“Ederra izango da, urtero legez”

“Ederra izango da, urtero legez”

Mikel Santiso

Bizkaiko ikastolen alde egiten den urteroko jaia domeka honetan ospatuko da, Mungian. Larramendi ikastolari egokitu zaio 2017ko Ibilaldia antolatzea, ikastolak 50 urte bete dituen urte berean, hain zuzen ere. Azken lanak egiten ari dira egun hauetan Mungian festa paregabea izateko asmoarekin; azken xehetasunak lotzen, domekarako dena prest egon dadin.

Ikastolaren 50. urteurrena eta Ibilaldia batera. Polita, ezta?

Oso polita. Egia esan, berez ere berezia den urtea are bereziago bihurtuko du Ibilaldiak. Beste ikastola asko zeuden aurtengo Ibilaldia antolatu nahi zutenak, eta ohore hori guri egokitzea zorte itzela da.

Egunero alkarregaz da aurtengo leloa. Zergatik eta zertarako?

Uste dut orain arte egin diren Ibilaldi guztiek izan dituzten leloetatik azalpen gutxien behar dituena dela aurtengoa. Egunero alkarregaz, batera, eskutik helduta, aurrera, euskaraz… Horrela behar dugu euskaldunok aurrera egin ahal izateko.

5,7 kilometroko ibilbidea antolatu duzue.

Nolako ibilbidea egin pentsatzen egon ginenean jabetu ginen 5,7 kilometroko lerro zuzen bat geneukala, eta hori aprobetxatu egin behar genuela. Azkenean, lerro hori bihurtu da aurtengo ibilbidea, zuzena eta bihurgunerik gabea. Ibilaldiak izango dituen gune guztien ardatz bihurtuko da aurtengo ibilbidea. Nabarmentzeko gauzetako bat izango da aurtengo ibilbidea, berritzailea izango baita.

Zer nabarmenduko zenuke aurtengo egitarauan?

Aurtengoa ere familia guztiarentzako jaia izango da. Eskaintza adin guztiengan pentsatuta egin dugu, eta uste dugu badagoela zer ikusi, zer egin eta zertaz gozatu. Ez dira faltako kontzertuak, erakustaldiak, joko inklusiboak, tailerrak, dantzak, jatekoa eta edatekoa… Nabarmentzekoa izango da Mungiak daukan natur ingurumena kontuan hartuta animaliekin lotura duten zenbait ekintza antolatu ditugula, eta beharbada hori da bereizgarria aurten. Zaldi gainean ibiltzeko aukera egongo da, hegazti harrapakarien hegaldiak ikusteko aukera eta baita ere artzain txakurren erakustaldiak ere, ahateekin. Berezitasunak berezitasun, aurtengoa ere ederra izango da, urtero legez.

Urte guztian antolatu dituzue ekitaldiak. Zer-nolako balorazioa egiten duzue orain artekoaz?

Mota guztietako ekintzak antolatu ditugu urte osoan. Lekukoa hartu genuenetik, herrian ekintza ezberdinak antolatzen saiatu gara; denetik eta denentzat. Herriak erantzun paregabea eman digu, ekintza guztiak leporaino betez, eta ez da girorik falta izan urte guztian. Nabarmendu nahi dut herriak eduki duen inplikazioa. Konturatu gara Ibilaldia ikastola baino gehiago dela, eta Mungiako herriaren zati handi bat mobilizatu dela Ibilaldiari laguntzeko. Horren adibide argiena dira, urte guztiko lanaz gain, domekan ere boluntario gisa arituko diren herritarrak. Elkarte askok egingo dute posible domekan dena ondo ateratzea, eta, guri, eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen: herriari eta herritarrei eskerrak eman behar dizkiegu antolakuntzatik, haiek gabe ez litzatekeelako posible izango aurtengo Ibilaldia. Konturatu gara herriak ikastolaren beharra daukan bezala, ikastolak ere herriaren beharra daukala.

Zertarako erabiliko duzue domekan bildutako dirua?

Domekan ateratzen den dirua ez dugu proiektu jakin baterako erabiliko. Larramendi Ikastolak ez dauka, zorionez, eraikin berri baten beharrik edo inbertsio handirik eskatzen duen berehalako beharrik. Dirua gure hezkuntza proiektuan inbertituko dugu, umeen hezkuntzan, Mungian kalitatezko hezkuntza batean oinarriturik eta euskaraz ikasten jarraitu dezaten. Guk sinesten dugun hezkuntzaren alde egiteko erabiliko da dirua.

Apustu garbia egin duzue Ibilaldia eraso sexistarik gabeko jaia izan dadin. Webgunean diozuen bezala, “gezurretan ibiliko ginateke gure Ibilaldia parekidea izango dela esango bagenu”.

Hori da, baina saiatu behar gara ahalik eta parekideena eta errespetuzkoena izaten. Joan den urtean Durangon egin zen Ibilaldian, parekidetasunaren aldeko apustu garbia egin zuten Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek, eta guk haiek hasitako bideari jarraipena eman nahi diogu. Aipatzekoa da, Ibilaldiaren prestaketa lanetan Mungiako berdintasun teknikariaren laguntza izan duela antolakuntza taldeak, eta hori ere eskertzekoa da. Antolakuntza bera izan behar da lehena berdintasunerantz urratsak egiten. Horrez gain, domekan lanean ariko garen boluntarioek ere formakuntza jaso dugu, mehatxuzko jarrerak zeintzuk izan daitezkeen edo jarrera sexistez non eta nola ohartu ikasteko. Horren aurrean nola jokatu behar den ere argi daukagu. Seguru gaude iaz hasi zuten ekinaldi berri horri jarraipena ematen baldin badiogu Ibilaldia hobetuko dugula, eta datorren urteko Santurtziko Ibilaldia oraindik ere parekideagoa izango dela.

Zenbat jende espero duzue domekan Mungian?

Oso zaila da guretzat zenbat jende etorriko den kalkulatzea, ez baita gauza bera iaz bezala Ibilaldia Durangon egitea, Euskal Herriaren erdigunean, esate baterako, edo Mungian egitea, non garraiobideak askoz murritzagoak diren. Baina, hala eta guztiz ere, jendea etortzera animatu nahi dugu; datozela ondo pasatzera eta gozatzera, betiere, errespetuz. Lehen esan bezala, jendeari eskerrak emateko modua izango da domekakoa.