Konortea galduta zeudela jasandako lau sexu erasoren salaketak Bilbon

Konortea galduta zeudela jasandako lau sexu erasoren salaketak Bilbon

Natalia Salazar Orbe

Esnatu, eta gorputz osoa minduta sentitu. Bereziki, gorputz atal sexualak. Eta ezinegona. Zer gertatu da? Ezin ezer gogoratu. Ezin ezer ulertu. Nahasmena nagusi. Egoera horretan iratzarri dira, azaroaz geroztik, lau emakume Bilbon. Kasu horietan guztietan antzeko salaketak egin dituzte biktimek: eraso egin dietela badakite, baina ez nork, nola edo non. Ordu jakin batetik aurrera, ez baitira ezer gogoratzeko gai.

Burundanga deritzon substantziari buruz hitz egin da asko azkenaldian. Eskopolamina du izen teknikoa entzutetsu bilakatu den droga horrek. Hori baliatuta, mendetasun egoeran uzten dute biktima erasotzaileek. Baina oso zaila da substantzia hori biktimaren gorputzean atzematea, nahiz eta analisiak egin. Eta ez da frogatzerik izan azken hiletan salatutako erasoetan halakorik erabili dutenik.

Burundanga, alkoholera botatako beste substantzia kimikoren bat edo drogak erabiltzen direla ere, ondorioa bera da: biktima erasotzailearen esku geratzen da, defendatzeko inolako ahalmenik gabe; galduta baitago, zer gertatzen ari den ez dakiela.

Joan den astean hiru gizonezko atxilotu zituen Ertzaintzak urtarrilean Solokoetxen gertatutako erasoa leporatuta. Urtarrilaren 15eko goizaldean gertatu zen erasoa. Santutxuko eremu horretan esnatu zen 18 urteko neska. Erdi biluzik zegoen. Gorputz osoa minduta zeukan. Haren azken oroitzapena zen diskoteka batean zegoela. Handik aurrera, hutsune ugari. Eta bortxatua izan zen uste osoa.

Bortxaketa gertatu zen eremuan bideokamera bat dago. Hark filmatutakoa baliatuta atxilotu zituen Ertzaintzak hiru gizonezkoak. Epaileak espetxera bidali zituen hirurak, joan den larunbatean. Behin-behineko kartzelaldia ezarri die. Basauriko espetxean daude.

Antzeko egoerak jasan dituzte salaketak jarri dituzten beste hiru emakumeek ere. Abenduaren 6an, 19 urteko neska bat Casilda Iturrizar parkean esnatu zen. Hura ere, erdi biluzik eta gorputza minduta zeukala. Ondoan, gizonezko bat zuen, lotan. Berak ez zuen ezagutzen. Esnatu bezain laster, gizonak ihes egin zuen. Emakumeak ez zuen gertatutako ezer gogoratzen. Basurtuko medikuek baieztatu zuten neskaren lesioak bat zetozela sexu eraso batekin. Urtarrilaren hasieran atxilotu zuen Ertzaintzak 21 urteko gizonezko bat, eraso harekin lotuta.

Bi horiek ez ziren izan era horretako eraso bakarrak. Azaroaren erdi aldera, 20 urteko emakume bat antzeko egoeran esnatu zen: ubelak zituen gorputzean, eta ez zuen gogoratzen zer gertatu zitzaion. Hori ere Bilbon gertatu zen. Aurreko gauean lagunekin tabernetan ibili ostean pairatu zuen erasoa.

Urtarrileko azken asteburuan egin zuten era horretako azken salaketa. San Frantziskoko etxebizitza batean esnatu zen emakume bat. Hark ere ez zuen gogoratzen zer gertatu zitzaion.

Lau emakume horiek salaketa jartzeko pausoa eman zuten. Haien gorputzak haien baimenik gabe behartu zituzten. Esnatu, eta, zer gertatu den gogoratu ez arren, erasoaren aztarna argiak sumatuta, salaketa jartzeko indarrak atera dituzte. Egin dieten erasoak zigorrik gabe geratu ezin duela-eta, aurre egitea erabaki dute.

Ikaskide bati sexu erasoa

Inolako substantzia kimikorik baliatu gabe egindako erasoek ere ez dute izan etenik. Ertzaintzak 23 urteko ikasle bat atxilotu zuen joan den ostiralean. Amerikarra da bera. Ikasle-truke programa bereko 19 urteko emakumezko ikaskide bati eraso egitea leporatu diote. Emakumeak Basurtuko ospitalera jo zuen joan den ostegunean, eta gertatutakoa salatu. Ikaskide batek eraso egin ziola kontatu zien artatu zuten profesionalei. Biktimak kontatutakoaren arabera, erasoa ostegunean gertatu zen.