“Aste Nagusian arreta jarri baino, nahiago dugu proiektuari heldu”

“Aste Nagusian arreta jarri baino, nahiago dugu proiektuari heldu”

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bizkaiko hiriburuan euskarak espazio propioa izan zezan sortu zen 1987an Hau Pittu Hau konpartsa, Bilbon. Aste Nagusian euskaraz bizitzeko gunea sortu eta euskararen presentzia areagotzeko hausnarketak elkartu zituen Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kideak, eta konpartsa sortu zuten duela hiru hamarkada. Konpartsa sortzeko helburuek oraindik gaurkotasuna badutela uste du Ander Huidobro Hau Pittu Hau-ko kideak (Bilbo, 1984). 30. urteurrena ospatzeko jaia dute larunbatean.

Jaietan euskara bultzatzeko xedez sortu zen konpartsa, duela 30 urte. Behar berarekin jarraitzen duzue lanean?

Euskararen presentzia gero eta handiagoa da Aste Nagusian, eta konpartsetan ere areagotu egin da euskararen presentzia. Edonola ere, konpartsa sortu zela 30 urte joan direnean, funtsezkoa da euskaraz funtzionatzen duen konpartsa bat egotea: kideen artean euskaraz egin eta harreman sareak euskaraz sortzen dituena, alegia. Zorionez, jaietan beste hainbat eremutan baino errazagoa da euskaraz bizitzea, oraindik ere hobetzeko asko dagoen arren. Baina jai eremutik kanpo eragitea ere bada gure helburuetako bat. Herritarrengan eragin nahi dugu, urte osoan euskaraz bizitzeko urratsak egiteko. Eremu guztietan hizkuntzaren presentzia den baino handiagoa izatea eta normaltasunez erabiltzea bultzatu nahi dugu.

Herritarrak erakartzen jarraitzen du Hau Pittu Hau-k?

Hamaika urte dira Hau Pittu Hau konpartsan sartu nintzenetik. Nire lehen urteetan ez zen horrenbeste herritar hurbiltzen, baina azken bost urteetan jende gazte asko sartu da; euskaltzalea dena eta lan egiteko gogoz dagoena. Alde horretatik, oso pozik gaude.

Ospakizun eguna duzue bihar. Zer prestatu duzue?

Konpartsako kideak elkartzeko jai txiki bat egiten dugu urtero, eta aurtengoari bestelako ezaugarritzea eman diogu urtemugaren harira, dimentsio handiagoko jaia antolatuz. Trikipoteoa, bazkaria, elektrotxaranga eta kontzertuak antolatu ditugu. Kontzertuen artean, Trikizio izango da. Taldeak konpartsaren 30. urteurreneko abestia prestatu digu, eta lehen aldiz joko dute jendaurrean. Hortaz, estreinaldia ere izango da larunbatekoa.

Biharkoaz gain, Aste Nagusia era berezian ospatzeko asmorik baduzue?

Oraindik ere prestakuntza lanetan gabiltza. Konpartsaren eguna egin ohi dugu urtero, eta gure asmoa da egun handi horretan programazioa indartu eta beste era baten ospatzea.

Bestelako helbururik jarri diozue zeuen buruari?

Hausnarketa egin dugu 30. urteurrenaren atarian, eta ondorioztatu dugu konpartsatik harago Hau Pittu Hau-ren proiektuari eutsi behar diogula; hau da, euskaldunon topalekua indartzeari heldu behar diogula.

Aurten saiakera berezia egingo dugu bide horretan. Konpartsaren izaera indartu nahi dugu, eta haren ibilbidean zehar bertatik igaro diren herritarrak elkartu eta aktibatu nahi ditugu, baita euskaltzale berri gehiagorengana iritsi ere. Urte osoan zehar izango dugun erronka da hori. Egitarau zehatz batean edo Aste Nagusian arreta jarri baino, nahiago dugu proiektu osoari heldu.

Hortaz, konpartsaren atzean egitasmo bat dagoela zabaldu nahi duzue.

Konpartsaren izaeraz hausnartzen aritu ginen, eta parrandatik haragoko balioak indartu behar ditugula uste dugu; adibidez, harreman sareak lantzea beharrezkotzat jotzen dugu. Gure filosofia da indartu nahi duguna.