Etorkizuna, denen esku

Etorkizuna, denen esku

Natalia Salazar Orbe

Herritarrek euren etorkizunari buruz erabakitzeko beste prozesu bi zabaldu dituzte Bizkaian. Ispasterren eta Diman egingo dituzte aurten herri galdeketak. Galdera zehatza adostu gabe badago ere, azken batean, Euskal Herri subirano bateko kide izan nahi duten erabakiko dute bateko eta besteko herritarrek. Diman eguna zehaztu dute jada: ekainaren 19an egingo dute galdeketa.

Ahalik eta partaidetza handiena lortzea dute helburu, eta, prozesua garatzeko, Alkarregaz elkartea sortu dute. Hala azaldu du bertako kide Itziar Espartak: «Helburua ez da egiten den galderari herritarrek baiezkoa edo ezezkoa ematea, herritarrek parte hartzea eta denon artean prozesu hau garatzea baizik». Hori dela eta, ekainera bitartean gauzatzen diren jarduera guztietan eta prozesu osoan parte hartzeko deia zabaltzen ari dira, etengabe. «Garrantzitsua da herritarrok sentitzea egitera goazena norberarena dela, denona; kontua ez dela bozketa batean parte hartzea soilik».

Era guztietako profil eta ideologiak dituen jendea elkartu da: profil politikoa dutenak zein ez dutenak. Deialdi irekia egin zioten herri osoari. «Nahi izan duen guztiak elkartean parte hartzeko aukera izan du, eta aurrerantzean ere izango du».

Egingo den galdera zehazteak lana emango die. Aurretik gauzatu diren esperientzietan ere ondo hausnartutakoa izan da. «Denon artean erabakiko dugu. Alde guztientzat egokia izango den galdera bat adostuko dugu».

Abertzale zein ez-abertzale, denak inplikatzea nahi dute. Denei ulertarazi nahi diete herritar orok erabaki dezakeela zer-nolako Euskal Herria nahi duen. Arlo horretan ere gauzak mugitzen ari direla sumatu dute. «Badaude abertzaleak ez izan arren erabakitzeko eskubidearen alde agertu diren alderdiak. Egoera ez da egun batetik bestera aldatuko, baina mugitzen ari da».

Argi dute erabakitzeko ahalmena ez dela arlo politikora mugatu behar. Herritarrek edozein arlotan beren etorkizunari buruz erabakitzeko nahia eta asmoa badutela erakutsiko dute. Hala, etorkizunean arlo guztietan erabili ahalko duten eskubidea bihur dadin gura dute.

Lan handia da era horretako galdeketa bat antolatzea. Dimoztarrek, proiektua nekeza baina polita dela iritzita, aurrera egitea erabaki zuten. Etxarri Aranazkoen zein Arrankudiaga-Zollokoen babesa ere izan dute. «Emozioz beteta» eman zieten euren prozesuen berri. Eta baliatuko dira euren esperientziaz ere.

Besteak beste, jakin dute inongo arazo judizialik ez sortzeko ezinezkoa zaiela administrazioaren babesa izatea. Hala, galdeketa egiteko lekua ere ezin daiteke publikoa izan. Oztopo hori gainditua dute dagoeneko. Plazan dagoen lokal bat egokitu dute. Herritar batek utzi die, debalde. Hura dute egoitza nagusia.

Dena den, herri bakoitza mundu bat da, eta kasu guztiak ez dira berdinak. Bakoitzak bere idiosinkrasia dauka, eta bere erara moldatu behar du. «Gurean bi alderdi politiko baino ez daude. Etxarri Aranatzen askoz gehiagorekin hitz egin behar izan zuten, eta dena adostu. Hala ere, baliteke gurean, berdintasun gehiago izanik, ezberdintasun nabarmenak dituzten bi alderdirekin jarri behar izatea ados». Bestalde, Dima auzotan banatuta dago; beraz, herritar guztiengana iristeko txango gehiago egin beharko dituzte. Ilusioa bor-bor dute. «Talde polita daukagu. Errespetuz egiten ditugu lan guztiak, eta hori da gure indar gunea. Ea dena ondo doan. Itxaropena badugu».

Ekainean izango da Ispasterko galdeketa ere. Gure Esku Dago dinamikako zuzendaritzak Dimakoarekin bat egitea komeni den ala ez erabakitzeko zain daude eguna zehazteko. Hala azaldu dute Jesus Lekerikabeaskoak eta Izaskun Juartistik, herrian galdeketa gauzatzeko eratu duten batzorde sustatzaileko kideek. Helburu argiak planteatu dituzte. Batetik, sentsibilizazio lan handia egingo dute, herritar guztiengana heltzeko eta proiektua ondo ulertarazteko. Bestetik, botoa ematera ahalik eta jende gehien joatea nahi dute, beren erabakitzeko eskubidea gauza dezaten.

Galdeketok ez dira bete beharrekoak, baina etorkizunean bete beharrekoa izan litekeen Euskal Herri osoaren galdeketa baterako lehen urratsa izan daitezkeela uste du Juaristik: «Erakutsi gura dugu herritar guztiek dutela posible askatasunez euren iritzia ematea. Ariketa honek osasun eta normaltasun demokratikoaren adierazle izan behar du».

Parte hartze kopuruei dagokienez, %70 ingurukoa lortu nahiko lukete. Jakin badakite horretarako sentsibilizazio lana egin beharko dutela. Itxaropen handiz ari dira lanean. Lekerikabeaskoak argi du zer-nolako garrantzia duen: «Egun hori Ispasterko herritarrentzat lorpen bat izatea espero dugu, lehenengo urrats bezala etorkizuneko helburuei begira. Alegia, herri galdeketa zabal eta lotesle bati begira».

Aurreko esperientziak
Euskal Herrian Etxarri Aranatzen egin zuten era horretako lehen galdeketa, 2014ko apirilean. Handik hilabete batzuetara, azaroan, Arrankudiaga-Zollok hartu zion lekukoa. Han, 815 herritarrek zuten botoa emateko aukera, eta 502k eman zuten. %42,7ko parte hartzea izan zen lehenengoan, eta %61,5ekoa bigarrenean.

Aitzindari izan ziren bi herri haiek zabaldu zuten bideari ekingo diote orain Gipuzkoan Azpeitiak —ekainaren 12an— eta Goierriko 22 herriek ere —ekainaren 19an—. 10.000 biztanletik gora dauzkaten hainbat udalerritan, aurrez herri txikiagoetan egindako ariketa egingo dute. Bizkaian, oraingoz herri txikiagoetan ari dira: 1.420 biztanle ditu Dimak, eta 705 Ispasterrek. Emaitzak emaitza, demokraziaren adierazle izango dira herriotako galdeketak.