Gizartea

Galbaheak berreskuratutakoa

Galbaheak berreskuratutakoa

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hobiaren inguruko lur guztia galbahetik igarotzeko agindu zuen Paco Etxeberria auzi mediku eta Aranzadi zientzia elkarteko lehendakariak, Larrabetzuko Urkulu mendian, 36ko gerrako borrokalariaren arrastoak aurkitu zituzten eremuan. Lur artean egon daitekeen edozein aztarna da garrantzitsua giza hobi batean. 09:30ean abiatu zituzten aurkitutako hobia azaleratzeko lanak, larunbatean. Ez zegoen toki onean, Etxeberriaren arabera. "Zona malkartsua da. Hobia aldapan behera dago; eta, ondorioz, arrastoak sakabanatu dira. Zaila izango da ezer berreskuratzea". Lanak bukatzear, 13:15 aldera, oihu egin zuen galbahearekin lanean ari zen gazteetako batek: "Identifikazio txapa agertu da!". Gudariaren zenbakia du identifikazio txapak, eta, datozen egunetan, zenbaki horri esker jakingo dute zeintzuk diren borrokalariaren izen-abizenak.

Joan den urtean aurkitu zuten Urkulu mendiko hobia Alberto J. Sampedro Euskal Prospekzio Taldeko kideak eta Sergio Mondinak, metal detektagailuarekin mendia aztertzen ari zirela. Aurretik, beste bi hobi aurkitu zituzten eremu berean —identifikatu gabeko borrokalari batena, lehenik; eta Ramon Portillo CNTko Celta brigadako kidearen giza hobia, gero—. Aranzadik ingurua aztertzeko eskatu zien prospekzio taldekoei; beste hobirik ba ote zen aztertzeko.

Esan eta egin. Denbora gutxira errepublikaren aldekoek erabiltzen zituzten balak eta garai hartako Jaurlaritzaren armarria duen gerrikoa aurkitu zituzten Sampedrok eta Mondinak, baita 36ko gerran erabiltzen zituzten balak ere. Ingurua gehiago arakatzean konturatu ziren materialaren jabea zena ere hantxe lurperatuta zegoela. Masailezurra eta besoko hezurra ikusi, eta hobiari buruzko abisua eman zieten Aranzadiko kideei berehala. Joan den larunbatean azaleratu zuten. Arrasto gutxi berreskuratu badituzte ere, izen-abizenak jarriko dizkiote borrokalariari, aurkitutako txapari esker. Artxibategietan ari dira lanean orain; 36ko gerran borrokan aritu zirenen izen zerrendetan txaparen zenbakia daramanaren bila.

"Garezurren mendia"

Gamiz-Fika, Morga eta Larrabetzu arteko mendixka da Urkulu, eta haren hegoaldean aurkitu dute borrokalariaren gorpua. 1937ko ekainaren 11n, borroka latzak izan ziren Urkulun. Eta garrantzi berezia dute gertakari horiek, Burdin Hesia esaten zaiona hausteko lehen urratsa izan baitzen Urkuluren aurkako erasoa. Errepublikanoen aldekoen UGT 2 batailoia izan zen borrokan, hobia aurkitu duten inguruetan, eta bando frankistak egindako erasoari zortzi orduz eutsi zion.

Frankistek Urkulu hartu ondoren, posizioak berreskuratzeko kontraerasoa ere egin zuten errepublikaren aldekoek egun bereko iluntzean, aire armadarik ez zegoela baliatuz. Asturiasko batailoiak, Sacco y Vanzetti batailoia eta Abellaneda batailoia izan ziren mendixka berreskuratzen saiatu zirenak. Baina ez zuten lortu, eta egunsentiarekin batera egin zuten atzera. Borroka odoltsu gisa deskribatu zuten ordukoa kazetariek, eta Urkulun ehunka hil zirela diote. Garezurren mendia zeritzona zen.

Behin Larrabetzuko mendixka hartuta, Bilbo defendatzen zuen sistema parez pare begiztatzen zuten frankistek, 1.500 metro ingurura. Posizio horiek erabili zituzten matxinatuek Burdin Hesiari eraso egiteko. Urkulu hartu eta hurrengo egunean, ekainaren 12an, egin zuten erasoa. Larrabetzu eta Fika arteko mendialdean ireki zuten arrakala, eta zazpi egunera hartu zuten frankistek Bilbo.

Urtebeteko epean Larrabetzun azaleratzen duten laugarren hobia da larunbatekoa. Urkulu mendian beste bi borrokalariren hobiak aurkitu zituzten 2016ko urtarrilean. Metal detektagailuekin aurkitu zituzten bi-biak Euskal Prospekzio taldeko kideek. Bi aurkikuntza horien ondorioz erabaki zuten Urkulu mendia sakonago arakatzea; eta azaleratu berri duten hirugarren hobiarekin egin zuten topo.

Legina auzoan ere aurkitu zuten beste hobi bat joan den urtean. Larrabetzuko bi herritarrek emandako informazioari esker lortu zuten hobiaren kokapena. 2015etik ari dira ikertzen 36ko gerra eta frankismoa Larrabetzuko Karraderan elkarteko boluntarioak. 36ko gerra bizi izan zuten herritarren lekukotzak hartu, eta, besteak beste, herria inguratzen duen Burdin Hesiaren aztarnak babesten dihardute.

Arerio bihurtutako babeslekua

Arerio bihurtutako babeslekua

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Planoak, mapak eta txostenak maletan sartu, eta guda lerroak zeharkatu. Traizioa ala ekintza heroikoa. Hesiaren zein aldetatik begiratzen zaion, horren araberakoa da Alejandro Goikoetxearekiko dagoen irudia. Militar eta ingeniari jeltzalea hasieran; desertorea 1937ko otsailaren 27tik aurrera. Gipuzkoako Maroto mendia igaro, eta faxisten aldera pasatu zen Goikoetxea orduan. Bilbo Handia inguratzen zuen defentsa lerroaren informazioarekin joan zen ordura arte haren etsaiak zirenengana. Historiografiak mito bihurtu du ingeniaria. Eta Bilbo erortzea lortzeko gakotzat aurkeztu da Goikoetxeak faxistekin kolaboratu izana. Baina, ordurako, hegazkin aleman eta italiarrek behatuak zituzten eraikuntza lanak; eta Goikoetxeak bildutako informazioa ez zen horren erabakigarria izan.

Porlanez, lurrez eta burdin hariz osatutako defentsa sarea baino gehiago zen Burdin Hesia errepublikanoentzat. Herritarren esperantzak gorde zituen azpiegiturak. "Garaiezina? argi eta garbi", zioen Euzkadi egunkari jeltzalearen editorialak hura hautsi baino hilabete lehenago. Arrakala bat baino gehiago izan zituen defentsa lerroak, ordea. Eta bada uste duenik eraikuntza bera izan zela eraikuntzaren arerio nagusia.

Bilboren Defentsarako Lerroa. Gutxik ezagutzen dute hiriburua defenditzeko Eusko Jaurlaritzak eraikitako babes lerroa jatorrizko izenez. Bitxia bada ere, faxistak eraikuntzari deitzeko erabilitako izendapenak dira gaur egunera iritsi direnak: Burdin Hesia, Herio Gerrikoa eta Altzairuzko Gerrikoa, besteak beste. Logika bikoitza zuen errepublikanoek eraikitako defentsa lerroari faxistek burdin, herio edo altzairu gisako izenekin indartzeak: garaitzea lortzen baldin bazuten, garaipena are gehiago goratzeko; eta Burdin Hesia suntsitzea lortzen ez bazuten, aldiz, porrota justifikatu ahal izateko. Propaganda zen izendapenaren xedea, eta hedabideetan behin eta berriz azpimarratu zen, gerora, defentsa lerroaren haustura. Horren adibideetako bat da ABC egunkariaren azalean azaldutako esaldia. "Francoren tropek marxismoak sortutako defentsa lerrorik sendoena hautsi dute. Maniobra bikain baten aurrean erori da Burdin Hesia".

Defentsa eredu zaharkitua

Eusko Jaurlaritza eratu eta berehala abiatu zituen Defentsa Sailak Bizkaia gotortzeko lanak, 1936ko urrian. Alberto Montaud ingeniari taldeko koronelak hartu zuen Gotorketa Sailaren ardura. Jose Antonio Agirre lehendakariaren konfiantzazko gizona zen Montaud, eta Euzko Gudarostearen aginte nagusia ere bazuen, defentsa antolatzeko ardurarekin batera. Berehala ekin zion gotortze lanari.

Francoren aldeko tropek Gipuzkoa azkar hartu zutela ikusita, Bilbo Handian jarri zituen Jaurlaritzak faxisten oldarrari aurre egiteko itxaropenak, eta Zierbenatik Plentziako kostaraino doan 80 kilometroko u itxurako defentsa lerroa diseinatu zuen, etsaiaren tropak Bizkaiko mugetan zirenean.

Hirigunea buruaskia izateko baliabideak eta zerbitzuak zituen defentsa lerroak. Xede nagusia zen Zolloko urtegia, Sondika eta Lamiakoko aerodromoak, Barakaldoko Burtzeña auzoko zentral elektrikoa, itsasadarraren inguruan antolatutako industriak, Bilboko portua eta hiria bera etsaiaren artilleriaren irismenetik babestea. Pasabidez, metrailadore gunez, gotorlekuz eta lubakiz osatutako defentsa lerroa diseinatu zuen Jaurlaritzak, Bizkaiko hiriburutik hamabost kilometro inguruko lurretan. Eta I. Mundu Gerrako Verdungo Guduaren estrategia militarrak aintzat hartuz osatu zuen babeserako plana Montaudek. Hala zehaztu zuen: "Lurreko defentsa sareek mugimendu azkar eta malguak ahalbidetzen dituzte. Eta bertan kokatutako porlanezko babesguneetan arma automatikoen eraginkortasuna ere areagotzen da. Lurraldeko errepide sarea baliatu behar da, erasoari aurre egiteko beharrezkoa den erreserba eta artilleria materiala biltzeko".

Usteak erdia ustel. Eraikitzen hasi zenetik, porrotera kondenatutako azpiegitura zen Burdin Hesia. Gerra estrategia zaharretan oinarritzen zen, gerra egiteko mekanismo modernoagoak indarra hartzen hasi ziren une berean. Zehazki, I. Mundu Gerra ondoren, Frantzia eta Alemaniaren artean eraikitako Maginot Lerroaren ereduari jarraitu zion Jaurlaritzak Burdin Hesia eraikitzeko. Defentsa eredu estatikoan oinarritu zen: lurrean eraikitako babesean. Baina gerora ikusi denez, tanke eta gerra hegazkinek funtzio erabakigarria izan zuten 36ko hartan. Lurrean eraikitako defentsak ezer gutxi egin zezakeen zerutik jaurtitako obusei aurre egiteko. Errealitate hori agerian uzten dute 1937ko ekainaren 12an Burdin Hesia hautsi zuten eguneko datuek ere. La Gaceta del Norte egunkariak emandako datuen arabera, 6.850 bonba jaurti zituzten faxistek egun bakarrean, defentsa lerroa arrakalatzeko. Norabide horretan azaldu zuen Manuel Chiapuso CNTko kideak Bilboren defentsa lerroa burdinazkoa baino "zetazko gerrikoa" zela.

Traizioaren itzala

Armamentuari dagokionez, desoreka handia zegoen bi bandoen artean. Eta ildo horri jarraituz idatzi zuen Pablo Beldarrain Euzko Gudarosteko komandanteak eraikuntzari buruzko iritzia ere, 36ko gerra bukatu ondoren: "Errutinazko lerro batek gutxi balio zuen, ez bazuen aurrean zeuden arerioak adina arma". Edonola ere, eraikuntzaren arazo bakarra ez zen izan defentsa eredu zaharkituan oinarritzea.

Traizioaren itzala izan zuen azpiegiturak hasieratik. Pablo Murga kapitaina izan zen lanen lehenengo arduraduna, baina Jaurlaritzak laster jakin zuen informazioa pasatzen ziola Wilhelm Wakoningg Austriako kontsul eta nazien aldeko espioiari. Donibane Lohitzunen atxilotu zuten kontsul austriarra, Exmouth ontzi ingelesa hartzera zihoala. Burdin Hesiaren planoak zeramatzan aldean. Murga eta Wakoningg, biak fusilatu zituzten. Murgaren traizioaren ondoren, Alejandro Goikoetxea Elorrioko militar eta ingeniari jeltzaleak hartu zuen lanak zuzentzeko ardura. Otsailean pasatu zen faxisten aldera, azpiegiturari buruzko informazioarekin.

Defentsa lerroaren ahulguneak zeintzuk ziren bazekien Goikoetxeak; bazekien Larrabetzu eta Fika arteko mendiguneak hutsune nabariak zituela balizko eraso baten aurrean. Nolanahi ere, jeltzale horrek Francoren aldekoengana jo aurretik, aski ezagunak ziren ahulgune horiek. Gerora jakin denez, Alemania eta Italiako behaketa hegazkinek Burdin Hesiaren ehunka argazki atera zituzten airetik; eta bazuten errepublikanoen defentsa lerroaren nondik norakoen berri. Ezbairik gabe, 36ko gerrak ezagun egin dituen izenetako bat da Goikoetxearena. Historiografia frankista arduratu da goratzen jeltzaleak Jaurlaritzari egindako traizioa; gudari goitizena ere jarri zioten, gerora, armada faxistako bere kideek.

Hiria eta herriak

1936ko urrian abiatu zituzten Bilbo gotortzeko lanak, eta 1937ko ekainean hautsi zuten faxistek. Zortzi hilabete horietan, baliabide eta indar guztiak eraikuntza lanera bideratu zituen Jaurlaritzak. Milaka izan ziren babes lerroa eraikitzen aritu ziren emakume eta gizonak. Soldaduak soilik ez, herritar xumeak ere aritu ziren lurrean zuloak egin eta lubakiak marrazten. Paradoxikoa zen egoera. Izan ere, nekazari eremu eta herrixketan eraiki zuten hiriburua defenditzeko helburua zuen azpiegitura. Eta Bizkaiko herrietako kideek hasieratik bertatik sumatu zuten Burdin Hesiaren presentzia. Lanak abiatu eta berehala, azpiegitura eraikitzeko tresneria konfiskatzen zieten tokian tokiko herritarrei. Pikotxak, aitzurrak, trontzak, aizkorak... lanetarako baliagarria izan zitekeen edozein erreminta hartu zieten herritarrei. Milaka herritarren joan-etorriek ere, egoera deserosoak sortu zituzten kaltetutako herritarren artean.

Lanek iraun bitartean, etengabekoa izan zen defentsa lerroan aritzen ziren langileen joan-etorria. Eta baserri, baratze eta pinuen lapurreta ugari salatu ziren Burdin Hesiak zeharkatzen zituen hainbat herritan. Horren eraginez, proiektuarekiko eta langileekiko ezin ikusiak sortu ziren hainbat tokitan. Egoera horiek saihesteko, tokian tokiko langileak kontratatzeko agindu zuen Defentsa Sailak. Eta eraikuntza lanak zaintzeko guardiak ere jarri zituzten nekazari guneetan.

Bilbo defenditzeko lerroaren egitasmoa gerra egoeran murgilduta zegoela osatu zuen Jaurlaritzak, eta eraikuntza lanak fronteetako borrokekin uztartu behar izan zituzten hasieratik. Goikoetxea ingeniariak ihes egin zuela jakin baino bost egun lehenago, Candido Saseta komandantearen heriotzaren berri izan zuen Jaurlaritzak. 1937ko otsailaren 23an hil zen, Asturiasko frontean. Joseba Elosegi Saseta batailoi jeltzaleko kapitainaren arabera, eginbehar guztiak uztartzeak kontrako eragina besterik ez zuen izan. Gerra bukatuta, azaldu zuen alferrikako lana izan zela Burdin Hesiaren eraikuntza. "Lubaki baldar eta arrunta zen. Eremu batzuetan lurzoruaren izaerarengatik belaunetaraino hondoratu gabe zegoen. Bluff bat izan zen gerrikoa". Elosegiren iritziz, hainbat batailoik beren posizioak utzi, eta Burdin Hesira jotzen zuten babes bila, faxistei aurre egin beharrean. Defentsa lerroa hautsi aurreko hilabeteko Lemoatxa mendiguneko gudua jartzen du kapitainak adibide gisa.

Arrakalekin sortu zen azpiegitura izan zen Burdin Hesia. Zaharkitutako estrategia militarra zuen oinarri. Baina erresistentziaren ikur bihurtu zen milaka gizon-emakumerentzat. Esperantza zen murruen bestaldean zuten armarik indartsuena.

Duintasunerako aldarria

Duintasunerako aldarria

Natalia Salazar Orbe
Gazte-gaztetatik hasita, bizitzako urterik onenak eta gehienak beharrean eman dituzte gaurko adinekoek. Baldintza txarretan, belaunaldi berriei egoera hobea uzteko borrokaldi luzeak igarotakoak dira horietako asko. Penaz begiratzen...

Baratzeen ordez, autoak

Baratzeen ordez, autoak

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Duela sei urte eraiki zuten Getxoko Ibarbengoako metro geltokia. Baina itxita dago oraindik, ondoko lursaileko parkinga noiz egingo zain. Zehazki, Tosu kaleko berdegunean egin nahi dute hiru solairuko aparkalekua. Baina hori saihe...

Isilpean gordetakoek argia ikusi dute

Isilpean gordetakoek argia ikusi dute

Natalia Salazar Orbe
Egia, justizia eta ordaina. Nagusitzen ari den aldarria. Egia jakiteko, lekukoen eta horien senideen testigantzak entzun. Jaso. Hausnartu. Eta publiko zabalarentzako eskuragarri jarri. Non, eta sarean. Lan hori egin du Durango 1936...