Elkarrizketa

“Gaitza da gure moduko klubak goiko postuetan egotea”

“Gaitza da gure moduko klubak goiko postuetan egotea”

Eider Mugartegi

Gutxik ezagutuko dituzte Isuntza arraun elkartearen gorabeherak Santi Zumaran Larrinagak (Lekeitio 1950) bezain ondo. 38 urte darama Lekeitioko arraun elkartearen lema eramaten. Elkartea sortu eta urtebetera sartu zen lantaldean, eta handik urtebetera, Jesus Mari Plaza —Isuntzaren lehenengo lehendakaria izan zena— ordezkatu zuen karguan.

Zelan sortu zen Isuntza arraun elkartea?

Valerio Basozabal algortarra lekeitiar batekin ezkondu zen, eta bere bidez lortu genuen lehenengo batela, Getxok emanda. Hortik hasi zen, geldi-geldi, elkartea aurrera egiten. Orioko Miralles ere etortzen zen, eta hasieretan hor ibili zen lanean Julian Arrate ere. Abila da jendea konbentzitzen, eta berak nahastu ninduen. Gero, berak ontzia utzi zuen, eta hemen nago ni oraindik.

Nola ekarri zenuten lehenengo batela?

Getxotik ekarri zen kamioian. Orduan ez zegoen furgonetarik. Estropadetara joateko ere trainerillak eta batelak kamioian eramaten genituen. Orain, karroak eta guzti dituzu, baina orduan ez zegoen horrelakorik. Getxokoaren ondoren, beste batel bat erosi genuen Plentzian, eta, gero, apurka-apurka gehiago erosiz joan ginen. Gaur egun, pila bat material daukagu.

Hasieran, diru nahikorik ere ez zenuten edukiko...

Gauzak aldatuz joan dira. Orain dela 32 urte, udalak miloi bi edo hiru milioi pezeta ematen zigun, eta gaur egun ez gara heltzen erdiaren erdira ere. Orduan, kirol asko ere ez ziren egoten, gaur egun talde asko daude, eta denen artean banatu behar da.

Nondik lortzen duzue laguntza orduan?

Babesleak bilatzen ditugu, eta beste erakunde batzuen diru laguntzak ere egoten dira beharrizanetarako. Aurten, Cikautxo kooperatibari milaka esker eman behar dizkiogu. Haiekin hitzarmen bat sinatu genuen, eta oso pozik gaude. Neskei ere laguntza handia eman diete. Gaur egun, gauzak dauden moduan egonda, gaitza izaten da babesleak edo laguntzak lortzea.

Estropadak eta txapelketak ere aldatu egingo ziren urte hauetan guztietan.

Lehen ere berdin egoten ziren, baina ez zen ligarik egiten. Gonbidapenez parte hartzen zenuen estropadetan. Taldeak ere lehengo antzera daude. Tolosako talde berri bat dabil, Itsas Lapurrak, baina beste berririk ez dago. Orain ligak daudenez, klubek A eta B traineruak izaten dituzte, baina batelek berdin jarraitzen dute. Bateletako estropadak egiten dira hasteko, gero trainerillenak, eta, gero, trainerua.

Nesken taldea ere sortu da Lea-Artibain.

Hori pozgarria izan da. Isuntzako zuzendaritza guztia oso pozik gaude. Bizkai guztian lehenengo nesken trainerua Lekeition egon zen. Cabo da Cruzekin eta Hondarribiarekin lehiatzen genuen. Bi urtez mantendu zen, eta gero desagertu egin zen. Lekeitio, Elantxobe eta Gernikako neskekin bat eginda osatu genuen trainerua. Gainera, ondo ibiltzen zen. Sasoi hartan Cabo da Cruzi irabazi egiten genion; horrek ere esan nahi du zerbait.

Aurten berriz hasi zarete.

Ondarroak eta Isuntzak bat egin dugu, eta Lea Artibai izena jarri diogu traineruari. Lehenengo urtea izateko, pozik eta gogo handiarekin dabiltza, eta horrek giroa ondu eta elkar ezagutzea eragingo du. Ez da erraza, baina ahalegina egingo dugu.

Zelako taldea osatu du Isuntzak aurten?

Senior, kadete, txiki eta kimuak batuta, 114 gaude. Zuzendaritza mailan, berriz, 13 edo 14 lagun ari gara lanean. Lehen pila bat gazte edukitzen genituen, baina, futbola hasi zenetik, arraunera baino lehen futbolera joaten dira gazteak. Urte moteltxoak izan ditugu; iaz eta aurten, ordea, oso pozik gaude. Ume pila bat daukagu, eta berriro etortzeko asmoa dutenak ere badira. Hori da, azken finean, klubaren etorkizuna. Beste klub batzuk diruarekin funtzionatzen dute. Horregatik, gaitza da gure moduko klubak goiko postuetan egotea. Arraunlari on bat badaukazu, eraman egiten dute.

Alde horretatik, aldatu egin dira gauzak. Arrauna profesionalizatu egin dela esan daiteke?

Lehen ez zen egoten horrelakorik. Herriko trainerua egoten zen, eta agian inguruko herrietako baten bat etortzen zen, baina ez zen fitxaketarik egoten. Denok dakigu zer dagoen egun. Guk gure harrobiarekin egiten dugu lan. Seniorretan, 29 arraunlari ditugu, eta, hiru izan ezik, beste guztiak dira hemengoak.

40 urte hauetan Isuntzak momentu onak eta txarrak biziko zituen. Zeintzuk oroitzen dituzu?

Lehenengotan, beti atzean ibiltzen ginen, eta, gero, geldi-geldi gorantz joan gara. Urte askotan puntako trainerua izan gara. Euskal Herri mailan, bederatzi, hamar, hamaika edo hamabigarren postuetan ibili gara. TKEn ere egon gara, hiru urte egin genituen maila horretan, eta Kontxan ere egon ginen 1986 eta 1999 urteetan. TKEn geundela hasi ziren taldeak fitxaketak egiten. Ondorioz, gure moduko klubak behera joan ginen. Jaitsi ginenean, Trintxerperekin batera, KAEn ere ligak egitea bultzatu genuen. Ez zutela balio gonbidapenek, gaur egun beste formatu batzuk egin behar zirela aldarrikatu genuen. Beti egon gara txanda onean. Gora igarotzeko kanporaketak ere egin ditugu, baina ez dugu lortu. Goian egotea eta puntan ibiltzea garrantzitsua da, ea aurten ere hor egoten garen.

Nola uste duzu ibiliko dela taldea denboraldi honetan?

Bateletan ondo ibili gara. Bizkaiko txapeldun gelditu ziren umeak, Euskadiko hirugarren eta Espainiako hirugarren. Gaztetxoak dira gure fruitua, horiek dira etorkizuna, eta hortik jokatu behar dugu. Haiek gustura ibiltzea nahi dugu. Bestalde, trainerua ere ondo ibiliko dela uste dut. Talde batzuk KAE1ean ere fitxaketak egiten hasi dira, eta zazpi edo zortzi traineru borrokan ibiliko garela uste dut. Gure asmoa lehenengo txandan egotea izango da. Ez da izango erraza, baina ahalegina egingo dugu.

40. urteurrena ospatzen duzue aurten.

Urte asko dira. Ospakizunak izan genituen joan den asteburuan, baina orain ligari begira jarri gara. Santurtzin hasiko dugu traineruen liga domekan.

Azpiegitura aldetik zelan konpontzen zarete?

Azpiegitura onak ditugu. Inork pentsatu baino lan gehiago dago hor. Hasi ginenean, batelak eta trainerillak portuan edukitzen genituen, Garabillako bodega batean. Gero, hortik Itsasoko Gizarte Institutuaren azpira igaro ginen. Ontziak ez zitzaizkigun kabitzen, eta Zita ostatuan sartu ginen. Itxita zegoen, baina atea ireki, sartu eta trainerua gorde genuen bertan. Bi urtez egon ginen horrela. Urte eta pikura, salaketa bat heldu zitzaidan etxean indarrez sartzeagatik, eta orduan Lekeitioko alkatea zen Jabier Txakartegirekin joan behar izan nintzen Bilbora eta Gasteizera. Bertan behera gelditu zen kontua azkenean, baina arduratuta egon nintzen. Trainerua atera eta gero, leku bila hasi ginen. Hostal azpian dagoen lokala udalarena zen, eta han egin zen kluba.

“Ederra izango da, urtero legez”

“Ederra izango da, urtero legez”

Mikel Santiso
Bizkaiko ikastolen alde egiten den urteroko jaia domeka honetan ospatuko da, Mungian. Larramendi ikastolari egokitu zaio 2017ko Ibilaldia antolatzea, ikastolak 50 urte bete dituen urte berean, hain zuzen ere. Azken lanak egiten ari dira e...

“Ez da egin batuaren eta euskalkiaren arteko elkarbizitzarik”

“Ez da egin batuaren eta euskalkiaren arteko elkarbizitzarik”

Lander Muñagorri Garmendia

Kasik 30 urte daramatza Koldo Zuazok (Eibar, Gipuzkoa, 1956) euskalkiak aztertzen. Ibilaldi horretan, hainbat ikerketa argitaratu ditu, eta, orain Mendebaldeko euskara izeneko liburua plazaratu du. Urte horien guztien ostean, bizkaiera edo mendebaldeko euskara Araban sortu zela argitu du, eta ez Bizkaian, orain arte uste zen bezala.

Bizkaiera Araban sortu zela diozu liburuan. Zertan oinarritzen zara hori esateko?

Gaur egun ditugun datuen arabera, ematen du Araban sortutakoa dela, Gasteiz inguruan. Hori esateko frogak Nafarroako mendebaldean topatu nituen, Burunda, Amezkoa eta Lana ibarretan. Baita Goierrin [Gipuzkoa] ere. Bizkaieratzat hartu diren ezaugarri asko daude, eta eskualde horiek Bizkaiarekin ez dute harremanik izan; Arabarekin bai. Horrela azaldu daiteke leku horietan bizkaieraren ezaugarriak direla uste ditugunak topatzea.

Orain arte uste izan da Bizkaian sortu, eta Deba ibarretik-eta Araba aldera zabaldu zela...

Gaur egun Arabako euskara ezagutzeko bost dokumentu ditugu. Ez dira asko, baina horietako hiru ekialdekoak dira. Dokumentu horietan guztietan betidanik Bizkaikotzat hartu ditugun ezaugarriak azaltzen dira. Zaila da Bizkaitik Araba ekialdera gauzak heltzea, eta horregatik errazagoa da pentsatzea Araban sortuak direla. Gainera, aspaldiko herri handiak Araban zeuden.

Araban sortu, eta Bizkaira zabaldu zen, beraz; izena ere handik hartua du.

Euskalkiaren hasiera izan zen Gasteiz inguruan, baina ostera erdaldundu egin ziren. Gasteiz badirudi XVI. menderako nahiko erdalduna zela. Orduan hasi ziren gauzak Bizkaian sortzen. Hor badago Durango, Zornotza, Gernika eta Bermeok osatutako ardatz bat, eta badirudi hori izan zela Bizkaiko berrikuntzen ardatza.

Zein berrikuntza mota?

Eutsi-ren adizkiak dekot, dekozu, edo dekogu dira, e hizkiarekin. Hori han sortu zen.

Uribe Kostako eta Debagoieneko kasuak bereziak direla diozu. Zergatik?

Debagoienaren kasuan, ikusten da Arabarekin lotuta egon dela. Ikusten da han egindako berritasun gehienak Debagoienera iritsi direla, eta horrek ematen dio berezitasun hori. Uribe Kosta ipar-mendebaldeko ertzean dago, eta gauza zahar batzuk gorde dira, eta zenbait berrikuntza egin dira. Esaterako, artikulua beti galdu egiten da.

Herriz herri ibili zara bilketa lana egiten. Nola ikusten duzu mendebaldeko euskararen egungo egoera?

Nahiko gaizki. Euskararen erabilera ez da ondo planifikatu, ezta irakaskuntza ere. Ez da egin batuaren eta euskalkiaren arteko elkarbizitzarik, batzuk euskalkiaren aldekoak izan direlako, eta beste batzuk, batuaren aldekoak. Batua beharrezkoa dugu, baina euskalkia ere bai. Ikusi behar dugu non eta noiz erabili behar den bata, eta non eta noiz bestea. Esango nuke askotan euskara batua lasterregi sartu dela, eta presiopean. Eskoletan haurrak lau urte dituztela hasten dira batuan, eta nik uste dut beranduago sartu beharko zela. Bestalde, egokitu gabe erabiltzen da batua. Bizkaian erabiltzen den batua Lapurdin erabiltzen denaren antzekoa da; uste dut Bizkai barruko erabileretan egokitu beharko litzatekeela, bertako hitzak erabiliz. Euskaltzaindiak batua egitean ez baitzuen esan baztertu behar direnik; alderantziz, hitz guztiak euskara batua direla esan zuen. Eta sintaxi alorrean gauza bera. Baina geuk automatikoki pentsatzen dugu Bizkaikoa txarra dela, eta hasten gara gipuzkeran erabiltzen diren formak erabiltzen.

Bizkaieraren kalitatea kaskartu dela iruditzen zaizu?

Bai, nik ikusten dut gazteek nahasketa bat egiten dutela: euskara batua, euskalkia eta gaztelania. Nire ustez, hizkuntza bakoitzak bere ezaugarriak gorde behar ditu, gaztelania erabiltzean gaztelania zuzena erabiliz, eta berdin euskara batua edo euskalkiarekin ere.

Lekuaren eta erregistroaren arteko bereizketa egitea, alegia.

Bai. Argi dago Euskal Herri osorako ari garenean batua erabili beharko dugula, baina Bizkai barruko irrati batean Bizkaiko euskara erabili beharko da. Baita udaletxeetako itzulpenetan ere, herritarrentzako direnean, eurengandik gertuago dagoen hitzak erabili behar direlako.

Azken boladan entzun izan da euskalkiek desagertu egin beharko dutela, eta batua nagusitu. Zure diskurtsotik kontrako bidean dago hori, ala?

Edozein hizkuntza bizirik dagoen bitartean, dialektoak izaten ditu. Orduan, ez du inongo zentzurik euskalkiak baztertu egin behar direla esateak. Hizkuntza bera hilko litzateke hori eginez gero. Irtenbidea beste bat da, hiztunek argi izatea euskara batua eta euskalkiak, biak, direla beharrezkoak.

Liburuan bertan, 678 hitzeko hiztegia ere bildu duzu. Bizkaiera gordetzeko bidean egindako saiakera da?

Noski. Gure hitzak zein diren jakin behar dugu, baita bakoitzaren esparrua zein den ere; non eta nola erabiltzen diren.

“Datorren denboraldia aurtengoaren parekoa izatea sinatuko nuke”

“Datorren denboraldia aurtengoaren parekoa izatea sinatuko nuke”

Olaia Zabalondo

Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldea Bizkaiko talde bakarra da emakumezkoen gorengo mailan. Beste bi euskal taldeak IDK Gipuzkoa eta Lacturale Araski (Gasteiz) dira. Gernika-Lumoko taldeak hirugarren denboraldia bete du Emakumezkoen Ligan, eta aurreko bi denboraldietako emaitzak hobetzea lortu du. Aurten, hirugarren geratu dira sailkapen orokorrean —aurreko bietan seigarren—, eta, lehenengoz, Kopa jokatu dute. Gainera, Ligako titulua lortzeko kanporaketetan lehiatu dira. Lau bizkaitar daude taldean, baina Izaskun Garcia (Muxika, 1992) da umetatik klubean dagoen bakarra.

Emakumezkoen Ligan hirugarren denboraldia bete duzue, eta aurreko urteetako emaitzak hobetzea lortu duzue. Zelan ikusi duzu taldea denboraldi honetan?

Inoiz baino hobeto ibili gara. Aurtengoa urterik onena izan da, bai ligan, bai sentipen aldetik eta bai taldea kontuan izanik. Talderik indartsuena osatu dugu aurten, eta ez kontratazioengatik edo jokalarien kalitateagatik soilik, baizik eta taldea oso bateratuta egon delako denboraldi osoan. Denboraldia, hala ere, sentipen arraroekin amaitu dugu, eta ez hain pozik. Hala ere, esan beharra daukagu, aurrekoekin alderatuta, azkena izan dela denboraldirik onena.

Sentipen arraroarekin amaitu duzuela diozu; zergatik?

Titulua lortzeko kanporaketan Arabako Araski taldea mendean hartzeko gai izango ginela uste genuen ligako bi partidak irabazi ostean, eta ondo prestatu genituen partidak. Finalerdietara iritsi nahi genuen ezinbestean.

Zer gertatu zen bi partida horietan?

Uste dut ez ginela izan denboraldi osoan izan ginen taldea. Hasieratik gauzak txarto atera ziren, edozein partidatan gerta daitekeena, eta guri, zorte txarrez, kanporaketetan gertatu zitzaigun. Une txar horietan garrantzitsua da talde modura eustea, eta ez genuen hori lortu. Hori da, behintzat, nire sentipena. Hortaz, gorputza sentipen txarrekin beteta geratu zitzaigun. Ondoren, aste bat inguru behar izan dut lasaitzeko eta hausnartzeko. Lasaitasunez, ondoren, konturatzen zara denboraldi itzela egin dugula. Datorren denboraldia aurtengoaren parekoa izatea sinatuko nuke.

Eta zure jokoa zelan baloratuko zenuke?

Profesional modura, nire urterik onena izan dela esango nuke. Gazteagotan gorabehera gehiago izaten nituen. Aurten, baina, denboraldi osoan egonkor ikusi dut neure burua, eta burua gogor, maila eta kirol honetan oso garrantzitsua dena. Minutu guztiak bete-betean aprobetxatu ditut, eta, beraz, oso pozik nago aurten egin dudan lanarekin.

Erregina Kopa lehenengoz jokatu duzue. Bi hilabete eta erdi igarota, zelan gogoratzen duzu?

Izugarria izan da niretzat aurten Erregina Kopa jokatu ahal izatea. Ez genuen espero, eta sari bezala hartu genuen. Egia da Erregina Kopan ere apur bat estu ibili ginela, eta ez ginela atera behar zen modura. Lehenengo partida irabazita, sentipenak goraka joan ziren. Gero, hala ere, Perfumerias Avenidasen aurka ezin izan genuen; Espainiako eta Europako talderik onenetarikoa da. Hala ere, pozik gaude bizi izandako esperientziarekin.

Malosten partida gehienak irabazi dituzue, eta aurkarientzat zaila izan da zuek etxean mendean hartzea. Zaleen babesa askotan goraipatu du klubak. Etxeko partidetan Maloste guztiz betetzeak zer esan nahi du zuontzat?

Lehenengo bueltan talde oso gutxik irabazi zuten gurean, Perfumerias Avenidasi ere irabazi genion etxean. Bigarren bueltan, hala ere, uste dut etxean ez genuela lan ona egin; lauzpabost partida galdu genituen, eta txarto jokatuta, gainera. Amorru gehien ematen didana da zaleei lauzpabost partida txar horiek eman izana. Bai etxean eta bai kanpoan, zaleen harrera izugarria izan da; beraiek gabe lauzpabost partida barik hamar izango ziren galdutakoak. Babes handia izan dugu, eta motibazio aldetik asko laguntzen du; beste sentipen batzuekin jolasten laguntzen du. Uste dut Erregina Kopako zalerik onenak izan zirela gernikarrak. Hainbat lagun joan ziren Gironara guri babesa ematera. Zaleentzat esker oneko berbak baino ez ditut; eurengatik jokatu dugu Erregina Kopa, eta hirugarren postuan geratu gara eurei esker. Emakumezkoen Ligan zaila izaten da Gernikan dagoen moduko zaleak edukitzea, talde handienek baino ez dauzkate gureak bezalako zaleak.

Saskibaloi ibilbidea Gernikan hasi zenuen. Lehen urteetan gaur egun zauden lekuan egotea amesten al zenuen?

Bai, Seber Altuben hasi nintzen saskibaloira jokatzen. Kadete mailan sartu nintzen, ondoren, Gernikako klubera, eta hemen jarraitzen dut. Ez nuen inondik inora ere pentsatzen honaino iritsiko nintzenik. Hirugarren mailan egoten ginen lehen, gaur egun baino bi kategoria baxuago. Gure izarrak lurralde mailan jokatzen zuten saskibaloi jokalariak izaten ziren, baina urrun ikusten genituen. Ez genuen uste gure klubak Emakumezkoen Ligan jokatuko zuenik.

Esfortzu handia eskatzen du?

Bai, egia esan bai. Maila onean egotea eskatzen du. Lehiatu nahi baduzu eta ondo egon nahi baduzu, esfortzu handia egin behar duzu. Uste dut kirolari profesional guztien kontua dela.

Bizkaiko taldeetan jokatzen duten ume eta gaztetxoentzat eredu zarete. Zer esan nahi du horrek?

Gernikan gero eta ume gehiago ikusten dira saskibaloira jokatzen. Malostera hainbeste jende etortzea eta txikitatik partidak horrela bizitzea garrantzitsua da; horrek zaletasuna sortzen du. Kalean, gainera, umeak guri begira geratzen dira, lotsatuta. Gu ere saiatzen gara beraiekin egoten eta entrenatzen, beraiek gu ere ezagutzeko aukera eduki dezaten.

“Sukaldaritza arranditsua ez dator bat nire nortasunarekin”

“Sukaldaritza arranditsua ez dator bat nire nortasunarekin”

Igor Susaeta

Nerabea zenean, Karlos Argiñanoren bideoak ikusten zituen Gorka Batiz sukaldariak (Santurtzi, 1977). Sasoi hartan, aitak serioski galdetu zion ea zer egin nahi zuen etorkizunean. "Jatea atsegin nuenez, sukaldaria izan nahi nuela erantzun nion", dio. Juan Mari Arzak ezagutzen zuen aitak, eta 17 urterekin, uda batean, Arzakenera, Donostiara, bidali zuen. "Aukera hura aprobetxatu beharra neukala pentsatu nuen". Uda haren ondoren, Artxandako sukaldaritza eskolan egin zituen ikasketak, eta orduz geroztik lan egin du Bilboko Carlton eta Ercilla hoteletan, Bartzelona eta Karibe lotzen dituen transatlantiko batean, New Yorkeko Maritxu jatetxean (AEB), Bogotan (Kolonbia) Arzaken eskutik... Mexikora ere Arzaken eskutik heldu zen 2003an. Tezka jatetxeko sukaldeburu exekutiboa izan zen 2012 bitartean, harik eta 2013an bere kabuz jarraitzea erabaki zuen arte. Ireki zuen, aurrena, Gorka Sastreria Gourmet jatetxea, eta duela urte eta erdi Gorka Altamar. Bere amama Amparo zenaren omenezko kroketak jan daitezke bigarrenean: "Etxean, amamekin eta amarekin, ikasitako sukaldaritza eskaintzen dut. Ez daukat ahazteko, eta bezeroek ere ez". Mexikoko sukaldaritza interesgarria da haren iritzian, eta bezero mexikarra oso esker onekoa dela pentsatzen du. "Sukaldari batek jaso dezakeen oparirik onena bezeroaren begirada da". Egiten duena ez zaio lanbide bat iruditzen, "bizitzeko eta pentsatzeko modu bat baizik; eta hori luxu bat da". Jaioterriko kresal usainaren falta sumatzen du.

Kozinatzean garrantzitsuena maitasuna dela diozu. Baina nola lantzen da hori sukalde batean, askotan, gehienetan, presek agintzen duten honetan?

Jatorrian dago etxean jaso duzun maitasuna. Hori barneratu baduzu, zuk, gero, maitasun hori bera eskainiko diezu besteei. Disfrutatzen ahalegintzen naiz. Talde bikaina daukat: haiek gabe, honek ez luke funtzionatuko. Eta langileek beren egitekoa ondo egin dezaten, maitasun asko eman behar diet. Nigandik pertsona gisa jasotzen duten maitasun hori sukaldean daukaten zereginari transmititzen diote. Presek, gainera, itxaron dezakete; gauzak ondo egitea lehenesten dut.

Sukaldaritza arranditsua, elitista eta sofistikatua kritikatzen duzu. Zuk zeuk ere sukaldaritza molde hori egin al duzu inoiz?

Bai, noski. Asko ikasi dut hori eginez, esperientzia atseginak bizi izan ditut...

Eta zergatik erabaki zenuen kozinatzeko modua aldatzea?

Ez dut esango sukaldaritza molde bat bestea baino hobea denik, baina sukaldaritza mota hori ez dator bat nire nortasunarekin, nire pentsatzeko moduarekin. Eta esango nuke, gainera, jendeak, gero, ez duela sukaldaritza molde hori gogoratzen...

Modan zegoelako hasi zinen hori egiten?

Sukaldaritza modaren antzekoa da, finean. Armairuan eduki dezakezu amonak aspaldi oparitu zizun jertse bat, ezta? Baina, egiazki, jertse horri kariñoa diozu, eta inoiz ez da modaz pasatuko; atzean sentipen batzuk daudelako, kariñoa... Nik, beraz, etxeko, sustraietako, sukaldaritzaren kariño hori, amak eta amamak transmititutakoa, neukan gordeta, eta pentsatu nuen: "Zergatik ez dut hori egingo?".

Eta, noiz erabaki zenuen?

Juan Mari Arzak izan da gure maisua, gure heroia, gure idoloa, eta profesionalki dena zor diot. Baina Tezka jatetxea utzi nuenean, ibaiaren beste adar bat hartu nuen, eta konturatu nintzen, oso originala eta interesgarria izan arren, ez ninduela betetzen sukaldaritza arranditsuak.

17 urterekin, uda batean, Arzakenera patatak zuritzera joan zinen. Sasoi hartan zerekin identifikatzen zenuen sukaldari izatea?

Platerak dekoratzearekin, mahaira atera eta txalotua izatearekin... [umorez].

Eta orain?

Oso eskertuta nago patatak zuritzen hasi nintzelako; horri esker, beste pertsona bat naiz egun. Nire jendeari hutsetik ikasten irakasten diot, eta hori sekula ez da ahazten.

Ez duzu gogoko jendeak chef deitzea. Zure esanetan, chef-a edozein izan daiteke.

Chief-ek, ingelesez, esan nahi du zerbaiten nagusia izatea. Baina sukaldaria diotenean, sukaldaria izan daiteke nagusia ala ez. Sukaldaria egiten duenaren artisaua da; jakien artisaua, alegia. Chef hitz indartsuegia da... 'Iritsi da chefa; iritsi da, antza, erregea'. Niri berdin zait sukaldari deitzen baldin badidate. Galdetzen didatenean ea ni naizen jatetxeko nagusia, erantzuten dut ezetz, laguntzailea naizela; izan ere, denei laguntzen diet.

Mexikora heltzean, sukaldari atzerritarrek haiena inposatzeko joera al dute?

Bai, ezagutzen ditut kasu batzuk. Tira, onargarria da, e? Pentsatzen duzuna egin behar duzu. Uste dut tokietara ondo egokitzeko gaitasuna dudala. Etorri nintzenean, gainera, banekien zertara nentorren: nik nahi nuena zen nire lana mahaian, platerean, errekonozitua izatea. Michelin Gidako izarrak bost axola zaizkit; Michelin izarra da jatetxean eserita daukadan bezeroetako bakoitza. Izar horiek, hori bai, zaindu egin behar dira.

Gorka Altamar itsaskian eta arrainean espezializatuta dago. Zergatik hautu hori?

Sekretu bat aitortuko dizut. Herrialde honetan dauden arrain eta itsaskien aurrean matxinatu nahi izan nuen. Ez dut esaten txarrak direnik, baina jendeak ez dauka haien berri. Kostaldeko kilometro asko dauzka, baina, auskalo zergatik, haragia nahiago dute. Ni Kantauri itsasoaren parean jaio nintzen. Beraz, pentsatu nuen: "Ba, itsaskian eta arrainean espezializatutako jatetxe bat irekiko dugu, produktu horiek jaten ikas dezaten". Genero gehiena, %70-80a, Vigoko kaitik ekartzen dugu (Galizia); Eskoziatik krustazeoak; bakailaoa Islandian arrantzatutakoa da; eta Biarritzetik, ostrak. Egun batzuetan, erotu egiten naiz. Zaila da, baina polita.

Eta, zer eskaintzen duzue Gorka Sastreria Gourmet jatetxean?

Sukaldaritza apur bat tradizionalagoa, barnekoagoa-edo dena. Txerrikumea, arkumea, txuletak, fabada... Hori bai, Sastreria Gourmet deitzen da, platerak bezeroaren neurrira egiten ditugulako.

Kozinatzen ez duzun egunetan zer gertatzen da?

Zerbait falta zaidala sentitzen dut.