Enkarterri, mendebaldetik erdigunera ezin iritsita

Enkarterri eskualdea Bizkaiko mendebaldean dago. Ezin mendebalderago; mugakide ditu Araba, Burgos (Espainia) eta Kantabria (Espainia). Sarri, gainera, badirudi Bizkaitik kanpo dagoela eskualdea. Bilbotik Lanestosa edo Karrantzara joateko, esaterako, Kantabriara (Espainia) pasatuta errazago egiten da bidea, zuzenean Bizkaiko herrietatik igarota baino.

Enkarterrialde 21 garapen iraunkorrerako eskualdeko bulegoak mugikortasunari buruzko azterketa bat egin du bertako bost udalerritan. Eskualde barruan bertan eta handik kanpo, Bizkaiko beste herrietara joateko komunikazio bideak hobetu beharra aipatu dute, batez ere, bertako herritarrek azterketa horretarako inkesta eta foroetan. Handik igarotzen diren garraio publikoen ordutegiak zabaltzea eta batzuk besteekaz egokitzea ere beharrezko ikusten dute.

Artzentales, Galdames, Karrantza, Sopuerta eta Turtzioz herrietan egin dute ikerketa. Herriok aukeratu zituzten, Monica Alonso mugikortasunari buruzko azterketaren arduradunaren arabera, “motorizazio maila altuena daukatelako eta, garraio publikoari dagokionez, eskaintza txikiena daukatelako”. Eskualdean, zenbait arlotan ahaztuta egotearen ideia gaindituta dago; izan ere, turismoaren alorrak, esate baterako, gero eta presentzia handiagoa dauka. “Baina garraio publikoak zailtasun handiak ditu”, azaldu du Alonsok.

Artzentalesen, esaterako, autobus eta tren zerbitzua daukate. Autobusak Balmasedatik Lanestosara arteko bidea egiten du. Astelehenetik ostiralera, bi ordutik behin ateratzen da Lanestosatik. Balmasedatik, berriz, ia hiru ordutik behin dago autobus zerbitzu hori goizez, eta hiru eta bost ordu arteko maiztasunagaz dabil arratsaldean. Asteburu eta jaiegunetan, autobus bakarra daukate goizez eta arratsaldez.

Tren zerbitzua ere badaukate, Santander (Kantabria, Espainia) eta Bilbo lotzen dituena. Karrantza, Turtzioz eta Artzentales igarotzen ditu linea horrek. Noranzko horretan, goizean tren bi eta arratsaldean beste bi dituzte. Kontrako noranzkoan, baina, goizean, eguerdian eta iluntzean bana baino ez daukate.

Bestalde, Galdames eskualdearen barnealdean dago; Muskiz, Sopuerta eta Gueñesekin dauzka mugak. A-8 errepidetik eta Ezkerraldetik hurbil dagoenez, Enkarterrin Bilborako konexio onenak dituen herria da. Lau autobus linea pasatzen dira bertatik. Herritarrak, baina, kexu dira linea horien maiztasuna urria delako. Besteak beste, Santurtzi eta Balmaseda arteko bidea egiten duen lineak 08:30etik 20:30era bitartean bi ordutik behin ematen du zerbitzua —Sopuerta eta Galdamestik igarota—.

Portugalete eta Galdames arteko zerbitzuarekin antzekoa gertatzen da: 07:30etik 21:30era bitartean bi ordutik behin ateratzen da astegunez eta zapatuetan. 13:30eko autobusa soilik sartzen da, bestalde, Gallartan. Eta domeketan eta jaiegunetan, Portugaletetik beharrean, Muskiztik ateratzen da zerbitzua hiru ordutik behin —07:30etik 19:30era—.

Bilbora bi ordu, autobusez

Karrantza da Enkarterrialdek azterketa egin duen eremuko herririk handiena. 2.786 biztanle ditu. Eskualdean mendebalderen dagoen herria da. Trena erabiltzen dute gehien bertako bizilagunek; izan ere, Bilborako bidea ordubetean egiten du trenak, eta autobusak, berriz, bikoitza behar du, bi ordu, hain zuzen ere. Bi garraio mota horien maiztasunak areagotzea nahi dute bertako bizilagunek, Enkarterrialderen datuen arabera; baita Bilborako autobus zuzena jartzea ere.

Sopuertan ere, beharrezkotzat jotzen dute autobusak maiztasun handiagoarekin ibiltzea. Izan ere, bertatik lau autobus linea pasatzen diren arren, linea horien maiztasunak “eskasak” direla deritzote herritarrek.

Horrez gain, Muskizerako eta Zallarako autobusa eskatu dute. Lehenengoa, gainera, Muskiztik pasatzen den trenaren ordutegiarekin bat etor dadila gura dute; baita Bilborako linea zuzena ere, Bizkaiko hiriburura azkarrago iritsi ahal izateko.

Turtzioz da Enkarterrialdek aztertu duen azken herria. Bizkaia eta Kantabria (Espainia) lotzen dituen herria da, eta eskualdearen ipar-mendebaldean dago. 542 biztanle ditu, 31 kilometro koadrotan banatuta. Enkarterrin gainerako Bizkaiko herriekiko konexio bide txarrenak dituen eremua dela ondorioztatu du garapen iraunkorrerako bulegoak. Izan ere, mendikatez inguratuta dago.

Autobus eta tren linea bana pasatzen da bertatik, baina garraio mota bi horiek herritarrentzat “eskasak” direla deritzo Enkarterrialdek. Bizilagunen eskaera nagusia autobusak maiztasun handiagoagaz ibiltzea da, batez ere, arratsaldetan. Autobus eta tren lineen arteko ordutegi konexio egokia martxan jartzea ere aldarrikatu dute. Bilbora azkarrago iritsiko den autobusa ere gura dute, baita Karrantza-Bilbo tren zerbitzua maizago ibiltzea ere.