Albisteak

Euskarari esparru guztietarako bidea zabaltzeko batzordea eratu dute Bilbon

Euskarari esparru guztietarako bidea zabaltzeko batzordea eratu dute Bilbon

Natalia Salazar Orbe

Euskarak Bilbon merezi eta behar duen lekua har dezan bermatzeko batzordea hasi da beharrean udalean: Euskararen Aholku Batzordea eratu berri dute. Bizitzaren arlo guztietan euskararen normalizazioa lortzea du helburu. Normalizazioa erakundeetan eta gizarteko eremu guztietan lortu gura dute. Hizkuntzaren arloan aritzeko aholku eta eztabaidarako organoa da Bilbokoa, eta Plan Estrategikoaren barruan egindako proposamenak gauzatuko ditu.

"Foro bat eta topagune bat izango da". Hala azaldu du Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza zinegotziak batzordearen izaera. "Eztabaida, azterketa eta proposamenak egin eta informazioa jasotzea izango da eginbeharra; betiere, bateko eta besteko ordezkari eta eragileen parte hartzearekin".

Erronka erabilera da

Batzordearen lana hastapenetan besterik ez dago. Azterketak egin behar dituzte oraindik euskararen egoera zein den ebazteko eta hari bultzada emateko baliabiderik eraginkorrenak adosteko. "Bistakoa da azken urteetan eskola eta ikastolei esker hainbat herritar euskaldundu direla. Hala ere, erabili ez dute egiten. Zenbakiak ez dira txarrak; aitzitik, onak direla esan genezake. Euskarak duen oztopoa edo erronka erabilera da". Horixe dute jomuga eta eginbehar.

Datuei erreparatuta —2011koak dira udalean dituzten azkenak—, herritar euskaldunen edo ia euskaldunen kopuruak nabarmen egin du gora azken hamarkadetan: 1981ean, %21,5 ziren; 1991n, %31,8; 2001ean, %42,1; eta, 2011n, %51,2. Zenbaki hutsez harago, maiatzean egingo duten bigarren bilerarako bestelako datu batzuk eraman gura ditu Narbaizak batzordera.

Talde lana baliatuta, hainbat erronkari begira jarri dira. Kideak sinetsita daude, besteak beste, batzordeak bide hauek zabal litzakeela: euskarazko kulturaren kontsumoa susta daiteke, erabilera eta ezagutza bermatuz; euskaldunen komunitatea indartzeko baliagarria izan daiteke, bertatik bertara aritzeko zein sare birtualak zabalduz eta sendotuz; euskararen erakargarritasuna azpimarratzeari garrantzitsu deritzote, baita modu egokian proiektatzeari ere, euskarak erabilera asko baititu, eta espazio nahikoa baitu beregana hurbiltzen diren guztiei lekua egiteko.

Batzordeko kideak

Guztira, 21 pertsonak osatzen dute batzordea. Udaleko alderdi guztietako ordezkariak, aldundiko Euskara zuzendaria eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko ordezkari bat daude erakundeen aldetik. Gainerakoan, honako hauek osatzen dute eratu berri den organo hori: Euskaltzaindiko eta Labayru fundazioko ordezkari bana; Bilboko euskaltegien izenean, Jon Maguregi; Bilbao Dendak erakundearen ordezkari bat; Athletic klubeko kide bat; Libe Agirre kazetaria; eta Xabier Monasterio kultura eragilea. Gutxienez, urtean birritan elkartuko dira.

Lehen batzarrean, EH Bilduk salatu du euskalgintzako eragile gutxi izan direla. Hura osatzen duten 21 kideetatik 16, hain zuzen, instituzioetako ordezkariak dira, eta bost besterik ez euskalgintzako eragileak.

Funtzionamenduari dagokionez ere zalantzak agertu ditu Alba Fatuarte zinegotziak. "Dagoeneko badakigu, alkateak hala adierazi baitzuen, batzordea ez dela izango erabakigunea, baizik eta aholkularitza espazio soil bat". Koalizioaren ustez, erabaki hori ez dator bat Bilbok behar duen hizkuntza politika berrituarekin, ezta gaur egun herritar antolatuek dauzkaten parte-hartze eskakizunekin ere.

Hala, bileraren ondoren balorazio "gazi-gozoa" egin zuen. Batetik, positiboa deritzo batzordea eratu izanari, aukera paregabea eskaintzen duelako Bilbon hizkuntza politikak behar duen eraldaketan eragiteko. "Izan ere, Bilbon indarrean egon den hizkuntza politika berbera izan da azken hamarkadan, eta, orain, ausardiaz jokatu eta aldaketa sakonak egiteko garaia da". Baina, beste alde batetik, batzordea eratzeko prozesua zein izan den aztertuta, beldur da aukera hori galdu ote den.

Eraginkortasuna xede

Narbaizak batzordearen eraginkortasuna aipatu du, kide kopuruari buruz mintzatzean. "Ezin dugu egin aholku batzorde bat jende askorekin. Kontuan izan behar da gero gai batzuk lantzeko batzorde teknikoak egingo direla, eta horietara deitu ditzakegu eragile gehiago. Ezin duguna da batzar handi bat bihurtu; batzordeak erraz funtzionatzea da asmoa".

Eztabaidak eztabaida, Euskara zinegotziak uste du euskara bultzatzeko bidean helburu berak dituztela denek: "Arlo horretan denok egiten dugu bat oso erraz. Hori horrela da".

Baratze eta landetatik, mahaira

Baratze eta landetatik, mahaira

Natalia Salazar Orbe
"Azafrai ona erosi gura badugu, ez dugu ekarriko Kuala Lumpurtik [Malaysia]. Gauza bera tipula bat nahi badugu: Zallan zein bertako beste herri batzuetan bikainak aurki ditzakegu". Hala uste du Sergio Alert Gustoko azokako zuzendar...

Estalkiak estali ezineko itoginak

Estalkiak estali ezineko itoginak

Natalia Salazar Orbe

Athleticek argitu du azken hiletako zalantza: klubak berak hartuko du bere gain San Mamesen obren kostua. Hautsak harrotuta ibili dira. Eraikin berria egiteko 150 milioi eurotik gora ordaindu ostean, zaleetako asko busti egiten direla jabetu ziren: 7.000 artean, zenbait partidatan, klubak berak emandako datuen arabera. Busti ez eskerrik asko plataformak kopuru hori handiagoa dela kalkulatu du: 10.000. Estadio berriak gogobete ez dituen bazkideek osatu dute plataforma, eta sinadurak biltzen ari dira. Konponbideak gura dituzte. Josu Urrutia Athleticeko presidenteak baieztatu du estalkia handitzea dela asmoa. Udan hasi gura dituzte lanak. Aurrez, baina, txosten juridiko eta tekniko guztiak behar dituzte. Behin betiko proiektuaren berri ez du eman, beraz. Plataforma ez da zuzendaritzaren asmoez fio. Javier Matxinek laburbildu du kaltetu horien sentimendua: "Engainatuta sentitzen gara. Errespeturik gabe tratatu gaituzte".

47 urteko bilbotarra da Matxin. Ekialdeko tribunan esertzen da. Athleticen partida guztietara joan da beti: "Elurra zein euria ari, han izan naiz. Orain, euri asko egiten badu, ezin naiz joan: blai eginda bukatzen dut". Gainerako guztien antzera, ezin du ulertu izugarrizko obra bat egin eta halako dirutza xahutu ostean estadio berriak zaharrak baino gabezia gehiago izatea.

Zelai zahar bat utzi eta berria egiteko hiru baldintza bete behar direla uste du: lehenik, horretarako beharrezkoa den aurrekontua izatea; bigarrenik, zale gehiagok joan nahi dutelako handitu behar izatea; eta, azkenik, zelai berrira joango direnen baldintzak hobetzea. Azkena, behintzat, ez da bete: "Zelaira joan eta zaharrean baino baldintza txarragoak ditugu, mela-mela eginda geratzen garelako". 2013ko irailaren 16an jokatu zen lehen partida San Mames berrian. Orduan obrak erabat bukatu gabe zeuden. Hurrengo urtean egin zuten inaugurazio ofiziala, udan.

Zaleen artean ez eze, bizkaitar guztien artean polemika pil-pilean ibili da joan den astean Urrutiak eman zuen prentsaurrekoan zalantzak argitu zituen arte. Lanen zenbatekoa San Mames Barria elkarteak ordaindu beharko zuela zabaldu zen. Athletic klubak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak, aldundiak, Bilboko Udalak eta Kutxabankek osatzen dute elkarte hori. Bateko eta besteko alderdiak berehala atera ziren horren aurka. Aldundiak esan zuen horretarako aurrekonturik ez zuela aurreikusia, baina ekarpena egiteko ate bat zabalik utzi zuen. Handik gutxira iragarri zuten erakunde publikoek ez zutela diru gehiago jarriko. Hala ere, udalak era batera edo bestera laguntzea balitekeela sinetsita dago oposizioa: zergak kobratu gabe, esaterako. Oso alokairu merkea jarri dietela ere ekarri dute gogora.

Urrutiak urtarrilean jakinarazi zion San Mames Barria elkarteari zelaian bustitzen ziren zaleen aferari konponbiderik onena emateko bidea estalkia handitzea zela. Liga maiatzean bukatuko denez, asmoa da uda aprobetxatzea lanok egiteko. "San Mames Barriak txosten eta berme guztiak daudela baieztatzeko zain gaude".

Zaleek erantzun zehatzak eskatu dituzte: "Jakin gura dugu noiz amaituko diren obrak. Lanak bukatuta zenbat bazkide bustiko diren, eta horiei zein irtenbide emango dieten. Baina ez dugu erantzunik jaso".

Athleticek bultzatzen duen eredua ere zalantzan jarri dute. "Bost izarreko zelaia egin dute; eta gu busti egiten gara". Piratak taldekoek antzeko iritzia eman dute. Garikoitz Irazu da kideetako bat. San Mamesen kudeaketa Bilbon eta Bizkaian egiten denaren antzekoa dela dio: turistei eta kanpotarrei begira egindakoa.

Zelaiak diru publiko apur bat jasotzeari ondo deritzo. "Izan ere, lehen mailan dabilen talde bat duen hiriak onura ekonomiko handiak ditu". Hala ere, uste du egin den inbertsio publiko handiaren ostean Athleticek jarrera irekiagoa izan beharko lukeela: "Ez dute uzten bazkide berririk egiten; ikastetxeetako umeentzako sarrerarik ez dute ematen, eta gazteentzako harmailarik ere ez dute jarri. Partida askotan, zelaia erdi hutsik egoten da. Halakoetan, ume eta gazteentzako txartel bereziak atera daitezke, familiei sarrera erraztuz".

Iñigo Cabacas harmaila handitzeko eskaeran tematuta daude Piratak. Baina zuzendaritzak ez die uzten. Talde horretako kideak ez dira bustitzen, eta estalkiaren aferari buruz ezer gutxi izan dute esateko. Hala ere, elkartasuna agertu diete arazo hori dutenei.

Aztertu beharreko obra

Urrutiak ez du azaldu zer gertatu den San Mames eraikitzen bukatu eta hilabete batzuetara bertako baldintzak hobetu behar dituen beste obra bati ekin behar izateko. "Aztertu beharrekoa da, baina gure helburua, orain, arazoari irtenbidea ematea da".

Zuzendaritzak dio bustitzen diren zaleena ez dela arazo bakarra, eta erantzunik hoberena emateko beharrezkoa dela hausnarketa sakona egitea: "Ehun urterako zelaia egin dugu; beraz, luzera begirako gauzak egin gura ditugu".

Bi mila sinadura

Busti ez eskerrik asko plataformak konponbidea eta inplikazioa eskatzeko sinadurak biltzen jarraituko du. "Urtarrilaren 29ra arteko epea jarri genuen. Aurrekontu eta proiektu zehatzen berri emanez gero, kanpaina bertan behera uztekoak ginen. Baina ez dute ezer argitu. Zergatik ari da atzeratzen hau guzti hau?".

Euria denean bustitzen diren bi mila bazkideren sinadurak bildu dituzte. Bilketa masiboa iragarri du orain Matxinek. Helbide elektronikoa zabaldu dute horretarako: bustiezeskerrikasko@gmx.es. Katedralak, oraingoz, itoginekin jarraituko du.

Klimak ekar ditzakeen aldaketak

Klimak ekar ditzakeen aldaketak

Oihana Cabello
Klima aldaketak itsasoan ere izango du eragina. Hori ondorioztatu dute AZTI-Tecnaliako adituek. Bizkaiko golkoa erreferente hartuta, tenperatura aldaketak Urdaibaiko biosfera erreserban nola eragin dezakeen aztertu dute, besteak beste.It...

Ekiari deitzeko egunak

Ekiari deitzeko egunak

Natalia Salazar Orbe

Kaleak kolore, musika, dantza eta alaitasunez janzteko egunak iritsi dira; egunerokoa alde batera uzteko garaia da. Ordu batzuez norbere izaera mozorro baten atzean ezkutatzeko unea heldu da: inauteriak iritsi dira. Edo aratusteak. Herri bakoitzak bere erara izendatu eta ospatzen ditu, baina, finean, helburu bera dute. Eta arbaso zaharren sinesmenetara itzulia egingo dute Bizkaiko herri gehienek, ospakizun horien zergatia jai giroak eta urteek estali badute ere. Neguko solztizioa ospatzea izan dute xede hastapenetan inauteriek, baina, geroago, beste ospakizun askorekin gertatu den legez, erlijio kristauak bereganatu eta sinesmen horren ohituretara gerturatu ditu. Kolorez jantzita, ahaleginak egingo dituzte bateko eta besteko herritarrek ama lurra esnarazteko. Udaberriaren argiari lekua egingo diote, ekiari dei eginez.

Herri batzuetako aratusteak besteetakoak baino ezagunagoak dira. Batzuetan ohitura zaharragoa dute, eta usadio bereziei eutsi diete. Hala ere, denetan ospatuko dituzte festarako grina handiarekin. Jai girorik ez da faltako batean eta bestean. Aukera egitea norbere esku dago.

INAUTERIEN HIRIBURUA

Jardueraz betetako jai programan bete-betean sartuta dago jada Bilbo. Konpartsek eta udalak, biek, elkarlanean antolatu dituzte hainbat kontzertu, dantza, ikuskizun, dastatze, lehiaketa eta txikientzako jarduera. Farolin eta Zarambolasen atxiloketa eta epaiketa izango dira gaurko ekitaldirik berezienak. Ane Zabala kazetaria eta Galder Perez aktore eta gidoilaria aukeratu dituzte aurten rol horietarako. 19:30ean egingo dute epaiketa, Plaza Barrian. Lehenago, baina, umeek hartuko dute protagonismoa: Bilboko ikastetxeetako ikasleek desfilea egingo dute.

Bihar, berriz, Gargantua, puzgarriak eta tailerrak aurkituko dituzte Zabalguneko eraikinean, goizez eta arratsaldez. Leku hartan bertan egingo dute Munstro kabaret familientzako ikuskizunaren estreinaldia.

Mozorro lehiaketa ere bihar egingo dute Bilbon. Ikusmin handia sortzen duen ekitaldia izan ohi da. 17:00etatik aurrera, mozorrotuta ibiliko da hirigune osoa. Dultzaina doinuak, erraldoiak eta buruhandiak ere ez dira faltako egunero.

Domekan, indaba lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute bilbotarrek eta ingurukoek. Inauterietako unerik tristeena iritsiko da asteartearekin: sardinaren gorpua Plaza Barritik Arriaga antzokiko plazaraino eramango dute. Ikusleek segizioarekin batera egin ahalko dute ibilbidea Zazpikaleetatik Arriagaraino, lutoz jantzita eta kandelak eskuetan daramatzatela. Arriaga plazan 20:00etan egingo duten antzezlan batek emango die bukaera Bilboko aratusteei.

MUNDAKA ZURI-BELTZA

Eskusoinuak eta gitarrak lagun, kantuz beteko dute herria igande goizean Mundakako atorrek: "Aratuste, aratuste, mundakarrentzat egun hoberik ez...". Burko azala buruan jarrita, gona bana sorbaldan eta gerrian dutela, zuriz jantzita doazela kantuan ariko dira herriko gizonak.

Elezaharren arabera, Anton Erreka kondeak zabaldu zuen janzkera hori. Etxera mozkortuta iritsi zen, eta emaztearen haserrealdiari izkin egiteko, haren azpikogona jantzita atera zen kalera. Herritarrek Errekaren jeniotasuntzat jo zuten pasadizoa, eta erromeria ospatu zuten. Orduz geroztik ekin diote herrian ospakizunari.

Gizonen kalejirari lamiek hartuko diote lekukoa, arratsaldean. Haiek ere dantzan eta kantuan ariko dira kalerik kale, herriko plazan erakustaldi nagusia bukatu arte. Kolore zuria nagusituko da goizeko agerraldian, eta lamien arropa beltzek eta aurpegi zuriek jantziko dute herria iluntzean.

HARTZAREN EGUNA ERMUAN

Usadio handiko ospakizuna dute gaur Ermuan ere. Hartzaren Egunarekin, 1934ko gertakizun batzuk ekarriko dituzte gogora. Tuberkulosiarekin gaixotu zen herriko gazte bat. Garai hartan oso zaila zen sendatzen, eta baliabide ekonomiko handiak behar ziren. Gillermo Bengoetxea Txindurri-k osatutako bertsoak ikasita atera ziren gaztearen lagunak kalez kale abestera. Inauteri sasoia zenez, mozorrotuta atera ziren, ardi larruak jantzita. Mila pezeta inguru batu zituzten, eta diru hari esker sendatu zen gaztea. 50 urtean galduta zegoen ohitura Euskal Birusa elkarteak berreskuratu zuen, 1989an. Goseak hilik aurkitzen duten hartz bati buruzkoak ziren Txindurri-ren bertsoak. Hala, hartz hori elikatzeko dirua eskatzen zuten.

Kuadrillak 18:00etan aterako dira, pasadizo hura gogoan, Orbe Kardinalaren plazatik. Bihar egun osorako jarduerak izango dira: kalejira, txokolate jana, erromeria eta mozorro lehiaketa.

KOLORE FESTA ZORNOTZAN

Kontzertuak izango dira Zornotzan inauteriei ongietorria emateko plater nagusia. Enkore eta Itziarren Semeak taldeak ariko dira gaur, Zelaieta parkeko karpan, 21:00etan. Bihar umeak izango dira, bereziki, protagonistak. Zo Zoom antzezlana taularatuko du Markeliñek, 18:00etan. Txaranga batek zabalduko dio geroago bidea 10 eta 17 urte arteko neska-mutilen mozorro lehiaketari. Las Tea Partyk gidatutako disko festak emango die bukaera ekitaldiei. Egun osoan, Luis Urrengoetxea kaleko ostalariek antolatutako mozorro lehiaketan parte hartzeko aukera ere izango da. Aurten Guk pelikulak aukeratu ditugu, eta zuk? gaia aukeratu dute.

Martitzenera arte iraungo dute ospakizunek. Orduan erreko dute pertsona gaiztotzat jotzen duten Perubele, Zelaieta parkean hasitako kalejira bu atu ostean.

MUSIKAZ BLAI MUNGIAN

San Antontxu azoka igaro berritan hartuko dituzte mungiarrek inauteriak. Gaurtik datorren asterarte izango dituzte ospakizunak. Euskal inauterien dantzen kalejira prestatu du Amilotx dantza taldeak. Kalejira egin ostean, Foruen plazan egingo dute dantza erakustaldia. Euria eginez gero, Andra Marira lekualdatuko dute saioa.

Bihar musika eta lehiaketak izango dira nagusi. Disko festak egingo dituzte arratsaldean, Matxin plazan. Oihan Vega eta Iker Gurrutxaga ariko dira han. Marrazki bizidunak gaitzat hartuta antolatutako mozorro lehiaketan nagusitzen denak 250 euro irabaziko ditu. Gaur da parte hartu ahal izateko izena emateko azken eguna.

Domekan, txitxi-burruntzi eguna ospatuko dute. Herri gehienetan inauterien aurreko astean egiten den jarduera aratuste asteburuan egin ohi dute Mungian. Zazpi kilometroko ibilaldiaren ostean, mokadua izango da Andra Marin. Gure Ametsa txistulari taldearen musikak lagunduta egingo dute ostera. Mozorroa eramateko deia egin dute. Bestalde, arratsaldean dantzatzekoak izango dira, eta, gauean, Tortharry eta Ferosz taldeen kontzertuak, Mungirock aretoan.

KALEZ KALE BERRIZEN

Herriko txikienak izango dira Berrizen kaleak kolorez beteko dituzten lehenak: haur eskolakoek abiatuko dituzte kalejirak, gaur goizean goiz. Txaranga batek girotutako mozorro kalejiran aterako dira. Eta eskolako ikasleek ekitaldia egingo dute Berrizburu kiroldegian.

Arratsaldean, erromeria eskainiko du Punto Com taldeak. Txokolate dastatzea izango da gero.

Bihar arratsaldean musikak, dantzak eta koloreek hartuko dituzte herriko kaleak. Akelarre txaranga Olakueta plazatik aterako da, 18:30ean. Handik gutxira elkartuko dira kuadrilla guztiak Elizondo plazan. 250 eurora arteko sariak aurreikusi dituzte. Kuadrillen jaitsierak giroa alaitu ostean, herri afariari emango diote hasiera. Erromeria eta sari banaketa bukatuta, agur esango diete inauteriei.

JANA ETA EDANA LEMOAN

Gaurkoa ikastetxeko haur eta gazteentzako ospakizun eguna izango da. Bihar izango dute herritar guztiek inauteriez gozatzeko aukera. Arratsaldeko lehen orduetan, umeak bihurtuko dira protagonista, berriz ere. Puzgarriak, musika eta txokolate jana ez dira faltako. Gero, poteoa hasiko dute, Mailukin. Orkestra Elektro Txarangak jarriko dio musika egunari. 21:30ean mokadua hartzeko aukera izango da, Kodigoan.

LEHIAKETA PORTUGALETEN

Mozorro desfilea eta lehiaketa egingo dituzte bihar Portugaleten. 17:30ean batuko dira parte hartuko duten taldeak, San Inazio eta San Pedro kaleetan. 18:00etan abiatuko dute ibilbidea. Aurten, 1.100 eurora arteko sariak daude.

LEKEITION, GIROA KALEAN

Lekeitioko kaleak aratusteetako abesti zaharrez beteko ditu bihar Aratuste Alai Estudiantinak. Kalejirak eta dantza erakustaldiak prestatu dituzte, bestalde, Etorkizuna taldeak eta Lekittoko joaldunek.

Asteartean turuturu eguna ospatuko dute. Eskolako eta ikastolako ikasleen kantuez eta antzezlanez gain, disko festa, txokolate jana eta zezen suzkoa izango dira. Egun horretan bertan aterako dira lekeitiarrak mozorrotuta kalera. Festak goizaldera arte iraungo du.

FESTA ARRIGORRIAGAN

Umeak izango dira protagonista Arrigorriagan. Mozorroak jantzita aterako dira kalejiran gaur. Dantza erakustaldia, jaialdia eta txokolate janarekin emango diete bukaera ospakizunei. DJ Ugarik girotuko du festa.

Aurten udaberriko eguzkiari dei egin beharrik ez dagoela dirudi, neguak, orain artean, euri, elur eta hotz gutxi ekarri baitu. Hala ere, mozorroa soinean jantzita, askok izango dute gogoan antzina eguraldiari begira jartzen ziren arbasoen egunerokoa.

Kale izen berriak proposatzeko aukera izango dute bilbotarrek

Kale izen berriak proposatzeko aukera izango dute bilbotarrek

Aitziber Laskibar Lizarribar

Memoria Historikoaren Legea betetzeko bidean, frankismoarekin lotura duten kale, bide eta plaza izenak aldatzeko lanean ari da Bilboko Udala. Erabakia du zein izendapen aldatuko duen lehen-lehenik: Espainiako Printzeak zubiari La Salve izena emango dio. Erabakia hartzeko zalantzarik ez du izan, herritarrek horrela esaten baitiote zubiari. Aldatzen bigarrena zein izango den ere ebatzi du: Aita Remigio Vilariño izendapena kendu, eta deitura berri bat emango dio kaleari. Zein izen eman erabakitzeko, parte hartze prozesua hasia du udalak, Juan Mari Aburto alkatearen eskariz.

Berez, alkatearena da izendapenak aukeratzeko eskumena. Baina herritarrek ere parte hartzea nahi duenez, proposamenak egiteko bidea zabaldu du Aburtok. Edozein herritarrek egin ahalko ditu ekarpenak otsailaren 10a arte, participación@ayto.bilbao.eus helbidera idatzita edo proposamenak barrutietako udaltegietara eramanda. Proposatzailearen identifikazioa eta proposatutakoaren arrazonamenduak jaso beharko dira idazki horietan.

Emakumeei begira

Udalak berak bost proposamen egin ditu, hasieratik aldarrikatu duen irizpide bati jarraituta. Bilboko izendegiak ez duela emakumeen aipamenik kasik jasotzen ohartarazi du indarrean dagoena aldatzeko premia azaldu duenetik, eta, beraz, emakume izenak sustatzeko deia egin du.

Horiek horrela, honako proposamen hauek jarri ditu mahai gainean udalak: Julita Berrojalbiz Berrojalbiz Bizkaiko ikastolen mugimenduaren sustatzailea; Benita Asas Manterola berdintasunaren aldeko ekintzaile feminista; Adelina Mendez de la Torre eskola jantokiaren sortzailea; Juanita Mir Garcia erregimenaren aurkako ideiak zabaltzea leporatuta fusilatu zuten kazetaria; eta Bizenta Mogel Elgezabal, lehenengo euskal emakume idazletzat jotzen dena.

Ekarpenak datorren asteazkenera arte egin ditzakete herritarrek zein alderdi politikoek, eta horien guztien artean aukeratuko du udalak.

Zazpi kale Santurtzin

Antzeko prozesuan murgilduta dago Santurtzi ere, baina aurreratuago dabil. Dagoeneko jaso ditu aldatuko dituen zazpi kale izenak ordezkatzeko herritarrek egin dituzten ekarpenak: 193 proposamen. Jose Maria Larrea, Mendizabal kapitaina, Calles maisua, Idelfonso Arrola, Victor Saez, Leonor Amezaga eta Daniel Pereda dira aldatuko dituen kale izenak.

Ordezkatzeko proposamenak, asko bezain askotarikoak dira: Andolin Eguskitza, Normi Mentxaka, Askatasunaren etorbidea, Indalezio Prieto, Sardinera etorbidea, Athletic, Dolores Ibarruri, Serantes, Bizkaia, Euskal Herria, Zazpiak Bat, Maiatzaren Lehena, Martxoaren 8a, Mario Onaindia, Eskorbuto, Nelson Mandela, Periko Solabarria, Ghandi, edo Sabino Arana, esaterako. Baita bitxiagoak ere: zortzi urteko haur batek Yedai izena proposatu du bere kalerako, Star Wars pelikulari erreferentzia eginaz.

Galdakaon, plakak

Galdakaoko Udala, berriz, uztarria eta geziak dituzten plakak kentzekotan da. Aperribaiko atari batzuetan sinbologia frankistako plaka horiek daudela azaldu du, eta gehiago ere egon litezkeela. Herritarrei horien berri emateko eskatu die. Eta auzo elkarteei, kentzeko. Haiek kendu ezean, udalak berak kenduko ditu.

Kontrolik ez Alonsotegiko kontuetan

Kontrolik ez Alonsotegiko kontuetan

Ander Gartzia Badiola
Urak ez dira baretu Alonsotegin. "Harro gaude, herriaren borondatea udalera eraman genuelako. Baina, aldi berean, ezintasuna eta haserrea sentitzen dugu, EAJk emandako erantzunagatik". Alonsotegi Orain plataformako kide Oscar Carb...

Etorkizuna, denen esku

Etorkizuna, denen esku

Natalia Salazar Orbe Herritarrek euren etorkizunari buruz erabakitzeko beste prozesu bi zabaldu dituzte Bizkaian. Ispasterren eta Diman egingo dituzte aurten herri galdeketak. Galdera zehatza adostu gabe badago ere, azken batean, Euskal Herri subirano bateko kide izan nahi duten erabakiko dute bateko eta besteko herritarrek. Diman eguna zehaztu dute jada: ekainaren 19an egingo dute galdeketa. Ahalik...