Kukuaren zain

Iparra galduta gabiltzanean, beste norabide bat bilatzea hobe. Zein den aldi ilunotarako egokiena? Argia behin eta berriro jaiotzen den lekua: ekia. Ekiak esango digu iparra non den, mendebala non gorde den edota hego aldetik zer datorren.

Berba zaharra dugu Eki, mundua bezain zaharra eta, era berean, eguna bezain gaztea. Gizonezko itxuraz imajinatuko duzue askok, nahiz eta gure ahozkoak andrazko lez irudikatu: “Eguzki amandrea badoa lotara, bihar etorriko da eguraldi ona bada”.

Ekiak gogotsu jotzen zuen lehengoan ere, eskola txiki batera abiatu nintzenean. Urtero bisitatzen ditut bost edo sei, Idazleak Ikastetxeetan programari esker, eta bidaia berezia izaten da beti. Normalean, eskola osoak parte hartzen du: bi urtetik hamabira bitarteko ikasleek, irakasle finko, aldikako, ordezko eta praktiketakoek, denek. Gauza berezi modura hartzen dute bisita, eta hartara egokitzen dute goiza edo arratsaldea, denbora kontzeptuari tira edo saka eginez.

Delako eskola kapitaletik ordu erdi eskasera dago, baina bertara joateko bideak denboran salto egiteko aukera ematen dizu; edo niri eman zidan, behinik behin.

Ekiaren epelera, arboletako pinportak guri-guri ageri ziren bazterretan, mimosak bete-bete, belarra berde-berde. Bakarrik nindoan bide estuan gora, goizeko lehen orduan, eta soilik neure memorian bizi den txikitako herria sentitzen nuen barruan berriro ernatzen, bor-bor, atzean uzten nuelarik titular nagusi eta bakar modura ezagutzen dugun egunerokotasun ofiziala. Herrira sartzeaz bat, ordea, ez nuen soilik oroimenean gordetako herri bukoliko idealizatua aurkitu, ezta lau etxez eta eliza erraldoi batez osaturiko plaza biluzi, triste, huts eta hotza ere. Herri txiki hartan, dendak zabalik zeuden; eta zabalik, baita ere, ogi usaina zerion kafetegi-gozotegia. Zabalik zeuden botika, denda eta harategia; eta zabalik kultur etxea eta liburutegia. Eta orduan pentsatu nuen, kontxo!, halakoxea izan daiteke burmuinean iltzatuta daukadan umetako herriaren irudi garatua.

Ekialdeko jakintsuen hausnarketekin bueltaka ibili nintzen etxera bueltan. Txoriak gauez adaburuan bildu eta goizaldean norabide guztietarantz hegaldatzen diren modura dela gertakari oro iragankorra esaten duen hura, belar puntan zintzilik dagoen ihintz tanta bezain hauskorra dela bizitza gogorarazten duen beste hura, edota gure bost zentzuak bost irekidurarekin bat datozenez gero zirrikitu bakoitzetik kontzeptu edo ideia bilakatuko diren pertzepzio guztiak jaso ditzakegula ohartarazten diguna.

Eta, halaxe, bidaia txiki hartako pertzepzioak aldean nituela, hasi nintzen ekialdea etxeko iparrarekin lotzen.

Eta ohartu nintzen martiaren hogeita bostean hego aldetik etorriko zaigula kukua.

Eta, kukuak kuku eta dirua sakelan, aberatsa izan zaitezkeela urte guztian.