“Hasierako asmoa zen obra ikonikoen ordez alternatiboak irakurtzea”

“Hasierako asmoa zen obra ikonikoen ordez alternatiboak irakurtzea”

Natalia Salazar Orbe

Emakume baten lana protagonista izango den bigarren irakurraldia da aurtengoa. Lanen kalitatea azpimarratu du Pedro Alberdi Bilbo Zaharra euskaltegiko kideak (Eibar, Gipuzkoa, 1957). Horrez gain, ikasturte amaierako jarduera bitxi horren historia kontatu du.

Hamar urte pasatu dira Axularren Gero liburuaren irakurraldia egin zenutenetik. Aurreikusten zenuten proiektuak horrelako ibilbidea izango zuenik?

Ezta gutxiago ere. Lehenengoa egin genuenean, bat egin nahi genuen. Espero genuen ondo aterako zela, baina zalantza asko zabaldu ziren: handiena, liburu berarekin jarraitu edo aldatzea.

Ez zenuten argi, beraz.

Argi genuen liburu harekin hasi behar genuela. Euskarazko klasikoei buruz ari bagara, ez zegoen zalantzarik Axularrenak izan behar zuela.

Zergatik erabaki zenuten aldatzea?

Axularren lana egundoko liburua da, eta prosa zoragarria. Baina elizako liburu bat da. Gogoan dut, irakurraldia egitera gindoazela, Argia aldizkarian Ur Apalategik egin zigun kritika zorrotza. Axular irakurtzea anakronismoa zela iritzi zion. Asko haserretu nintzen. Baina aitortu behar dut arrazoi handiak eman zituela: literaturaren aldetik Axular ez dela izugarri ona zioen, eta Gero elizako liburu bat dela. Irakurleen iritziek ere bultzatu gintuzten literaturaren arlotik jokatzera. Beraz, XX. menderako saltoa egin genuen. Zubi lana Peru Abarkarekin egin genuen. Hurrengoa XX. mendeko idazle bat izan zen: Jon Mirande.

Zein da hamabi orduz etenik gabe euskal idazle baten lana irakurtzeko ekitaldiaren helburua?

Ikasturtearen amaieran ikasleekin egiten dugun festaren barruan kokatzen dugu. Pentsatu genuen festa antolatzeko beste modu bat izan zitekeela. Edukiz jantzi nahi genuen.

Itxaro Bordaren %100 basque aukeratu duzue 10. urteurrenerako. Zergatik?

Batetik, egundoko liburua delako. Itxaro Borda idazle izugarria da. Bestetik, garrantzia eman diogu emakumea izateari eta Iparraldekoa izateari. Bertako zoko batekoa da. Oso liburu ausarta da; gaur egungo garairako apurtzailea. Umorea du, eta ez da politikoki zuzena.

Zeren arabera aukeratzen duzue egile bat edo beste?

Urtero liburua aldatzea erraza izango zelakoan geunden. Egundoko arazoa sortzen du, ordea. Pizgarria da, urtero zein liburu aukeratuko dugun horrek jakin-mina sortzen duelako. Baina antolatzeko ordurako askoz errazagoa izango litzateke urtero liburu bera izatea. Orain arteko hamar liburuak aukeratzeko, arrazoi desberdinak egon dira. Esaterako, birritan bi libururen argitalpenaren urteurrena izan da: Obabakoak eta Harri eta Herri, hain zuzen. Hasierako asmoa zen obra ikono horien ordez alternatiboak irakurtzea. Izan ere, ikonoek ez dute bultzadarik behar. Saiatu ginen irakurketa alternatiboak egiten, baina urteurren bat gertatzen bada, hortik kanpo geratzea ez zaigu zuzena iruditzen. Joseba Sarrionandiaren kasuan, bere egoera pertsonala hartu genuen kontuan. Egile handia izanik, hark ez du modurik bere obra mugitzeko. Beraz, laguntza behar zuela iruditu zitzaigun. Metamorfosia bederatzigarren aldian irakurri genuen. Bazen garaia itzulpenaren auzia plazaratzeko. Oraindik ere, auzi hori funtsezkoa da.

Itxaro Bordarekin, bi aldiz ekarri duzue emakume bat taula gainera.

Lehenago, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox aukeratu genuen. Frankismoaren amaieran, liburu aitzindaria izan zen.

Parte hartuko duten irakurleren batzuen izenak aurreratzerik bai?

Garrantzitsuenak gure ikasleak dira. Euskara ikasten ari diren ikasle guztiak. Haien jaia da. Baina egitasmoak jende gehiagok parte hartzeko aukera ematen du. Ondo dago botere politiko eta ekonomikotik ere jendea hurbiltzea, eta ikasleek ikustea jende horrek badaukala euskararekiko kezka. Erakundeetatik etortzen dira, kirolari ospetsuren bat ere izaten da, eta idazle eta kantariak ere bai. Horrek kolore pixka bat ematen dio ekitaldiari.

Politikarien euskararekiko kezka hori egun batekoa da, ala nabaritzen da urtean osoan ere?

Egitasmo honetarako ondo portatzen dira. Beste gauza bat da euskara ikastea edo ikasketa horietarako laguntzak ematea. Baina, egia esan, egitasmo honetarako erraz gerturatzen dira guregana.

Bilbo Zaharra Forumek hainbat ekitaldi antolatu ditu hilaren 5, 6 eta 7rako ere. Zer aurkituko dugu horietan?

Irakurriko den liburuaren zenbait alderdi jorratu nahi izaten ditugu. Astelehenean, Hinka taldea etorriko da. Disko bat egina dauka Itxaro Bordaren testuekin. Hizlarien lana musikarekin ere tartekatzea gustatzen zaigu. Martitzenean, sakon jorratuko dugu %100 basque eleberria. Horretarako egon daitezkeen pertsonarik aproposenak datoz: batetik, Lucien Etxezaharreta. Bestetik, obra horrek idazle berriengan zein eragin izan duen aztertzeko Katixa Dolhare-Zaldunbide dator. Asteazkenean, Itxaro Borda bera etorriko da. Proposatu genion bere literatur hizkuntzaren hautua azal zezan. Hau da, azalduko digu zergatik idazten duen idazten duen bezala. Galdera klabea da. Hegoaldekoontzat, hasieran zailtasunak ditu liburuak. Hori nahita egiten du, eta jakin nahi dugu zergatik egiten duen.