Ordena jartzeko beharrizana

Bizkai osoan, foru zuzenbide zibila egon da indarrean, betidanik. Baita 1452an Batzar Nagusiek Bizkaiko Foru Zaharra idatzi aurretik ere. Baina, XII. mendean, hiribilduak sortzen hasi ziren, eta Bizkaiko jaun eta andreek aparteko foru bat ematen zieten, Gaztelakoa. Hala, hiribilduotan Gaztelako erresumako zuzenbidea ezartzen zen —egungo Espainiako zuzenbide zibil orokorra—. Beraz, elizate izandakoetan foru zuzenbide zibilari eusten diote, eta hiribilduetan eta Urduñan, zuzenbide zibil orokorrari. Hala ere, Aizpuruaren esanetan, banaketa ez zen hain erraza izan.

“Hiribildu horien garapen urbanistikoaren ondorioz, handituz joan zen zuzenbide zibil orokorraren ezarpen eremua, eta, foru zuzenbide zibilarena, murrizten. Mugak aldatuz joan dira”. Eta, gaur egun ere, horren guztiaren ondorioz, korapilatsua da banaketa. “Hiribildu horietako leku batzuetan, Bizkaiko foru zuzenbide zibila ezartzen da oraindik. Herri baten barruan, kalearen eta atariaren arabera, ezberdina izan daiteke aplikatzen den zuzenbidea”. Hala, posible da kale bereko bi herritar bata foruduna eta bestea forubakoa izatea.

Hori eta bestelako nahaste ugari konpontzeko, 1992an egokitzen saiatu zen Eusko Legebiltzarra. Ordura arte, hainbeste mendetan, 1526an Bizkaiko Foru Berria idatzi zenean baino ez zen egokitu Bizkaiko foru zuzenbide zibila, erakunde politiko propioen bitartez. Uztailaren 1eko Foru Zuzenbidearen Legeak arautu zituen, beraz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden zuzenbide zibilak. Izan ere, gaur egun, lau auzotasun daude hiru herrialde historikoetan. Bizkaian bi auzotasun egoteaz gain, honelakoa da egoera: Gipuzkoa osoan zuzenbide zibil orokorra dago indarrean, baina, baserrietan, Gipuzkoako forua aplikatzen da; Araban ere zuzenbide zibil orokorra dago indarrean, Aiaraldean, Laudion eta Aramaion izan ezik. Aiarak foru berezi bat dauka, askoz ere askatasun handiagoa ematen duena. Esaterako, ondasun guztiak nahi zaionari uzteko eskubidea aitortzen du, seniparterik ezarri gabe.

Saioak eta proposamenak

Bizkaian dauden bi zuzenbide zibil horien ezarpen esparruak zein ziren finkatzen saiatu ziren 1992ko lege horren bidez. Halere, erreforma sakon baten beharra dago oraindik. Hainbat saio egin dira. Eusko Legebiltzarrean ponentzia bat egin zen 2008an, baina oraindik ez du fruiturik eman. 2000. urtean, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak lege proiektu bat hasi zuen, eta gero Zuzenbidearen Euskal Akademiak hartu zuen. Proposamenak aldaketa nagusi batzuk jaso ditu.

Batetik, auzotasun bakar bat eratu nahi da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar guztiek eskubide eta betebehar berberak izan ditzaten. Hala ere, proposamen horren arabera, salbuespenei eutsiko litzaieke: Bizkaian tronkalekotasuna —murriztuago bada ere—, Aiaraldean oinordekotzetako askatasun erabatekoa eta Gipuzkoako baserrietako foru zuzenbidea.

Horrez gain, proposatzen du senipartea murriztea —ondorengoena, lau bostenetik bi herenera edo heren batera— eta, kasu batzuetan, kentzea —aurrekoenean—. Gertuko tronkaleko senideen eskubideak murriztea ere proposatu da. Gainera, ezkontidearen eskubideak indartzeko ere eskatzen du, tronkalekotasunak hainbesteko kalterik egin ez diezaion. Adibidez, nahiz eta eskuordetza bidezko testamentua eginda ez eduki, ohiko etxebizitza denean alargunak horren gozamenerako eskubidea izatea nahi dute. Gainera, nahi dute Bizkaitik kanpo zuzenbide zibil orokorraren mende daudenek ere eskubidea izatea eskuorde bidezko testamentua egiteko.

Bada premiazko beste aldaketa bat. Dibortziatu gabe banatzen diren bikoteen kasuan, bikotekide izandakoak senipartea jasotzeko eskubidea izango du. Hala da tratu txarrengatik banatu direnenekin ere. Zuzenbide zibil orokorrak debekatua du, halakoetan, senipartea jasotzeko eskubidea.