Trikitilari onenen bila

Trikitilari onenen bila

Natalia Salazar Orbe  /Bilbo
Baserri girora mugatuta egon zen hasiera batean trikitia. Baita frankismo garaian ere. Hirietan bandek edota txistulariek zuten sona handiagoa. Hala ere, berehala hartu zuen leku garrantzitsua herriko kantak interpretatu eta dantzatzeko orduan. Txikia eta arina zen, edozein lekutara eramateko modukoa. Eta orkestra osatua eskaintzen zuen tresna bakarrean. Orduz geroztik, bide oparoa egin du trikitiak. Musika eskoletan irakasteari ekin zioten, eta soinu txikiaren lehiaketak ere egiten dituzte egun. Horietako bat da etzi Zaldibarren egingo dutena: Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketa.

28.a dute aurtengoa. Sei bikote ariko dira norgehiagokan. 13 eta 19 urte arteko trikitilariek lehiatuko dute txapelketa. Pandero joleentzat ez dute ezarri gutxieneko adin mugarik.

Gipuzkoarrak dira lehiakide guztiak. Azken aldian errepikatzen ari den ezaugarria da hori. Hala azaldu du txapelketaren koordinazio lanak egiten dituen Jabier Vidalek. Zaldibarreko Udaleko kultur teknikaria eta liburuzaina ere bada. «Azken hiru urteetan Gipuzkoako bikoteek besterik ez dute eman izena. Bizkaiko bikoterik ez da animatzen». Zer pentsatua eman die egoera horrek. «Gonbidapena guztiei bidaltzen diegu. Jakin badakigu Gipuzkoan tradizio edo ohitura handia dagoela, baina ez dakigu zergatik ez diren animatzen besteak». Txapelketa Zaldibarreko Udalak eta Koral elkarteak antolatzen dute, eta musika eta trikiti eskola guztietara helarazten dituzte eurenean parte hartzeko gonbidapenak.

Hala ere, Vidalek ez du ikusten trikitia galtzeko arriskurik. «Aldaketa bat etor daitekeela esango nuke. Ez dut uste gainbehera dagoenik. Kaleetan eta jai guztietan trikitilari mordoa ikusten dut».

1983an eman zioten hasiera trikitilari gazteen Zaldibarreko txapelketari. Ondoren, 1992tik aurrera, hamar urtez geldi egon zen. Kostata, baina txapelketa hasi da trikitiaren munduan garai batean Kepa Junkera edo Joseba Tapia bezalako musikariek sartu zituzten berritasunen antzekoei bidea egiteko aukera zabaltzen. «Orain arte estilo tradizionalei eutsi diegu». Aurten, berritasunak iragarri dituzte. Orain arte fandango zehatz bat interpretatu behar zuten lehiakideek. Bikote bakoitzak nahi duen fandangoa aukeratu ahal izan du domekako saiorako, ordea. «Ea berritasun horrekin beste estilo edo mugimendu batzuk ikusten ditugun. Lehen fandango zehatz bat jotzera behartzen genituen. Horrek mugatu egiten zituen bikoteak».

Pentsatu zuten hori izan zitekeela gero eta gazte gutxiagok izena emateko arrazoia. «Jende askok esaten zigun lehiakideak bikote gazteak zirela, eta, partitura jakin bat jotzera behartuta, ez zutela izaten nahikoa astirik entseguak egiteko. Horregatik erabaki genuen fandango hori kentzea eta librea jartzea». Lau abesti interpretatu beharko dituzte: Bizkaiko trikitixa, porrusalda, fandango librea eta arin-arina.

Hala ere, aurten ere gutxik eman dute izena. Finala lehiatuko duten sei bikoteek baino ez. Hori dela eta, ez dute kanporaketarik egin behar izan. «Hiru urte daramagu jada kanporaketarik egin gabe. Lehen egiten ziren, baina azken urteetan ez da apuntatu bikote nahikorik. Beraz, zuzenean sartzen dira finalera». 2015ean egin zuten finalerako kanporaketa, azkenekoz.

Zaldibarreko oholtzara igotzeko hautua egiten duten trikitilariak «adore handiz» iristen dira jendaurrera, eta «eskola handia» daukate. Hala uste du Vidalek. «Baina bikote gehiago behar ditugu txapelketak arrakasta handia izateko. Nahiko genuke datorren urtean kanporaketak egin ahal izatea».

Frontoia bete ikusle
Lehiakideen kopuruak behera egin badu ere, ikus-entzuleek leial jarraitzen dute hitzordua. «Frontoia beteta egoten da. Alde horretatik ez dago kezkarik. Gure kezka da bikoteak ez direla animatzen». Izen-emateen beheranzko joera errotzen ari da lehiaketan. Azken urteetan antolatzaileek errepikatu duten ardura da.

Txapelketak trikitilari gazteei ate bat zabaltzen diela uste dute antolatzaileek. Plaza gehiago egiteko aukera emateaz gain, bestelako agertokietarako bidea egiteko ere baliagarria zaiela esan du Vidalek. «Huntza taldean ari direnek, esaterako, hemen parte hartu zuten. Aukerak zabaltzen dizkiete. Oraindik gazteak dira eta asko dute ikasteko, baina eurentzako aurrerapauso bat da».

Azken txapela Ane Etxezarretak eta Sara Iriartek jantzi zuten, iaz. Igandean ikusi beharko da noren burura doan aurtengoa. Urteetan dantzara, erromerira eta ospakizunetara lotuta egon den soinuari gazteek zer nolako astinduak eman diezazkioten erakutsiko dute orduan. Maurizia Aldeiturriaga, Rufino Arrola edota Tomas Arrizabalaga Zitze-ren legatuak etorkizuna bermatuta duen ikusi beharko da. Bizkaiko trikitiaren osasunari neurria hartzerik ez da izango, ordea.