Lapurretan

Idazle batek gai izan behar luke pertsonaia guztien lekuan jartzeko. Demagun, ba, hiri bat, herri bat, auzo bat, eraikin bat… hau da, jende ezaguna eta ezezaguna bizi den gune bat.

Demagun gune horretako txoko batean hogeita hamabost urte inguruko andrazko edo gizonezko bat dagoela. Badaki guraso bikoitzak dauzkala: aita eta ama ezagunak, hots, oinez irakatsi ziotenak, burkoaren azpian hagin zaharraren truke hogei durokoa ipini ziotenak, zer dagoen ondo eta zer dagoen txarto irakatsi diotenak… eta besteak; alegia, zelulak, odola eta haragia eman zizkioten ezezagunak. Baliteke jatorri biologikoa ezagutu nahi izatea. Baina baliteke ezetz.

Demagun alboan, azpian, gainean edo parean bizi direla duela hogeita hamabost urte, ahalegin antzuen ondoren, beraiena balitz moduan inoren umea haztea eta heztea erabaki zuten guraso ezagunak. Baliteke behin edo behin, isilpean, euren buruari galdetu izana zeinek eta zergatik egingo zion uko umeari euron mesederako. Baina baliteke premiarik ez sentitzea. Baliteke ezetz.

Era berean, demagun urrunegi barik bizi direla baita ere duela hogeita hamabost urte dena delakoagatik haur jaio berria inoren esku utzi behar izan zuten guraso biologiko ezezagunak. Baliteke gauero oroitzea zer sudur borobila zeukan aspaldiko txiki hark, zelan egiten zuen negar. Baina baliteke ezetz, baliteke pentsatzea lasai biziko dela, ondo, pozik eta bakean.

Baina, egoerari buelta erdi emanda, demagun guraso ezezagun horiek ez ziotela uko egin euren umeari duela hogeita hamabost urte. Demagun, laugarrena edo zazpigarrena izan arren, etxeko denak poztu zirela eskualdeko klinikan edo ospitalean jaio zenean. Hala ere, gauzak ondo zihoazelakoan, demagun goiz batean bata zuridun aditu bat etorri zitzaiela gelara esanez: sentitzen dugu, baina zuen umeak txarrera egin du eta bart hil da. Demagun harridurak eta sustoak eraginda aditu horren aholkuei men egin zietela, agian senak kontrakoa eskatu arren, eta, ondorioz, kaxa itxi bat, mantan gorderiko aurpegi zati bat eta frogarik bako susmo antzua baino ez direla iltzatu euren oroimen-amaraunean.

Demagun, bada, zeinek bere bidea eginez igaro dutela denbora, iraganari unez uneko estalkia ehunduz, asmo onenak haritzat hartuta.

Baina, halako batean, gaurko egun batez, adibidez, demagun gertaera hartako parte batzuk galderak egiten hasi direla. “Nor naiz, nondik nator?” “Guk legal jokatu genuen, ezta?” “Lurpean ez badago, non dago?”

Demagun galdera horien oihartzunak denera zabaldu direla, mikrouhinen antzera, eta hiriko kaleek, herriko bideek, auzoko espaloiek eta eraikinetako hormek krak egin dutela eta lurrak dar-dar.

Demagun idazle batek dena idaztea erabaki duela, dardaren erreplikek bultzatuta.

Demagun pieza bat falta duela, ordea:

Zer sentitzen du lapur batek inoren umea kumatik osterakoan?