Kale izen berriak proposatzeko aukera izango dute bilbotarrek

Kale izen berriak proposatzeko aukera izango dute bilbotarrek

Aitziber Laskibar Lizarribar

Memoria Historikoaren Legea betetzeko bidean, frankismoarekin lotura duten kale, bide eta plaza izenak aldatzeko lanean ari da Bilboko Udala. Erabakia du zein izendapen aldatuko duen lehen-lehenik: Espainiako Printzeak zubiari La Salve izena emango dio. Erabakia hartzeko zalantzarik ez du izan, herritarrek horrela esaten baitiote zubiari. Aldatzen bigarrena zein izango den ere ebatzi du: Aita Remigio Vilariño izendapena kendu, eta deitura berri bat emango dio kaleari. Zein izen eman erabakitzeko, parte hartze prozesua hasia du udalak, Juan Mari Aburto alkatearen eskariz.

Berez, alkatearena da izendapenak aukeratzeko eskumena. Baina herritarrek ere parte hartzea nahi duenez, proposamenak egiteko bidea zabaldu du Aburtok. Edozein herritarrek egin ahalko ditu ekarpenak otsailaren 10a arte, participación@ayto.bilbao.eus helbidera idatzita edo proposamenak barrutietako udaltegietara eramanda. Proposatzailearen identifikazioa eta proposatutakoaren arrazonamenduak jaso beharko dira idazki horietan.

Emakumeei begira

Udalak berak bost proposamen egin ditu, hasieratik aldarrikatu duen irizpide bati jarraituta. Bilboko izendegiak ez duela emakumeen aipamenik kasik jasotzen ohartarazi du indarrean dagoena aldatzeko premia azaldu duenetik, eta, beraz, emakume izenak sustatzeko deia egin du.

Horiek horrela, honako proposamen hauek jarri ditu mahai gainean udalak: Julita Berrojalbiz Berrojalbiz Bizkaiko ikastolen mugimenduaren sustatzailea; Benita Asas Manterola berdintasunaren aldeko ekintzaile feminista; Adelina Mendez de la Torre eskola jantokiaren sortzailea; Juanita Mir Garcia erregimenaren aurkako ideiak zabaltzea leporatuta fusilatu zuten kazetaria; eta Bizenta Mogel Elgezabal, lehenengo euskal emakume idazletzat jotzen dena.

Ekarpenak datorren asteazkenera arte egin ditzakete herritarrek zein alderdi politikoek, eta horien guztien artean aukeratuko du udalak.

Zazpi kale Santurtzin

Antzeko prozesuan murgilduta dago Santurtzi ere, baina aurreratuago dabil. Dagoeneko jaso ditu aldatuko dituen zazpi kale izenak ordezkatzeko herritarrek egin dituzten ekarpenak: 193 proposamen. Jose Maria Larrea, Mendizabal kapitaina, Calles maisua, Idelfonso Arrola, Victor Saez, Leonor Amezaga eta Daniel Pereda dira aldatuko dituen kale izenak.

Ordezkatzeko proposamenak, asko bezain askotarikoak dira: Andolin Eguskitza, Normi Mentxaka, Askatasunaren etorbidea, Indalezio Prieto, Sardinera etorbidea, Athletic, Dolores Ibarruri, Serantes, Bizkaia, Euskal Herria, Zazpiak Bat, Maiatzaren Lehena, Martxoaren 8a, Mario Onaindia, Eskorbuto, Nelson Mandela, Periko Solabarria, Ghandi, edo Sabino Arana, esaterako. Baita bitxiagoak ere: zortzi urteko haur batek Yedai izena proposatu du bere kalerako, Star Wars pelikulari erreferentzia eginaz.

Galdakaon, plakak

Galdakaoko Udala, berriz, uztarria eta geziak dituzten plakak kentzekotan da. Aperribaiko atari batzuetan sinbologia frankistako plaka horiek daudela azaldu du, eta gehiago ere egon litezkeela. Herritarrei horien berri emateko eskatu die. Eta auzo elkarteei, kentzeko. Haiek kendu ezean, udalak berak kenduko ditu.