Baratzeen ordez, autoak

Baratzeen ordez, autoak

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Duela sei urte eraiki zuten Getxoko Ibarbengoako metro geltokia. Baina itxita dago oraindik, ondoko lursaileko parkinga noiz egingo zain. Zehazki, Tosu kaleko berdegunean egin nahi dute hiru solairuko aparkalekua. Baina hori saihesteko lanean ari dira auzokideak aspaldidanik. Azpiegituraren eraikuntza lanak galarazteko lursaila okupatu zuten herritarrek 2011n, eta baratze kolektiboak dituzte eremu horretan ordutik. Lurra lantzen aritu dira Tosu Betirako taldeko kideak eta auzokideak azken sei urteetan. Baina abenduan alarmak piztu ziren berriz. Izan ere, parkinga eraikitzeko azken urratsa egin du Eusko Jaurlaritzak azken hilabeteetan: azpiegitura eraikitzeko lanak adjudikatu ditu. Edonoiz sar litezke hondeamakinak Tosuko berdegunean, eta, hori saihesteko, erresistentzia kanpaldi mugagabea abiatu dute Tosu Betirako taldeko kideek.

Noiznahi abiatuko dituzte lanak. Eraikuntza enpresetako langileak Tosuko berdegunean dabiltza jada, perimetroa markatzen eta hondeamakinak landara sartu aurretik egin beharrekoak prestatzen. Hirurehun autorentzako tokia duen aparkalekua egitea da asmoa. Hiru solairukoa izango da, eta lur azpian joango dira horietako bi. Antzeko azpiegiturak dituzte Leioa, Etxebarri eta Barakaldoko BECen tokiko metro geltokien ondoan, eta halakoa egin nahi dute Getxoko Ibarbengoako sarbidearen ondoan ere. Sei urte dira metro geltokia egin zutenetik, baina metroak ez du geldialdirik bertan oraindik, eta guztiz utzita dagoela azaldu du Tosu Betirako ekimeneko kide Jon Gomezek.

Joan den ekainean abiatu zuen Jaurlaritzak Ibarbengoako parkingeko lanak adjudikatzeko prozesua. Abenduan jakinarazi zuten Dragado SA eta Geotecnica y Cimientos SA Geocisa enpresek hartu dutela ardura hori —2.991.076 euroko aurrekontua dute horretarako—. Azken akta sinatzea besterik ez da falta, eta, behin hori eginda, hamabi hilabeteko epea dute enpresek aparkalekua eraikitzeko. Prozesuaren berri izan eta berehala abiatu zituzten protestak Tosu Betirako taldeko auzokideek. “Esleipenaren berri izan genuenean, erresistentzia kanpaldia hastea erabaki genuen. Azken bi asteetan ekitaldiak egin ditugu Tosuko berdegunean, eta ildo beretik jarraituko dugu aurrerantzean ere”. Aparkalekuaren aurkako manifestazioa egin zuten joan den larunbatean. Herri eragile eta alderdiek osatutako Getxo Bizirik plataformak egin zuen protestarako deialdia, eta atxikimendua adierazi zioten Tosu Betirako ekimeneko kideek ere.

Eztabaida sortzaile

EH Bilduk eta Guk Getxo alderdiak ez dute aparkalekuaren egitasmoa babesten. Koalizio abertzalearen iritziz, azpiegiturak ez ditu Andra Mariko auzokideen beharrak aseko, eta, parkinga egin gabe, metro geltokia zabaltzeko eskatu dio udal gobernuari. Ildo beretik jo du Guk Getxok ere. Auzoaren aurkako “eraso” gisa ikusi du egitasmoa. Tosu Betirako taldeko kideak azaldu du parkingari buruz eztabaidatzeko mahai inguru batera gonbidatu zituztela udal gobernua osatzen duten alderdiak —EAJ eta PSE-EE—. Ez zuten parte hartu nahi izan, ordea.

Gomezek azaldu du auziaren hasieratik erantzun bera eman duela udalak: azpiegituraren ardura ez dagokiola erakundeari. “Ez dituzte herritarren protesta eta herritarren beharrak aintzat hartzen. Aparkalekuaren proiektua Eusko Jaurlaritzaren eta Garraio Partzuergoaren eskumena dela azaltzen dute udalean. Baina, paradoxikoki, Imanol Landa alkatea bokala ere bada Garraio Partzuergoan. Publikoki ere azaldu du parkingak onurak ekarriko dizkiola auzoari”.

Gomezek argi du: Andra Mari auzoak ez du aparkalekuaren beharrik. Eta harago ere joan da. Azaldu du lursailaren azpian dauden ur geruzei ere kalte egingo diela eta eraikuntzak ekologikoki izango duen inpaktua ez dutela aintzat hartu. “Andra Mari nekazaritza ingurua izan da tradizionalki. Getxo inguruan geratzen den lur eremu berde bakarretakoa da”. Gomezen arabera, Tosun aparkalekua egitea ez da edonolako egitasmoa. “Zertarako behar da 300 auto baino gehiagorentzako tokia duen aparkalekua? Parkinga egitea hasiera baino ez da. Proiektu estrategikoa da, gerora egin nahi dituzten bestelako azpiegiturak eraikitzeko”. 2001eko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) ekarri du gogora Gomezek. Hori baita Tosuko lur eremuetako gatazken abiapuntua.

Ezkutuko asmoak

Andra Mari auzoan 8.000 etxebizitza eraikitzeko asmoa jasotzen zuen 2001eko HAPO txostenak. Auzokideak ez zuten egitasmoa begi onez ikusi, eta hainbat protesta abiatu zituzten Andra Mariko berdeguneak bere horretan mantentzeko. Hainbat protestaren ondoren, 8.000 etxebizitza eraikitzeko proiektua bertan behera uztea lortu zuten, 2007an. Baina ez zen hor bukatu Andra Mariko berdeguneen auzia. Lursailak babesteko, lurralde zatikako planaren aurkako batzordea osatu zuten auzokideek. Eta, 2011n, kanpaldia egin zuten Tosu kalearen sarbidean dagoen eremuan, Vivendas de Bizkaia enpresarena den eremuan. Ekimen hartan erabaki zuten lursailak modu jarraian okupatzea, eta bertan jarraitzen dute, ondorioz, Tosukoek. Gomezek iradoki du aparkalekua eraiki eta metroa martxan jarri ondoren etxebizitzak eraikitzeko asmoa duela udalak. “Auzoa desitxuratu nahi dute”.

Bukaera arte berdegunearen defentsa egingo dute Tosu Betirako elkarteko kideek. Datozen egunetan hainbat ekitaldi egingo dituzte bertan.