Klimak ekar ditzakeen aldaketak

Oihana Cabello

Klima aldaketak itsasoan ere izango du eragina. Hori ondorioztatu dute AZTI-Tecnaliako adituek. Bizkaiko golkoa erreferente hartuta, tenperatura aldaketak Urdaibaiko biosfera erreserban nola eragin dezakeen aztertu dute, besteak beste.

Itsasoko uraren mailak gora egingo du, baita uraren tenperaturak ere. Baina bai bata eta bai bestea espazioan heterogeneoak izango direla azaldu du AZTIko ikerlari eta biologian doktore Guillem Chustek. “Gune batzuetan uraren maila gehiago igoko da, eta urak gehiago berotuko dira beste gune batzuetan”, azaldu du. Ingurunearen morfologiak ere zerikusia izango duela dio Chustek, eta euskal kostaldearen ezaugarriak kontuan hartu dituzte balorazioa egiteko orduan. Besteak beste, hondartzetan izango du eragina itsasoaren mailak gora egiteak. AZTIko ikerlariak dioenez, itsasoaren maila metro erdi goratu daiteke XXI. mendearen amaierarako. Horrek zenbait hondartzetan eragin nabarmena izan dezakeela esan du.

“Euskal kostaldean, hondartzak itsasadarren ondoan daude, gune horietan baitaude sedimentuak”, azaldu du. Ipar Euskal Herriko hondartzak aipatu ditu, txikiak direlako: “Itsasoaren mailak gora eginez gero, baliteke hondartza horiek %35 eta %100 bitartean txikitzea zabaleran”.

Adituek ez dute uste eraginik izango duenik Urdaibaiko biosfera erreserbako hondartzarik handienetan: Lagan eta Laidan.

‘Zostera noltii’

Dena dela, biodibertsitatea kaltetu daiteke itsasoan izan daitezkeen aldaketekin. Urdaibaiko itsaslarreak sakon aztertu dituztela esan du Chustek, eta galtzeko arriskuan dagoen espezie batean jarri dute bereziki arreta: Zostera noltii. Marearteko guneetan dagoen itsas landare bat da, eta industrializazio garaian nabarmen apaldu zen haren dentsitatea. Chustek dio zaindu beharreko espeziea dela orduz geroztik. Gal ez dadin, haren habitat egokiena zein litzatekeen aztertu dute adituek, eta, mende honetan itsasoaren maila metro erdi eta metro bat artean igoz gero, itsaslandare horrek itsasadarraren barnealderantz migratuko lukeela ondorioztatu dute. Beraz, paduren guneetan haren iraupena nolabait bermatuta legokeela diote. Nolanahi ere, Europan itsaslandareen lau espezie baino ez daudela esan du Chustek, eta zaindu beharrekoak direla.

Izan ere, paduretan ez ezik, itsaslarreetan ere bizi da zostera noltii, eta, bi guneetan izan dezakeen bilakaera kontuan hartuz gero, espeziearen dentsitatea urritu egingo litzatekeela diote azterketek. Ura berotuz gero, gainera, zenbait espezietan eragina izango lukeela esan du adituak. Dena dela, azpimarratu du azterketa zehatza egiterik ez dagoela.

Dunak eta arrainak

Dunei eta dunetako landaretzari ere kalte egin diezaieke klima aldaketak. Chustek azaldu duenez, litekeena da hondartzak txikiagoak izatea itsasoaren mailaren igoeraren ondorioz; higatu egingo lirateke, eta, ondorioz, hondartza atzeko dunak ere kaltetuko lirateke, eta txikiagotu. Laidako dunak galduta daudela uste du Chustek, baina Laga hondartzaren kasua oso bestelakoa izan litekeela erantsi du.

Itsasoaren mailaren eta uraren tenperaturaren igoerak naturari ekarriko liokeena zehaztea zaila dela onartu du biologoak. Uraren tenperatuak gora eginez gero, arrainen zenbait espeziek iparralderantz migratzeko arriskua aurreikusi dute, eta horietako bat berdela izan daitekeela aipatu du. Dena den, ondorio larririk ez dute espero; izan ere, dioenez, beste espezie batzuk etorriko lirateke euskal kostaldera.

Dena den, biodibertsitatea zaintzeari garrantzia eman dio AZTIko ikerlariak, galtzeko arriskuan dauden espezieen iraupenerako. Babes politikak eraginkorrak direla dio Chustek, baina politika horiek klima aldaketaren eragina ere kontuan hartu beharko luketela azpimarratu du.