Errusiako Gobernuaren menpeko umezurtz etxeetako gazteek, 18 urte bete ostean harrera familietara joaterik ez dute izaten, eta nahikoa harrera familia ez da lortu, gainera; horregatik kanpamentuak antolatzea aztertzen ari dira. Bikarte eta Txernobylek...
@sarean
Oporrak Bakean elkarteak Mendebaldeko Saharan egiten duen lanari buruzko informazioa beheko helbideetan eskura daiteke. Harrera familia gisa izena emateko azken eguna maiatzaren 3a da.
• www.oporrakbakean.jimdo.com
• oporrakbakean@gmail.com
• Telefonoa: 658-75 13 59
Txernobylgoak, ekainaren 20tik abuztuaren 26ra
Txernobylgo Umeak elkartearen bitartez Bizkaira datozen umeak ekainaren 20an iritsi eta abuztuaren 26an joango dira. Gainerako bi elkarteetan oraingoz zehaztu gabe dauzkate data zehatzak, baina uztail eta abuztuko hilak Bizkaian igarotzen dituzte saha...
Zeruko argiei begira
Durango
Durangoko Izarra astronomia elkarteak antolatuta, behaketa astronomikoa izango da bihar gauean. Zuhatzola parkera —monumentuaren aldera— deitu dituzte elkartekoek astronomiarekiko interesa duten guztiak. 21:00etan ekingo diote behaketari.
Eguraldia lagun izatea espero du Izarra elkarteko presidenteorde den Jabi Garciak. Izan ere, gainerakoan ezin izango dute zerua behar bezala behatu. "Oinarrizkoa da lainorik ez egotea; ezinbestekoa", azaldu du.
Teleskopioak, ordenagailu bat eta proiektagailu pantailadun bat eramango ditu elkarteak. Teleskopioetako bat ordenagailura konektatu eta azalpenak emango dituztela jakinarazi du Garciak. Hain zuzen, gau horretan zer ikus daitekeen azalduko dute.
"Datozenei hainbat azalpen emango dizkiegu. Besteak beste, ikusten ditugun konstelazioak zelan identifika ditzaketen esango diegu. Horrez gain, eguraldi ona bada, Jupiterren irudiak proiektatuko ditugu, baita ikusteko moduan dagoen nebulosaren batenak ere". Ikusten dena planeta bat edo izar bat den identifikatzeko jarraibideak ere emango dizkiete bihar Zuhatzola parkean agertzen direnei. Horrez gain, izar multzoen izenen berri emango dute.
Jarduera horretan parte hartu gura duenak bertaratu besterik ez duela egin behar jakinarazi du Jabi Garciak. Teleskopioak eraman beharrik ere ez dago. "Baten batek esan digu teleskopio bat duela eta ez dakiela erabiltzen, ea erakutsiko diogun. Hori ere egin dezakegu, baina ez da beharrezkoa materialik eramatea. Hotzetik babesteko arropak, hori bai", gogorarazi du Izarra elkarteko presidenteordeak, "hotza egingo du eta", gaineratuta.
Bi orduko behaketa
Durangon herritik pixka bat bereizita dagoen eremu bat aukeratu du Izarra astronomia elkarteak biharko, argi artifizialak konstelazioak ikustea ahalik eta gutxien eragotz diezaien. Horrez gain, udalari farolak itzaltzeko baimena ere eskatu diote. Jarduerak, gutxi gorabehera, bi ordu iraungo duela esan du Garciak. Durangoko astronomia elkarte honek bete berri ditu hogei urte.
Aire fresko eta atseden bila
Umeak ume dira munduko edozein txokotan. Batzuen bizi-baldintzak, baina, besteenak baino gogorragoak dira sarri. Dela familia giroagatik, dela maitasun faltagatik, dela egokitu zaien bizitzako edozein aldagairengatik. Haurrek eta gazteek pairatu beharko ez lituzketen arazoak dituzten asko eta asko daude Bizkaian; baita muga horietatik kanpo, urruti bizi direnak ere: Txernobylgo (Ukraina) zentral nuklearraren ondorioak oraindik sufritzen dituztenak, Errusian umezurtz etxeetan bizi direnak eta Mendebaldeko Saharan Marokoren jazarpena eta basamortuko tenperatura altuak jasaten dituztenak, besteak beste.
Zenbait elkarte lanean ari dira aspalditik, ume horietako batzuei urte sasoiren batean egun batzuk beste giro batean igarotzeko aukera eskaintzeko. Krisiak eraginda, baina, gazte horiek hartu ohi dituzten familia gero eta gutxiago daudela jakinarazi dute elkarte horietako batzuek.
1. Ukraina
Txernobylgo Umeak elkartea izan da alarma piztu duen lehenengoa. Aurora Hernandez bertako zuzendaritza batzordeko kideak azaldu du egoera. "Arazo bakarra ez da familia berriak ez datozela, elkarte barruko familietako batzuek arazo ekonomikoak pixka bat arindu bitartean umeen harrera bertan behera utzi behar izan dutela baizik". Urrian hasi ohi dute urtero harrera familiak eskatzeko deialdia, eta azaldu du lau hilabete horietan izan duten erantzuna "oso eskasa" izaten ari dela. Aurten, hain zuzen, izena emateko epeak dagoeneko itxita egon behar bazuen ere, hilaren "20 edo 22ra arte" luzatzen saiatuko direla jakinarazi du Hernandezek: "Ume gehiago ekartzeko familia gehiago lortzen ditugun ikusteko".
Familia bakoitzak 600 euro ordaindu behar ditu Txernobylgo ume bat ekartzeko: "Hegazkineko bidaia ordaindu behar dute". Horrez gain, umea euren kargu duten bitartean, "elikatu eta goitik behera jantzi behar izaten dituzte. Beraz, familia berriek guregana jotzen dutenean, gure azalpenak entzun eta gastuari buruz hitz egiten dugunean, esaten dute pentsatu egin behar dutela prozesuan parte hartu edo ez: 'Agian datorren urtean', esaten digute askok".
Txernobylgo umeentzat erradiazioaren kutsaduratik urtean egun batzuetan urruntzea berebizikoa dela gogorarazi du elkarteak. Hain zuzen, OMEk egindako deialdia ekarri du gogora Hernandezek: "Euren defentsak birsortzeko urtean 40 egunez, gutxienez, kutsatutako eremutik irten behar dute".
2. Errusia
Bikarte elkarteak antzeko helburuak ditu; Gallartan sortu zen, duela hamalau urte, eta Errusia aldeko umeak Gabonetan eta udan hartuko dituzten familien bila ari dira haiek ere. Kanpaina abiatu berri dute, eta "ohi baino eskasago" hasi den arren, Julia Asenjo elkarteko kideak aitortu du oraingoz goiz dela balorazio bat egiteko. Umeak hartu gura dituztenek martxoaren erdialdera arte izango dute eskaera egiteko aukera.
Kasu honetan, familia bakoitzari 350 euro inguru kostatzen zaio ume bat ekartzea. "Kostu erreala beste bat da: 900 euro inguru", esan du Asenjok. Halere, administrazioek ematen dizkieten diru laguntzei eta haiek antolatzen dituzten zozketa eta bestelako egitasmoei esker, familientzako kostuak murriztea lortzen dute. Halere, administrazioen diru laguntzak murrizten ari direla nabaritu dute. "Guk krisia, seguruenik, datorren urtetik aurrera nabarituko dugu gehiago", azaldu du.
Familiek urtean birritan hartzen dituzte 7 eta 18 urte bitarteko gaztetxo horiek: ekain erdialdetik abuztu amaiera bitartean eta abenduaren erdialdetik urtarrilaren erdialdera bitartean. Bikarteren kasuan, umezurtz etxe txikietako gazteak hartzen dituzte. Orain, dena den, Bielorrusiara ere jo dute, eta familiarekin bizi izanik Txernobylgo hondamendiaren kalteak pairatzen dituzten haurrei laguntzea ere bada haien helburua.
Ume horiek, normalean, egoera latzak jasan ohi dituztela ekarri du gogora Asenjok: "Ingurumena, familia eta edozein eratako arazoekin lotutako egoera latz horiek etorkizunera begira eragin handia dute eurengan. Pertsona helduak izango direnerako, hona etorri eta beste bizitza bat izatea posible dela ikustea onuragarria da eurentzat".
Dena den, umezurtz etxeetan bizi arren zoriontsu direla deritzo Bikarte elkarteko kideak. "Oinarrizko beharrizanak aseta eduki ohi dituzte. Lotura afektiboak falta izaten dituzte. Han lagun artean bizi dira, eta euren familia lagunak eurak dira. Hemen, ordea, falta duten maitasun hori eskaintzen saiatzen gara".
3. Sahara
Mendebaldeko Saharako umeak udan hartzen dituzten familien kopuruak ere behera egin du, Julio San Roman Oporrak Bakean elkarteko Bizkaiko arduradunak jakinarazi duenez. "Apurka beheraka joan da. 470 umera arte ekarri izan ditugu, eta, gaur egun, 400 inguruan gabiltza", zehaztu du.
Haren arabera, baliteke krisiak eragina izatea. "Bestalde, etxeetan bikoteko kide biek lan egiten dute orain; beraz, sarri ez da erraza ume bat hartzeko denbora antolatzea". Kasu horretan umeen bidaiaren kostua normalean udalek ordaintzen dutela ekarri du gogora San Romanek.
1992an jarri zuten martxan haurrak hartzeko programa. Fronte Polisarioari harreretarako tramiteak egiten laguntzeko xedez sortu zuten Oporrak Bakean. "Umeak Saharako kanpamentuetan itzalean 55 gradutik gorako tenperaturekin bizi dira, lur eta egoera oso gogorrean. Kanpamentuetatik irten ahal izateko aukera eskaintzen diegu", azaldu du. Horrez gain, han duten egoera politikoa ere ahantzi ezinekoa dela deritzo. "Marokok militarki okupatutako lurretan bizi dira. Mendebaldeko Saharako okupazioa legez kontrakoa da, eta erakunde guztiek —NBEk barne— sahararrei erreferenduma egiteko eskubidea aitortu arren, inork ez du hori bermatzeko ezer egiten", gogorarazi du. Egoera horrekin sentsibilizatzeaz gain, umeei elikadura egokia eta mediku azterketa sakonak eskaintzen dizkiete Bizkaiko familiek.
Haur eta gaztetxo horiek egunerokotasuna egun batzuez alde batera utzi eta umeei dagokien bezala bizitzaz gozatzeko aukera ematea da elkarteon helburua, maitasuna, osasuna, aire freskoa eta, kasuan kasu, batzuek eta besteek dauzkaten gabeziak betetze aldera. Mesedea alde batekoa zein bestekoa dela aitortu dute, dena den, elkarte guztiek.