Lurralde bakarra, bi auzotasun

Bi dira herri baten nortasun adierazle garrantzitsuenak: alde batetik, hizkuntza; bestetik, zuzenbidea. Alegia, familia eta gizartea antolatzeko sortzen den sistema berezia". Modu horretan nabarmendu du Gontzal Aizpurua abokatuak zuzenbide zibilari eustearen garrantzia. Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko Gobernu Batzordeko eta Foru Zuzenbide Zibileko Batzordeko kide da. Euskal Herrian, jatorrizko zuzenbidea indartsuen gorde duten herrialde historikoetako bat da Bizkaia. Hala, bi zuzenbide zibil ditu: zuzenbide zibil orokorra —Espainiakoa— eta Bizkaiko foru zuzenbide zibila.

Auzotasunaren arabera —nongoa den aintzat hartuta, alegia—, kode zibil bat edo bestea ezartzen zaio bizkaitar bakoitzari. Bizkaitar guztiak dira forudunak, hiribilduetakoak eta Urduñakoak izan ezik; eta leku horietan ere badaude salbuespenak. Horren ondorioz, ezberdinak izan daitezke, adibidez, bizkaitar forudun batek eta bizkaitar forugabe batek senipartea uzterakoan izango dituzten eskubide eta betebeharrak. Hona hemen bi zuzenbideon arteko ezberdintasunik nabarmenenak.

1. Tronkalekotasuna

Bizkaiko foru zuzenbidearen ezaugarririk adierazgarrienetakoa da. Zuzenbide zibil orokorrak, ordea, ez du halakorik. "Jabetzak zeukan izaeraren arabera —kolektiboa eta ez indibidualista—, ondasun batzuk familiari lotuta daude; familiarenak dira, eta familian jarraitu behar dute". Tronkalekotasun horrek oinordekotzari eragiten dio, testamentu bidezkoan eta testamenturik bakoan; baina baita eskualdaketetan ere. Tronkaleko senide batzuek ondasunok eskuratzeko eskubidea dute, tronkalekoak ez diren beste senide batzuen aurretik; ezkontidearen aurretik, esaterako.

Foru zuzenbide zibilaren mendeko herri batean higiezin bat duenaren adibidea jarri du Aizpuruak. "Ondasun hori aurretik badatorkit, familiarena izandakoa bada, derrigorrez nire familiakoei utzi behar diet, nahiz eta, seme-alabarik izan ez dugunez, testamentuak esan alargunari utzi diodala". Kasu horretan, senideok testamentua deuseztatzeko eskatu, eta ondasunaren jabe egin daitezke.

Eskualdaketetan ere beste horrenbeste gertatzen da. Erosteko, lehentasuna dute tronkalekotasunaren parte diren senideek, eta, saldu aurretik, asmo horien berri eman behar zaie, notario bidez. Jakinarazpenik egin gabe, senideek eskubidea dute salerosketa hori deuseztatu eta bidezko tasazio prezioan eskuratzeko. "Egun, bada salbuespen bat: hiri lur diren guneetan eta hirigintza planaren arabera hiri lur bihurtuko diren guneetan, ez dago lehentasun eskubiderik".

2. Oinordekotza

Foru zuzenbide zibila ezartzen zaien bizkaitarrek, oinordekotza antolatzerakoan behartuta daude ondorengoei ondasunen lau bosten uztera. Zuzenbide zibil orokorrean, berriz, seniparte horrek bi herenekoa izan behar du. Senipartea aurrekoek edo arbasoek hartuz gero, horiei erdia uztera behartzen dute bi kode zibilek. Ezkontideak eta izatezko bikotekideak, alargun geratzerakoan, eta ondorengoak edota oinordekoak bizi badira, ondasunen erdiaren gozamena izango luke foru zuzenbidean. Alarguna hildakoaren gertuko senideekin bakarrik geratuko balitz —alegia, neba-arrebak, izeko-osabak, lehengusu-lehengusinak...—, aurrekorik eta ondorengorik gabe, ondasun guztien bi herenen gozamen izango luke. Zuzenbide zibil orokorrean, berriz, alargunak, ondorengorik baldin badago, heren baten gozamena izango luke, eta, gainerako kasuetan, osoa.

Foru zuzenbide zibilean, senipartea kolektiboa da. "Askatasun osoa dago derrigorrez utzi beharrekoa nahi bezala banatzeko ondasunak jasotzeko eskubidea dutenen artean. Adibidez, seme-alabetako bakarrari utz diezaiokezu ondasunen lau bosten, eta besteei ezer ez", azaldu du. Zuzenbide zibil orokorrean, ostera, denei eman behar zaie zerbait.

Zuzenbide bakoitzak bere printzipioak ditu: "Gurean, helburua beti izan da ondasunak osotasunean transmititzea, ahal den neurrian. Adibidez, saihestu nahi izan da ustiategiak zatitzea".

3. 'Alkar-poderosoa'

"Gure erakunde zibiletan, izarra da". Bizkaian asko erabiltzen den testamentu mota da alkar-poderoso delakoa —eskuordetza bidezko testamentua—, eta mendeetan ere asko erabili da. Zuzenbide zibil orokorrean debekatuta egon arren, zuzenbide zibil orokorra aplikatzen zaien bizkaitarrek erabil dezakete; halere, eskuordekoaren ahalmenak ezberdinak dira foru zuzenbide zibilak bizkaitar forudunentzat ezarritako eskuordetza bidezko testamentuak ezarritakoekiko.

Zer da, bada, testamentu mota hori? "Pertsona batek bere ondasunak banatzeko boterea ematen dio konfiantzazko beste pertsona bati; normalean, ezkontideari edo izatezko bikoteari. Botere hori jaso duenak, bizi den bitartean, hildakoaren ondasunen gozamena eta administrazioa izango ditu".

Aizpuruaren esanetan, hainbat helburu ditu. Batez ere, ezkontidea babestea tronkalekotasunak eragin diezazkiokeen kalteetatik. Hala, adibidez, gerta daiteke alargunak bizileku duen etxea utzi behar izatea, tronkalekotasunaren izenean. Eskuordetza bidezko testamentuari esker, halakoak saihestuko lituzkete.

Horrez gain, oinordekoen senipartea hobeto banatzea ere lortu nahi da. "Hil denak testamentua egin zenean baino informazio gehiago du alargunak. Adibidez, seme-alabetako batek besteek baino behar gehiago izan badu, ondare gehiago uzteko aukera izango luke, edo etxeko ustiategiaz arduratzen hasi denari ustiategiaren jabegoa uztekoa".

4. Oinordetza itunak

Ondasunen jabeak, bizi den bitartean, bana ditzake jarauspena, senipartea eta ondasun zehatzak derrigorrezko oinordekoen artean, onuradunekin hartutako kontraprestazio akordio baten arabera —adibidez, bizi den bitartean ondasun horien gozamena izatea—. Zuzenbide zibil orokorrean debekatuta dago halakorik. Debekatuta daude, era berean, elkarreko testamentuak. Dena den, azken horiek —testamentua elkarrekin egitea—, ez dira asko erabiltzen foru zuzenbide zibilean.

5. Foru komunikazioa

Bizkaiko foru zuzenbideak jasotzen duen ezkontzaren ondasun jaurpidea da. Bikote bat ezkondu edo izatezko bikote egiten bada, eurek erabakitzen dute ondasunak nola erregulatu. Ezer itundu ezean, bizkaitar forudunei foru komunikazioa ezarriko zaie. Alegia, ondasun guztiak, bienak, batak zein besteak ekarritakoak, bienak izango dira.

Erregimen horrek oinordekotzarekin dauka lotura. "Alarguna bien seme-alabekin geratzen denean aplikatzen da foru komunikazioa; ondasunak erdibitu egiten dira: erdia, alargunarentzat; beste erdia, seme-alabentzat". Gainera, normalean, eskuordetza bidezko testamentua eginda izan ohi dutenez, seme-alaben esku geratu den erdi horren gozamena ere alargunak izango luke.

Bizkaitar forudunak.

Bizkaitarren %60 forudunak dira; alegia, Bizkaiko foru zuzenbide zibila aplikatzen zaie. Gainerako %40ak, berriz, forugabeak dira, eta zuzenbide zibil orokorra aplikatzen zaie. Araban ere, Laudio eta Aramaion, Bizkaiko foru zuzenbidea darabilte.

Ordena jartzeko beharrizana

Bizkai osoan, foru zuzenbide zibila egon da indarrean, betidanik. Baita 1452an Batzar Nagusiek Bizkaiko Foru Zaharra idatzi aurretik ere. Baina, XII. mendean, hiribilduak sortzen hasi ziren, eta Bizkaiko jaun eta andreek aparteko foru bat ematen zieten, Gaztelakoa. Hala, hiribilduotan Gaztelako erresumako zuzenbidea ezartzen zen —egungo Espainiako zuzenbide zibil orokorra—. Beraz, elizate izandakoetan foru zuzenbide zibilari eusten diote, eta hiribilduetan eta Urduñan, zuzenbide zibil orokorrari. Hala ere, Aizpuruaren esanetan, banaketa ez zen hain erraza izan.

"Hiribildu horien garapen urbanistikoaren ondorioz, handituz joan zen zuzenbide zibil orokorraren ezarpen eremua, eta, foru zuzenbide zibilarena, murrizten. Mugak aldatuz joan dira". Eta, gaur egun ere, horren guztiaren ondorioz, korapilatsua da banaketa. "Hiribildu horietako leku batzuetan, Bizkaiko foru zuzenbide zibila ezartzen da oraindik. Herri baten barruan, kalearen eta atariaren arabera, ezberdina izan daiteke aplikatzen den zuzenbidea". Hala, posible da kale bereko bi herritar bata foruduna eta bestea forubakoa izatea.

Hori eta bestelako nahaste ugari konpontzeko, 1992an egokitzen saiatu zen Eusko Legebiltzarra. Ordura arte, hainbeste mendetan, 1526an Bizkaiko Foru Berria idatzi zenean baino ez zen egokitu Bizkaiko foru zuzenbide zibila, erakunde politiko propioen bitartez. Uztailaren 1eko Foru Zuzenbidearen Legeak arautu zituen, beraz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden zuzenbide zibilak. Izan ere, gaur egun, lau auzotasun daude hiru herrialde historikoetan. Bizkaian bi auzotasun egoteaz gain, honelakoa da egoera: Gipuzkoa osoan zuzenbide zibil orokorra dago indarrean, baina, baserrietan, Gipuzkoako forua aplikatzen da; Araban ere zuzenbide zibil orokorra dago indarrean, Aiaraldean, Laudion eta Aramaion izan ezik. Aiarak foru berezi bat dauka, askoz ere askatasun handiagoa ematen duena. Esaterako, ondasun guztiak nahi zaionari uzteko eskubidea aitortzen du, seniparterik ezarri gabe.

Saioak eta proposamenak

Bizkaian dauden bi zuzenbide zibil horien ezarpen esparruak zein ziren finkatzen saiatu ziren 1992ko lege horren bidez. Halere, erreforma sakon baten beharra dago oraindik. Hainbat saio egin dira. Eusko Legebiltzarrean ponentzia bat egin zen 2008an, baina oraindik ez du fruiturik eman. 2000. urtean, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak lege proiektu bat hasi zuen, eta gero Zuzenbidearen Euskal Akademiak hartu zuen. Proposamenak aldaketa nagusi batzuk jaso ditu.

Batetik, auzotasun bakar bat eratu nahi da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar guztiek eskubide eta betebehar berberak izan ditzaten. Hala ere, proposamen horren arabera, salbuespenei eutsiko litzaieke: Bizkaian tronkalekotasuna —murriztuago bada ere—, Aiaraldean oinordekotzetako askatasun erabatekoa eta Gipuzkoako baserrietako foru zuzenbidea.

Horrez gain, proposatzen du senipartea murriztea —ondorengoena, lau bostenetik bi herenera edo heren batera— eta, kasu batzuetan, kentzea —aurrekoenean—. Gertuko tronkaleko senideen eskubideak murriztea ere proposatu da. Gainera, ezkontidearen eskubideak indartzeko ere eskatzen du, tronkalekotasunak hainbesteko kalterik egin ez diezaion. Adibidez, nahiz eta eskuordetza bidezko testamentua eginda ez eduki, ohiko etxebizitza denean alargunak horren gozamenerako eskubidea izatea nahi dute. Gainera, nahi dute Bizkaitik kanpo zuzenbide zibil orokorraren mende daudenek ere eskubidea izatea eskuorde bidezko testamentua egiteko.

Bada premiazko beste aldaketa bat. Dibortziatu gabe banatzen diren bikoteen kasuan, bikotekide izandakoak senipartea jasotzeko eskubidea izango du. Hala da tratu txarrengatik banatu direnenekin ere. Zuzenbide zibil orokorrak debekatua du, halakoetan, senipartea jasotzeko eskubidea.

Inoren heriotza

Hamabostean behin argitaratzen didaten zutabe hau aurreko larunbatean idazten dut. Eta joan den larunbatean Fragari buruz idaztea bururatu zitzaidan. Hala egin nuen, pentsatuz gaur bizirik egongo zela, urte luzez gainera, zalantza handiak bainituen in...

Cikautxoren egoera politikoaz

Mondragon edo MCCko kooperatiba baten autoritatea da bazkideen Batzar Nagusia. Zuzendaritza batzordea da kudeaketaren arduraduna, eta erantzukizunak bazkideenak dira. Batzar Nagusiak esaten duen moduko kudeaketa izan behar da. Zuzendaritza Batzordeak ...