Hormetan iltzatutako garaiak

Hormetan iltzatutako garaiak

Natalia Salazar Orbe

Herri eta hirien bilakaera bertako bizilagunen beharrek eta garapenak baldintzatzen dute, baita agintariek etorkizunerako helburuak finkatzeko hartzen dituzten erabakiek ere. Bilboko itsasadarraren inguruko herrietan bistakoa da azken hamarkadetan gertatu den eraldaketa. Kaleak eta eraikinak krisien, aldatutako ogibideen, joera berrien eta egindako apustuen isla dira. Itsasadarraren ertzaren ibilbideak haren inguruan sortutako arkitektura lanak eta paisaiak erakusten ditu. Horiei erreparatuta, azken urteetako historia ezagutzeko modua du bisitariak. Historia horretan are gehiago sakontzeko aukera eskainiko dute Open House Bilbao jardunaldiek. Bihar eta etzi, Barakaldo, Bilbo, Getxo eta Leioako 80 eraikinen baino gehiagoren ateak zabalduko dituzte. Normalean bisitatzeko aukerarik eskaintzen ez duten eraikinetarako sarbidea doakoa izango da.

Bilbo barnealdeko portua zen garaian egindako merkataritza hastapenen oroigarri diren eraikinetatik hasita, gaur egunera bitarteko historiara arteko ibilbidea egin ahalko du bisitariak, arkitektura elementuei jarraituta. Industrializazioak Bizkaian eragin zuen iraultzaren ondorioen lekuko dira Barakaldon ikus daitezkeen kargatzeko tokiak edota Getxon denboraren joan-etorriari dotoretasunez eutsi dioten jauregi-etxeak. Hiriaren eraldaketa eta berritzea erakusten dute, azkenik, urte hauetako lanek eta eraikinek.

Horien guztien bidez ezagutu ahalko dira gertaera historikoak, pertsonaia ospetsuen gorabeherak, kultur joerak nahiz estilo artistikoak, nortasun berezkoak eta partekatuak. Jardunaldiok arkitekturaren eta ondarearen balioak azaleratuko dituzte, kulturaren osagai ezinbestekoak diren aldetik.

Ordu erdiko bisitak

Open House Bilbaon parte hartzen dutenek hiria berrezagutuko dute, 81 eraikinen arkitekturari eta hirigintzari erreparatuta. Jaialdia antolatzen duten hirugarren urtea da. Bilbon egin zituen hastapenak. Barakaldora hedatu zen iaz, eta, itsasadarrean barrena jarraituta, Getxok eta Leioak ere bat egin dute aurten. Eraikin bakoitzean ordu erdi inguruko bisita gidatuak egingo dituzte parte hartzaileek, 25 lagunez osatutako taldeetan banatuta. Eraikinak bisitatzeko, ez da beharrezkoa aurretik izena ematea. Leku bakoitzak ordutegi bat du. Aukeratutako lekura bertaratu, eta zain egon behar da txanda iritsi arte.

Bilbok eskainiko du aukerarik handiena. 53 eraikinen ateak zabalduko ditu. Bihar, 10:00etatik 20:00etara bitartean egongo da eraikinotara sartzeko aukera. Etzi, berriz, ordubete lehenago emango dute bukatutzat jaialdia.

Hiriaren hirigintza eraldaketa krisi ekonomikoak bultzatuta jarri zen martxan. XIX. eta XX. mendeetan, industriaren —batez ere, siderurgiaren— eta ontzigintzaren inguruan hazi zen, Europako porturik garrantzitsuenetako bat bilakatzeraino. 1970eko hamarkadako krisi ekonomikoari aurre egiteko hartutako erabakiek finkatu zituzten gaur egungo hiriaren oinarriak.

Urteekin, hiria saneatu zuten, ingurumena zaintzeari garrantzi handiagoa emanez. Lehenago industria zegoen lekuak hartu, eta Bilbo zerbitzuen hiri bihurtzeko pausoak abiatu zituen. Eraberritze horren adierazgarrietako bat Euskalduna jauregia da, egunotan bisita daitezkeen eraikinetako bat. Hiriaren bilakaeraren adierazgarri nagusietako bat da: Euskalduna ontziola ontzigintza lanetan ia mende batez aritu ostean, 1999an Kongresuen eta Musikaren Jauregi moduan ireki zituen ateak.

Burdingintzari lotutako izen handiko lekuez gain, berritu eta erabilera berria eman dieten bestelako eraikinak ere ezagutu ahalko dituzte bisitariek. Besteak beste, Harino Panadera. 1902an eraiki zuten. 2009an berreskuratu zuten, eta Bilboko Osasun eta Kontsumo Sailaren egoitza gisa egokitu. Gaur egun, oraindik, garia birrintzen zuten makinak ikus daitezke geroago eraiki zituzten laborategi modernoen ondoan.

Itsasadarrean barrena, itsasorako bideari jarraituta, meatzeen ustiatze prozesua gauzatzeko paisaia eraldatu zuten beharrezko elementuekin egingo du topo bisitariak. XIX. mendearen bukaeran, kargatze lanak egiteko 23 toki zeuden Olabeagako kaian hasi eta egungo Benedicta ingurura bitartean. Horiei erreparatuta, Bizkaiko historia markatu zuen sektore baten eta hark arlo guztietan izan zuen eragina ezagutaraziko dute.

Itsasadarraren beste aldera salto eginez, Getxoraino luzatuko da Open House Bilbao. Han, hamahiru eraikinen ateak zabalduko dituzte. Jauregiak izango dira horietako asko, garai bateko burgesiaren oparotasunaren adierazleak. Horrez gain, Punta Begoñako galerietarako bisita gidatuak ere eskainiko dituzte. Haitzak maldan behera ez erortzeko horma besterik izan behar ez zuen eraikuntza itsasoaren gainean finkatutako begiraleku ikusgarri bilakatu zen. Begiraleku ez ezik, inguruko bisitari guztien begirada erakartzen duen toki ere bilakatu da. Haren barnealdea ezagututa, korridoreetan barrena garai bateko oparotasunaren lekuko bihurtuko da bisitaria.

Hainbat jarduera

Eraikinak doan bisitatzeko aukeraz gain, beste jarduera batzuk ere eskainiko dituzte Bilbon. Besteak beste, 360 Gradu izeneko esperientziaren bidez, leku estrategiko batean geldi jarrita, itsasadarraren inguruan eratuz joan diren aldaketa historiko, arkitektoniko eta urbanistikoak kontatuko dituzte. Itsasadarraren inguruaren bilakaera ezagutuko dute hala bisitariek. Parte hartzeko, izena eman behar da. Umeentzako jarduerek eta itsasontzi bidezko ibilbideek osatzen dute asteburuko eskaintza.