Astero, bi familia kale gorrira

Aitziber Laskibar Lizarribar

Otsailaren bata, bia, laua, zortzia, hamarra… Hilabete gogorra izango da honako hau Barakaldon; aurrekoak bezain gogorra, eta ondorengoak bezain latza, ziur asko. Zortzi etxe kaleratze gauzatzea aurreikusita zegoen Barakaldoko epaitegian hilabete lehenagotik. Egunak jarrita zeuden, otsaileko zortzi egunetan zortzi etxebizitzetan bizi diren familiak indarrez kanporatzeko. Hileko lehen eguna uste baino hobeto amaitu zen, kaleratzeko epea atzeratu egin baitzuten. Baina ez dute guztiek zorte bera izango. Bigarren eguna, horren lekuko: iragarritako agindua bete, eta etxerik gabe utzi zuten familia bat.

Ez da salbuespena otsaila, eta hori da okerrena. Etxe kaleratzeak gaitz kroniko dira jada Bizkaiko hainbat hiritan, eta ekonomikoki eta sozialki zigortuen dauden eremuak dira kaltetuenak. Gainera, egoerak hobera egin ordez okerrera egin duela ohartarazi du Berri Otxoak elkarteak. Datuak ikusi besterik ez dago: iaz, 168 etxe kaleratze gauzatu ziren lehen urte erdian Ezkerraldean; 2014ko lehen seihilekoan baino %22 gehiago, eta 2013ko aldi berean baino %53 gehiago. Iazko bigarren seihilekoko daturik ez da oraindik argitaratu, baina, Eusko Jaurlaritzaren arabera, etxe kaleratzea ekar zezaketen beste 116 prozedura zeuden orduan martxan.

Irteera gabeko zurrunbiloa

Berri Otxoak taldeko Juan Carlos Becerrak gertutik ezagutzen ditu gaitz horren ondorioak. Gizarte bazterkeriaren aurkako eta eskubide sozialen aldeko plataforma saiatzen da kaltetuengana gerturatzen, irtenbideak bilatzen eta egoerarik larrienean daudenei laguntzen. “Miseriaz” mintzatu da. “Amildegiaz”. Bertan eroriz gero, irtetea oso zaila den zurrunbiloaz.

Eta hala egongo zirela sekula pentsatuko ez zuten asko erori dira. Ezkerraldean bereziki. Desindustrializazioaz geroztik langabezia eta prekaritatea nagusi izan den eremuan “arnasgune” urte batzuk izan dira, eraikuntzaren gorakadaren ondorioz. Asko izan dira urtetan alor horretan zein zerbitzuenean jardun dutenak. Baina eraikuntzaren gainbeherarekin erori ziren horiek ere, eta ordutik, ezin altxatu dabiltza.

Langabezian geratu ziren milaka herritar. Langabezia sariarekin iraun zuten lehenengo, baina, handik bi urtera, ordaina amaitu zitzaienean ere, lanik gabe jarraitu zuten. Horregatik da egoera gero eta larriagoa, Becerraren hitzetan. Diru sarrerarik gabeko denbora luzatu ahala areagotzen delako eskasia. Zuten etxea ezin ordaintzeraino, alokairurik xumeena ere ordaintzeko dirurik ez izateraino.

Multzo hori gizendu da azken urteetan, eta horrexek handitu du etxe kaleratzeen zakua ere. Kontuan hartu behar da %19ko langabezia tasa duela gaur egun Barakaldok, eta langabe gehienek urteak daramatzatela lanik topatu ezinean. Premiak, hortaz, gero eta larriagoak dira. Alde horretatik, adierazgarria da otsailaren lehen egunak utzi zuen beste datu bat: gizarte egoera larrienean daudenek premiazko diru laguntzak eskatzeko epea zabaldu zen astelehenean, eta, sei orduan, 1.678 familiak egin zuten babes eskaera.

Ez da kasualitatea hori ere. Lehenengo eskatzen duenari emango diote lehenengo hitzordua eskaera formalki egiteko. Eta tramite hori zenbat eta lehenago egin, orduan eta arinago emango diote laguntza; handiagoa, gainera. Eskakizuna lehen egunean egin zuten askori apiril amaierarako ezarri zieten tramitea egiteko eguna. Beste hiru hilabete behar izaten dira laguntza eskuratzeko, eta, beraz, abuztua izango da 800 eta 1.400 euro arteko diru laguntza jasotzen dutenerako. “Nola ordaindu alokairua edo hipoteka ordura arte?”, bota du Becerrak. Ez hori bakarrik: bi hilabeteko alokairua ordaintzeko ozta-ozta iritsiko da urte osorakoa den laguntza.

Iruzurrak nonahi

Iruzurrak eta “tratukeriak” ere badaude tartean. Berri Otxoak jasotako datuen arabera, badira lotarako gelak 250 euro ingururen truke alokatzen dituztenak. Baina kontraturik gabe egiten dute horiek, eskura ordainduta. Kontratua eta erroldatzeko eskubidea nahi duenak 500 euro ordaindu beharko du hilero. Gauza bera alokairuzko etxeekin ere: “500 euroren truke alokatzen dizute etxea, baina beltzean ordainduta. Horrek esan nahi du gero ezingo duzula laguntzarik eskatu, eta, esango dutela ez duzula alokairua ordaindu, zu etxetik bota nahi zaituztenean gehiago ordainduko dien norbait hartzeko; eskura egiten denez, ezin da frogatu gezurra dela”. Kontratua eta erroldatzeko eskubidea nahi duenak 700 eurotik gora ordaindu beharko du bizitoki soil baten alokairua. Hainbat etxe kaleratzeren arrazoia horixe dela dio Becerrak.

Bestalde, salatu du udalak ez duela handitu laguntzen diru saila, nahiz eta laguntza behar duten pertsonak gero eta gehiago diren. Eta, dirua gero eta gehiagoren artean banatu behar denez, gero eta gutxiago ematen zaiela premia larrian bizi direnenei.

Hori guztia salatu zuen Berri Otxoak elkarteak udaletxe aurrean, hilaren lehen egunean. Kanpadenda, lo-zaku eta kanpingas eta guzti egin zuten protesta, gero eta pertsona gehiago kale gorrira bidaltzen ari direla salatzeko.