Ardiekiko zaletasuna ogibide bihurtuz

Martxoko egun eguzkitsu batean jendea kalean dabilen bezala ikus daitezke animaliak bazkatzen Urkiolako magalean. Mendiko haizeak dakarren freskotasun giroa antzematen da udaberri atarian, baina artaldea lasai asko dabil batetik bestera belarra jaten. Durangaldeko txokorik ezagunetako batean dauka artaldea Eli Ingunzak. Iurretakoa da, baina Abadiñon dago Txori Errota baserria, Urkiolako natura parkearen bihotzean. “Basoaren goiko aldean artaldearen zati bat dago. Umeekin daudenak errepidearen beste aldeko etxolan daude”, azaldu du bertara iritsitakoan.

Ingunzak beti atsegin izan du artzain mundua. Baserri batean jaio eta hazitakoa denez, ederto ezagutzen ditu zirrikitu guztiak: “Ni hamar neba-arreben artean nagusietakoa naiz. Hori dela eta, etxetik kanpora irten beharra izan nuen taberna batean lan egitera”. Hala ere, orain hamabi urte orain bazkide duenarekin elkartu, eta biren artean artaldea aurrera ateratzea errazagoa zela ondorioztatu zuten. “Behar guztia ezingo nuke nik bakarrik egin. Bazkidearekin batera sozietatea sortu, eta 380-400 ardira arteko artaldearen jabe gara”.

Artzaintza gizonen kontua dela uste duena oker dabilela dio: “Andrazkoak baserrian lan egiten ikustera ohituta nago. Nire etxean amak beti lan handia egin izan du”. Garai batean gizonezko artzainek baserritik kanpo lan egiten zutenez, emakumeak etxeko lanaz eta animalien gobernuaz arduratzen zirela erantsi du. Beraz, andreen lana baserriaren sostengu etengabea izan delakoan dago: “Gizonezkoak kanpoan jendaurrean aurpegia ematen du, baina ezkutuko eta isilpeko lana emakumearena da”.

Eta bere kasuan, lanez lepo dabil. 07:00etan ohetik jaikitzen da, 08:00 aldera lanean hasi, eta 21:30 arte ia gelditu ere ez da egiten. Salbuespena, 13:00 inguruan bazkaltzeko hartzen duen ordu erdiko tartea. “Goizetik gauera arte beharrean nabil. Ardiak zaindu, gazta saldu, bazkaria prestatu… Baserriko egunerokoan gauza ugari daude egiteko, ez duzu aspertzeko astirik”.

Gosaldu ondoren etxolara joan, eta bertan dauden ardi eta bildotsei jaten ematen die. Abereen menua pentsuak eta belar idorrak osatzen dute: “Kortatik kanpo daudenean, inguruko larreetako belarra jaten dute. Ukuiluan daudenean, aldiz, udan gordetako belarra eta pentsua; azken hori bereziki kumea izan berri duten ardiei ematen zaie”. Gero hilabete inguruko arkumeak dituzten ardiei esnea biltzen die gazta egiteko. “Hogei buruko txandetan batu eta makina batera sartzen ditugu. Esnea batzeko tresnatik atera, eta etxolako txoko batera eramaten ditugu, jetzi gabe daudenekin ez nahasteko”.

Gazta egitea, zailena

Animaliei jaten ematea eta jeztea da lanik errazenetakoa; gazta egitea, ordea, zailenetakoa. “Esnea bildu ostean egokitu egin behar da gazta egiteko. Ezin zara ardiak jetzi eta berehala gazta egiten hasi, ez zaizu behar bezalako gazta aterako”. Ingunzaren makinako ontziak lau gradutan mantentzen du, baina gatzagia botatzeko esnearen tenperatura 31 gradura igo behar dela azaldu du: “Gazta egin ondoren ere behar asko dago, bi hilabetez edo pausatzen egon behar da gero saltzeko”.

Artzainek euren lanean gehien nabarmentzen duten produktua da gazta, diru iturri nagusia delako. Urtero, 5.000 kilo gazta inguru egiten dute Txori Errota baserrian. Bi salneurrikoak dira. Bata, hamabost euro eta erdikoa; hemezortzi eurokoa, bestea. “Etxean, Abadiñon, erostea merkeagoa da. Bezeroak baserriraino etortzeko ahalegina egiten du eta. Herrietako azoketara joatea erosoagoa da, baina horrek elikagaia garestiago bihurtzea ekartzen du”.

Salmentari buruz galdetuta, “ahal den bezala” erantzun du. Gaztaren alorrari ere krisiak eragin dio: “Garai hobeetan gazta urtean bertan saltzen zen; aurtengo martxoan iazkoak saldu gabe ditugu oraindik. Oso motel mugitzen da merkatua, baina gurea ez da sektore bakarra”. Gainera, artzaintza elkarte guztietako kide denez, gastuak gora egiten du; horrek hainbat baldintza betetzeko betebeharra baitakar: “Kontrolak pasatu behar direnez, prestatuta egon behar duzu. Horrek behar bezala lan egitea eta ahalegin ekonomikoa eskatzen dizu”.

Sektoreak krisia bete-betean pairatzen badu ere, artzain hasiberriak egoera okerragoan daudela ohartarazi du. “Gazteak mundu honetan hasteko nahiko zail daukate, eta, sasoi txarra denez, oraindik eta okerrago. Baina batzuk arriskatu egiten dira, eta borondatea eskertzekoa da”.

Dena den, egoera zaila izan arren, nahiko pozik da Ingunza. “Aurtengo negua ez da batere gogorra izan. Urkiolan ohituta gaude hamabost eguneko elurtea izatera. Eta orain arte hiru edo lau egunekoa baino ez dugu izan”. Gainera, garai batean ugariagoak ziren otso eta saiak ere ez dira agertu, eta luzaroan ez agertzea espero du. “Orain zenbait urte, Gorbeia aldera otsoak gerturatu, eta hainbat ardi hil zituzten. Nik pentsatu nuen hara heldu baziren hona iristea denbora kontua baino ez zela, baina, zorionez, ez dira azaldu”.