Kandelario eguna ospatuko dute bihar, Gernika-Lumon

Bihar, Euskal Herriko eliza askotan kandelak bedeinkatuko dituzte, Kandelario egunaren harira. Sasoi batean, ohitura zen kandela horien negarrarekin etxekoak bedeinkatzea. Ekaitzak jotzen zuenean, gainera, piztu egiten zen, etxea babesteko asmoz.Gaur ...

Begirale soil bat

Jakina da edozein gaitan zenbat eta gehiago sakondu orduan eta ezjakinago sentitzen dela norbera. Hitzez adierazi zuen artegatasun hori Sokratesek, ezin hobekiago: "Ezer ez dakidala baino ez dakit".

Igandean, Michael Fagans argazkilari kaliforniarraren hitzaldi batera joan nintzen, Afganistango gerran ateratako fotografien inguruko gogoetak entzutera. Bakersfieldeko eliza anglikano batean izan zen berbaldia, eta, hiri honen idiosinkrasia pixka bat ezagututa, parrokia nahiko ezkertiar eta progresista dela esan behar dut. Gerora, endemas, lagun dudan elizako kide batek esan zidan parrokia horretan Afganistan eta, bereziki, Irakeko gerren kontra daudela. Halere, barrenak dardarka utzi zizkidaten han entzundako diskurtsoen oinarriek. Ez zen digeritzen erraza izan.

"Zer genbiltzan han babesten?", galdetu zuen emakume zahar batek. Eta Fagansek erantzun: "Zer genuen han irabazteko?". Gogoeta egitea beti da osasungarria, eta, are gehiago, mota honetako hausnarketak AEBak bezalako herrialde batean, non presidentearen puzker goiztiar xalo batek tsunamia eragin dezakeen Gazan, edo Ipar Korean, edo Iranen, edo…

Gehien harritu ninduena izan zen inork ere ez zuela ezbaian jarri gerra, kontzeptu gisa. Gainera, gu izenordea zerabiltzaten une oro, ez gobernua edo armada. Horrek ere kopeta ilundu zidan; haserreagatik baino deserosotasunagatik, esango nuke. Gerra baten kontra dagoen batek armadari buruz hitz egiterakoan "gu" esatea ez zait naturala egiten. Agian izango da euskal herritarra naizelako. Alegia, Estaturik ez izateak eta neure izenean diharduen armadarik ez ezagutzeak inkontzienteki neure burua debate moral horretatik at jarri duelako. Esan gura dut: euskal herritarrok kanpotik irizten diogula belizismoari, betidanik eta betiko zalditxo txuria izango bagina bezala. Ez baitugu herri bezala gerretan parte hartzen gaur egun; ez baitugu herri bezala suzko armarik erabiltzen gaur egun.

"Falazia bat da armadarik gabe bakea dagoela esatea? Eta gerra barik bakea dagoela esatea?". Estimu handia diodan irakasle ez-gerrazale batek galdetu zidan, galdera baino baieztapen ukituarekin, esaldiok airean eskegiz. Grabitatea bezain ukaezin eta beharrezkotzat dute amerikarrek gerra? Axiomatzat al dute? Beldurra emango lidake horrek, eta amorrua. Baina oraindik ezin diot neure buruari erantzun; begirale soil bat baino ez naiz oraingoz.

JOSEBA GOTZON, KUTTUN GIROAN

Joseba Gotzon abeslaria bertatik bertara ikusteko aukera izango da gaur, Barakaldon. Kontzertua "kuttuntasunean" emango duela iragarri du artistak berak. Eta izen hori eman dio gaurko ikuskizunari ere. Arimaktor salan emango du kontzertua, 20:30etik a...

Arrain errazioak astean, gutxienez.

Astean, gutxienez, arraina hirutan jan behar da; arrain urdinak hartu behar dira, bereziki. Frijitzen badira, hobe da landare olioa aukeratzea, olibarena. Komeni da olioa berriz ez erabiltzea eta tenperatura handietara iristen ez uztea.

Ezinbestekoa da lan mundutik ez aldentzea

Bizkaian, 16 urte edo gehiago dituztenen ia erdiak jarduera gabeak dira. Alegia, ikasle, etxekoandre edo pentsiodunak dira. "Biztanleria aktiboa eta ez-aktiboa ia parean ditugu, eta horrek gure ongizate estatuaren etorkizunaren inguruko kezka eragin behar digu", dio Sara de la Ricak. EHUko Ekonomia katedraduna eta Bizkaiko Enplegu Behatokiko arduraduna da, eta hori da herrialde historikoaren enplegu egoerari erreparatuz gero atera duen lehen ondorioa. Horri konponbidea eman behar zaiola iruditzen zaio. Langabeziari aurre egiteko, berriz, politika aktiboak aldatu behar direla dio: "Langabeak apurka-apurka lan mundutik aldenduz doaz, eta horrek are gehiago zailtzen du gero berriz itzultzea. Ezinbestekoa da hori aldatzea".

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako Sailak jarri du martxan Behatokia. Hiru hiletik behin argitaratzen du Bizkaiko enplegu egoerari buruzko txostena, Eustatek egindako Biztanleria Jardueraren Arabera Sailkatzeko Inkestako datuetatik abiatuta. Iazko hirugarren hiruhilekoari buruzko txostena aurkeztu berri dute. Hau da, 2012ko uztailari, abuztuari eta irailari dagozkion datuak behatu eta aztertu dituena.

Bizkaian, bada, 77.264 langabe zeuden irailean; horietatik %55 gizonezkoak. De la Ricak dio langabeziak oraingoz eragin txikia duela unibertsitate ikasketak dituztenen artean. "Hala ere, gero eta gehiago nabaritzen dute". Bada bereziki ardura sortzen dion beste datu bat: Langabeen %42k urtebete baino gehiago darama beharrik barik. "Kezkagarria da iraupen luzeko langabeen artean enplegua lortzen dutenen tasa. Enplegu politika aktiboak inoiz baino beharrezkoagoak dira, langabe horiei beharra emateko".

Beste datu bat: 12 hilabete edo gehiago beharrik barik daramaten ehun bizkaitarretatik bederatzik baino ez du aurkitu lana 2012ko hirugarren hiruhilekoan. Hain zuzen, epe hori da langabe bat iraupen luzekoa den edo ez zehazteko mugarria. "Horrekin ondorio argia atera dezakegu: lanik gabe daraman denbora zenbat eta luzeagoa izan, lana aurkitzeko aukera izugarri txikitzen da. Batetik, langabearen giza kapitala deskapitalizatzen delako. Bestetik, langabea apurka-apurka lan mundutik aldenduz doa, eta bakarrik geratzen da lana bilatzeko zeregin horretan".

Administrazioaren hutsa

De la Ricaren ustez, enplegu politika aktiboak funtsezkoak dira: "Politika aktiboek pasiboak osatu behar dituzte, eta langabeak aktibatzeko mekanismo izan behar dute. Izatez, langabe batek inoiz ez luke geldi egon behar, ezer egin gabe. Haren langabezia egoerak politika aktiboen menpe egon beharko luke beti. Enpresekin harremanetan eta giza kapitala hobetzen egon behar luke. Baina, hain garrantzitsuak diren arren, gaur egun ez dute behar bezala funtzionatzen". Haren ustetan, ahalegin berezia egin behar da alde horretatik; bestela, ekonomia suspertzen hasiko den unean langabeek zail izango dute beharrean hastea: "Orain hain geldi egon dira, sasoia iristerakoan lana aurkitzeko aukera ia desagertu egingo zaiela".

Langabeei eurei ere mugitzeko aholkatu die, administrazioak egiten duena egiten duela: "Enplegu Zerbitzu Publikora doan egunetik bertatik hasi behar du lan bila. Zerbitzu publikoetara joan behar du, pribatuetara, Lanbiden laguntza eskatu, informazioa... Eskura dituen tresna guztiak erabili behar ditu. Hala ere, badakit gaur egun langabeek oso babes gutxi dutela. Informazio sare txikia dute, eta babesgabe sentitzen dira. Horregatik da ezinbestekoa administrazioak bere politikak errotik aldatzea. Langabeak babestu eta aktibatu egin behar dituzte. Bestela, jai izango dugu".

Ezaugarri nagusiak

De la Ricari ez zaio gustatzen soslaiak finkatzea, baina, oro har, Bizkaiko langabea honelakoa dela dio: "Gizonezkoa, 25 urte baino gehiago dituena eta unibertsitate ikasketarik gabea. Gainera, sei hilabetean baino gehiagoan dago beharrik barik". Lanean daudenek, berriz, honako ezaugarri hauek dituzte: "Bizkaian, 468.428 enplegudun ditugu. Horietatik %46 andreak dira. Gainera, %43k 45 urte baino gehiago dituzte. Horrek ohartarazten digu populazio zaharkitua dugula. Eta lanean daudenen hezkuntza maila Espainian baino handiagoa da. Gurean, %36k dituzte unibertsitate ikasketak; Espainian, %6,4k".

Herrialde historikoaren mapa hartuta, berriz ere, Bilboko itsasadarraren ezkerraldea da langabeziak gehien zigortu duena. Zergatik? Hona De la Ricaren azalpena: "Bereziki kualifikazio txikiko eskulana darabilten sektoreetan suntsitu delako enplegua. Batez ere, zerbitzuen sektorean. Ezkerraldean heziketa gutxiko herritar helduen zenbatekoa gainontzeko eskualdeetan baino nabarmen handiagoa da".

Sektorekako bilakaera

Eraikuntza da kopuru erlatiboetan Bizkaian enplegu gehien galtzen duen sektorea. "Uztailetik irailera, eraikuntza arloko ehun beharginetik zazpik galdu dute beharra. Zerbitzuen sektorean, berriz, ehun beharginetik lauk galdu dute", dio De la Ricak. Zenbateko absolutuetan, hain zuzen, zerbitzuen sektorea da lanpostu gehien galdu dituena; bereziki, ostalaritza eta merkataritzari lotutakoak. "Dena den, kasu honetan, harreman zuzena du urteko sasoiarekin", egin du oharra. Izan ere, udan behin-behineko lanpostu ugari sortzen da alor horretan, eta irailean desagertu egiten dira.

Langabeziak Bizkaia inguruko lurraldeak baino leunago eta geroago jo duela ere azpimarratu du De la Ricak. "Gurean, eraikuntza arloko burbuila ez da hainbesterakoa izan. Horregatik, turismoan oinarritzen diren autonomia erkidegoen aldean, eraikuntza arloko enplegu galerak indar txikiagoa izan du Bizkaian. Krisia luzatuz eta sakonduz joan den heinean, ostera, ekonomiaren hotzaldiak beste sektore batzuetan ere izan du eragina. Besteak beste, industrian eta turismoari estu lotuta dagoen zerbitzuen arloan. Beraz, bigarren fase honek barne eskaria gutxitzea ekarri du eta bereziki eragin dio Bizkaiko ekonomiari, zerbitzuen eta industriaren sektoreari erasateraino".

Bizkaiko ekoizpen sistema eskaeraren menpe dagoela dio: dela barnekoa dela kanpokoa —Espainiakoa zein mundukoa—. "Baina seguru nago mugarria gainditzen dugunean, oro har, Bizkaia eta EAE izango direla krisitik irteten lehenengoetarikoak. Izan ere, inguruko lurraldeek baino oinarri sendoagoak ditugu, nola langileei hala enpresei dagokienez". Hala ere, ezin dela geldirik egon dio. Bereziki, hiru egiteko aipatu ditu: enpresa txiki eta ertainak babestu, enpresentzat nazioarteko merkatuak bilatu eta ekintzaileak lagundu.

Egungo egoera islatzen duten datuak eskuetan hartuta, eta datozen hilabeteetako aurreikuspenei erreparatuz, De la Rica ez da ez ezkor ez baikor agertu. Datorren uda bitartean, enplegu galerak bere hartan jarraituko duela dio. "Tradizioz, urteko azken eta lehen hiruhilekoak oso txarrak izaten dira enpleguarentzat. Bigarren hiruhilekoan BPGari dagokionez hazten hastea espero dugu. Hori diote aurreikuspenek, behintzat. Horrek ikuspegi aldaketa ekar dezake, eta apurka-apurka kontsumitzaile eta beharginek konfiantza berreskura dezakete. Hala, konfiantza horrekin, barne eskaera hazten hasiko litzateke. Baina, edozelan ere, enplegu garbia ez da iritsiko, gutxienez, 2014ko lehen hilabeteak igaro arte. Eta, edozein kasutan, berreskuratzea oso motela izango da".

“Erabaki okerren ondorioak”

Bizkaiak duela 20 urte sufritu zuen azken krisia. Ezkerraldea izan zen lurralde historikoko eskualdeetan zigorrik handiena jasan zuena. Industria astunak hondoa jo zuen: labe garaien eta ontziolen gurutze bidea izan zen garai hura. Orain ere, igualtsu...