Bluesaren doinu urdinak

Bluesaren doinu urdinak

Natalia Salazar Orbe

Blue deritzen notek ematen diote bluesari berezko duen adierazkortasuna. Tonuen eta tonu erdien erabilera du ardatz doinu joko horrek. Afro-amerikarren kantuetatik sortu zen, jazzaren antzera. Esklabo afro-amerikarren kantuek eta doinuek jarri zituzten gaur egun jazz gisa ezagutzen den musika estiloaren oinarriak. Garapen handia izan dute ordutik. Artisten jatorriak ere askotarikoak dira. Aniztasun horren adierazgarri izango da Arriolako Jazz Blues jaialdia ere, Elorrion. Afro-amerikar ordezkaririk ez dute hartuko datorren astera arte antolatu dituzten kontzertuetan. Hala ere, musikari onak izango direla iragarri dute garai bateko esklaboek ereindako haziaren oihartzunak Elorrion hartzen dituztenek. 30. jaialdia dute.

“Kalitate handiko” kontzertuak iragarri ditu Aitor Iriarte programatzaileak. Euskal Herriko mugetatik kanpoko artistak nabarmendu ditu, “kanpotik datozelako soilik. Izan ere, besteak, euskaldunak direnez, inguruan ikusteko aukera gehiago dago”. Christian Dozzler austriarra da nabarmendu dituen horietako bat. Bihar izango da bera gertutik ikusi eta entzuteko aukera.

Lau hamarkadako ibilbidea egin du Dozzlerrek bluesaren munduan. Hainbat musika tresna jotzen ditu, hala nola pianoa, harmonika, gitarra, soinua eta organoa. Horrez gain, blues, boggie woogie eta zydeco estiloak abesten ditu. Txiki-txikitatik datozkio musikarekiko grina eta lotura. Musikariz osatutako familia batean jaio zen, Vienan, 1958an. Bost urte besterik ez zituela abiatu zituen pianoa jotzeko ikasketak. Artistak berak aitortua du 14 urte zituela blues estiloaz maitemindu zela eta orduz geroztik eutsi diola harreman erromantiko horri.

2000. urtean, jaioterria utzi eta AEBetara jo zuen Christian Dozzlerrek, Larry Ganerren taldean teklista lanetan aritzeko. Bi urte geroago, bakarlari gisa egin duen ibilbideari ekin zion. Zazpi disko argitaratu ditu bere izenarekin, eta 30 inguru, beste musikari batzuekin batera. Hainbat sari jaso ditu nazioartean ibilbide horretan zehar.

Musikariengandik gertu

Dozzlerren musikaren kalitatea bertatik bertara ezagutuko dute jaialdira gerturatzen direnek. Ohiko formatuari eutsi baitiote aurten ere: ikus-entzuleek musikarienganako gertutasuna senti dezaten nahi dute antolatzaileek. Musika bizitzeko aukera gisa aurkeztu du Iriartek Elorrioko jaialdia. “Entzuleak sentituko du agertokian dagoela. Musikariak saxofoia jotzen badu, tresnaren teklak ukitzean ateratzen duen soinua ere entzungo du ikusleak”. Kontzertu txikiak, gertukoak egingo dituzte. Arriola antzokiaren ateneoa ez da handia, gainera. “60 edo 70 lagunekin bete egiten da. Eta epeltasuna sentitzen da. Musikariak gertutik ikusten dira eta giro atsegina sortzen da”.

Urte luzeetako jaialdiaren ibilbideak zale finkoak ere sortu ditu. “Besteak beste, urtero Arrasatetik zein Durangotik datozenen taldeak sortu dira. Pertsona horiek saioekiko duten diziplina nabari da: isiltasuna mantentzen dute. Gurea oso lokal atsegina da horretarako”.

Areto horretan bertan ariko da Anthony Stelmaszack ere. Blues doinuak ekarriko ditu hark ere. “Nabarmentzekotan, blues taldeak nabarmenduko nituzke. Izan ere, horiek Elorrion ikusten ez badituzu, zail izango duzu beste nonbait ikustea”.

Horrek ez du esan nahi beste artisten musika kalitatea eskasagoa denik. Jaialdia, hain zuzen, bestelako doinuekin hasi zuten atzo. Mocker’s hirukote durangarrak Oreka Ahula disko berria aurkeztu zuen: euren ibilbidean euskara hutsean sortu duten lehenengoa. Baxua, bateria eta gitarra eskuan, hasiera eman zioten Arriolako 30. Jazz Bues jaialdiari. Topaketaren ortodoxiarekin apurtu eta bertako jendea erakartzeko asmoz antolatu dituzte atzoko eta datorren osteguneko saioak. Hala azaldu du Iriartek: “Burrunba gehixeago ekartzen dugu, jende gaztea erakartzeko. Hurrengo ostegunean, Makala eta Jimmy Bidaurreta ariko dira agertokian. Beste formatu batzuk dakartzate horiek: latin jazza, funka eta bestelako dantzagarriak”.

Euskal Herriko ordezkarien jazz doinuak entzun ahalko dituzte gaur Arriola antzokira gerturatzen direnek. No-Land Trioren emanaldia izango da. “Musikeneko [Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia] gazteak dira, eta Jazzaldian ere egon dira”. Jazza taularatzeko, inguruko musikariengana jotzen dute Arriola kultur elkartekoek. “Musikene gertu dugu, eta handik hainbat eta hainbat musikari on ateratzen dira urtero. Bluesari dagokionez, hemen ere zerbait lantzen den arren, beti ahalegintzen gara biran ari den norbait kontratatzen”. Horrek jaialdiaren erakargarritasuna areagotzen duela deritzo Iriartek. “Bertako batek kanpokoen mailako musika jo arren, nabari da kanpokoek jende gehiago erakartzen dutela”.

30 urteko ibilbidea

Gauzak zeharo aldatu dira jaialdia sortu zutenetik gaur egunera bitartean egin duen ibilbidean. Duela 30 urte, oihartzun handia zuen. “Hasieran arrakasta izugarria zuen. Duela 20 edo 25 urte izugarria zen. Inguruko herrietan ez zegoen kultur eskaintza askorik. Gaur egun, ordea, leku guztietan daude kultur aretoak. Asteburu guztietan eskaintza zabala dago. Baina sasoi batean, bakarrak izanik, ikus-entzule asko gerturatzen ziren”.

Urteak aurrera joan ahala, Arriolako jaialdia ospea hartuz joan zen. Atzerriko musikariek janzten zituzten kartelak. Ikusmina handia zen. “Jendea kanpoan geratzen zen”.

Hastapen haietan diru publiko gehiago ere bazegoela aitortu du. “Aldundiak gaur egun ere dirua ematen du, baina eragile gehiagoren artean banatu behar denez, gutxiago heltzen zaio bakoitzari. Bakoitzak daukanarekin moldatu behar du. Hala ere, pretentsio gehiegirik ez daukagu, eta mantentzea nahikoa da guretzako”.

Orain, erreleborik izango ez duten beldur dira antolatzaileak. “Sasoi hartan hasi ginenok jarraitzen dugu, baina badirudi atzetik datozenentzat eta jende gaztearentzat era honetako musika agure eta atso zaharren kontua dela. Ez da batere erraza jende gaztea era honetako formatuetara erakartzea”.

Garrantzitsu deritzo Arriolako programatzaileak jazz eta blues estiloa lantzen duten euskal musikari eta sortzaileei bidea urratzen laguntzeari. Hori dela eta, jaialdia haientzako tranpolin bilakatzen saiatzen dira. “Bluesari dagokionez, ez daude horrenbeste izen handi, baina jazzean ahalegintzen gara bertakoentzat zirkuitu hori mantentzen”. Eta Musikene sortzen ari den harrobiari aipamen egin dio. Gogora ekarri du handik musika trebakuntza sakona duten musikari eta talde ugari ateratzen ari direla. “Jazz estiloan maila handiko musikariak daude Euskal Herrian”.

Jolas surrealista kartelean

Irudi bitxi bat sortu dute jaialdia iragartzen duen kartelerako. Baterietan danborra jotzeko erabili ohi den pedala iltze bat mailukatzeko prest dagoen mailu bihurtu du Imanol Garaiazabalek. Mailu horren parean, iltzea ere jarri du. “Bi objektuen arteko jolas surrealista” aurkeztu du egileak, Iriartek azaldu duenez. Adierazi du “txantxetan edo olgetan” jarri dituela biak.