Zoaze etorri datorren Jaunaren bila

Anai-arreba maiteok. Ia konturatu barik, amaitu da liturgi urtea eta Abendu aldiaren atarian gagoz. Aldi ederra, geure burua prestatu eta etorri datorren Jaunari itxaroteko. Gure bizitza ilunduz ganezka egiten daben orbelek askotan ez deuskue oinarrizkoa, benetan garrantzitsua dana ikusten izten. Egitekoen zurrunbiloaren erdian, aldi hau jatorku, benetako itxaropena dan Hari, benetan konfiantzazkoa dan Hari begiratzeko. Jaungoikoak ez gaitu bakarrik itzi gertaeren gorabeheren aurrean. Berak ez eban harrokeriaz erakutsi Jaungoikoa zana; alderantziz, zerbitzari eginez, gutako bat bihurtu zan. Horregaitik, gure makaltasunez errukitzeko gauza da, bere gizatasunean, pekatuan izan ezik, edozein neketan geure antzera zirikatua izan dalako eta horregaitik konfiantzaz beteta hurreratu gaitekezalako, Beragan gure zailtasunetan lagunduko deuskun grazia eta errukia aurkitzeko.

Itxaropena ezkutatu egin dala emoten dauan sasoi honeetan, oinazeak proban ipinitako gizatasuna erakusten deusku barriro be, eta Beragan, Jaungoikoaren seme eta alaba izanik jagokun duintasuna zapaltzen dauan guztia garaitu dogula iragarten deusku. Jesusen gizatasun honek bere Elizan dau jarraipena, berau da-ta Jaungoikoa gure artean bizirik eta bizi-emoile agartu izanaren sakramentua, tresna edo zeinua. Horregaitik, kontzilioak dinoanez, "oraingo gizon-emakumeen poz eta itxaropenak, tristura eta larritasunak, batez ere behartsuenak eta nahigabetu guztienak, Kristoren ikasleen poz eta itxaropen, tristura eta larritasun ere badira".

Abendu aldia, itxaropen aldia da; dei egiten jaku gure etsipenetatik altxatu eta maitasun eta errukian barritutako gizadirako bidea erakusten deuskun Haren bila joateko. Krisialdi guztiak gaindituko doguz euron benetako arrazoi eta sustraietara joten badogu, hau da, gizakiaren duintasunari balio guztia kendu jakola eta gizakia azkenean alineatu eta ezereztu baino egiten ez daben beste interes batzuek tresna hustzat hartu dabela autortzen badogu. Gure kezkaren iturri nagusi diran datu sozioekonomikoak daukaguz eskuartean: gure elizbarrutian langabezia-tasa %14koa da eta, larriagoa dana, %35etik gorakoa gazteen kasuan; 50.000 lagun inguruk pobretasuna jasaten dau eta 150.000 inguru egoera horretan jausteko arriskuan dago; desjaubetzeen zoritxarra eta bizilekurik ez daukien eta, ahal daben moduan, bertan behera itzitako lokaletan, atarietan, kutxazain automatikoetan babesten diran edo gaua izarpean igaroten daben gizon eta emakumeena. Badakigu, gainera, gure arteko eskola-ume batzuentzat ikastetxeko jantokian jaten dabena dala eguneko otordu bakarra. Beste alde batetik, eskandalugarria da errentaren alde itzela herritarren sektore desbardinen artean eta lana dabenek bizi daben egoeraren eta lanik aurkitu ezinik dabilzanen egoeraren arteko aldea. Eta guzti hau gure kontzientziak gogor astintzen dituan munduko pobrezia-boltsa itzelak ahaztu barik.

Garizuma aldiko Pastoral Idazkian, gotzainok krisi ekonomiko eta finantziario honen azpian dagoan krisi antropologiko, etiko eta kulturala aitatu genduan. Hiru gabezia nabarmentzen genduzan: merkadu globala —batez be finantzarioa— zuzentzeko neurri egokiena, bere funtzionamentu ona bermatzeko gaitasun nahiko daben erakundeena eta, azkenik, gabezia etikoa, berau barik krisi hau ez zitzatekealako gertatuko gertatu izan dan lez. Joan Paulo II.a Aita Santu dohatsuak be hauxe inoan: "Ezinbestekoa da mekanismo ekonomiko, finantzario eta sozial jakin batzuk salatzea, izan be, gizakien borondatez erabilten badira be, ia automatikoki funtzionatzen dabelako, zorrotzagoak bihurtuz batzuen aberastasun-egoerak eta besteen pobretasuna".

Baina aurrerago esan deutsuedanez, Abendu aldiak benetako itxaropenezko bideak zabaltzen deuskuz eta, era berean, gu geu itxaropenaren ereile bihurtzen gaitu, konpromiso pertsonal, familiar, komunitario eta sozialaren bitartez.

Abendualdiko lehenengo domekako bigarren irakurgaiak aldi honen alderdietako bat erakusten deusku, San Paulo apostoluaren nahiaren bidez: "Eta zuei alkarganako eta guztiakanako maitasuna gehitu eta ugaritu deizuela Jaunak". Maitasunak ez dau mugarik ezagutzen eta beti da barritze pertsonal eta sozialaren eragilea, gizakiaren nagusitasuna eta ondasunen banaketa unibersalaren jatorrizko adierea berreskuratzeko gauza egiten gaitualarik, gaur egungo egoerarako inplikazino zehatz eta berehalakoekin, eskuzabaltasunez erdibanatzearen eta guztion ongizatea lortzeko laguntzearen ikuspuntutik.

Joan Bateatzailearen mezuak zuzenean interpelatuko gaitu. Lehenengo, Isaias profetaren berbak erabiliz: "Atondu Jaunaren bidea, zuzendu Haren bidezidorrak… Okertua zuzendu egingo da, eta bide latzak bide-lau izango dira". Dei zuzena dogu hau, pekatu pertsonal eta komunitarioaren ondorio zuzenak diran bidebakokeriak gainditzen lagundu daigun. Bibliako testuak jarraibide zehatzak eskaintzen deuskuz bihozbarritze eta itxarote aldi honetan. Holan, Joan Bateatzaileak proposamen zehatza egiten dau: soingaineko bi daukazanak, emon deiola bat ez daukanari; jatekorik daukanak, bardin.

Dei berezia egin gura deutsuet, bakarka zein gizartean, eginahalak egin daizuezala indar eta erakunde zibil, sozial, enpresarial eta politika guztien batasuna ahalbideratzeko, indarrean dagoan krisiari aurre egiteko eta alkarregaz guztiontzako etorkizun duina eraikitzen lagunduko deuskuen bide barriak eta neurri zuzen eta ausartak aurkitzeko.

Adarrak gordeta, eltzera

TxapelketaGorlizBatzuentzat, jainkoen jaki; beste askorentzat, higuingarri. Barraskiloek ez dute inor axolagabe uzten. Horiek prestatzeko prozesua erritual luze bat izan ohi da, gainera. Jaso, lehortu eta ondo baino hobeto garbitu ostean, txorizo, sol...

Merkakale, gabon garaiaren iragarle, Abanton

Meatzaldean ere hasi dira gabon garaia sumatzen. Joan den igandean, Merkakale azoka egin zuten Gallartako Txikito frontoian, hango merkatari eta ostalarien elkarteak antolatuta. Hamabi erakuslekutan, bertako jantziak, zapatak, liburuak, altzariak, jan...

Emakumeen lanaren erakusleihoa

Emakumeak, hitza eta bizitza. Hala du izena datorren urtarrilaren 10era bitartean Bilboko Ondare aretoan ikusgai egongo den erakusketak. Emakume Abertzale Batza taldearen 90. urteurrenaren harira antolatu dute.

Baina zer da Emakume Abertzale Batza? 1922. urtean sortu zuten Bilbon, eta Eusko Alderdi Jeltzaleko emakumeen elkartea izan zen. Asier Madarieta Bizkaiko foru museoen kudeaketarako erakundearen arduradunak azaldu eran, taldearen sorreran eragin handia izan zuen Irlandako talde batek, Cumann na mBan (Emakumeen Liga) deituak. "Irlandatik Ambrosio Martin O'Daly politikaria hitzaldia egitera etorri zen Bilbora, eta Irlandako emakumeen egoera azaldu zuen. Horixe hartzen da EAB sortzeko puntu gisa. Elkarte horren gainean aipatutakoak, piztu zuen Euskal Herrian EAB sortzeko asmoa".

Denetariko emakumez osaturiko taldea zen EAB. Gehienak EAJko kideak ziren, baina alderdiko kideak eta egitura bera ere nahiko heterogeneoa ziren. Madarietak dioenez, bazeuden emakume aberatsak, eta baita diru askorik ez zutenak ere. Adinari dagokionez, "mitinetan eta irakaskuntzan ibiltzen zirenak 20 eta 30 urte artekoak ziren arren, 40 urtetik gorako emakumeak ere bazeuden".

"Erantzun modura sortu zen EAB". 1922an jaio zen, baina gero, Primo de Riveraren diktadurarekin erakundea galarazita geratu zen. 1930eko hamarkadan, Errepublika garaian, berpiztu egin zen. Garai hartan, emakumeek boto eskubidea lortu zuten; Madarietak esan bezala, nolabait emakumea "plazara" ateratzen da. "Nahiz eta EAJren barruan mugitu, eta euren lana nahiko mugatua izan, emakumeek argi jokatu zutela ikusi izan dugu". EABko emakumeek horretaz konturatuta zirrikitu horiek aprobetxatu zituzten; hartara, euskal emakume abertzaleak plazaratzea lortzeko eta aukera bat emateko. Irakaskuntzan, batez ere. "Garrantzi handia zuen euren soldatak izatea, gero horrek beste ahalmen batzuk ematen zizkielako, baita beste hainbat esparrutan protagonismoa hartzea ere, literaturan eta mitinetan, esaterako". EABk gizarte ekintzan, irakaskuntzan eta politikagintzan egin zuen lan. Betiere helburua andreak euskal abertzaletasunera erakarri eta ikuspuntu horretatik lan egitea izanik.

Hego Euskal Herrian 1937ra arte egon zen aktibo taldea, gerra amaitu zen arte. Gero, erbestera alde egin zuten kideetako askok, eta erbestean eta Ipar Euskal Herrian egon ziren, eta taldearen lanari eutsi. Hegoaldetik joandako umeentzako koloniak sortu zituzten: Donibane Garazin, esaterako. Ipar Euskal Herrian mantentzen da irakaskuntza eta gizarte ekintza, Hegoaldean preso zeudenentzako dirua lortzen, eta abar. Garai hartan, EABk oraindik egitura batzuk mantentzen zituen. Debekua zela eta, beste batzuk desegin egin zituzten.

Emakume askok Ameriketara alde egin zuten. 1980ko hamarkadan, oraindik Venezuelan, Argentinan eta Caracasen, esaterako, mantentzen zituzten EABko egiturak. Hala ere, kulturgintza, gizarte ekintza, irakaskuntza —Euskal Etxeetan euskara eskolak ematen— esparruetan mugitzen ziren, batez ere. Madarietaren esanetan, ez da erraza taldearen lana noiz bukatu zen zehaztea, "gai zalantzazkoa da hori, berez desagertuz joan zen".

Egindako lanaren testigantza

Erakusketan emakume horien lana islatzen dela dio Madarietak. Argazkiak, agiriak, EABk erabiltzen zituen banderak... Hiru gunetan banatuta dagoela azaldu du. Lehenengoan, idatzi zein bideo bitartez, EABren ikuspegi orokor bat eta kide batzuen testigantzak jaso dituzte. Bigarrenean, lan politikoa eta hezkuntzan egindako lana azaltzen dute. Eta hirugarrenean, azkenik, erresistentzia eta erbesteratzea.

"Guztia da ikusgarria". Baina, zer edo zer nabarmentzearren, gutun bat aukeratu du Madarietak. Luis Alava espioitza sarea Francoren garaiko erresistentzia sarea zen, eta bertan EABko hiru emakume zeuden sartuta: Teresa Verdes, Itziar Mujika eta Bittori Etxebarria. Hirurak espetxean zeuden, Luis Alavari ezarritako heriotza zigorraren berri eduki zutenean. Orduan, eskutitz bat idatzi zioten, fusilatuko zutela zekitela eta euren laguntasuna eta eskerrak emanez harekin egin zuten lanagatik. "Hunkigarria eta adierazgarria da oso. Karta horren zati bat dago ikusgai erakusketan, originala".

'EMAKUMEAK, HITZA ETA BIZITZA' ERAKUSKETA

Non. Bilboko Ondare aretoan.

Noiz. Urtarrilaren 10 arte.