Emakume bat harrapatuta hil zuen kale garbigailuak ez zuen soinu alarmarik

Emakume bat harrapatuta hil zuen kale garbigailuak ez zuen soinu alarmarik

Aitziber Laskibar Lizarribar

Ricardo Barkala Bilboko Lan eta Zerbitzuetarako zinegotziak gaiari buruzko azalpenak emateko agerraldia egin eta biharamunean jakin da berria, egunkari batek filtratuta: aurreko astean, Deustuko San Pedro plazan kaleak garbitzeko ibilgailu batek hil zuen Arantza Gallastegi, eta makina hark ez zuen soinu alarmarik. 67 urteko andre hura plazan zegoen, kaleak garbitzeko makina baten atzealdean, ibilgailuari bizkar emanda. Garbigailua gidatzen zuen langileak ez zuen emakumea ikusi, ispiluek ez baitute puntu hori harrapatzen eta makina horrek ez baitu atzealdea erakusteko bideo sistemarik. Atzera martxa sartu zuen gidariak. Deustu auzoko emakumeak, bizkarrez egonik, ez zuen gerturatzen ikusi. Ibilgailuak ez zuenez soinu alarmarik, entzun ere ez zuen egin. Kaleak garbitzeko kamioi txikiak emakumea harrapatu egin zuen, eta bertan hil zen.

Bilboko Udalak atsekabea adierazi du gertatutakoaren inguruan, eta kaleak garbitzeko makinei buruzko azterketa egiteko asmoa adierazi du. Lan eta Zerbitzuetarako zinegotziak agerraldia egin zuen oposizioko taldeen aurrean, hala eskatuta. Emakumea harrapatu zuen makinak lege arau guztiak betetzen dituela azaldu zuen asteleheneko agerraldian. Eta garbiketarako enpresekiko kontratua berritzen duenean makina elektriko berriak izango dituela udalaren menpeko zerbitzuak. Guztiek soinu alarma izan dezaten nahi du udalak; atzera egiten dutenean, txistu egin dezatela.

Kaleak garbitzeko makinek Bilboko kaleetan 30 urte daramatela eta orain arte ez dutela arazo larririk eragin ohartarazi du Juan Mari Aburto alkateak. Iaz, lau kexa egin zituzten herritarrek garbitzeko kamioi eta makinek egiten duten zaratarekin lotuta. “Atsedenerako eskubidea eta garbitasuna uztartzea da zailena”, adierazi zuen.

Oposizioko bi taldek asteartean adierazi zuten haserrea: EH Bilduk eta Ganemos Goazen Bilbaok. Bezperan Barkalak gaiari buruzko agerraldia egin zuen arren, berebiziko garrantzia duen informazio bat eman ez izana leporatu zioten biek: emakumea harrapatu zuen ibilgailuak ez zuela soinu alarmarik esan ez izana salatu zuten. Koalizio abertzaleak “informazioa ezkutatzea” ere egotzi zion. Era berean, makina guztiek alarma hori izan artean txisturik ez dutenak oinezkoen guneetatik kentzeko eskatu zuten bi taldeek. 32 ibilgailuetatik 13 dira horiek.