Senegal Bizkaira hurbiltzeko

Senegal Bizkaira hurbiltzeko

​Senegalgo Thiakhar eskualdean biztanleria arazo bat dute: gizonezko gazte asko emigratzen ari dira, eta emakumeak baino ez dira bertan geratzen. Guztira, 30.000 biztanle inguru bizi dira Thiakhar osatzen duten herrixketan. «Orain, emakumeak seme-alabekin emigratzen hasten badira, Thiakhar hutsik geratuko da», azaldu du Abdou Ndiayek. Thiakhar du sorterria, baina hamalau urte daramatza Markina-Xemeinen bizitzen. Herri horretako 5.000 biztanle pasatxoen artean, ia %10 senegaldarrak dira. Ondarroako itsasoko lanak erakarrita etorri ziren, eta badira hogei bat urte Markina-Xemeingo senegaldarren komunitatea osatu zela. Elkarbizitza horren erakusgarri, zapatuan senidetze ekitaldi bat egin zuten. Markina-Xemeinen dira egunotan Abdou Aziz Diome Thiakharko alkatea eta Soda Mama Fall artista, bi helburu betetzeko asmoz: Thiakhar-Markina senidetzea eta Senegalgo bisitariek Lea-Artibaiko lehen sektorea ezagutzea.

«Thiakharko lurrak oso emankorrak dira», esan du Ndiayek, «baina lantzeko materiala eta prestakuntza falta» zaizkie. Hori konpontzea da senidetzearen helburuetako bat. Senegalgo inguru hartan, kakahueteak, garia, tomatea eta beste hainbat barazki ekoizten dituzte, baina, Ndiayek deitoratu duenez, merkaturatzea ez da izan daitekeen bezain efizientea.

Emigrazioa, gainera, Thiakharko produktibitatea apaltzen ari da. Abdou Aziz Diome alkateak kontatu du gizon gazteak itsasontzietan sartu eta Kanaria uharteetara joaten direla (Espainia), Europara migratzeko. Adierazi duenez, Markina-Xemeinekin senidetzea garrantzitsua izango da «emigrazio klandestinoaren fenomenoa gelditzeko».

«Thiakharko lurrak oso emankorrak dira, baina lantzeko materiala eta prestakuntza falta zaizkigu»
ABDOU NDIAYEMarkina-Xemeinen bizi den senegaldarra

Senidetzearen bidez, Senegalgo emakumeak ahaldundu nahi dituzte, lehen sektorean aritu daitezen. Hori bera jakinarazi du Iratxe Lasa Arana Markina-Xemeingo alkateak. Zapatuan, Thiakharko alkate Diomeri aginte makila eman zion, dantzaz eta musikaz beteriko ekitaldi batean. Aste honetan, alkate biak lehen sektoreko enpresa txikiak bisitatzen ibili dira, erakusteko Bizkaian nola prozesatzen dituzten marmeladak, kontserbak eta bestelako produktuak. Senidetzearen bidez, haien asmoa da etorkizunean Thiakharko bizilagun batzuei prestakuntza ematea: batik bat, emakumeei. «Helburua da hamabost egunez edo hilabete batez etorri eta elikagaien ekoizpenaren inguruko formakuntza jasotzea», zehaztu du Lasak.

Senidetzeko eskaera Abdou Ndiayeren eta Thiakharko alkatearen bidez heldu zen Markina-Xemeingo Udalera. «Ikusten nuen hemen bota egiten dituztela gure eskualdean behar ditugun gauza asko», adierazi du Ndiayek. Lea-Artibai ikastetxeak metodologia aldatu eta mahai eta aulki berriak erosi ditu, baina zaharrak ez dituzte botako, Thiakharrera eramango dituzte eta. Horrez gain, Gabonak aldera, kontainer bat alokatu eta eskolako materiala bilduko dute, Thiakharrera bidaltzeko. Han, aurrekontuaren ia laurdena beharko lukete material hori erosteko, baina, kontainer horri esker, «diru hori osasungintzan edo beste arloren batean inbertitu ahalko dute», Lasak esan duenez.

Ndiayek azaldu du senidetzearen helburuetako bat dela Thiakhar eredugarri bihurtzea Senegalen, «bertako jendea eskolara joateko, medikuarenean sendatzeko, lan egiteko eta bizitza arriskuan jarri barik duin bizitzeko». Thiakharko alkatea bat dator, uste baitu Markina-Xemeinekin izango duten elkarlana lagungarria izango dela eskualdearen despopulatzea gelditzeko. «Europa ez da Afrikan hitzematen diguten paradisua», adierazi du Ndiayek. «Europan ere, jendeak sufritu egiten du bizimodua ateratzeko».

Bi norabideko lotura

Markina-Xemeinen errotutako senegaldarrek seme-alabak izan dituzte Euskal Herrian, eta hemen hazi. Ndiayek Markinan jaiotako lau seme-alaba ditu. «Elkarren artean euskaraz egiten dute; berdin dio hemen, Senegalen edo Frantzian gauden».

«Orain arte pentsatu dugu haiek egokitu behar zutela geure kulturara», adierazi du Lasak, «baina urratsek bi norabidetakoak izan behar dute». Zehaztu duenez, migratzaileek eta haien seme-alabek euskal kultura ezagutu eta bertatik edaten dute, baina haien kultura etxean gordeta geratzen da. «Euren kultura balioetsi behar dute, eta geuk ere balioa eman behar diogu haien kulturari».

«Orain arte pentsatu dugu haiek egokitu behar zutela geure kulturara, baina urratsek bi norabidetakoak izan behar dute»
IRATXE LASA ARANAMarkina-Xemeingo alkatea

Hori egia bihurtze aldera, senegaldar kulturari buruzko erreferentziak txertatu nahi dituzte Markina-Xemeinen. Adibide batzuk eman ditu alkateak: eskoletan haien kantu tradizionalak landu, herriko liburutegiak Senegalgo literaturaz hornitu, eta jaietan haiei eskainitako ikuskizunak, kontzertuak edo dantza tradizionalak programatu.

Euskara eta wolofera

Senegalen hizkuntza ofiziala frantsesa den arren, senegaldar askok wolofera dute etxeko hizkuntza. Sererea, fula edo pulaar hizkuntza eta diolera ere hitz egiten dira, besteak beste, nahiz eta ofizialak ez izan.

Senegaldarren ama hizkuntzei eusteko gakoak ematea da senidetzearen beste lan ildo bat. Frantsesa ofiziala izateak eta emigrazioaren fenomenoak ez ditzaten gehiago ahuldu Senegalgo hizkuntza gutxituak, euskararen indarberritze prozesuaren berri ere eman nahi diete senegaldarrei, senidetzearen barruan. «Euskararen normalizazioan egiten ditugun ekinaldien berri ematea eskaini genien, geure esperientzia kontatzea, haiek woloferaren estatusa alda dezaten eta woloferaren inguruan lanketa bat egin dezaten», esan du Lasak.