Lapurretan

Idazle batek gai izan behar luke pertsonaia guztien lekuan jartzeko. Demagun, ba, hiri bat, herri bat, auzo bat, eraikin bat… hau da, jende ezaguna eta ezezaguna bizi den gune bat.

Demagun gune horretako txoko batean hogeita hamabost urte inguruko andrazko edo gizonezko bat dagoela. Badaki guraso bikoitzak dauzkala: aita eta ama ezagunak, hots, oinez irakatsi ziotenak, burkoaren azpian hagin zaharraren truke hogei durokoa ipini ziotenak, zer dagoen ondo eta zer dagoen txarto irakatsi diotenak… eta besteak; alegia, zelulak, odola eta haragia eman zizkioten ezezagunak. Baliteke jatorri biologikoa ezagutu nahi izatea. Baina baliteke ezetz.

Demagun alboan, azpian, gainean edo parean bizi direla duela hogeita hamabost urte, ahalegin antzuen ondoren, beraiena balitz moduan inoren umea haztea eta heztea erabaki zuten guraso ezagunak. Baliteke behin edo behin, isilpean, euren buruari galdetu izana zeinek eta zergatik egingo zion uko umeari euron mesederako. Baina baliteke premiarik ez sentitzea. Baliteke ezetz.

Era berean, demagun urrunegi barik bizi direla baita ere duela hogeita hamabost urte dena delakoagatik haur jaio berria inoren esku utzi behar izan zuten guraso biologiko ezezagunak. Baliteke gauero oroitzea zer sudur borobila zeukan aspaldiko txiki hark, zelan egiten zuen negar. Baina baliteke ezetz, baliteke pentsatzea lasai biziko dela, ondo, pozik eta bakean.

Baina, egoerari buelta erdi emanda, demagun guraso ezezagun horiek ez ziotela uko egin euren umeari duela hogeita hamabost urte. Demagun, laugarrena edo zazpigarrena izan arren, etxeko denak poztu zirela eskualdeko klinikan edo ospitalean jaio zenean. Hala ere, gauzak ondo zihoazelakoan, demagun goiz batean bata zuridun aditu bat etorri zitzaiela gelara esanez: sentitzen dugu, baina zuen umeak txarrera egin du eta bart hil da. Demagun harridurak eta sustoak eraginda aditu horren aholkuei men egin zietela, agian senak kontrakoa eskatu arren, eta, ondorioz, kaxa itxi bat, mantan gorderiko aurpegi zati bat eta frogarik bako susmo antzua baino ez direla iltzatu euren oroimen-amaraunean.

Demagun, bada, zeinek bere bidea eginez igaro dutela denbora, iraganari unez uneko estalkia ehunduz, asmo onenak haritzat hartuta.

Baina, halako batean, gaurko egun batez, adibidez, demagun gertaera hartako parte batzuk galderak egiten hasi direla. "Nor naiz, nondik nator?" "Guk legal jokatu genuen, ezta?" "Lurpean ez badago, non dago?"

Demagun galdera horien oihartzunak denera zabaldu direla, mikrouhinen antzera, eta hiriko kaleek, herriko bideek, auzoko espaloiek eta eraikinetako hormek krak egin dutela eta lurrak dar-dar.

Demagun idazle batek dena idaztea erabaki duela, dardaren erreplikek bultzatuta.

Demagun pieza bat falta duela, ordea:

Zer sentitzen du lapur batek inoren umea kumatik osterakoan?

Iraganaren lekuko

Bisita gidatuaBilboBizkaiko Foru Agiritegi Historikoak bisita gidatuak antolatu ditu aurrenekoz. Asteartero, gidari batek lagunduta, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean dagoen eraikinaren barrunbeak ezagutzeko aukera egongo da. Horretarako, aurretiaz hi...

Enkarterri, mendebaldetik erdigunera ezin iritsita

Enkarterri eskualdea Bizkaiko mendebaldean dago. Ezin mendebalderago; mugakide ditu Araba, Burgos (Espainia) eta Kantabria (Espainia). Sarri, gainera, badirudi Bizkaitik kanpo dagoela eskualdea. Bilbotik Lanestosa edo Karrantzara joateko, esaterako, Kantabriara (Espainia) pasatuta errazago egiten da bidea, zuzenean Bizkaiko herrietatik igarota baino.

Enkarterrialde 21 garapen iraunkorrerako eskualdeko bulegoak mugikortasunari buruzko azterketa bat egin du bertako bost udalerritan. Eskualde barruan bertan eta handik kanpo, Bizkaiko beste herrietara joateko komunikazio bideak hobetu beharra aipatu dute, batez ere, bertako herritarrek azterketa horretarako inkesta eta foroetan. Handik igarotzen diren garraio publikoen ordutegiak zabaltzea eta batzuk besteekaz egokitzea ere beharrezko ikusten dute.

Artzentales, Galdames, Karrantza, Sopuerta eta Turtzioz herrietan egin dute ikerketa. Herriok aukeratu zituzten, Monica Alonso mugikortasunari buruzko azterketaren arduradunaren arabera, "motorizazio maila altuena daukatelako eta, garraio publikoari dagokionez, eskaintza txikiena daukatelako". Eskualdean, zenbait arlotan ahaztuta egotearen ideia gaindituta dago; izan ere, turismoaren alorrak, esate baterako, gero eta presentzia handiagoa dauka. "Baina garraio publikoak zailtasun handiak ditu", azaldu du Alonsok.

Artzentalesen, esaterako, autobus eta tren zerbitzua daukate. Autobusak Balmasedatik Lanestosara arteko bidea egiten du. Astelehenetik ostiralera, bi ordutik behin ateratzen da Lanestosatik. Balmasedatik, berriz, ia hiru ordutik behin dago autobus zerbitzu hori goizez, eta hiru eta bost ordu arteko maiztasunagaz dabil arratsaldean. Asteburu eta jaiegunetan, autobus bakarra daukate goizez eta arratsaldez.

Tren zerbitzua ere badaukate, Santander (Kantabria, Espainia) eta Bilbo lotzen dituena. Karrantza, Turtzioz eta Artzentales igarotzen ditu linea horrek. Noranzko horretan, goizean tren bi eta arratsaldean beste bi dituzte. Kontrako noranzkoan, baina, goizean, eguerdian eta iluntzean bana baino ez daukate.

Bestalde, Galdames eskualdearen barnealdean dago; Muskiz, Sopuerta eta Gueñesekin dauzka mugak. A-8 errepidetik eta Ezkerraldetik hurbil dagoenez, Enkarterrin Bilborako konexio onenak dituen herria da. Lau autobus linea pasatzen dira bertatik. Herritarrak, baina, kexu dira linea horien maiztasuna urria delako. Besteak beste, Santurtzi eta Balmaseda arteko bidea egiten duen lineak 08:30etik 20:30era bitartean bi ordutik behin ematen du zerbitzua —Sopuerta eta Galdamestik igarota—.

Portugalete eta Galdames arteko zerbitzuarekin antzekoa gertatzen da: 07:30etik 21:30era bitartean bi ordutik behin ateratzen da astegunez eta zapatuetan. 13:30eko autobusa soilik sartzen da, bestalde, Gallartan. Eta domeketan eta jaiegunetan, Portugaletetik beharrean, Muskiztik ateratzen da zerbitzua hiru ordutik behin —07:30etik 19:30era—.

Bilbora bi ordu, autobusez

Karrantza da Enkarterrialdek azterketa egin duen eremuko herririk handiena. 2.786 biztanle ditu. Eskualdean mendebalderen dagoen herria da. Trena erabiltzen dute gehien bertako bizilagunek; izan ere, Bilborako bidea ordubetean egiten du trenak, eta autobusak, berriz, bikoitza behar du, bi ordu, hain zuzen ere. Bi garraio mota horien maiztasunak areagotzea nahi dute bertako bizilagunek, Enkarterrialderen datuen arabera; baita Bilborako autobus zuzena jartzea ere.

Sopuertan ere, beharrezkotzat jotzen dute autobusak maiztasun handiagoarekin ibiltzea. Izan ere, bertatik lau autobus linea pasatzen diren arren, linea horien maiztasunak "eskasak" direla deritzote herritarrek.

Horrez gain, Muskizerako eta Zallarako autobusa eskatu dute. Lehenengoa, gainera, Muskiztik pasatzen den trenaren ordutegiarekin bat etor dadila gura dute; baita Bilborako linea zuzena ere, Bizkaiko hiriburura azkarrago iritsi ahal izateko.

Turtzioz da Enkarterrialdek aztertu duen azken herria. Bizkaia eta Kantabria (Espainia) lotzen dituen herria da, eta eskualdearen ipar-mendebaldean dago. 542 biztanle ditu, 31 kilometro koadrotan banatuta. Enkarterrin gainerako Bizkaiko herriekiko konexio bide txarrenak dituen eremua dela ondorioztatu du garapen iraunkorrerako bulegoak. Izan ere, mendikatez inguratuta dago.

Autobus eta tren linea bana pasatzen da bertatik, baina garraio mota bi horiek herritarrentzat "eskasak" direla deritzo Enkarterrialdek. Bizilagunen eskaera nagusia autobusak maiztasun handiagoagaz ibiltzea da, batez ere, arratsaldetan. Autobus eta tren lineen arteko ordutegi konexio egokia martxan jartzea ere aldarrikatu dute. Bilbora azkarrago iritsiko den autobusa ere gura dute, baita Karrantza-Bilbo tren zerbitzua maizago ibiltzea ere.

Bakarra besteko askotarikoa

Inauteriak iristeko hilabete baino gutxiago falta dela, Bilboko Euskal Museoak giroa berotzeko aukera eskaintzen du. Martxoaren 4ra bitartean, Inauteriak, Europako errege izeneko behin-behineko erakusketa ikusi ahal izango da. Izenak berak dioen modur...

1.200

Galindoko uren araztegian landatuko dituzten arbolak. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa bertoko 1.200 fruta arbola eta zuhaixkak landatzen eta belardia prestatzen hasi da Galindon (Sestao), hondakin uren araztegiaren estazioan.

Garraio publikoa gutxi erabiltzen dute eskasa delako

Enkarterri eskualdean eta, zehatzago, mendebaldeko muturrean, Bilbotik urrutien dagoen eremuan —Karrantza, Turtzioz, Artzentales, Sopuerta eta Galdames—, garraio publikoa gutxi erabiltzen dute, "maiztasunari eta konexioei dagokienez, eskasa delako", Monica Alonso Enkarterrialde bulegoko mugikortasunari buruzko txostenen arduradunaren esanetan. Cadagua ibaiaren ardatzaren inguruko udalerrietan garraio publikoak konexio hobeak dituela jakinarazi du. Balmasedan, Zallan eta Alonsotegin, esaterako, trena eta autobusa maizago dabiltza. Horrez gain, gogora ekarri du orain gutxi zabaldu dutela Cadaguako autobidea eta horrek komunikazioak errazten dituela.