Abereak nagusi sanantontxuetan

San Antontxu eguna ospatuko dute datorren eguaztenean Mungian; egun hori heldu bitartean girotzen hasteko, egitarau zabal bat prestatu dute herrian, asteburu osorako. Gaur bertan hasiko dituzte ekitaldiak. Gauean, 21:00etan, Su Ta Gar taldearen kontzertua izango da Olalde aretoan. Aurretik, 19:30ean, Binakako Munduko Pala Txapelketa ikusteko aukera izango da udal frontoian. Sarrerak bost euro balio du.

Bihar, herri kirolekaz hasiko dituzte ekitaldiak; 12:00etan egingo dituzte, Olalden. Gero, idi proba erakustaldi bat antolatu dute, 4.300 kiloko harriagaz. Iluntzean Xabier Lete izango dute gogoan, eta kontzertu bat egingo dute haren omenez; 20:00etan izango da, Olalden. Sarrerak zortzi euro balio du, eta aukera dago aurretik erosteko.

Indaba lehiaketa

Domekan, jakiek protagonismo handiagoa hartuko dute. Indaba usainak Andra Mari plaza hartuko du goiz osoan, Mungiako II. Indaba Lehiaketa dela eta. Txispeleta eskaut taldeak antolatutako txapelketako sari banaketa 18:00etan egingo dute, udalak jaietarako atondu duen karpan.

Bazkaldu aurretik, kirolerako tartea ere izango da. Bizikleta gustuko dutenek aukera ezin hobea daukate ibilaldi bat egiteko, Mendi Bizikletaren XX. Martxa antolatu baitu Valentin Uriona txirrindulari elkarteak, 10:00etan.

Antzinako autoak gustatzen zaizkienentzat, berriz, auto klasikoen erakusketa bat eta azoka bat antolatu dituzte, Legarda eskolen inguruan. 10:00etan hasiko da Goggomobil eta Auto Klasikoen elkarteak antolatutako erakusketa hori.

Euskal kulturak ere tarte bat izango du San Antontxu bezperetan. 13:00etan, bertso saio bat izango da Andra Mari plazan, Taket Mungiako bertsozale elkartearen eskutik; Jon Maia, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Jexux Mari Irazu ariko dira Iñaki Beitia Arbildu-k jarritako gaiei hitzak eta bertso doinuak jartzen. Gero, 15:00etan, bertso bazkaria izango da Ehiza eta Arrantza Elkartearen txokoan. 16:30ean, giroa alaitzen jarraitzeko, kantagunea jarriko dute udalaren karpan eta Andra Mari plazan.

Astelehenean atseden hartu, eta martitzenean San Anton eguna ospatuko dute mungiarrek. Dantzak izango dira eguneko protagonistak; Mungiako Dantza Eskolaren eskutik, erakustaldi bat egingo dute, 19:00etan.

Egun handia eguaztena izango da: orduantxe ospatuko dute San Antontxu eguna. Ohi bezala, egun osoan feria nagusia izango da, eta bertaratzen diren jaizaleek era guztietako saltokiak ikusteko aukera izango dute, feria lekutik hasi eta Foruen enparantzaraino.

Abereak, plazara

Feria lekuan, ganaduaren erakusketa eta salmenta egingo dute. Gainera, 11:00etan, abere arrazen ezaugarriei buruzko azalpenak emango dituzte hainbat adituk. Dena den, ganadua ez da protagonista bakarra izango; izan ere, animaliez gain, aukera izango da hainbat makina, erreminta, fruitu arbola eta landare apaingarri ere ikusi eta erosteko.

Foruen enparantzan, Matxin plazan eta Trobika, Alkartasuna eta Itxaropena kaleetan bertoko produktuen erakusketa izango da. Produktu horiek salgai egongo dira.

Andra Mari plazan, Euskadiko Odoloste eta Txorizoen XVI. Lehiaketa egingo dute. 11:00etan egingo dute sari banaketa, udalaren karpan.

Eskulangileen lanek ere lekua izango dute San Antontxu egunean. Bentades aterpean, herriko eskulangileen lanak egongo dira ikusgai. Iturribide kalean, berriz, eskulangintza lan ugari erakutsi eta salduko dituzte.

Arratsaldean, Ilargiaren bi aldeak umeentzako antzerki, musika eta zirku ikuskizuna izango da, Olalde aretoan. Lau urtetik gorako umeentzat da. Sarrerak lau euro balio du.

Euskal erromeriagaz emango diete amaiera ekitaldiei, 19:00etan, udalaren karpan. Horrez gain, kale animazioa izango da arratsalde osoan, Txikuri fanfarrearen eskutik.

Herriko giroa ikusi gura dutenentzat, txutxu trena ibiliko da goizez eta arratsaldez; 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara, Elorduigoitia kaletik atera eta leku berera bueltatuko da.