Elkarrizketa

“Erabiltzen ez diren lurrak aktibo bihurtzea da Huertakaren xedea”

“Erabiltzen ez diren lurrak aktibo bihurtzea da Huertakaren xedea”

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Guztiz utzitako lur eremua berreskuratu eta hiri ortuak lantzen ari dira 2013tik Barakaldoko Lutxana auzoan. Ekologistak Martxan elkarteko kideak eta beste hainbat herritar biltzen dira Huertaka egitasmoaren inguruan 2013tik, eta auzokideen babesa du proiektuak; ez, ordea, lur-jabeena. Bankuen Berrantolaketatik datozen Aktiboen Kudeaketarako Sozietatearen (Sareb) esku dago eremua, eta orubean etxebizitzak eraikitzeko egitasmoa dagoela eta, etxegabetze salaketa zibila jarri du ekologisten aurka. Datorren ostegunean epaituko dituzte horregatik, Barakaldoko epaitegian. Elkarrizketarako deia egin du Javier Vazquez Barakaldoko Ekologistak Martxaneko kideak (Barakaldo, 1957).

Nondik nora sortu zen Huertaka egitasmoa?

2013an hasi ginen Barakaldon hiri ortuak sortzeko egitasmoarekin. Ekologistak Martxan elkartearen egoitzan, baratze bertikalak egiten hasi ginen, eta agroekologiari buruzko hainbat ikastaro ere antolatu genituen. Barakaldon, auzo baratzeen beharrizana mahaiaren gainean jarri genuen, eta udal gobernuari ere aurkeztu genion proiektua —PSOE-EE zegoen orduan—. Barakaldon ortuak lantzeko espazioa eskatzen genion udalari, baina ez genuen erantzunik jaso.

Aurrera egin zenuten, hala ere.

Bai. Erabili gabe ziren lurrak begiratzen hasi ginen, eta Lutxana auzoko Serralta eremuarekin egin genuen topo. Etxebizitzak eraiki nahi dituzte han, baina guztiz utzita egon da, hala ere. Garbitu eta ortuak egitea erabaki genuen horregatik. 2014ko irailean, berriz sartu genuen egitasmoaren txostena udalean; hauteskundeen ondoren, EAJk hartu zuen agintea, eta alderdiak aurkeztutako programan ortu ekologikoen esperientzia, eta, zehazki, Huertakarena jasotzen zen. Oraindik ez digute erantzun.

Auzokideen babesa du proiektuak?

Bazterrean utzitako eremuari balioa eman diogu, eta auzokideak ere pozik daude egitasmoarekin. Ekologismo sozialari ekarpena egiten dio Huertakak. Elikadura burujabetza lantzeaz gain, pertsonen arteko harremanak jartzen ditu zentroan. Gaur egun ez dago kontsumoarekin lotuta ez dagoen aisialdirik, eta guk bestelako eredu bat eskaini nahi genuen. Lan kolektiboa eta belaunaldien arteko harremanak bultzatzen ditu Huertakak.

Epaiketa duzue ostegunean, baina ez da Huertaka auzitara eramaten duten lehen aldia.

2014ko udan salatu gintuzten lehen aldiz, lurren usurpazioa egotzita. Sareb lursailaren jabeak herri baratzerako proiektua aurrera eramateko okupatutako lurrak erreklamatzen zituen. 2016ko urtarrilean egin zen epaiketa, eta auzia artxibatu zuten, deliturik ez zela argudiatuta.

Hartu-emanik izan duzue lur-jabeekin?

Bai, hartu-emanak izan genituen lehen epaiketaren ondoren. Guk argi dugu ez dugula konfrontaziorik nahi. Barakaldon erabiltzen ez diren lurrak aktibo bihurtzea da Huertakaren xedea, eta, horretarako, udalari eta lur-jabeei elkarlanerako eta elkarrizketarako deia egin diegu behin eta berriz. Egoera tamalgarrian zegoen eremua zaindu eta lantzeko ardura hartu genuen Huertakako kideek; eta, hirigintza proiektua martxan jartzerako, lursailak uzteko konpromisoa hartzeko prest gaudela ere azaldu diogu Sarebi. Guk konponbide adostua nahi dugu. Edonola ere, ez dugu ahaztu behar zer den Sareb. Banku txarra ezizena du, eta porrot egin duten banku eta aurrezki kutxen aktibo toxikoak kudeatzen dituen erakundea da.

Udalaren berri izan duzue?

2016ko martxoan, beste proiektu bat sartu genuen udalean. Ez dugu ulertzen administrazioak erantzunik ez ematea. Oraingo aurrekontuetan ere, hiri ortuen ideia agertzen ari da etengabe, eta ez dakigu zer esan nahi duten, gurekin ez direlako harremanetan jarri oraindik. Gainera, Barakaldoko Udalak Milaneko ituna sinatu zuen iaz, eta klima aldaketaren aurka hartu beharreko neurriak azaltzen dira bertan. Norabide horretan ari gara gu lanean Huertakarekin, eta, lagundu ordez, trabak jartzen dizkigute.

Egoera ikusita, zer egingo duzue Huertakako kideek?

Lanean jarraituko dugu. Akaso gu ez gara enpresa eta erakundeen munduan sartzen, baina guk argi dugu beraiek gure munduan sartzen direla. Interes ezberdinak ditugun arren elkarguneak lor daitezkeela uste dugu; horretan egingo dugu indar. Gizarte justuagoa nahi badugu, beharrezkoa da botere harremanak alde batera utzi eta elkarlanean jardutea.

“Pozik nago egin dudanagaz; esperientzia izugarria izan da”

“Pozik nago egin dudanagaz; esperientzia izugarria izan da”

Aintzina Monasterio Maguregi

2006ko abuztuaren 18an, Gernika-Lumoko Santanape frontoian debutatu zuen profesionaletan Alexis Apraizek (Gernika-Lumo, 1984). Ordutik, 500 partidatik gora jokatu ditu. Otsaileko azken zapatuan jokatu zuen Labrit pilotalekuan profesionaletako azken partida. Agur beroa eman zioten zaleek, baina jaioterrian agurtzeko ilusioa dauka, eta Gernikako Arkupe taldeak omenaldia egin gura dio debutatu zuen lekuan.

Otsailaren 25ean, Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu zenuen profesionaletako azken partida.

Arratsaldeko lehen partida izan zen gurea, eta nahiko txukun jokatu genuen. Partida nahiko ona izan zen. Nire asmoa azken partida ondo jokatu eta gozatzea zen, eta, alde horretatik, bai ni eta bai ikusleak ere pozik geratu ginen.

Senideek txapela jantzi, eta lore sorta eman zizuten. Seme-alabak ikustean hunkitu ere egin zinen, ezta?

Bai, nik ez nuen espero halakorik. Jendea agurtu eta aldageletara bidean nindoala, harmailatik esan zidaten buelta emateko. Eta semea txapelagaz eta emaztea eta alaba lore sortagaz ikusi nituenean hunkitu egin nintzen. Frontoi guztia zutik jarri eta txaloka hasi zen. Oso polita izan zen.

Agur beroa jaso zenuen, baina aitortu duzu zure ilusioa Gernikan agurtzea dela.

Arkupekoek hilabete honetan omenalditxo bat egin nahi didate, eta partidaren bat lotzeko ahaleginetan ari dira. Udalagaz harremanetan daude, eta espero dugu lortzea. Asko gustatuko litzaidake herritarren aurrean agurtzea, eta ea frontoia betetzen den eta herriko lagunak zein zaleak berton elkartzen garen. Gainera, Labriteko partida ez zen telebistan osorik ikusi, eta jendea penaz geratu zen.

Lagun artean jokatu zenuen profesionaletako azken partida. Iker Arretxegaz jokatzekoa izan zinen, baina, azkenean, ezin izan zuen jokatu...

Arretxe lesionatu egin zen partidako aste horretan, eta pena handiz deitu zidan esateko. Lagun handiak gara, eta nire azken partidan egoteko gogoa zeukan. Victorregaz jokatu nuen, eta pozik, harekin ere oso ondo moldatzen naizelako. Gainera, astebete lehenago hark deitu zidan esateko nahiko zukeela nigaz jokatu, eta azkenean horrela izan da.

Aurkariekin ere adiskidetasun estua duzu.

Bai, hala da. Iker Taintagaz eta Andoni Aretxabaletagaz harreman ona daukat, batik bat Aretxabaletagaz. Bost bat urte daramatzagu elkarrekin entrenatzen, eta lagun oso handia da.

Ia hamabi denboraldi bete dituzu Asegarcen, eta Santanapeko azken partidan ere bertako lagunak egotea da zure asmoa. Zuk aukeratuko al duzu zeinekin eta zeintzuen kontra jokatu?

Saiatuko naiz. Gustatuko litzaidake Arretxe etortzea; ea ahal duen, pena handiagaz geratu baitzen. Beste atzelaria bizkaitarra izango dela argi dut, Aretxabaleta bera edo Ibai Zabala, ahal duena. Bizkaitarra izatea gura dudala argi dut, bizkaitarrok beti ibili garelako elkarrekin entrenatzen. Aurrelariari dagokionez, gaitz dirudi Mikel Urrutikoetxea egotea, txapelketan sartuta dagoelako. Hark ezin badu, Victor etortzea gustatuko litzaidake. Horrela partida txukuna irten ahal dela uste dut.

2006ko abuztuko herriko jaietan profesionaletan debutatu zenuenetik 540 partida inguru jokatu dituzu Asegarcegaz. Zelako errepasoa edota balantzea egiten duzu?

Balantzea nahiko positiboa izan dela uste dut. Esperientzia oso ona izan da. Txikitatik pilotari profesional izan nahi nuen, eta lortu dut. Alde horretatik, nahiko harro nago. Kirolean gorabehera asko daude; behean hasi, eta apurka-apurka gora igo nintzen. Gora heldu nintzen: txapelketa eta torneo ia denak jokatu ditut, eta dauden pilotari onenekin ibili naiz. Beraz, gutxik lortzen dutena lortu dut, eta pozik nago egin dudanagaz. Esperientzia izugarria izan da, ezin naiz kexatu.

Pilotariak aipatu dituzu. Frontoiak ere asko ezagutu dituzu.

Bai, frontoi mitikoetan jokatzeko zortea izan dut, esate baterako, Logroñoko Adarragan eta Eibarko Astelenan. Denetatik pasatu naiz, eta denak ikusi ditut. Bidean lagun asko uzten dituzu, eta esperientzia oso ona eta polita izan da.

Arantzarik geratu al zaizu?

Geratu zaidan arantza Titinegaz jokatu ez izana da; haren kontra jokatu dut, baina bikote moduan ez, eta ilusio hori baneukan. Irujo, Aimar, Pablito, Bengoetxea eta Xalaren moduko figura edo izarrekin jokatu dut, eta oso gustura, baina harekin ez, eta pena hori geratu zait. Bestalde, kirolariontzat, batik bat, lesioak izaten dira arantzak, eta nik alde horretatik zortea eduki dut. Inoiz ez naiz lesionatu, eta partida gutxi utzi behar izan ditut bertan behera.

Ehunka partidaren artean bat aukeratzea zaila da, baina zein da bereziki gogoan duzuna, bereziena?

2011ko txapelketan Pablitogaz Irujo eta Merino II.aren kontra Lizarran jokatutakoaz akordatzen naiz. Kristoren partida egin genuen; haiek ziren faborito, eta guk lortu genuen puntua. Gainera, erraz irabazi genuen. Gero, 2012koan Urdulizen Bengoetxea eta biok Irujo eta Barriolaren kontra jokatu genuen, eta tanto bategatik kanpoan geratu ginen. Partida hartan hamasei tanto egitea lortuz gero, hurrengo partidara sailkatuko ginatekeen, baina hamabost egin genituen. Partida hori ere ez zait sekula ahaztuko.

Profesionaletako aroa agurtuta, etapa berri bat hasi duzu. Hemendik aurrera zertan ikusiko zaitugu?

Lehenengo hilabete batzuetan deskantsatzea tokatzen zait, deskonektatzea. Ez dirudien arren, burua asko nekatzen da, ez bakarrik gorputza. Beti zaude begira edo zain jokatu ez jokatu, prestaketa... Buruari buelta asko ematen dizkiozu. Horregatik, orain apur bat deskonektatu gura dut, eta gero behar egin eta bizimodu normala izan. 11 urte polit izan dira, ez naiz ezertaz damutzen. Baina amaitu da, eta orain beste gauza batera. Kirolariok badakigu kirolari bizitza ez dela hain luzea. Etapa bat amaitu da, eta orain beste bat hasteko ilusioz nago.

Herriko pilota taldean entrenatzaile lanetan ibiliko zara?

Gustatuko litzaidake umeak entrenatzea. Asko gustatzen zait. Muxikan, Urretxindorra eskolakoekin aritzen naiz pilotaka erakusten. Hemendik bizpahiru hilabetera edo proposatzen badidate edo horrela suertatzen bada, pozik eta gustura egingo dut.

“Aniztasunean, eroso parte hartzeko egun bat bultzatuko dugu”

“Aniztasunean, eroso parte hartzeko egun bat bultzatuko dugu”

Natalia Salazar Orbe

Aberri Eguna Independentistak Sarearekin batera ospatuko du Gernika Batzordeak. Apirilaren 16rako deialdia egin du, Gernika-Lumon. Herria bonbardatu zuteneko 80. urteurrena beteko da hil horren 26an. Bi data esanguratsuok uztartu nahi ditu elkarteak. Sabin Ibazetak (Ondarroa, 1962) eman ditu xehetasunak.

Zergatik erabaki duzue Aberri Egunera Independentistak Sarearekin batera deitzea?

2010etik Sare Independentistak antolatu du, alderdien Aberri Eguna izan beharrean herritarren Aberri Eguna izateko asmoz. Eragile politiko bakoitzak urte osoa dauka bere diskurtso eta proiektu politiko zehatzak kaleratzeko. Baina Aberri Egunak munduaren aurrean herri gisa agertzea eskatzen du. Hala, sigla eta familia politikoetatik harago euskal herritarrok elkarturik ospatzeko egun bezala ulertzen dugu guk. Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurrena izanik, pisu sinboliko hori gehitu nahi diogu Aberri Egunak berak berezko duenari. Elkar indartzeko modu bat da.

Zuek zer adierazi nahi duzue ekimen horretan parte hartuta?

Munduko herri guztien artean, Euskal Herriak bere naziotasuna eta bere tokia aldarrikatzeko eguna duela. Bonbardaketa bera aberri baten suntsiketa saiakera izan zen. Era berean, 50. urteurrenean Gernika-Lumora etorri zen Herbert Southworth adituak esan zuenez, suntsiketa hori espainiar estatu berriaren sortze agiria izan zen.

Alderdien Aberri Egunetik herritarren Aberri Eguna bilakatzeko asmo horretan, zein ekarpen egingo du Gernika Batzordeak?

Gizarte eragile gisa, gure asmoa da munduaren aurrean herri gisa agertzea. Aberri Egun zabal eta parte hartzaile baten alde egingo dugu. Aniztasunean elkartuta, eroso parte hartzeko egun bat bultzatuko dugu.

Aniztasun horren batasuna lortzeko zer beharko litzateke?

Interesak alderdienak izan beharrean herriarenak direla jabetzean legoke gakoa. Interes pribatutik interes orokorrera jauzi egin behar da. Merezi du, horretarako bakoitzak bidean beretik zerbait utzi behar badu ere, horren alde egitea.

Gernikaren sinbologiari egin diozue aipamen zuek. Zer adierazten du, eta zergatik bereganatzen dute lurralde guztietako herritarrek sinbologia hori?

Ahaztu baino lehen, gogora ekarri nahiko nuke Gernika bezala beste hainbat izan direla bonbardatu dituzten herriak: Euskal Herrian bertan hor daude Durango, Otxandio, Eibar eta beste asko. Eta gaur egun bonbardatzen dituztenak ere asko dira. Horiek guztiak gogoan izaten ditugu gurearen urtemugan. Indar handia hartu zuen Gernikak, sinbologiagatik. Hor daude Batzar Etxea eta Gernikako Arbola. Identitate baten ikurra da. Ikusten dugu, besteak beste, Gernikaren suntsiketa baino gehiago, herri oso bat suntsitzeko asmoa izan zela; herri baten identitatearen zapuzketa.

80 urte beteko dira bonbardaketatik, baina oraindik ere beharrezkoa da aldarrikapenekin jarraitzea. Zer lan egin da memoria eta bizikidetza alorretan, eta zer falta da?

Gure aldarrikapenetan bost puntu nagusi ditugu. Merezi du gogoraraztea: bat artxibo militarrak ikerkuntzara zabaltzea da; beste bat, Gernika koadroa Gernikara ekartzea; beste bat, Espainiako Gobernuak oraindik indarrean mantentzen duen bertsio ofiziala —Gernika errepublikazale gorriek eta euskal gudariek erre zutela dioena— ezeztatzea; laugarrena, gertatutakoaren egia, justizia eta erreparazioa egitea; eta azkena, Gernika bakearen, kulturaren eta askatasunaren hiri izendatzea.

Joan den astean, Espainiako Senatuak uko egin zion Gernikako bonbardaketan armada frankistak izan zuen erantzukizuna aitortzeari. Zer irakurketa egiten duzue, eta horren aurrean behar bezalako erantzun irmorik ikusi duzue?

Barkamenek, damuek eta antzekoek beste zentzu bat har dezakete era horretako egoeretan; aurpegi garbiketak izan daitezke. Hori baino inportanteagoa da ardurak onartzea, eta egia, justizia eta erreparazioari bide ematea. Argi dago 1977ko amaiera puntuko legeak ekarri zituela azken boladan ikusten diren ondorio batzuk. Besteak beste, frankismoaren kereilaren aurrean zailtasunak sortu dira. Gizateriaren aurkako gehiegikeriak izan dira: genozidioa, desagerpen behartuak, umeen lapurretak, emakumeen bortxaketak... Argitu beharreko hainbat kontu daude, memoriak berreskuratu behar dituenak, eta lege batzuek oztopatu egiten dituztenak; espresuki, ad hoc sortutako legeak dira.

Zer suntsitu zuten duela 80 urteko bonbardaketek eta zer ez dute lortu isilarazterik?

Desberdina dena suntsitu nahi zuten; identitate bereizia, alegia. Orain ere gertatzen den moduan. Ez dutena isilarazi da gure herriak bera izateko duen eskubidearen alde egitea. Mundu plural batean sinesten dugu, kolore askokoan; gure txoriak irudikatzen duen bezalakoa. Mundu librean sinesten dugu, solidarioan. Eta hori ez dute suntsitu.

Zer-nolako garrantzia du memoriak?

Iragana etorkizunarekin lotzen duen hari bat da. Mario Benedetti idazleak badauka ahanztura eta memoria ardatz dituen liburu eder bat. Bertan esaten du ahanztura simulakro handi bat dela: inork ezin duela ahaztu, ezta nahita ere. Espainian ahanztura derrigortu egin dute; dekretuz, gainera. Trantsizioa baino, transakzioa esatea gustatzen zait niri; memoriaren merkataritza akordio antzeko bat adostu zutelako. Eta hortik datoz orain dauden arazoak iragan hurbila berrikusten edo berraztertzen dutenean. Baita Espainian bertan ere.

Eusko Jaurlaritza ere gertatutakoa jasotzen ari da. Behar bezala egiten ari dira lanketa hori?

Kontaketak partekatua izan behar du; osoa, zintzoa eta egian oinarritua. Ez dago kontaketa bat irabazleen eta galtzaileen diskurtsoan zentratzerik. Lanketa hori benetakoa izateko, besteak beste, kontaketari berari ezarri zaizkion mugak gainditu beharko lirateke. Ematen duelako trantsiziotik honakoak direla bakarrik aztertu behar direnak. Denboran muga bat jarri dute. Eta ordura artekoekin zer gertatzen da? Ez al dute merezi kontatzerik?

EH Bilduk Picassoren Gernika Gernikara eramateko eskaria egingo du Euskal Herriko udalerrietan. Urteetako aldarrikapena duzue zuek. Zer espero duzue?

Maitatua den aldarrikapen bat da hori. Gernika Gernikara ekarri behar dela uste dugu, bahituta sentitzen dugu arrotza den herri batean. Eta ez dugu etsiko gure herrira ekarri arte. Ematen duten argudioa teknikoa da: egoera txarrean dagoela, beste bidaia batek kalte egingo liokeela, eta abar. Gernika Batzordeko kideok uste dugu hor ez daudela arrazoi zientifiko teknikoak, baizik eta erabaki politiko bat. Gatibu dute.

“Paddlean aritzea ez da garestia”

“Paddlean aritzea ez da garestia”

Alaitz Armendariz

Modu batean edo bestean, Julio Alegria (Bilbo, 1942) beti egon da paddlearen munduarekin lotuta. Bizkaiko Paddle Federazioko presidente izan aurretik, nazioarteko federaziokoa izan zen. Haren iritziz, paddlea gero eta kirol ezagunagoa izan arren, oraindik bidea geratzen zaio "eztanda egiteko" eta maila gorenera iristeko.

Jende dirudunarekin lotu ohi da paddlea.

Hori kirol guztiekin gertatu den zerbait da. Baina paddlea praktikatzeko ez dago zertan klub pribatu batera joan; udal kiroldegi pila dago, eta hor merkeagoa izango da paddlean aritzea, ziurrenik. Materialari dagokionez, behin pala erosita, asko irauten du, eta, horrez gain, kiroletako oinetakoak eta arropa baino ez dira behar. Edozein kiroletako oinetako arruntak ere izan daitezke, gainera. Paletan, 250 balio du marka garestienak, baina badira 150 eurokoak. Eta kirol denda handietan eta halakoetan, 100 euro baino gutxiagokoak daude; ez da hain gastu handia. Gainera, lau pertsonaren artean jokatzen denez, pista denen artean ordain daiteke.

Nola lortu zenuten 1991n Bizkaiko Paddle Federazioa sortzea?

Arazo bat zegoen: federazio bat izateko, paddlea kirol mota bat zela onartu behar zuen gobernuren batek. Hainbat buelta eman ondoren, azkenean lortu genuen Eusko Jaurlaritzak paddlea kirol modalitate gisa aitortzea, 1991ko azaroaren 11n. 1992ko urtarrilaren 17an, federazioa sortu genuen Bizkaian zeuden lau klubekin.

Zeintzuk ziren jatorrian egon ziren lau klubak?

Neguriko Golfeko Errege Sozietatea, Jolaseta Errege Kluba, Laukariz Landa kluba eta Abrako itsas kluba. Federazio izateko, batzen ziren klubak ezin ziren paddle klubak soilik izan garai hartan; kirol modalitate gehiago zituen kirol klub bat izan behar zuen, horregatik izan ziren lau horiek sortzaileak.

Nahiko kirol berria da, ez ditu 50 urte ere.

Bai, 1970eko hamarkadan sortu zen.Mexikotik dator, nolabait esatearren. Corcuera izeneko dirudun batek paddle pista bat egin zuen frontoi batean, oker ez banago, eta, gero, Marbellan (Espainia) beste pista bat egin zuten.

Non ikasi zenuen zuk paddlean jokatzen?

Nik bizitza osoan praktikatu dut kirola; saskibaloian ere jokatu dut, hain txikia izanik ere... kar-kar-kar. Lehen, ia gauza guztietara jokatzen zenuen. Marbellan (Espainia) ezagutu nuen nik paddlea. Utzia nion kirola egiteari, eta, han, 1970eko hamarkadan ezagutu genuen paddlea. Bizkaiko batzuk hasi ginen ikasten, eta ikaragarri gustatzen zitzaigun. Gainera, paddlean aritzeko ez zen behar baldintza fisiko berezirik. Bilbora itzuli ginenean, Jolaseta klubeko kideekin hitz egin genuen, paddle pista bat eraiki zezaten, baina ezetz esan ziguten, zoritxarrez.

Zergatik esan zuten ezetz?

Tenis jokalariei ez zitzaielako gustatzen; ez zioten baliorik ematen. Baina Negurin baziren paddlean jokatzen zuten batzuk, eta galdetu genien ea pista bat egiteko interesik zuten. Gutako batzuek dirua jarri genuen, eta klub hori izan zen paddlerako lehen pista izan zuena. Handik urtebetera, Jolasetan ere pista bat egin zuten. Gero, Areetan beste bat egin zen, Laukarizen, Abrako itsas-klubean... Eta aurrera irten zen.

Zertan aldatu da federazioa 25 urtean?

Orain, askoz jende gehiagok praktikatzen du kirol hau. Iruditzen zait oraindik ez dela bere maila gorenera iritsi. Eta badu abantaila bat: neurri kontuengatik, tenis pista on batean paddleko lau sartzen dira; hortaz, urbanizazioetan aukera handiagoa dago paddle pistak egiteko tenisekoak baino. Eta askoz errazagoa da paddlean jokatzea tenisean baino. Hasteko, erraketaren itxura eskuaren jarraipena delako. Horrez gain, erraza da umeentzako: nolabait esatearren, kutxa baten barruan jokatzen duzu, eta, beraz, zailagoa da pilotari ez ematea eta pilotak ihes egitea. Nazioarteko txapelketak daude, hemengoak...

Zenbat federatu zaudete orain?

1.600 eta 1.900 artean esango nuke, Bizkaian bakarrik. Adingabeak kontuan hartu gabe, horiek Foru Aldundiaren lizentzia dutelako. EAEn 3.000 inguru izango dira. Lizentzia duten emakume baino gizon gehiago daude, eta txapelketetan ere gizonek gehiago parte hartu ohi dute. Baina urteak bete ahala, emakumeek gehiago jokatzen dute paddlean; beraz, emakumeen kirola dela esan daiteke.

Paddlea ezagunago bihurtzeko zer egin beharko litzateke?

Kirol olinpikoa izatea ederra litzateke... Nazioarteko Federazioko presidente izan nintzenean saiatu ginen; gutun bat bidali nuen Nazioarteko Olinpiar Batzordera, eta horrek eman zion oihartzuna, baina, gero, ez zen agertu herrialde nahikorik prest. Eta, egia esan, ondoren sortu diren munduko federazio gehienek negozioa egiteko asmoa izan dute. Horrek arazoak dakartza. Adibidez, izan dira nazioak bi federazio izan dituztenak; eta etengabe liskarrean zebiltzan, noski.

Duela bi aste ospatu zenituzten 25 urteak, ezta?

2016ko Bizkaiko Masterraren sari banaketa egin genuen Faduran, eta 25 urteen oroipena ere egin genuen. Plaka bana eman genien federazioa sortzen lagundu ziguten lau klubei, eta beste bat Eusko Jaurlaritzari: lehendakariak ez zuen etortzerik izan, baina harrera egingo digu Lehendakaritzan. Iñaki San Juani ere eman genion, 1991n eta 1992an Jaurlaritzako Kirol zuzendaria izan zenari. Ikaragarri lagundu zigun Bizkaiko Paddle Federazioa sortzeko, eta hori eskertu nahi izan diogu.