Zorrotzaurre irla bihurtzeko lanetan, 30 pabiloi eraisten hasi dira asteon

Zorrotzaurre irla bihurtzeko lanetan, 30 pabiloi eraisten hasi dira asteon

Aitziber Laskibar Lizarribar

Zorrotzaurre irla bihurtzeko bidean, beste urrats bat egin dute asteon. Martxan jarri dute urtebeteko epean 30 industria pabiloi eraisteko proiektua. Abiatu dira eraikin zaharrak desegiteko lanak, eta urte osoa iraungo dute. Multzoka egingo dituzte eraisteak. Lurren jabe publiko zein pribatuak biltzen dituen batzordeak bi fasetan banatu ditu eginbeharrak: urtearen lehen seihilekoan, hamazazpi eraikin botako dituzte, eta, bigarrenean, hamahiru.

Frank Gehry zubiaren ondoko eremuan hasi dituzte lanak. Aspalditik hutsik zeuden industria pabiloien ondoko eraikinak husten ari dira, pixkanaka, eta libre geratzen ari diren eremuak aukeratu dituzte lanak hasteko. Pabiloietan dauden enpresa txikiak kokagune berrietara joan ahala hedatuko dituzte eraisteak.

Lurren jabeen batzordeak azkartu egin nahi ditu lanak. Ez du denborarik galdu nahi, eta hiru eraikin multzo suntsitzeko beharrei ekin diete aste honetan. Deustuko Erriberaren inguruan arraunlari taldeak erabiltzen duen udalaren eraikinaren ingurukoak izango dira botako dituzten lehen eraikinetako batzuk. Irla egiten dutenean Zorrotzaurre eta Deustua lotuko dituen Gehryren zubi ondokoak dira beste batzuk. Gainontzekoak, paper fabrikaren eta Cadenas Vicinay lantegia zenaren ingurukoak.

Amiantoa

Bigarren fasean eraitsiko dituzten pabiloietako batzuk amiantoz kutsatuta daude. Hartara, eraikinak eraitsi aurretik amiantoa kentzen jarduten duten langileak joango dira egin beharreko azterketak egitera, eta amiantoa aurkitzen duten lekuetan kutsadura kentzeko protokoloari jarraituko diote.

Eraisteek utzitako gainerako zaborra bereizi egingo dutela agindu dute lanen sustatzaileek. Birzikla daitekeena birziklatzera eramango dutela, tratatu behar direnak tratatzera eramango dituztela, eta gainontzekoa orubean bertan utziko dutela, irla egiten dutenean betelanetarako beharko delako.