Kirola eta musika ugari

San Anton jaiak

Berriz

Esaera zaharrak dioenez, sanantonetan bisigu ugari zeuden Euskal Herriko kostaldean. Baina, ez dakigu arrain hori jateko aukerarik egongo den aurten. Hala ere, berriztarrek festa egitarau oparoa antolatu dute, urtero San Anton jaietan egiten duten antzera.

Gaur hasiko dira jaiak. 18.00etan Zuzarazu antzerki taldeak Familian izeneko ikuskizuna eskainiko du kultur etxean. Antzerki emanaldia bukatu ondoren, sagardoa edanez odolkiak dastatzeko aukera egongo da, trikitilariek giroa alaitzen duten bitartean. Eguna behar bezala bukatzeko, Zuzarazu taldeak kontzertua eskainiko du herriko plazan.

Larunbata kirola eginez hasiko dute. 10:00etatik 14:00etara Berrizko Ziklo-Kros sari nagusia izango baita Berrizburun. Arratsaldean, umeek Korri, Xalto eta Brinko pailazoekin barre egiteko abagunea edukiko dute. Haurrak pailazoekin dauden bitartean, pilota gustuko duena San Anton txapelketako finala ikustera gerturatu daiteke, Olakueta frontoira. Eguneko azken emanaldia Lisker taldeak eskainiko duen erromeria izango da.

Larunbateko parrandaren ondorioak ahalik eta azkarren ahazteko, mendi-bizikleta ibilaldia egongo da igandean. Ibilbideari hasiera kultur etxe aurrean emango zaio, eta izena ematea doakoa izango da. Kirola atsegin ez duenak beste zenbait ekitaldi ikusi ahalko ditu. 11:00etan eskualdeko barazki eta fruitu erakustaldia izango da, trikitilariek giroa alaitzen duten bitartean. Ordu berean, frontoian, eskulangintza txokoa egongo da. 13:00etan, Iremiñe dantza taldeak emanaldia antolatu du, urtero bezala. Arratsaldean Txintxaun kolektiboak The Full Monty ikuskizuna eskainiko du herriko kultur etxean.

Asteartea, egun nagusia

Festak gaur hasiko badira ere, egun nagusia asteartekoa da, San Anton eguna, alegia. 12:00etan santuaren baselizan meza egongo da. Arratsaldea baliatuko dute haur eta gazte askok barraketara joateko, doan izango baitira. 19:00etan frontoian askaria eta nekazaritzako olinpiar jokoak izango dira. Ondoren, ikuskizun bat ikusi ahalko da, txorizo otartekoa janez eta zerbait edanez.

Berrasten

Aspaldi honetan, gero eta gehiago sumatzen dut ahoz kontatzen hasten naizen kontu oro berba bihurtzen den une berean hasten dela indarra galtzen. Begitantzen zait hausnarrean osatuz joan naizen bihozkada ordenatu hori argaltzen-argaltzen hasten dela ahotik irten ahala, lurruna airean bezala.

Mende erdia gertu izateak sorrarazten duen egonezina ote? Bizi dugun sasoi trumoitsuaren eragina, agian? Krisiaren izenean handi-manditzen doan mamuaren ondorioa, beharbada? Ziurrenik, denetarik apur bat.

Ez pentsa, urteen hondarrak utzitako eskarmentuaz baliatu naiz, susmoari aurre egiten: itxaron, arnasa hartu, ahoa itxi, isildu…

Bai, isildu. Bene-benetan ahalegindu naiz delako burutazio, iritzi, bulkada edo ideia izendatu gabe hori isilpean mantentzen, edukiontzi egokienaz kanporatzeko zain. Baina, ka!, behin eta berriz gertatzen zaidan fenomeno baten aurrean gaudenez gero, hiruzpalau egunera biltegia beteta eta paparra gainezka sentitzen ditut, eta, orduan, amig@, iturria zabaltzeko ordua iristen da.

Bale, gauzak esateko beste modu batzuk ere badaude, esango didazue. Ahozko diskurtsoa ez da hitz egiteko modu bakarra. Arrazoi. Dantzan egin dezakegu, marraztu, kantatu, oihu egin, borrokatu, besarkatu, musukatu… Hitzak haizearekin desegiten direnerako asmatu ei ziren aditzak, hots, ekintzak, hots, akzioak. Ezta?

Bai, baina, hastear dagoen aldi berri honen matrikula Hitzarena ei da, letra larriz nahiz xehez jantzia: berdinen eta ezberdinen artean berriro bizitzen hasteko ordua ei da, hitza eta elkarrizketa bitarteko direla.

Mircea Eliace filosofoaren Betiereko itzuleran mitoa datorkit burura. Liburuan azaltzen duenez, nekazari gizarteentzat denbora ez ei zen lineala, baizik eta borobila, ziklikoa; Naturari estuki loturik bizi zirenez gero, beraientzat ezer ez zen eteten edo amaitzen, berraldaturik berriro hasten, baizik. Beraz, betiereko itzulerari zor, aroak, gertaerak eta aldiak, ziklikoki jazoko lirateke, nahiz eta aldian aldiko bideak erantsitako kolorez lagunduta izan. Betiereko itzuleraren mitoko denbora, nolabait irudikatzearren, antzeko eraztunez osaturiko espiral amaigabea litzateke.

Nik ez dakit gure arbasoek bizi izandako ziklo baten faksimilean sartzear gauden ala ez. Egia esan, ez dakit zer ziklo edo eraztun ari den amaitzen ere. Argi dago, baina, ahitu direla diruak, ahitzear daudela natur-baliabideak eta, ondorioz, berehala agortuko ez diren iturrietara jo beharra dugula, biharamun berria eraiki nahi badugu, behintzat.

Bai, aspaldi honetan, gero eta gehiago sumatzen dut berbetan hasten naizen une berean hasten dela hitza indarra galtzen.

Horregatik hasi naiz paseatzen, ozenki irakurtzen, begiekin besarkatzen eta iragan eraztunetakoen esanak berridazten, originala izateko aukera ere ziklikoki berritzen zaigulako berrasten garen bakoitzean.

Abereak nagusi sanantontxuetan

San Antontxu eguna ospatuko dute datorren eguaztenean Mungian; egun hori heldu bitartean girotzen hasteko, egitarau zabal bat prestatu dute herrian, asteburu osorako. Gaur bertan hasiko dituzte ekitaldiak. Gauean, 21:00etan, Su Ta Gar taldearen kontzertua izango da Olalde aretoan. Aurretik, 19:30ean, Binakako Munduko Pala Txapelketa ikusteko aukera izango da udal frontoian. Sarrerak bost euro balio du.

Bihar, herri kirolekaz hasiko dituzte ekitaldiak; 12:00etan egingo dituzte, Olalden. Gero, idi proba erakustaldi bat antolatu dute, 4.300 kiloko harriagaz. Iluntzean Xabier Lete izango dute gogoan, eta kontzertu bat egingo dute haren omenez; 20:00etan izango da, Olalden. Sarrerak zortzi euro balio du, eta aukera dago aurretik erosteko.

Indaba lehiaketa

Domekan, jakiek protagonismo handiagoa hartuko dute. Indaba usainak Andra Mari plaza hartuko du goiz osoan, Mungiako II. Indaba Lehiaketa dela eta. Txispeleta eskaut taldeak antolatutako txapelketako sari banaketa 18:00etan egingo dute, udalak jaietarako atondu duen karpan.

Bazkaldu aurretik, kirolerako tartea ere izango da. Bizikleta gustuko dutenek aukera ezin hobea daukate ibilaldi bat egiteko, Mendi Bizikletaren XX. Martxa antolatu baitu Valentin Uriona txirrindulari elkarteak, 10:00etan.

Antzinako autoak gustatzen zaizkienentzat, berriz, auto klasikoen erakusketa bat eta azoka bat antolatu dituzte, Legarda eskolen inguruan. 10:00etan hasiko da Goggomobil eta Auto Klasikoen elkarteak antolatutako erakusketa hori.

Euskal kulturak ere tarte bat izango du San Antontxu bezperetan. 13:00etan, bertso saio bat izango da Andra Mari plazan, Taket Mungiako bertsozale elkartearen eskutik; Jon Maia, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Jexux Mari Irazu ariko dira Iñaki Beitia Arbildu-k jarritako gaiei hitzak eta bertso doinuak jartzen. Gero, 15:00etan, bertso bazkaria izango da Ehiza eta Arrantza Elkartearen txokoan. 16:30ean, giroa alaitzen jarraitzeko, kantagunea jarriko dute udalaren karpan eta Andra Mari plazan.

Astelehenean atseden hartu, eta martitzenean San Anton eguna ospatuko dute mungiarrek. Dantzak izango dira eguneko protagonistak; Mungiako Dantza Eskolaren eskutik, erakustaldi bat egingo dute, 19:00etan.

Egun handia eguaztena izango da: orduantxe ospatuko dute San Antontxu eguna. Ohi bezala, egun osoan feria nagusia izango da, eta bertaratzen diren jaizaleek era guztietako saltokiak ikusteko aukera izango dute, feria lekutik hasi eta Foruen enparantzaraino.

Abereak, plazara

Feria lekuan, ganaduaren erakusketa eta salmenta egingo dute. Gainera, 11:00etan, abere arrazen ezaugarriei buruzko azalpenak emango dituzte hainbat adituk. Dena den, ganadua ez da protagonista bakarra izango; izan ere, animaliez gain, aukera izango da hainbat makina, erreminta, fruitu arbola eta landare apaingarri ere ikusi eta erosteko.

Foruen enparantzan, Matxin plazan eta Trobika, Alkartasuna eta Itxaropena kaleetan bertoko produktuen erakusketa izango da. Produktu horiek salgai egongo dira.

Andra Mari plazan, Euskadiko Odoloste eta Txorizoen XVI. Lehiaketa egingo dute. 11:00etan egingo dute sari banaketa, udalaren karpan.

Eskulangileen lanek ere lekua izango dute San Antontxu egunean. Bentades aterpean, herriko eskulangileen lanak egongo dira ikusgai. Iturribide kalean, berriz, eskulangintza lan ugari erakutsi eta salduko dituzte.

Arratsaldean, Ilargiaren bi aldeak umeentzako antzerki, musika eta zirku ikuskizuna izango da, Olalde aretoan. Lau urtetik gorako umeentzat da. Sarrerak lau euro balio du.

Euskal erromeriagaz emango diete amaiera ekitaldiei, 19:00etan, udalaren karpan. Horrez gain, kale animazioa izango da arratsalde osoan, Txikuri fanfarrearen eskutik.

Herriko giroa ikusi gura dutenentzat, txutxu trena ibiliko da goizez eta arratsaldez; 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara, Elorduigoitia kaletik atera eta leku berera bueltatuko da.

Saltzeko beste era bat

Eurengan krisiak beste era bateko eragina izan duten dendak ere badira. Bigarren eskuko produktuak saltzen dituzte, eta atzean filosofia bat ere badute, solidarioa, ekologikoa eta integratzailea. Horien artean, Ekorropa kooperatiba dago, Koopera gizarte sareko kideetako bat.

Krisiak gainerako saltokietan eragin nabarmena izan du, baina euren produktuen salmentek goraka egin dutela esan du Terese Heras Ekorropako Ingurumen eta Komunikabide teknikariak. Jendeak zer erosi behar duen gehiago pentsatzen duela, eta, beraz, gutxiago erosten duela dio Herasek. Aldi berean, baina, erosketak egiteko orduan "hausnarketa eta kontzientziazioa areagotu" egin direla ekarri du gogora.

"Produktu berreskuratuak" aurki daitezke Bizkaian zehar Ekorropak dituen hamar dendatan. Bilbon hiru dauzka, Getxon bi eta bana Portugaleten, Barakaldon, Ermuan, Durangon eta Galdakaon. Arropak saltzen dituzte, bereziki, baina, Bilbon, Fernandez del Campo kalean duten Koopera izeneko merkatuan, bestelakoak ere badaude: elektrotresnak, liburuak, jostailuak, janari ekologikoa, bidezko merkataritzako produktuak...

Prezio eta kalitate onak

Prezioak, gainera, edozeinegaz lehiatzeko modukoak direla azaldu du Herasek: "Gure arropa merke saltzen saiatzen gara, ekoizpen prozesuak uzten digun beste". Adibidez, "goitik behera, 30 eurorekin jantz zaitezke", azaldu du; "zapata batzuk hamar eurotan, praka batzuk sei eurotan, gona bat lau eurotan…", eros daitezkeela adierazi du.

Prezioa apala izan arren, kalitate eta berme osoko arropak dituztela argitu du, ordea. Arropa hori herritarrengandik jasotzen dute. Hain zuzen, Rezikleta kooperatibaren bitartez edukiontzi batzuetan jasotako arropak hartzen dituzte. Arropa jaso ondoren, "erabat higienizatu" eta prozesu batetik pasatzen dutela azaldu du.

Euren erosleei dagokienez, nagusiki, etxeko andre helduek jotzen dute denda horietara. Hala ere, bikote gazteak ere sarri joaten direla azaldu du Herasek. Horrez gain, gizonezko asko bakarrik eta aitona-amonak euren ilobekin joaten zaizkie; horiek dituzte bezero ohikoenak. Gazte asko izaten direla argitu du, "produktuak oso berritzaileak direlako eta ezin dituzulako beste edozein lekutan aurkitu".

Tresna elektrikoak ere prezio onean aurki daitezke Koopera merkatuan. "Urtebeteko bermea daukan garbigailu bat 110 eurotan eros dezakezu", esan du.

Ekarpena gizarteari

Eta produktu horiek erosita gizarteari eta ingurumenari ere nolabaiteko ekarpena egiten diote bezeroek. Izan ere, Ekorroparen filosofiak hiru oinarri ditu. Batetik, "lanaren bitartez gizarteratzea sustatzea". Bestetik, "ingurumena zaintzea berreskurapen prozesuen bitartez". Eta, azkenik, "ekonomia solidarioa sustatzea". Kontsumo iraunkorra sustatu gura dutela azaldu du, "biztanleriari erosteko beste era bat eskainiz".

Antzeko filosofia eta lana darabiltza Emaus kooperatibak. Eta eurak ere herritarrek erabiltzen ez dituzten tresnak jaso, eraberritu eta salgai jartzen dituzte Bilbon, Getxon eta Gamizen dituzten bost saltokietan. Liburuak, arropa eta "etxean daukazun edozein gauza" aurki daiteke dendotan, Nines Perez dendetako arduradunak jakinarazi duenez.

Kooperaren antzera, herritarren etxeetan, enpresetan, udaletxetan edota eskoletan jasotzen dituzten tresnak jartzen dituzte salgai. "Jaso, erabiltzeko modukoak direnak hartu —gainerakoak birziklatzera bidali— eta erabilgarri daudenei beste erabilera bat ematen diegu", azaldu du.

Krisiari dagokionez, "salmentak ondo" doazen arren, tresnak jasotzeko prozesua moteldu egin dela nabaritu du Perezek. Egoera ekonomikoak txarrera egin duenez, lehenago beste saltoki batzuetara joaten ziren bezeroak orain Emausera joaten hasi direla azaldu du.

Helburu solidariorik gabekoak

Era honetako elkarteek eta antzekoek egiten duten bezala, bigarren eskuko produktuak saltzen ditu Chechu Lemongek ere El Cofre de Pandora dendan. Lemongerenak, baina, are esklusiboagoak dira. Batzuen eta besteen filosofiak ez du zerikusirik, gainera. Lemongen denda AEBetan ohikoak diren feal market delakoen antzekoa da, eta denetarik aurki dezakete bertara hurbiltzen diren bezeroek."Zine proiektagailu bat, XVIII. mendeko aterki bat…", hainbat produktu berezi aurki daitezke Bilbon, Fernandez del Campo kalean duen dendan.

Hamar urte daramatza bertan beharrean. Egoerak, baina, azken urteetan txarrera egin duela azaldu du. Nabarmen, gainera. "Denda honek eta era honetako gainontzekoek ez dute irtenbiderik. Itxi egin beharko dut. Oso produktu erakargarriak ditut: Bigarren Mundu Gerrako irratiak, nazien kaskoak… Baina jendeak itsasontzi bat nahi du pezeta baten truke. Eta horrelakorik ez dago", eman du aditzera.

Aisialdian euskara bultzatuko dute, ikusi eta ikasiz

Datorren astelehenean, Ikusi eta Ikasi programa hasiko dute Bilbon berriz ere; 3 eta 12 urte arteko ume eta gaztetxoek aisialdian euskaraz hitz egitea helburu duen programa, alegia. Martxoaren 17ra arte hainbat ekitaldi antolatu dituzte Begoña eta Deustuko udaltegietan, Indautxuko Karmen aretoan, Bilborock aretoan eta Errekaldeberri, Tiboli, Zamakola eta Zurbaran ikastetxe publikoetan.

Aisialdia, kultura eta hezkuntza uztartzeko helburuagaz Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak antolatu dituen 30 ekitaldiak astelehenean hasiko dituzte, Jolasen Txokoagaz. Umeentzako "erakusketa dinamiko" gisa aurkeztu dute ekitaldi hori, eta jostailuak, jokoak, ipuinak, filmak, musika eta bideo jokoak erabiliko dituzte han.

Begoñako udaltegian egingo dute ekitaldi hori astelehenean, 17:30etik 19:30era. Datorren barikuan eta zapatuan, berriz, Deustuko udaltegian egingo dute.

Euskaraz ez dakiten gurasoentzat, besteak beste, laguntza eta orientazio tailer bat ere emango du udalak aurten, seme-alabei etxeko lanetan lagundu ahal izateko. Gainera, sukaldeko errezeten tailer praktiko bat ere prestatu dute, familia eremuan euskararen transmisioa bultzatzeko.