Euskarari esparru guztietarako bidea zabaltzeko batzordea eratu dute Bilbon

Euskarari esparru guztietarako bidea zabaltzeko batzordea eratu dute Bilbon

Natalia Salazar Orbe

Euskarak Bilbon merezi eta behar duen lekua har dezan bermatzeko batzordea hasi da beharrean udalean: Euskararen Aholku Batzordea eratu berri dute. Bizitzaren arlo guztietan euskararen normalizazioa lortzea du helburu. Normalizazioa erakundeetan eta gizarteko eremu guztietan lortu gura dute. Hizkuntzaren arloan aritzeko aholku eta eztabaidarako organoa da Bilbokoa, eta Plan Estrategikoaren barruan egindako proposamenak gauzatuko ditu.

“Foro bat eta topagune bat izango da”. Hala azaldu du Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza zinegotziak batzordearen izaera. “Eztabaida, azterketa eta proposamenak egin eta informazioa jasotzea izango da eginbeharra; betiere, bateko eta besteko ordezkari eta eragileen parte hartzearekin”.

Erronka erabilera da

Batzordearen lana hastapenetan besterik ez dago. Azterketak egin behar dituzte oraindik euskararen egoera zein den ebazteko eta hari bultzada emateko baliabiderik eraginkorrenak adosteko. “Bistakoa da azken urteetan eskola eta ikastolei esker hainbat herritar euskaldundu direla. Hala ere, erabili ez dute egiten. Zenbakiak ez dira txarrak; aitzitik, onak direla esan genezake. Euskarak duen oztopoa edo erronka erabilera da”. Horixe dute jomuga eta eginbehar.

Datuei erreparatuta —2011koak dira udalean dituzten azkenak—, herritar euskaldunen edo ia euskaldunen kopuruak nabarmen egin du gora azken hamarkadetan: 1981ean, %21,5 ziren; 1991n, %31,8; 2001ean, %42,1; eta, 2011n, %51,2. Zenbaki hutsez harago, maiatzean egingo duten bigarren bilerarako bestelako datu batzuk eraman gura ditu Narbaizak batzordera.

Talde lana baliatuta, hainbat erronkari begira jarri dira. Kideak sinetsita daude, besteak beste, batzordeak bide hauek zabal litzakeela: euskarazko kulturaren kontsumoa susta daiteke, erabilera eta ezagutza bermatuz; euskaldunen komunitatea indartzeko baliagarria izan daiteke, bertatik bertara aritzeko zein sare birtualak zabalduz eta sendotuz; euskararen erakargarritasuna azpimarratzeari garrantzitsu deritzote, baita modu egokian proiektatzeari ere, euskarak erabilera asko baititu, eta espazio nahikoa baitu beregana hurbiltzen diren guztiei lekua egiteko.

Batzordeko kideak

Guztira, 21 pertsonak osatzen dute batzordea. Udaleko alderdi guztietako ordezkariak, aldundiko Euskara zuzendaria eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko ordezkari bat daude erakundeen aldetik. Gainerakoan, honako hauek osatzen dute eratu berri den organo hori: Euskaltzaindiko eta Labayru fundazioko ordezkari bana; Bilboko euskaltegien izenean, Jon Maguregi; Bilbao Dendak erakundearen ordezkari bat; Athletic klubeko kide bat; Libe Agirre kazetaria; eta Xabier Monasterio kultura eragilea. Gutxienez, urtean birritan elkartuko dira.

Lehen batzarrean, EH Bilduk salatu du euskalgintzako eragile gutxi izan direla. Hura osatzen duten 21 kideetatik 16, hain zuzen, instituzioetako ordezkariak dira, eta bost besterik ez euskalgintzako eragileak.

Funtzionamenduari dagokionez ere zalantzak agertu ditu Alba Fatuarte zinegotziak. “Dagoeneko badakigu, alkateak hala adierazi baitzuen, batzordea ez dela izango erabakigunea, baizik eta aholkularitza espazio soil bat”. Koalizioaren ustez, erabaki hori ez dator bat Bilbok behar duen hizkuntza politika berrituarekin, ezta gaur egun herritar antolatuek dauzkaten parte-hartze eskakizunekin ere.

Hala, bileraren ondoren balorazio “gazi-gozoa” egin zuen. Batetik, positiboa deritzo batzordea eratu izanari, aukera paregabea eskaintzen duelako Bilbon hizkuntza politikak behar duen eraldaketan eragiteko. “Izan ere, Bilbon indarrean egon den hizkuntza politika berbera izan da azken hamarkadan, eta, orain, ausardiaz jokatu eta aldaketa sakonak egiteko garaia da”. Baina, beste alde batetik, batzordea eratzeko prozesua zein izan den aztertuta, beldur da aukera hori galdu ote den.

Eraginkortasuna xede

Narbaizak batzordearen eraginkortasuna aipatu du, kide kopuruari buruz mintzatzean. “Ezin dugu egin aholku batzorde bat jende askorekin. Kontuan izan behar da gero gai batzuk lantzeko batzorde teknikoak egingo direla, eta horietara deitu ditzakegu eragile gehiago. Ezin duguna da batzar handi bat bihurtu; batzordeak erraz funtzionatzea da asmoa”.

Eztabaidak eztabaida, Euskara zinegotziak uste du euskara bultzatzeko bidean helburu berak dituztela denek: “Arlo horretan denok egiten dugu bat oso erraz. Hori horrela da”.