Isurketak gutxitzeko neurriak agindu ditu Glefaran enpresak

Isurketak gutxitzeko neurriak agindu ditu Glefaran enpresak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Herritarren salaketa ugariren ondoren, eta iragan larunbaterako hainbat eragilek iragarria zuten manifestazioaren bezperan, isurketak gutxitzeko neurriak hartuko dituela esan du Gueñesko Global Efficiency Aranguren (Glefaran) enpresak. Eusko Jaurlaritzak eman du erabakiaren berri, enpresarekin bildu ondoren. Jaurlaritzaren esanetan, Glefaranek isurtzen dituen partikulak eta gasa ez dira kaltegarriak osasunerako, baina, hala ere, horiek gutxitzeko konpromisoa hartu du. Lantegiak zarata handiegia egiten duela eta tarteka “hauts esekiak” isurtzen dituela adierazi du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak, egin berri duen neurketaren berri ematean.

Pastguren paper lantegia zena iaz bihurtu zen Glefaran enpresa. Beste ekoizpen mota batera bideratu zuen lana, eta energia elektrikoa sortzen du orain, baso biomasa erreta. Gueñesko herritarrak, ordea, sarritan kexatu dira lantegiak eragiten dizkien kalteez. Ohartarazi izan dute zarata handia egiten duela eta partikula toxikoak isurtzen dituela. Hainbat salaketa egin dituztela eta inork ez dituela aintzat hartu sentitu dute, eta Gueñes Bizia plataforma sortu dute duela gutxi.

“Zaratak eta zikinkeriak kezka piztu digute”, azaldu du plataformak. “Gure kezka nagusia Glefaranek isurtzen dituen partikula ikusezinak dira: tamaina txikienetakoak, atxikigaitzak eta askoz arriskutsuagoak direnak”. Izan ere, plataformaren esanetan, birika albeoloa gainditu, eta odolean sartzen dira partikula ñimiño horiek. Gueñes Bizia taldearen hitzetan, adituek esana dute horrek organo eta ehunetan eragina izan dezakeela epe ertain eta luzean.

Mobilizaziorako bidea

Enpresaren isurketek osasunean eta ingurumenean kaltea eragiten dutela sinetsita, mobilizatzea erabaki zuten Gueñes Bizia plataformak eta Aranguren Aurrera elkarteak. Manifestaziora deitu zuten iragan larunbaterako, eta babes handia batu zuten; tartean, Gueñesko eta Zallako udalena.

Protesta egin bezperan, ohar bat kaleratu zuen Jaurlaritzak: “Glefaran enpresaren zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari hitzeman dio premiaz zuzenduko dituela zarata eta hauts emisioak, eta gainera, epe erdira plan integral bat ezarriko duela lantegiko biomasa galdarak eragindako emisioak murrizteko, inguruan bizi diren pertsonek eta Zallako eta Gueñeseko udalek hainbat salaketa egin ondoren”.

Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordea eta Ivan Pedreira Ingurumen Administrazioaren zuzendaria enpresako zuzendaritzarekin bildu ondoren hartu zuen erabakia Glefaranek. Jaurlaritzak azaldu duenez, herritarren eta udalen salaketen ondoren,tokian-tokian neurketak egin ditu Ingurumen Sailak plantaren inguruan. Emaitzen berri eman zioten Jaurlaritzaren ordezkariek enpresako zuzendaritzari, aurreko asteko asteazkeneko bilera hartan: “Neurketen ondorioa da isuritako partikula solidoen eta gasen metaketak [karbono monoxidoa eta nitrogeno oxidoak] indarrean dagoen araudian jasotako mugako balioen azpitik daudela”. Hala ere, Ingurumen Sailak zehaztu du gehiegizko zarata eta hauts esekiak isurtzen direla egiaztatu dela, eta, “osasunarentzat kaltegarria ez bada ere gogaikarria gertatzen denez”, zuzendu egin behar direla egoera horiek.

Glefaraneko zuzendaritzak Jaurlaritzari esan zion isuritako gasen tratamendurako eta filtraziorako sistema berri bat jarriko duela martxan aurki, eta partikulak eta zarata murrizteko neurriak ere hartuko dituela. Hori hala dela egiaztatzeko jarraipena egingo duela jakinarazi du Jaurlaritzak.

Udalak, mesfidati

“Arazoa konpontzen lagunduko duen edozein erabaki, akordio edo egitasmo ongi etorria izango da”, adierazi du Gueñesko Udalak Jaurlaritzaren oharraren berri izan bezain laster. Hala ere, ohartarazi du oraindik ez duela informazio zehatzik, eta Gueñes Bizia plataformaren balorazioa entzun nahi duela. Ez da erabat fio, eta esan du, badaezpada, behin betiko konponbidea ikusi artean, udalak “herritarrak babesteko jarrera” mantenduko duela.

Zallako Udalari ere mesfidantza nabari zaio gaiaren inguruan bidali duen oharrean. Beste albiste bat eman du enpresak neurri zuzentzaileak hartuko dituela esan ondoren: Glefarani paper orea ekoizteko zein makinak txatarra bihurtzeko eman zizkion lizentzien epea amaitu dela jakinarazi du, eta, beraz, Zallako Udalak dagoeneko ez diola inolako jardueretarako baimenik emango. Enpresak ezingo diola, beraz, papergintzari begirako jardunari berriz ekin.

Gaur egun energia ekoiztera bideratzen du bere jarduna Glefaranek, baina hori Gueñesen egiten duela azaldu du Zallako Udalak; baimen hori ematea ez dagokiola berari. Hala ere, abisu garbia bidali dio enpresari: “Zallako Udalak ahal duen guztia egiten jarraituko du herritarrak eta ingurumena errespetatuko dituzten industria proiektuei eta eskualdean kalitatezko enplegua sortuko dutenei bide emateko. Hori helburu izanik, administrazioekin hartutako konpromisoak behin eta berriz ez betetzea, dirua egiteko lasterbideak hartzea (energia ekoiztea eta txatarra egitea) eta etorkizunerako inbertsiorik ez egitea ez da bidea”. Are argiago mintzatu da, enpresaren izena aipatu ez arren nori buruz ari den ikusarazita: “Herritarrak mobilizatu egin dira eta horrek fruitua eman du, administrazioek beste bilera batzuk egitea lortu delako eta enpresak jendaurrean hitz egin duelako. Hala ere, arazoa ez da oraindik konpondu”.

Eusko Jaurlaritza astelehenean batzartuko da Zallako eta Gueñesko udal ordezkariekin, egin dituen neurketen eta hartu dituen neurrien berri emateko.