“Kaioentzako toki aberatsa da Ondarroa, eta hori altxor bat da”

Nerea Bedialauneta Alkorta

Asier Aldalur (Itziar, Gipuzkoa, 1971) Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Zarauzko Arkamurka Natur Taldeko kidea da. Itsas hegaztiak ikuskatzen eta aztertzen aritzen da, eta horretan espezializatuta dago. Beste aditu batzuekin batera Ondarroa eta inguruetan ibiltzen da hango kaioak aztertzen, eta www.larus.eus kaioen inguruko bloga ere kudeatzen du.

Azken urteotan Ondarroan kaioak gehitu egin direla dirudi. Horrela al da?

Ez nuke esango hala denik, baina kaio kontzentrazio handiena Ondarroan batzen da orain. Urteotan, jaso ditugun datuen arabera, kaioen kopurua nabarmen jaitsi da Bizkaian, baita Euskal Herrian ere. Izaro irlan orain hamar urte 1.400 bikote zenbatu genituen, eta aurtengo zenbaketan, ostera, ez ziren 700 bikotera iristen.

Zergatik batzen dira hainbeste kaio Ondarroan?

Ondarroa Kantauri isurialdeko arrantza porturik handienetarikoa da, eta kaioak arrain ugariek erakarrita datoz. Herritarrei ziurrenik kaio gehiago dagoela irudituko zaie, baina guztiak bertan kontzentratzen ari direlako da hori.

Arrantzak, hortaz, eragin zuzena du horretan.

Arrantzaleek ontzietatik baztertzen duten arraina harrapatzen dute kaioek, eta jana nahi beste dute. Arrain hori botatzen den bitartean, kaio asko batuko dira. Legedi berri baten arabera, aurrerantzean ezingo da ontzietatik arrainik baztertu, eta horrek kopurua asko murriztuko duela uste dugu.

Aspaldi honetan ohikoak ez diren kaio espezieak ere ikusten dira.

Hemen ohikoenak edo arruntenak diren hamar espezie inguru daude, baina denera hogei bat ere ikusten dira. Ondarroa kaioak ikuskatzeko toki estrategiko bihurtu da, eta ornitologo asko, horren jakitun, bertara etortzen dira. Kaioentzako toki aberatsa da Ondarroa, eta hori altxor bat da.

Berezienak nongoak dira?

Kaspio aldetik eta Ameriketatik datozen kaioak hasi dira agertzen gurean, esaterako. Ondarroan, adibidez, kaio arre amerikar bat dago, eta oso arraroa da hemen ikustea. Gure ustetan, Kanadatik etorri da. Kaio arre amerikarraz gain, hiperborea deritzon kaio pare bat ere badabil hemendik.

Kaio hiperbore horiek nondik datoz?

Normalean, Groenlandiatik etortzen dira. Oso politak eta oso bereziak dira, zuri-zuriak. Hiperboreez gain, Europa ekialdetik, Kaspiar aldetik etorritako beste kaio batzuk ere badabiltza. Delagoak ere espezie amerikarra da; horiek dozena erdi ikusi dira.

Bata bestearekin zelan desberdintzen dituzue?

Aurreneko urteko kaioak, esaterako, espezie bat bestetik bereiztea oso zaila da. Hazten direnean, ostera, errazago izaten da bata bestearengandik bereiztea.

Noiz da espezie horiek ikusteko garairik onena?

Orain da garairik onena. Aurten, gainera, Ameriketatik datozen kaioak behin baino gehiagotan ari gara ikusten.

Nolatan?

Nahiz eta Europan negu leuna eduki, elurte ikaragarriak egon dira beste toki batzuetan, eta horregatik datoz asko.

Ameriketatik Europara kilometro asko daude. Hain urrutitik nola etortzen direla uste duzue?

Gure hipotesiaren arabera, Ondarroako ontzi batzuk Irlanda inguruan-eta ibiltzen dira arrantzan, eta Kanadatik datozen kaioak Islandia alde horretatik sartzen direla uste dugu. Gerokoan, Irlandatik, ontzien atzetik etortzen direla uste dugu. Kaioek aurreneko urtean geratzeko toki egoki bat aurkitzen baldin badute, hurrengoetan ere errepikatu egingo dute. Horixe gertatu da, hain zuzen, inguruotan. Kaioak ohitura handiko hegaztiak dira. Kaio amerikarrei, esaterako, Ondarroa gustatu zaie, jana nahikoa aurkitu ohi dutelako, eta, orain, negua igarotzera toki berberera bueltatzea erabaki dute.

Noiz arte geratzen dira kanpotik etortzen diren espezie horiek?

Antxeta mokogorriak, esaterako, laster joango dira. Martxoaren erdialdean ez da bat bera ere geratuko. Horiek iparraldera, Bretainia eta Ingalaterra aldera joaten dira umatzera.

Zeintzuk umatzen dira hemen?

Hemen, batez ere, hanka horia umatzen da. Baina, horiez gain, orain gutxi kaio beltz handiak ere hemen umatzen hasi dira. Orain dela bi urte Izaron bikote bat umatu zen, eta beste bat, Zierbenan. Horiez gain, kaio ilun batzuk ere bertan umatzen dira.

Non umatzen dira?

Bizkaian lokalizatuak ditugun kolonia guztietan handiena Izaron dago. Horrez gain, Lekeitioko irla inguruetan ere umatzen dira. Ondarroan, hortaz, asko ikusten baldin badira ere, ez dira bertan umatzen; jatera joaten dira bakarrik. Eta arazoren bat edo beste eragiten badute ere, arazorik handienak umatzen diren tokietan izaten dira.

Zer arazo?

Bermeon, adibidez, hogei bikote umatu ziren teilatuetan, eta horiek askoz arazo gehiago eman zuten Izaron dauden 1.400 bikoteek baino. Kolonietan ez esku hartzea gomendatzen da; bestela, gero, teilatuetara joaten dira. Oso territorialak dira, eta teilatuetara hurbiltzen bada jendea, hainbat arazo sortzen dituzte.

Ondarroan ere hainbat arazo eragiten dituzte. Zer gomendatzen duzue horiek saihesteko?

Teilatu batzuetan nylonezko pitak jartzen hasi dira. Pita gurutzatuta jarriz gero, kaioak ez dira pausatzen toki horretan, beldurtu egiten dira eta.

Hainbat espezie bizi dira Ondarroan. Ondo konpontzen dira elkarrekin?

Beraien artean desberdintasun handiak daude. Adibidez, hemengo espeziea dena, hanka horia, hemengo erregea da. Hemengo kaioa oso territoriala da, eta kanpotik etortzen diren kaioak uxatu egiten ditu. Horrekin lotuta, habitatak ere desberdinak izan ohi dituzte. Bakoitzak bere habitata mantentzen du, batak bestea zapaldu gabe.

Kaioei buruzko Laridays lehen jardunaldia egin zenuten iaz, Galizian. Zer moduzko esperientzia izan da?

Oso arrakastatsua izan da. Kaio zaleok gure artean informazioa trukatzeko interesgarria suertatu da. Oso esperientzia aberasgarria izan da guztiontzat. Oso gustura aritu gara, eta elkarrengandik asko ikasteko aukera izan dugu.

Bigarren jardunaldia orain gutxi egin duzue. Errepikatzeko asmorik baduzue?

Bai, hurrengoa Andaluzian edo Kantabrian antolatzeko asmoa dugu.

Bizkaian, oro har, zeintzuk lirateke itsas hegaztiak ikusteko toki egokiak?

Itsas hegaztiak behatzeko tokirik zoragarriena Bizkaian Matxitxako lurmuturra da. Iparraldetik haizeak jotzen duenean, itsaso zabalean bizi diren hegaztiak lur ingurura hurbiltzen dira babes bila. Urdaibai ingurua ere oso berezia da. Oraintxe, esaterako, albelda bat, oso kaio arraroa, Urdaibain dago negua pasatzen. Ondarroako hezegunea ere babeserako toki egokia eta aberatsa da.