Komunitatearena, komunitatearentzat

Komunitatearena, komunitatearentzat

Ibai Maruri Bilbao

Urriarekin batera, Ondarearen Europako Jardunaldiak martxan daude 19. urtez Bizkaian. “Hilabete osoan egiten diren era askotako jarduerak dira. Helburua da herritarrak parte hartzera gonbidatzea eta arte komunitarioak esaten zaion ondare kultural horren balioa zuzkitzea”, azaldu du Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputatuak. Berrehun jardueratik gora biltzen dituen egitarau “mardul eta oparoa” atondu dute. “Askotarikoa eta askorentzakoa, zaletasun guztiak asetzeko”. Ondarea plazara! da aurten hautatu duten leloa. Herrialde historikoko 58 herritan egingo dira ekitaldiak, eta 160 erakundek hartuko dute parte.

Egitasmoak lortu duen arrakasta azpimarratu du diputatuak. Urterik urtera jende gehiagok parte hartzen duela esan du. Bizkaiko kultura eta aisialdi egitarauan “ezinbesteko hitzordua” bihurtu dela uste du. Eta, horren erakusle, Europako Kontseiluak agertutako interesa ekarri du gogora: “Hainbatetan jo du guregana egiten dugunaren inguruko informazio eske, beste batzuei eredu moduan erakusteko”.

Artea eta aisialdia izan da Europako Batasunak 2019rako proposatu duen gaia. Gaitza egin zaiela aitortu du Ainara Martinez Matia historialariak. “Bazirudien olgetan egiteko proposamen bat zela”. Amaia Apraiz lankidearekin batera ibili da egitaraua antolatzen. Lortu dutela iruditzen zaio; ez gaiaren erronkari erantzutea soilik, baita aurreko urteetan erabili ez diren formatuak egitarauan txertatzeko helburua betetzea ere. “Antolatu ditugun ekitaldiak inoizko parte hartzaileenak dira. Pertsonak protagonista bihurtu ditugu. Bost zentzumenekin gozatu ahal izango du parte hartzaileak”.

Jardunaldien ardatzetako bat musika izango da. Adibidez, Bereterretxeren kanthoria ipuin musikatua leku berezi batean eskainiko du Bego Alabazanek: Muskizko Muñatones gazteluan, hain zuzen ere. Meatzaldean bertan, Pobaleko burdinolan, ingudearen eta dultzainaren soinuak tartekatuko dira, melodia tradizionalak berreskuratzearekin batera. Kantak eta kalejirak ez dira faltako Zornotzan, Getxon, Sestaon eta Bilbon egingo diren ekitaldietan. Zazpikaleetan, adibidez, urriaren 11ko Txikitero Eguna prestatzen dabiltza egunotan, iluntzero Bizkaiko abesbatzek egiten dituzten kalejirekin.

Musika entzun ez ezik, nola sortzen den ere erakutsiko da. Bilboko Juan Crisostomo Arriaga musika kontserbatorioa mendeurrena ospatzen ari da aurten, eta, jardunaldiei begira, luthier lana ezagutzeko aukera emango die bisitariei. Harizko musika tresnekin segituz, Gernika-Lumoko batzar etxean dagoen Iparragirreren gitarra ezagutzeko aukera egongo da; harekin jotzen omen zuen Gernikako arbola kantua. Batzar etxean bertan egun batez agintarien lekuan jartzeko parada ere eskainiko da: aurreskuaren inguruko tailerrean, dantza hori dantzatuko diete parte hartzaileei.

Dantza eta jaietako errituak

Aurtengo ekitaldien artean, atal garrantzitsua izango dute jaietako errituek. Domeka honetan Errebonbiloen eguna ospatuko dute Elorrion. Egun osoko egitarauaren barruan, aparteko garrantzia izango du arratsaldean egingo duten alardeak. Orozkoko Gaztaina Eguna ere urrian ospatuko da. Eta, hilabeteko azken domekan, Mungiak ehun urte egingo du atzera, Lore Jokoen aitzakian. Urriko azken gaua arimena da, Domu Santu egunaren bezpera. Zamudion eta Gorlizen egingo diren festek Euskal Herriaren tradizioan errotuta dagoen gau bat dela erakutsiko dute.

Sasoiz kanpo bada ere, Madalen Eguna gogoratuko dute Bermeon. Arrantzaleen Museoan jaiaren nondik norakoak entzun ondoren, itsasontziz Izaro uhartearen parera joango dira parte hartzaileak, uztailak 22 dituen aldiro herriko alkateak teila botatzen duen lekura. Otsaileko domekaren batean izaten dira aratusteak, baina Mundakan, 2019 honetan, urrian ere entzungo dira atorren eta laminen kantuak.

Jokoa eta kirola ere aisialdiaren parte dira. Batzuetan olgetan egiteko: umeen jolas tradizionalak ezagutu ahal izango dira Aulestin, Zierbenan, Getxon eta Gorlizen. Baina lehia gogorragoak ere izango du lekua: pilotara eta bolo jokoetara gerturatzeko aukera eskainiko dute aurtengo jardunaldiek, Berrizen, Gernika-Lumon, Gordexolan, Barakaldon, Karrantzan eta Ugaon.

Joko eta erromeriekin batera, jatekoak ere berebiziko garrantzia izan du sozializazio prozesuan. “Pertsonen arteko batasuna sortzeko ezinbesteko elementua izan dira otorduak”, azaldu du Apraizek. Hala, Bilboko Unamuno plazan dagoen Arkeologia Museoan, erromatarren garaiko euskal herritarrek zer jaten zuten erakutsiko diete bisitariei.

Ekintza gehienetan parte hartzeko, izena eman behar da aurretik. Horretarako, ekitaldi bakoitzaren antolatzailearen telefonoa eta posta elektronikoa ipini ditu diputazioak egitarauarekin banatu dituen eskuliburuetan. www.bizkaikoa.eus/jep web-gunean kontsultatu daiteke. Azken urteetan bezala, plaza birtuala ere izango dute jardunaldiek. Apraiz: “Sare sozialen bidez, ikusitakoaren argazkiak zabaldu ahal izango dira, gure ondarea Bizkaitik harago ere zabaltzeko”.