Elkartasunak sari gozoa dakar

Gabon jaiak bukatzear dauden arren, gozozaleek oraindik hitzordu garrantzitsua dute Errege Egunean. Erdi Arotik datorren tradizioari eutsiz errege opila jango dute Euskal Herriko etxe askotan domekan. Eta Bizkaian azken urteetako legean kalean banatuko dira, elkartasun truke.

Bilbon munduko errege opil solidario handiena banatuko dute bihar eguerdian. Plaza Barrian jarri dute hitzordua, 12:00etan. 500 kiloko pisua edukiko du, 60 metroko perimetroa eta 25 zentimetro izango da lodi. Osotara, 3.000 zati banatuko dituzte, euro baten truke. Txokolate beroa ere emango dute, irensten laguntzeko. Batutako dirua Bilboko Elizbarrutiko Caritasen Haurtzaro Programarako izango da.

Mungian, bestalde, 17:00etan hasiko dira herriko gozogileak egindako errege opila banatzen. Andra Mari plazan izango da jaia. Euro baten truke hartu ahal izango da zati bakoitza. Orain arte bildutako dirua parrokiako Caritasi ematen zioten. Aurten Angelmanen sindromea ikertzera bideratuko da. Jan eta edan ostean, Ipar poloan dantzatuz gero bero umeentzako ikuskizunaz gozatuko dute bertaratzen direnek.