sozialista eratu zuten Bilbon, bere ekimenez. La Lucha de Clases aldizkarian idazten zuen, eta mitinetan parte hartzen. Hizlari legez nabarmendu zen. 1923an hil zen, Madrilen (Espainia).

Marcelina Elesgarai Arrospide

Sukaldaria eta ekintzailea. Busturian jaio zen, 1877an. Senarrarekin batera, jatetxea zabaldu zuen Bilbon, etxerako zerbitzuetan espezializatuta. Bakailaoa prestatzen zuten. Bizikletaz banatzen zuten hasieran; gero, baita trenez ere, Iruñe eta Gasteizeraino. Bakailao denda ere ireki zuten. 2001ean itxi zuten haren senideek. 1962an hil zen bera, Bilbon.

Sorne Unzueta Landeta

Maistra eta idazlea. Bilbon jaio zen, 1900. urtean. 16 urterekin ikasi zuen euskaraz. Maistra aritu zen. 1922an Emakume Abertzale Batzako kide eginda, prentsa abertzalean artikulugile eta publizista emankorra izan zen. 1937an erbestera joan zen, eta II. Mundu Gerran okupazio alemaniarraren aurkako erresistentzian aritu zen. 2005ean hil zen, Urdulizen.

Ticiana Iturri Landajo

Medikuntzako doktorea. Portugaleten jaio zen, 1904an. Medikuntza ikasi zuen. Bizkaiko Mediku Elkargoan bazkidetu, eta kontsulta pribatua zabaldu zuen. Artikuluak idatzi zituen, eta hitzaldietan eta kongresuetan hartu zuen parte. Erizaintza irakasle aritu zen. Ama ezkongabeen eskubideen aldeko lanean ere nabarmendu zen. 1969an hil zen, Bilbon.

Haydeen Agirre Doradell

Propagandista politikoa. Santurtzin jaio zen, 1906an. Emakume Abertzale Batzan aritu zen. Lehen mitinetako bat Bartzelonan eman zuen. Hainbat artikulu idatzi zituen egunkarietan. Birritan espetxeratu zuten. Erizaintza ikasi zuen, eta 1936an erizain aritu zen Bilboko ospitale zibilean. Frantziara erbesteratuta, Eresoinka abesbatzan aritu zen. 1998an hil zen, Bilbon.