Sestao, krisiaren alderik gordinenetik irten nahian

Munduko krisialdi ekonomikoak kalte egin die Bizkaiko herri guztiei, modu batean edo bestean. Haatik, industriari lotutako herrietan nabarmenagoa izan da gainbeheraren eragina: eskariaren beherakada dela medio, hainbat lantegik ateak itxi dituzte, eta Espainia Gobernuak onartutako lan legedi berriek ez dute kaleratutakoen egoera hobetzen lagundu. Hala, herri askotan langabezia tasa 1990eko hamarraldiko mailara itzuli da. Horien artean, Sestaoko udalerriaren egoera da bereziki kezkagarria. Izan ere, gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Sestaok du langabezia tasa handiena: sestaoarren %23k ez dute enplegurik.

Egoera horri aurre egiteko asmoz, Sestaoko Udalak 2012 eta 2015 artean enplegua sortzeko planaren zirriborroa aurkeztu du. Udal gobernuko iturriek jakinarazi dutenez, plana "enplegua sortzea sustatuko duten hainbat ekintzek" osatuko dute. Horien artean egongo dira udalak zuzenean egindako behin-behineko kontratazioak, eta autoenplegu proiektuak eta mikroenpresak ere bultzatuko dituzte.

Horrez gain, "kultura ekintzailea" sustatuko dute eta lan esperientziarik gabeko gazteentzako Beka Gaztea egitasmoa jarriko dute martxan. Azkenik, "enpleguaren aldeko ituna" sinatu nahi du udalak erakunde publiko, elkarte eta enpresekin, Sestaon lana sortzearen aldeko konpromisoak har ditzaten.

Enplegu zinegotzi Leire Corralesen hitzetan, egitasmoaren xede nagusia izango da "langabeak prestatzea". Izan ere, Sestaoko langabe askoren ikasketa maila "ez da oso altua", eta etorkizunean beharra aurkitzen laguntzeko, inguruko enpresekin "hitzarmenak sinatu nahian" dabil udala. Itun horien bitartez, lantegien balizko beharrizanak ezagutuko dituzte, gero langabeak baldintza horietara egokitzen saiatzeko.

Sozialisten kritika

Sestaoko PSEk kritika ugari egin dizkio alkatetzak aurkeztutako planari. Sozialisten bozeramaile Alexia Casteloren irudiko, ez da egokia: "Ez dator bat langabeen beharrizanekin, eta ez da koherentea EAJk hauteskunde kanpainan emandako hitzarekin".

Casteloren iritziz, enpleguaren aldeko ituna "ideia ona" izan arren, martxan jartzeko ordena "aldrebesa" hautatu du udalak: "Lehenengo ituna egin behar da, abiaraziko diren ekintzak zehazteko, eta horren arabera garatu behar da plana. Udalak, berriz, plana egina dauka, eta hortik aurrera ituna sinatu nahi du".

Sozialisten aburuz, egitasmoak ez du egin "Sestaoko diagnostiko zehatza", eta, ondorioz, hainbat "hutsegite" ditu. Horien artean leudeke udalerriko egiturazko langabezia "saihestea" —1.700 pertsona, Castelok emandako datuen arabera—, langabeen hezkuntza gabeziak "kontuan ez hartzea", eta Sestaoko "ekoizpen egitura dibertsifikatzearen beharra ez aipatzea".

Planaren heziketa atalei ere kritika egin die zinegotzi sozialistak. Udalak proposatzen dituen bekek "Alemaniako minilan famatuen antza" dutela esan du Castelok: "Gazteek lanaldiaren %80 beteko dute 400 euroren truke, eta, gainera, soldata ez du enpresak ordainduko, udalak baizik".

Enplegu planaren ordez, beste neurri batzuk proposatu dituzte sozialistek. Adibidez, enplegua sortzeko "baliabide gehiago erabiltzea", edota ikasketak bukatu aurretik hezkuntza sistema uzten dutenen kopurua "murrizten saiatzea", teoria eta praktika uztartuko lituzkeen "hezkuntza dualaren" bidez. Izan ere, Sestaoko gazteen %30k ikasketak bukatu aurretik uzten dute institutua, sozialistek aipatu dituzten datu ez ofizialen arabera.

Hiru batzordeak

Igaro den astean, EAJk zuzendutako udal gobernuak planaren zirriborroa aurkeztu zien herriko beste talde politikoei. Hurrengo urratsa behin betiko testua osatu behar duten hiru batzorde eratzea da.

Alde batetik, "batzorde teknikoa" egongo litzateke, sindikatuek, enpresaburuen elkarteek eta heziketa zentroek osatuko luketena. Bestetik, "batzorde politikoa" sortuko da, udalerriko alderdien ordezkariekin. Azkenik, "herritarren parte hartzeari irekitako batzorde bat" egongo dela jakinarazi du Corralesek. "Mahai batzuk osatuko ditugu, jorratuko diren gaien araberakoak: gazteria, emakumea, adinekoak... Auzoetan ere egingo ditugu batzarrak". Udal taldearen nahia prozesua "ahalik eta arinen martxan jartzea" denez, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak prozesua erregulatzeko deialdia plazaratu behar du aurretik, eta horren zain daude Sestaon "batzordeen nondik norakoak" zehazteko. Ondorioz, behin betiko dokumentuari data jartzea "ezinezkoa" da, Corralesek dioenez.

Zor "historikoa"

Sestaok duen egoera "latza" dela uste du Enplegu zinegotziak. "Langabezia tasa %24tik gertu dago. 3.000 langabe inguru daude herrian". Hori dela eta, 2011ko urrian bilera egin zuten Jaurlaritzako Enplegu sailburu Gemma Zabaletarekin. "Sailean langabezia tasa handia duten herrientzako plangintza osatuko zutela azaldu zigun, eta Sestaok lehentasuna izango zuela". Dena den, udalaren eta Enplegu Sailaren arteko hitzarmen "zehatza" lortzea da udalaren helburua. "Sestao da EAEn langabezia tasa altuena duen udalerria, eta erakundeen aldetik herri honekiko konpromiso zehatza behar dugu".

Udazkenean egindako bileran, Zabaletak Sestaoko Udaleko ordezkariei enplegua sustatzeko planaren %75 finantzatzeko hitza eman ziela esan du Corralesek. Ekimenak garatzeko, urtean guztira 3,4 milioi euro beharko direla aurreikusi du udalak. Oraingoz, udal aurrekontuetako 160.000 euro bideratu dira plana abiarazteko. Zinegotziak baieztatu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Espainiako Enplegu Ministerioaren "inplikazioa" lortzeko lanean dihardu udalak. Ildo berean, Sestaoko alkate Josu Bergarak behin baino gehiagotan adierazi du erakundeek herriarekiko "zor historikoa" dutela.

Hala ere, krisiak iraun bitartean, kontsumitzaileen erosteko ahalmenak gora egitea zaila izango dela onartu du Corralesek, horrek denda txikiak berreskuratzea "oztopatuko" duela gaineratuta. Zinegotziak iragarri duenez, udalak laguntzak emango dizkie komertzioei, "erakargarriak izan daitezen". Aurreko gobernu sozialistak arlo horretan martxan jarritako kanpainak kritikatu ditu, "ez zutelako balio izan dendek egiturazko berrikuntzak egin zitzaten".

Bitartean, denda "ugarik" ateak itxi dituztela azaldu du Sestaoko Dendarien Elkarteko presidente Nerea Zurinagak. Aurten, zenbait egunetan "zero euroko kutxa" egin izan dute. Merkataritza guneez "inguratuta" egoteak "kalte handia" egiten diela uste du.

Udalak iragarri duenez, parte hartzeari irekitako batzordeak apirilean hasiko dira lanean. Zurinagaren esanetan, berriz, berak ez du "mahai horien berririk jaso". Datozen hilabeteetan zeresan ugari emango du udalaren planak.

Kukuaren zain

Iparra galduta gabiltzanean, beste norabide bat bilatzea hobe. Zein den aldi ilunotarako egokiena? Argia behin eta berriro jaiotzen den lekua: ekia. Ekiak esango digu iparra non den, mendebala non gorde den edota hego aldetik zer datorren. Berba zahar...

Esne edo gazta ekoizleak.

75 dira gazta edo esnea merkaturatzen duten artzainak. Kopuru zehatza jakitea zaila bada ere, Bizkaiko nekazari eta abeltzainen elkartearen arabera, probintziako abere guztien artean bi milioi litro esne ekoizten dira urtero.

Gazta ekoizleak.

Hamabost artzain bizkaitarrek ekoizten dute gazta etxean. Horietako erdiak baino gehiagok Idiazabalgo elkartearen sor-marka dute, hamarrek hain zuzen. Horrez gain, badago, gazta egin ordez, esnea elikagai industriara saltzen duenik ere.

Ardiekiko zaletasuna ogibide bihurtuz

Martxoko egun eguzkitsu batean jendea kalean dabilen bezala ikus daitezke animaliak bazkatzen Urkiolako magalean. Mendiko haizeak dakarren freskotasun giroa antzematen da udaberri atarian, baina artaldea lasai asko dabil batetik bestera belarra jaten. Durangaldeko txokorik ezagunetako batean dauka artaldea Eli Ingunzak. Iurretakoa da, baina Abadiñon dago Txori Errota baserria, Urkiolako natura parkearen bihotzean. "Basoaren goiko aldean artaldearen zati bat dago. Umeekin daudenak errepidearen beste aldeko etxolan daude", azaldu du bertara iritsitakoan.

Ingunzak beti atsegin izan du artzain mundua. Baserri batean jaio eta hazitakoa denez, ederto ezagutzen ditu zirrikitu guztiak: "Ni hamar neba-arreben artean nagusietakoa naiz. Hori dela eta, etxetik kanpora irten beharra izan nuen taberna batean lan egitera". Hala ere, orain hamabi urte orain bazkide duenarekin elkartu, eta biren artean artaldea aurrera ateratzea errazagoa zela ondorioztatu zuten. "Behar guztia ezingo nuke nik bakarrik egin. Bazkidearekin batera sozietatea sortu, eta 380-400 ardira arteko artaldearen jabe gara".

Artzaintza gizonen kontua dela uste duena oker dabilela dio: "Andrazkoak baserrian lan egiten ikustera ohituta nago. Nire etxean amak beti lan handia egin izan du". Garai batean gizonezko artzainek baserritik kanpo lan egiten zutenez, emakumeak etxeko lanaz eta animalien gobernuaz arduratzen zirela erantsi du. Beraz, andreen lana baserriaren sostengu etengabea izan delakoan dago: "Gizonezkoak kanpoan jendaurrean aurpegia ematen du, baina ezkutuko eta isilpeko lana emakumearena da".

Eta bere kasuan, lanez lepo dabil. 07:00etan ohetik jaikitzen da, 08:00 aldera lanean hasi, eta 21:30 arte ia gelditu ere ez da egiten. Salbuespena, 13:00 inguruan bazkaltzeko hartzen duen ordu erdiko tartea. "Goizetik gauera arte beharrean nabil. Ardiak zaindu, gazta saldu, bazkaria prestatu... Baserriko egunerokoan gauza ugari daude egiteko, ez duzu aspertzeko astirik".

Gosaldu ondoren etxolara joan, eta bertan dauden ardi eta bildotsei jaten ematen die. Abereen menua pentsuak eta belar idorrak osatzen dute: "Kortatik kanpo daudenean, inguruko larreetako belarra jaten dute. Ukuiluan daudenean, aldiz, udan gordetako belarra eta pentsua; azken hori bereziki kumea izan berri duten ardiei ematen zaie". Gero hilabete inguruko arkumeak dituzten ardiei esnea biltzen die gazta egiteko. "Hogei buruko txandetan batu eta makina batera sartzen ditugu. Esnea batzeko tresnatik atera, eta etxolako txoko batera eramaten ditugu, jetzi gabe daudenekin ez nahasteko".

Gazta egitea, zailena

Animaliei jaten ematea eta jeztea da lanik errazenetakoa; gazta egitea, ordea, zailenetakoa. "Esnea bildu ostean egokitu egin behar da gazta egiteko. Ezin zara ardiak jetzi eta berehala gazta egiten hasi, ez zaizu behar bezalako gazta aterako". Ingunzaren makinako ontziak lau gradutan mantentzen du, baina gatzagia botatzeko esnearen tenperatura 31 gradura igo behar dela azaldu du: "Gazta egin ondoren ere behar asko dago, bi hilabetez edo pausatzen egon behar da gero saltzeko".

Artzainek euren lanean gehien nabarmentzen duten produktua da gazta, diru iturri nagusia delako. Urtero, 5.000 kilo gazta inguru egiten dute Txori Errota baserrian. Bi salneurrikoak dira. Bata, hamabost euro eta erdikoa; hemezortzi eurokoa, bestea. "Etxean, Abadiñon, erostea merkeagoa da. Bezeroak baserriraino etortzeko ahalegina egiten du eta. Herrietako azoketara joatea erosoagoa da, baina horrek elikagaia garestiago bihurtzea ekartzen du".

Salmentari buruz galdetuta, "ahal den bezala" erantzun du. Gaztaren alorrari ere krisiak eragin dio: "Garai hobeetan gazta urtean bertan saltzen zen; aurtengo martxoan iazkoak saldu gabe ditugu oraindik. Oso motel mugitzen da merkatua, baina gurea ez da sektore bakarra". Gainera, artzaintza elkarte guztietako kide denez, gastuak gora egiten du; horrek hainbat baldintza betetzeko betebeharra baitakar: "Kontrolak pasatu behar direnez, prestatuta egon behar duzu. Horrek behar bezala lan egitea eta ahalegin ekonomikoa eskatzen dizu".

Sektoreak krisia bete-betean pairatzen badu ere, artzain hasiberriak egoera okerragoan daudela ohartarazi du. "Gazteak mundu honetan hasteko nahiko zail daukate, eta, sasoi txarra denez, oraindik eta okerrago. Baina batzuk arriskatu egiten dira, eta borondatea eskertzekoa da".

Dena den, egoera zaila izan arren, nahiko pozik da Ingunza. "Aurtengo negua ez da batere gogorra izan. Urkiolan ohituta gaude hamabost eguneko elurtea izatera. Eta orain arte hiru edo lau egunekoa baino ez dugu izan". Gainera, garai batean ugariagoak ziren otso eta saiak ere ez dira agertu, eta luzaroan ez agertzea espero du. "Orain zenbait urte, Gorbeia aldera otsoak gerturatu, eta hainbat ardi hil zituzten. Nik pentsatu nuen hara heldu baziren hona iristea denbora kontua baino ez zela, baina, zorionez, ez dira azaldu".

Idiazabalgo gaztak 25 urte bete ditu aurten

Idiazabalgo gaztak zilarrezko ezteiak beteko ditu aurten. Data esanguratsua denez, hainbat ospakizunetako urtea izango da elkartearentzat. Nagusia joan den astean egin zuten Madrilgo Gourmets aretoan. Gaztari izena Idiazabal herritik datorkio (Gipuzko...