Duintasunerako aldarria

Duintasunerako aldarria

Natalia Salazar Orbe

Gazte-gaztetatik hasita, bizitzako urterik onenak eta gehienak beharrean eman dituzte gaurko adinekoek. Baldintza txarretan, belaunaldi berriei egoera hobea uzteko borrokaldi luzeak igarotakoak dira horietako asko. Penaz begiratzen diote krisiaren aitzakian lan baldintzek izan duten bilakaerari. Eta urteetako lan gogorraren ordainean atseden duina mereziko luketen arren, bizirik irauteko gutxieneko baldintzarik gabe aurkitu dute beren burua askok eta askok. Duintasunez bizi ahal izateko baliabideak aldarrikatu ditu Pentsionistak Martxan elkarteak. MERP Pentsioen Aldeko Erreferenduma Egiteko Estatu Mahaia elkarteko kideek 21.000 sinadura eraman berri dituzte Arartekoaren Bilboko egoitzara. Pentsioak “blindatu” nahi dituzte Espainiako Konstituzioaren erreferendum baten bitartez, “edozein koloretako gobernu batek aukerarik izan ez dezan pentsioak txikitzeko, aldatzeko edo pribatizatzeko”. Pentsioen kudeaketa propioa aldarrikatu du, bestalde, Pentsionistak Martxan elkarteak.

Batez beste, 1.139 euro jasotzen dituzte pentsiodunek. Baina asko dira 300 euroko erretiroa dutenak ere. Emakumeak dira egoerarik muturrenekoak dituztenak. Hala azaldu du Pentsionistak Martxan elkarteko kide Mikel Argiñarenak: “Alargun pentsioa dute askok eta askok, eta hori ez da 714 eurotik gorakoa. Kotizaziopeko pentsioa dutenen artean, askok oso kotizazio baxuak izan dituzte, etxez etxeko lanetan aritakoak direlako, edo urte gutxi kotizatutakoak”.

Etorkizuna, txarrago

Egoera horri aurre egiteko, pentsioen gutxienekoa 1.080 eurotan ezarri nahi dute. Hala, kopuru horretara arte pentsioa osatzeko modua bermatzea, eta Babes eta Gizarte Segurantza Sistema Propioa sortzea eskatu du elkarteak. Gaur egungo sistemarekin jarraituta, etorkizunerako aurreikuspenak bide beretik edo txarragotik doazela hartu behar da kontuan, gainera: KPIaren igoera %1,75ekoa izan bada ere, pentsioak %0,25 igo dituzte. Beraz, gero eta erosahalmen gehiago galtzen ari dira.

Eskubide Sozialen Aldeko Euskal Herriko Plataformak Eusko Legebiltzarrean eskaera egin zuen irailean. Pentsionistak Martxan elkartea ere tartean dago. 71.724 pertsonaren sinadurak jasotzen zituen herri ekinaldi legegilea erregistratu eta entregatu zuten, euren eskaera kontuan hartzeko. Baina ekimenak ez zuen aurrera egin. Joan den ostiralean, Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintza Batzordera jo zuten Pentsionistak Martxan elkartekoek. Eskaera bera zen: 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzea eta pentsioen kudeaketa propioa izatea. “Badakigu eurek ez dutela eskumenik, baina alderdien arteko harremanen bitartez eskaera hori bultzatzen hastea zen gure asmoa”.

Mendeko pertsonak artatzeko baliabideak zertan dauden ere galdetu zuten. Laguntza hori eskubide subjektibo bihurtu zen joan den abenduan. Beraz, aldundiak eskariei erantzuteko modua baduela bermatzea nahi zuten. “Ezin dira inprobisatzen ibili. Kezkatuta gaude, hori guztiori martxan jartzeko gizarte arloko eremua ez baitago bermatuta”.

280.600 pentsiodun daude Bizkaian. Erretiroaren zenbatekoarekin nahikoa ez dutenek laguntza sozialetara jo beharrean aurkitzen dute euren burua. Hor ere, beste murrizketa batekin egiten dute topo, ordea. Legearen arabera, diru sarrerak bermatzeko errenta lanbide arteko gutxieneko soldataren maila berean igo beharko litzateke. Baina hori ez da hala izan; ez da igoerarik egon. Hala salatu du LAB sindikatuko pentsiodunen arloko arduradun Joxean Urkiolak. “Murrizketa izugarria izango da, zoritxarrez, krisia gehien pairatzen ari direnentzat. Laguntza gehien behar dutenei ezartzen diete murrizketa gehien. Hori ezin da ukatu. Eta jendeari ahaztu egiten zaio Patxi Lopezen legegintzaldian jada %7 murriztu zutela DSBE”.

Kasu horretan ere, emakumeek dute egoerarik txarrena. Argiñarenak azaldu du: “Senarraren pentsioa dute alargun geratzen ez diren bitartean. Senarra hiltzean, haren pentsioaren %52 jasotzen dute. Ezkongabeen edo bestelakoen kasuetan, DSBE edo bestelako laguntzaren bat eskatu behar dute. Betiere, oso murritza”. Larrialdietako egoerei aurre egiteko laguntzak edo etxebizitza alokairua ordaintzekoak dira horiek, besteak beste.

Urkiolak eman ditu datuak: Bizkaian 9.980 pentsiodunek eskatzen dute DSBE. Horietatik, 6.905 dira emakumeak. “Emakume asko etxean geratu dira urte luzez gurasoak edo seme-alabak zaintzeko, eta ez dute kotizatu. Alargun pentsio oso baxuak geratzen zaizkie. Eta DSBE eskatu behar dute”. Krisi larria pairatzen ari dira pentsiodunak, orokorrean, eta emakumeak, bereziki. Argi du LABeko ordezkariak.

Etorkizuna, bide beretik

Egungo lan baldintzen egoerek ez dute etorkizun oparoagorik iragartzen. “Oraindik ere, emakumeak dira kontratu eta soldata okerrenak dituztenak”, ekarri du gogora Urkiolak. “Kontratu partzial gehienak dituztenak ere haiek dira. Hori guztiori emakumeen kontra doa, eta, gauzek berdin jarraituz gero, haiek izango dira berriz ere zigortuak”.

Botikengatik ordaindu beharrekoarekin dute bukatu ezinezko beste borroka bat. Duela lau urtera arte, doan eskuratzen zituzten. Orduz geroztik, bakoitzaren pentsioaren arabera, %10 eta %18 bitartean ordaindu behar dituzte. Hala ere, 417 botika Gizarte Segurantzaren laguntzetatik kanpo geratu dira, eta oso-osorik ordaindu behar dituzte.

18.000 eurotik beherako diru sarrerak dituztenek botikengatik ordaindu dutenaren %10 berreskuratzeko aukera dute. Baina gauzatu beharreko tramite burokratikoek eragiten dizkieten buruhausteak saihestearren, askok bertan behera uzten dute eskaera. Hala ekarri du gogora Argiñarenak: “Borondatea balego, botikak erosteko orduan eman beharko lukete itzulketa egiteko aukera. Izan ere, adineko jendeari buruz ari gara. Askok uko egiten dio era horretako edozein gestio egiteari. Galdu egiten dira-eta gure mundu honetan”.

Behin eta berriro eskatu diote Eusko Jaurlaritzari %10eko beherapen hori unean bertan ezar diezaieten, edo zuzenean, ordaindu beharrik izan ez dezaten. “Baina ez dute aldatu nahi. Jakin badakite poliki-poliki diru dezente bilduko dutela. Iruzur bat da hori. Barre egiten digute”.

Adinekoen behatokia

Beharrezkotzat jo du adinekoen behatoki bat sortzea. “Oso garrantzitsua da. Aldundiak ez du ematen inolako informaziorik. Ez dakigu datuak nondik ateratzen dituen. Adibidez, esaten du mendekotasuna duten lau pertsonatik hiru etxean artatuta daudela. Hori kontrolaezina da, ordea. Ikusi beharko genuke nola dauden artatuta; zeintzuk berme dituzten behar duten laguntza izateko. Horren guztiaren berri zuzenean izan nahi dugu guk. Exijentzia sozial bat da”.

Gaur egun, aldundiak badauka behatoki bat, baina pentsiodunek ez dute parte hartzen bertan. “Erakunde publikoek gizartea kontuan izan behar dute une oro euren kudeaketaren berri emateko, eta guk jakin egin behar dugu egoera zein den. Logikoa da. Baina ez daude ohituta horretara. Nahiago dute inori konturik eman gabe egon, eta beraien gurasokeria kutsuarekin jardun”.

“Umiliagarria” da, Argiñarenaren ustez, horrenbeste urtez lanean aritu direnek era horretako egoera pairatu beharra. Jakitun dira, ordea, gazteen egoera “are tamalgarriagoa” dela. “Ezin dute bizitza proiektu bat egin”, lanaren prekaritatea dela eta. Hori dela eta, nabari dute adinekoen aurrean beste sektore batzuei lehentasuna ematea askoz garrantzitsuagoa dela dioen ideia zabaltzen ari dela. “Sistema babesten duen prentsak etengabe errepikatzen du adinekook zama ekonomiko handia garela. Jendea hori barneratzen ari da, poliki-poliki. Eta arriskutsua da”. Afera ez baita batzuen alde eta besteen kontra egitea. “Dirua egon badago. Baina jende askok ez ditu ordaintzen ordaindu beharko lituzkeen zergak; barkatu egiten zaizkie”. Urkiolak eman ditu datuak: “Hilean 3.642 eurora arte kobratzen dena deklaratzen da. Hortik gorakoa, ez. Ez langileek, ezta enpresek eurek ere”.

Horrez gain, besteak beste, bankuak erreskatatzeko Espainiako Gobernuak erabili zituen 100.000 milioi euroak ekarri ditu gogora. “Dirua egon badago. Batzuentzat lehentasuna bankuei laguntzea da. Gure ustez, pertsonek egon behar dute bankuen edo proiektu handien aurretik. Pertsonak ez badira salbatzen, etorkizuna ez da salbatuko”. Argiñarenak eman ditu horren guztiaren ondorioak: “Dirutza handiak ari dira ihes egiten”. Hala, “iruzur handitzat” jo du Pentsionistak Martxan elkarteko kideak pentsioentzako dirurik ez dagoela zabaltzea. Beldurra sartzearen atzean, pentsio pribatuei mesede egiteko helburua ikusi du Urkiolak.

Konponbidea argi dute batak zein besteak: Euskal Herrian Gizarte Segurantza kudeatzeko sistema propioa eratzea. Argiñarenak eman ditu azalpenak: “Gaur egun, inork ezin du kontrolatu Gizarte Segurantzako diruaren kudeaketa. Guk hobeki kontrolatzeko aukera izango genuke. Hemen ere adi ibili beharko genuke, baina, indar oreka handiagoa izanik, errazagoa izango litzateke”. Hala gehitu du Urkiola: “Jai daukagu Espainiak pentsioentzako diru sarrera gehiago lortzeko zain bagaude, ez dira-eta guk planteatzen ditugun modukoak”.

Biek ala biek adinekoen eskubideen alde borrokan jarraitzeko borondatea agertu dute. Argiñarenarena da azken hitza: “Adinekook sarri asko ez dugu izaten aukerarik edo indarrik gure aldarrikapenak plazaratzeko, baina, ahal dugun neurrian, tinko ekingo diogu”.