Lurralde bakarra, bi auzotasun

Bi dira herri baten nortasun adierazle garrantzitsuenak: alde batetik, hizkuntza; bestetik, zuzenbidea. Alegia, familia eta gizartea antolatzeko sortzen den sistema berezia”. Modu horretan nabarmendu du Gontzal Aizpurua abokatuak zuzenbide zibilari eustearen garrantzia. Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko Gobernu Batzordeko eta Foru Zuzenbide Zibileko Batzordeko kide da. Euskal Herrian, jatorrizko zuzenbidea indartsuen gorde duten herrialde historikoetako bat da Bizkaia. Hala, bi zuzenbide zibil ditu: zuzenbide zibil orokorra —Espainiakoa— eta Bizkaiko foru zuzenbide zibila.

Auzotasunaren arabera —nongoa den aintzat hartuta, alegia—, kode zibil bat edo bestea ezartzen zaio bizkaitar bakoitzari. Bizkaitar guztiak dira forudunak, hiribilduetakoak eta Urduñakoak izan ezik; eta leku horietan ere badaude salbuespenak. Horren ondorioz, ezberdinak izan daitezke, adibidez, bizkaitar forudun batek eta bizkaitar forugabe batek senipartea uzterakoan izango dituzten eskubide eta betebeharrak. Hona hemen bi zuzenbideon arteko ezberdintasunik nabarmenenak.

1. Tronkalekotasuna

Bizkaiko foru zuzenbidearen ezaugarririk adierazgarrienetakoa da. Zuzenbide zibil orokorrak, ordea, ez du halakorik. “Jabetzak zeukan izaeraren arabera —kolektiboa eta ez indibidualista—, ondasun batzuk familiari lotuta daude; familiarenak dira, eta familian jarraitu behar dute”. Tronkalekotasun horrek oinordekotzari eragiten dio, testamentu bidezkoan eta testamenturik bakoan; baina baita eskualdaketetan ere. Tronkaleko senide batzuek ondasunok eskuratzeko eskubidea dute, tronkalekoak ez diren beste senide batzuen aurretik; ezkontidearen aurretik, esaterako.

Foru zuzenbide zibilaren mendeko herri batean higiezin bat duenaren adibidea jarri du Aizpuruak. “Ondasun hori aurretik badatorkit, familiarena izandakoa bada, derrigorrez nire familiakoei utzi behar diet, nahiz eta, seme-alabarik izan ez dugunez, testamentuak esan alargunari utzi diodala”. Kasu horretan, senideok testamentua deuseztatzeko eskatu, eta ondasunaren jabe egin daitezke.

Eskualdaketetan ere beste horrenbeste gertatzen da. Erosteko, lehentasuna dute tronkalekotasunaren parte diren senideek, eta, saldu aurretik, asmo horien berri eman behar zaie, notario bidez. Jakinarazpenik egin gabe, senideek eskubidea dute salerosketa hori deuseztatu eta bidezko tasazio prezioan eskuratzeko. “Egun, bada salbuespen bat: hiri lur diren guneetan eta hirigintza planaren arabera hiri lur bihurtuko diren guneetan, ez dago lehentasun eskubiderik”.

2. Oinordekotza

Foru zuzenbide zibila ezartzen zaien bizkaitarrek, oinordekotza antolatzerakoan behartuta daude ondorengoei ondasunen lau bosten uztera. Zuzenbide zibil orokorrean, berriz, seniparte horrek bi herenekoa izan behar du. Senipartea aurrekoek edo arbasoek hartuz gero, horiei erdia uztera behartzen dute bi kode zibilek. Ezkontideak eta izatezko bikotekideak, alargun geratzerakoan, eta ondorengoak edota oinordekoak bizi badira, ondasunen erdiaren gozamena izango luke foru zuzenbidean. Alarguna hildakoaren gertuko senideekin bakarrik geratuko balitz —alegia, neba-arrebak, izeko-osabak, lehengusu-lehengusinak…—, aurrekorik eta ondorengorik gabe, ondasun guztien bi herenen gozamen izango luke. Zuzenbide zibil orokorrean, berriz, alargunak, ondorengorik baldin badago, heren baten gozamena izango luke, eta, gainerako kasuetan, osoa.

Foru zuzenbide zibilean, senipartea kolektiboa da. “Askatasun osoa dago derrigorrez utzi beharrekoa nahi bezala banatzeko ondasunak jasotzeko eskubidea dutenen artean. Adibidez, seme-alabetako bakarrari utz diezaiokezu ondasunen lau bosten, eta besteei ezer ez”, azaldu du. Zuzenbide zibil orokorrean, ostera, denei eman behar zaie zerbait.

Zuzenbide bakoitzak bere printzipioak ditu: “Gurean, helburua beti izan da ondasunak osotasunean transmititzea, ahal den neurrian. Adibidez, saihestu nahi izan da ustiategiak zatitzea”.

3. ‘Alkar-poderosoa’

“Gure erakunde zibiletan, izarra da”. Bizkaian asko erabiltzen den testamentu mota da alkar-poderoso delakoa —eskuordetza bidezko testamentua—, eta mendeetan ere asko erabili da. Zuzenbide zibil orokorrean debekatuta egon arren, zuzenbide zibil orokorra aplikatzen zaien bizkaitarrek erabil dezakete; halere, eskuordekoaren ahalmenak ezberdinak dira foru zuzenbide zibilak bizkaitar forudunentzat ezarritako eskuordetza bidezko testamentuak ezarritakoekiko.

Zer da, bada, testamentu mota hori? “Pertsona batek bere ondasunak banatzeko boterea ematen dio konfiantzazko beste pertsona bati; normalean, ezkontideari edo izatezko bikoteari. Botere hori jaso duenak, bizi den bitartean, hildakoaren ondasunen gozamena eta administrazioa izango ditu”.

Aizpuruaren esanetan, hainbat helburu ditu. Batez ere, ezkontidea babestea tronkalekotasunak eragin diezazkiokeen kalteetatik. Hala, adibidez, gerta daiteke alargunak bizileku duen etxea utzi behar izatea, tronkalekotasunaren izenean. Eskuordetza bidezko testamentuari esker, halakoak saihestuko lituzkete.

Horrez gain, oinordekoen senipartea hobeto banatzea ere lortu nahi da. “Hil denak testamentua egin zenean baino informazio gehiago du alargunak. Adibidez, seme-alabetako batek besteek baino behar gehiago izan badu, ondare gehiago uzteko aukera izango luke, edo etxeko ustiategiaz arduratzen hasi denari ustiategiaren jabegoa uztekoa”.

4. Oinordetza itunak

Ondasunen jabeak, bizi den bitartean, bana ditzake jarauspena, senipartea eta ondasun zehatzak derrigorrezko oinordekoen artean, onuradunekin hartutako kontraprestazio akordio baten arabera —adibidez, bizi den bitartean ondasun horien gozamena izatea—. Zuzenbide zibil orokorrean debekatuta dago halakorik. Debekatuta daude, era berean, elkarreko testamentuak. Dena den, azken horiek —testamentua elkarrekin egitea—, ez dira asko erabiltzen foru zuzenbide zibilean.

5. Foru komunikazioa

Bizkaiko foru zuzenbideak jasotzen duen ezkontzaren ondasun jaurpidea da. Bikote bat ezkondu edo izatezko bikote egiten bada, eurek erabakitzen dute ondasunak nola erregulatu. Ezer itundu ezean, bizkaitar forudunei foru komunikazioa ezarriko zaie. Alegia, ondasun guztiak, bienak, batak zein besteak ekarritakoak, bienak izango dira.

Erregimen horrek oinordekotzarekin dauka lotura. “Alarguna bien seme-alabekin geratzen denean aplikatzen da foru komunikazioa; ondasunak erdibitu egiten dira: erdia, alargunarentzat; beste erdia, seme-alabentzat”. Gainera, normalean, eskuordetza bidezko testamentua eginda izan ohi dutenez, seme-alaben esku geratu den erdi horren gozamena ere alargunak izango luke.